Baloiak kanpora

Poztekoa da norberak kaskoan bueltaka dituen zera, zalantza, ezinegonak besteren ahotan entzutea. Palaciosek itaundu dizkio horietako asko orain gutxi Maite Iturbe EITBko zuzendariari, Martin Ugalde kultur parkean izandako hizketaldi batean. Eta bertan esan zituenak bikain jaso zituen Arantxa Iraolak biharamunean, ez ditugu berriz hona ekarriko. Baina oin-ohar bakan batzuk egin nahiko nituzke; besteak beste, horretarako ordaintzen digute eta.

Lehenengoa, orokorra: esango nuke baloiak kanpora botatzearen erakustaldi paregabe bat izan zela. Adibidez, ETBren audientziak atera zirenean —ETB1eko audientzia «pauperrimoa» dela esan zuen EITBko zuzendariak—. Beherakadaren arrazoiak eman zituen: baliabide gutxiago, merkatuaren aldaketa, kontsumo ohituren aldaketa, aldaketa teknologikoak… Egia berdaderoak. Baina autokritikarik ñimiñoena ere ez. Desafekzioa orokorra dela, ez bakarrik ETBrekiko, identitate, euskararekikoa ere bai. Berriz ere egia. Baina ETBk desafekzio horretan duen ardura zein da? Partida inportanteak ETB2n jokatzen ote diren galdetuta —nik behin eta berriro aipatzen dudan kontua, Palaciosen hitzetan; astun deitzeko ze modu sotila—: dirutan, ezetz, aurrekontuari begira gehiago gastatzen dela euskarazko kateetan. Eta zer? Gero ez bada ikusten ondorioetan. «Zenbatek ikusten du hemen ETB1?», galdetu zuen Iturbek. Intuitzen zuen gutxik. Baina galdetu duzu zergatik? Fikzioa garestia dela, eta, hala ere, TV3ren aldean, erdia baino gutxiagorekin produktu duinak egiten dituztela —ez zuen adibiderik jarri, badaezpada—. Merli telesaila aipatu zen, pozten naiz: zergatik ez dute erosi, La Sextak egin bezala? Audientzia handia omen du mezak, eta horregatik ematen da, errespetua zor zaio ikus-entzuleari. Beste erlijioak, hori bai, legeak agintzen duenaren arabera kubritzen dituzte. Emakumezkoen kirola atera zen: «Garrantzia izan behar du» —izan behar du: noren esku dago, bada, garrantzia izatea?—. Autokritikaren antza duen zerbait entzun uste izan nuen: «Aurretik ez genien aukera hori eman» —orain emango baliete bezala—. «Baina audientzia ez da berdina» —audientziak ez ote dira sortzen ere?—. Palaciosek jo zuen, bete-betean: «Noraino da audientzia inportante zerbitzu publikoan?». Uste dut baloi hori Urnieta aldean aurkitu dutela.

Ez derrigorrez

Selfie bat, zer kontatuko dizuet zuei, argazki kamerari buelta eman, besoa aski luzatu eta geure buruari ateratzen diogun erretratua da, dela bakarrik, dela lagunduta, dela giza-burmuinak imajina dezakeen gauzarik estrainioena egiten ari garela. Baina, are, erretratuaren historiaren kapitulurik modernoena ere bada, modako zerbait izatetik urrun, argazki genero gisa finkatu dena. Gizarte handiustetsu eta egozentriko baten adierazpena dela? Joan Fontcuberta argazkilariak esango dizu derrigorrez ezetz. Internetek narzisismoaren bozgorailu gisa funtzionatzen duen arren, ni-aren baieztapenak eta banitateak humanitatearen historia guztia ibili duela. Kontxo, hori guztiori oso ondo ulertu du ETBk, gizartearen abangoardian beti, eta garaiari ezin hobeki egokitutako programa bat eskaini digu: Hi Selfie!

Zertan den programa ezin garaikideago hori: aurkezleak selfie batzuk bidaltzen dizkie lehiakideei, eta lehiakideek bueltan argazki ahalik eta berdinena itzuli behar diote aurkezleari. Zer gertatzen den tartean: ezer gutxi, lehiakideak ikusten ditugula korrika, jendeari laguntza eskatzen —jendea molestatzen esan behar nuen, baina moztu egin naiz—, azken buruan selfie bat egiten. Non duen saioak grazia: auskalo, galdera batzuk erantzuteko ez naiz kapaz ikusten. Probarik garrantzitsuena uzten dute bukaerarako. Aurkezleak berak, Julian Iantzik azaltzen digu: «Ni topatu eta nirekin selfie bat ateratzea». Programa txarra bada, berez, halako gauzek egiten dute jasangaitza. Julian Iantzi, ez zait inor hoberik bururatzen selfie bat bestearen atzetik ateratzea helburu bakar duen saio batentzat: «Aitortuko dut, nik oso gustuko ditut; eta esan didatenez nahiko ondo ateratzen naiz». Gizarte handiustetsu eta egozentriko baten adierazpena dela selfie-a? Fontcuberta argazkilariak esango dizu derrigorrez ezetz. Derrigorrez. Baina argi dago, kasu batzuetan badela. Segun eta kamera noren eskuetan erortzen den.

Hondar galdera bat daukat: jendeak zergatik parte hartzen du halako lehiaketa batean? Hantukeria eta egozentrismoa aparkatuta, 1.000 eurokoa da saria, hiru lagunen artean banatzeko —eta zergak kendu aurretik, noski—. Ez dut uste giza duintasunak hain gutxi balio duenik. Auskalo, Fontcuberta jauna: handienak ere nahasten dira tarte

Neurria ez du eman

Palaciosek aipatu zituen nobedadeen artetik beste bat —eta ze gauza ikusarazten dizkidazun, Palacios—: Feis tu feis, Joaquin Reyesena —errege ugari dago eta, badaezpada, Muchachada Nui-koa; ez nahastu Pedro Reyes umoregile zenduarekin, Irungo PPko zinegotzi Santi Reyesekin edota gure Reyes Pradosekin—. Margaret Tatcher, Mahmud Ahmadineyad, Kim Jong Il imitatu zituen hori, bai; nahiz nik nahiago Manu Chao —«cantante, bueno, primero ser humano, y luego cantante; ciudadano del mundo, apatridaaar»— edota Pitita Pitita Pitita Ridruejo. Saio berri bat du, Cuatron. Ideia ez da txarra: beste pertsona baten bizitza bizitzeko ametsa hartu, buelta pare bat eman, eta harago eramatea: beste pertsona hori izatea zuzenean. Gutxiago flipatuta, elkarrizketa bat egitea, baina bestela: astebete pertsonaiarekin bizi, haren ohiturak ikasi, haren lagunak elkarrizketatu, harekin urtzen bukatzea, gazta sandwichean bezala —kontxo ze metafora ona atera zaion—. Eta bide batez Bertin Osborneren elkarrizketa moduari zapla bat ematea.

Zer gertatu da lehen emanaldiarekin ordea? Bada, Palaciosek gutxi-asko azken Salvados-ekin iragarri zuena — «Performance berbera egitera doaz Jordi Evole, Albert Rivera eta Pablo Iglesias. Beharrezkoa al zen?»—. Hau da, gonbidatua, Pablo Iglesias, etengabe performatu dela azken garaiotan telebistan. Luze gabe orain ezagutzen duen arrakasta hein handi batean telebistari zor diola esan zuten saioan, hots, telebistan bertan. Batetik, pertsonajea oso ikusia dagoela, beraz —nahiz, balorazio politiko gisa, eta baina guztiekin baina denbora gutxian egin duena merituzkoa iruditzen zaidan—. Bestetik, Joaquin Reyes, imitazio-parodia haiek bazter utzita, elkarrizketatzaile serioarena egitera jolasten denean ez duela funtzionatu; ez eta izkirimiriak inprobisatu dituenean ere —batzuk are lotsaemangarriak ziren—. Azken parteak, halaber, klimaxak, pertsonaiaren eta pertsonaiaren parodiaren arteko elkarrizketak, pare bat momentu on izan zituen, baina oro har esango nuke ez zuela eman neurria. Urruti geratu zela Muchachada Nui-ko esketx gogoangarri haietatik. Egia da lehen saiakera izan zela. Egia da gonbidatuak ez zuela gehiegi lagundu. Ikusi beharko, Paco Leon aktorea iragarri dute aste honetarako. Behintzat ez da egongo kanpainan.

 

Ondo pasako dugu

Ez dakit nik zer demonio duen ETBk funtzionatzen ez duten gauzekin. Uler dezaket, ados, bihozkada bat izan eta zerbaitekin probatu nahi izatea. Baina behin ikusita kontuak ez duela aurrera egiten, zergatik hainbesteko tema? Egin dute herenegun hemen aipatu genuen Nekane Amaya—rekin —eta ez zuen ezertarako balio izan: lasai arraio eman zuten telesaila bart gauean—. Egin dute, atzo Palaciosek gogorarazi bezala, Safari Wazungu-rekin, esplotatzaile onena aukeratzea helburu duen reality-arekin —oraingoan joan dira ez dakit nondik ez dakit nora, baina auskalo jarraitzen duten, ez bakarrik etengabe askatzen urrin matxitoa, gizonezkoak full time emakumezkoen ehizan; baizik eta lehiakide batek jasaten beste lehiakide batzuen homofobia—.

Egin zezaketen Cuatro kateak bezala, behintzat errepikatzen dutela funtzionatzen duena. Adibidez, Granjero busca esposa. Bost urteren ondotik, bueltan da. Baina nobedade batzuekin: aurkezlea Carlos Lozano izango da, Gran Hermano VIP-eko irabazlea —Lujan Arguelles gabe ez da izango gauza bera—. Bost hautagai aukeratu ahal izango ditu baserritar bakoitzak, eta hiru joango dira etxaldera. Eta beste nobedade bat: lehen aldiz egongo dira Espainiatik kanpoko etxaldetarrak. Esaterako, aristokrata bat, ez dena fitxaketa txarra eskrupulurik ez duenarentzat: adinean sartu samar dago, zorte pixka batekin hamar urteren buruan zurea izan daiteke dena. Baina badaude, noski, granjeros made in Spain. Horietako bat, Lander, behiei xuxurlatzen zien gizona. Iparraldeko morroskoa, altua, guapoa eta, nola ez, Athleticekoa. Behiak dira bere bizitza. Goizean esnatu eta behi bat ikusten duelarik, zoriontsu da. Bat du maiteen: Rebeca. «Begirada limurtzailea du. Entzuten nauen bakarra da, eta erantzuten. Zuk maite nauzu?», esaten dio. Erantzuna: mu. «Nire buruan daukat eta beste nonbait». Mesedez, ez dut jakin nahi non. «Egiatan gizon egin nauena izan da. Bi bihotz dauzkat: ezkerrekoa maitemintzeko eta eskuinekoa Rebecarentzat». Esaten dute, goiz edo berandu, nagusiaren antza hartzen duela animaliak. Edo alderantziz zen: animaliaren antza hartzen du nagusiak? Auskalo. Kontua da zabalik dagoela casting-a. Deitu, idatzi, animatu baserritar horien bihotzak konkistatzera. Ez zaizu damutuko. Edo bai. Baina guk ondo pasako dugu bitartean.

Pantailatik atera

ETBk zinema ekoizpenak laguntzea omen du helburuetako bat. Egiten duenik ezin uka: gaur aurre-estreinatuko dute Nekane Amaya: Mi gran boda gitana. Bilboko EITBren egoitzan, 19:30ean. Lasai, ezin baduzue joan, adibidez, Saizarbitoriari bezala, Bilbo urruti geratzen zaizuelako, bihar emango dute ETB2n. Eta arrazoi duzue: itxaron nezakeen bihar arte, pelikula ikusi eta zutabe hau idazteko. Izena mereziko lukeen kritikari batek egingo lukeen moduan. Baina lehenengo aldia balitz. 2013an izan zen Nekane Amaya: la película. Eta idatzi nuen: «Umore txarra balitz bakarrik, tira, baina ijito ez izan arren iraindua ere sentitu nintzen, arras iraindua. Ijitoen gaineko estereotipo, topiko, klixe guztiak eta gehiago biltzen ditu pelikulak, zer eta ijitoez trufa egiteko. Eta ez dut horregatik ulertzen Euskal Herrian bizi diren milaka ijitoak nola ez diren oraino kexatu» —gazteagoak ginen, barka suhartasuna—.

Gaur-biharkoa diferentea izango dela? Ez dut uste: «Urteko gertaerarik handienetako bat, Ziortzaren ezkontza, Nekane Amayaren alabarena», iragarri digu promozio orriak. «Nekane Amaya ijito abertzaleak Ziortza bere alaba ezkonduko du albaitari batekin, zeina, endemas, neurozirujau batzuen semea den. Eta okasio handirako, ezin zen bestela izan, ezkontzarik onena saiatuko da lortzen: Bilboko alkatea zeremonia gidatzeko, Juan Mari Arzaken jatetxea, Kepa Junkeraren musika eta abar» —bakarrik falta zaio Kike Amonarriz, lehiaketa bat aurkezten—. Baina ez pentsa dena izango denik josta eta kanta: zer pentsatuko dute aitaginarrebakideek? Legeztatuko dute, barka, onartuko dute batasuna? Espero dezagun Garzon epaileak baino eskuzabalago jokatzea.

Eta, berriz ere, kontu horiek balira bakarrik, tira. Baina Iñigo Aranbarri izan genuen Sautrela-n. Eta Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuaren harira, gauza pare bat esan zizkigun umore klasistaz. Klasismoa umorearen klabeetako bat dela, esklabismoa izan den gisan: «Beltzari barre egitea ez genuke gaur egunean ondo ikusiko, baina gertatu izan da». Ijitoez barre egitea, XXI. mendean, gure Euskal Herri aurreratu honetan, oraindik gertatzen den bezala. Eta Nekane Amaya ez dut uste, Txanton Garroteren eskutik, eszenatokitik jaitsiko denik, pantailatik atera. Baina gutxi batzuok jarraituko genioke kalera.

Pauso bat aurretik

Lekunberri TVko Deus ez da perfektua daukagu, stand by. Baina bestela, euskarazko web telesailen panorama desolagarria da. Tira, euskarazko telesailen panorama da desolagarria dena. Eskerrak web telesailei, esan beharko genuke. Deus ez da perfektua gogoangarriari. Eta, orain, Txoministak estreinatu berriari. Hiru aste daramatzate sarean, hiru kapitulu, berehala joaten diren hamar minutuko pilulatxoak. Gora egiten ari direnak, gainera: herabe samar hasi baziren ere, gorputza hartzen ari dira. Saioa egikaritzen ari dela, alegia.

Alderdi politiko berri baten jaiotza kontatzen du. Eta jaiotza ez gutxi bezala, erditzea izango da konplikatua. Eskerrak oraingoan estrategia bat daukaten, proposamen eraberritzaile bat, garaipenera eramango gaituen bidea: Zortziak bat. Subjektu politikoa zabaltzea, beraz, borroka independentista hauspotzeko fronte berri bat irekitzea, Euskal Herriari zortzigarren probintzia gehitzea: Errioxa. Eta hortik abiatuta katxondeoa —«Nola dominatuko du Euskal Herria norbait (sic) ez duena dominatzen Nor-Nori-Nork?»; Arnaldo Otegigatik, noski—, umore politikoa —«Gure liderra laostia da, zazpi herrialdeetako futbol zelai guztiak betetzeko kapaza. Gure Esku Dago bezala», kultureta —«Barkatu, baina hau ez al zen Ertz jaialdia prestatzeko hirugarren asanblada?»—. Sasi-erradikal hiper-euskaltzale chic-entzako telesail baten aurrean gaudela, alegia. Baina praktikoa: zotina kentzeko erremediorik onena erakutsiko dizute.

Azken kapitulua izan da, momentuz, onena. Kike Amonarrizen agerpen estelarra izan duena, Mingainluze leihaketa aurkezten: «Zer esan nahi du hegemonia hitzak?», «Erabili ezazu egikaritu aditza esaldi batean», «Esaidazu egia bat. Sautrela-n bere garairik onenetan horrelako galderak egiten zituzten» —eta ea noiz sartzen dituzten halakoak egiazko lehiaketa batean—. Bete-betean asmatu zuten, gainera, Aritz Galarraga delako bat inkonprenitu bat dela esan zutenean. Arrazoi dute, telesailean beharko luke, Eñaut Gantxegik bezala: Ekografiak idaztetik Txoministak protagonizatzera —bide batez, esan diezaiola norbaitek espartinak ez direla galtzerdiekin janzten—. Baina, lasai, iritsiko da dena. Beti pauso bat aurretik joatearen ajeak. Txoministak bezala, segur aski. Ea historia liburuek justizia egiten duten.

Akabua

Hainbeste dokumental, azken egunotako telebista notizia garrantzitsuena ahaztu zaigula: Yann Barthes aurkezleak ez du jarraituko Le Petit Journal saioaren buru. 2004an hasi —lehenik Le Grand Journal-en baitako tarte bezala; saio propio gisa azken bost sasoitan—, eta ekainaren 23an izango du hondar emanaldia. Aurkezleak: aktualitateko magazin bat gidatuko baitu TMC katean datorren denboraldian, eta asteroko inkontru bat TF1en. Programak jarraituko omen du, ordea, Barthes gabe, formula berritu batekin. Baina ez da gauza bera izango. Ezin. Les Inrockuptibles aldizkariko zuzendari Pierre Siankowski urrunago joan da: «Yann Barthesen irteera Canal+en akabua da. Canal+ bukatu da».

Izan ere, pagamenduzko katearen saio ireki arrakastatsuena da Le Petit Journal, milioitik gora jarraitzalerekin. Umorea eta informazioa nahasten ditu, infotainment tarte bat da. Gazteentzat, bereziki, 30 urtetik beherakoak ditu publiko. Eta estilo markatu bat, ez gutxik imitatu nahi izan dutena. Ugari izan dira utzi dizkigun momentu historikoak: erakutsi dizkigute adatsa askatzen duten politikariak —Manuel Valls txispatuta, adibidez, nekazaritza azoka batean—; ikusi dugu Nicolas Sarkozy diskurtsoak birziklatzen, edo, hobeto, kopiatu-itsasten; Jacques Chiraci emazteak errieta nola egin zion beste emakume batekin dragatzeagatik. Baina besteren gainetik gogoangarriak izan dira Front Nationalarekiko ika-mikak —Notre belle famille deitu izan dituzte Le Pendarrak, telesail bat balitz bezala—.

Kritikak ere ez ditu urrun izan, noski. Beti bezala, Arrêts sur images webak eman dio fuerteen. Klase politikoaren gaineko begirada eztenkari bat dela, ados, baina muntaia arte bat ere bai, tarteka manipulazioaren mugetara iristen dena. Eta informazioaren eta dibertimenduaren arteko intereferentzia etengabeko bat. Sarkozy platoan elkarrizketatu zutenean, esaterako: haren politiken legitimazio ikuskizun bat izan zela, bufoiaren eskutik. Gehiago, posizio anbibalente bat duela: hainbeste desdramatizatzen du, hainbeste gauza ez serios erakusten, azkenerako ezer ez dela larria bukatzen dugula pentsatzen. Eta bai, akaso bai, auskalo. Baina behin Biriatuko plazako etxe batean ikusi nuen Le Petit Journal ari zirela so egiten. Eta pentsatu nuen ez zela leku txarra izan behar bertan bizitzeko.

Zubiak eraiki

Ikusi ondoren Palacios eta konpainiaren Refugiados: camino a ninguna parte dokumental txukuna —txukuna, bai, eta ez bakarrik zuzena; zergatik esan beharko nuke zuzena esan nahi badut txukuna?—, gorputzak eskatzen zidan dokumental gehiago —akaso erreparatzeko, halaber, 21 días. De Lesbos a Colonia haren itsuskeria—. Asetu nuen apeta Discovery Maxen, existitzen zela ere ez nekien kate batean —bilatu behar izan nuen etxeko telebistan—. Ikusiz Al otro lado, Pablo Irabururen eta Migueltxo Molinaren dokumental sailaren lehen bi atalak.

Zortzi herrialdetan, lau mugatan, harresien bi aldeetan dauden pertsona batzuen istorioak jaso dituzte bertan. Pertsona horien eguneroko bizimodua. Datu, zifra, hitz handietan zentratu baino, pertsonalizatu, istorio txikia bilatu dute, drama erraldoia bere baitan daramana. Mexiko-AEB, Maroko-Espainia, Zimbabwe-Hegoafrika, Bangladesh-India. Lau dira, baina Berlingoa eraitsi zenetik, historian sekula aurretik ez da izan hainbeste murru, harresi, horma. Pertsonak banatzeko diseinatutakoak. Eta guztiok gaude hesiaren alde batean edo bestean. Lehen mugan, bikote mexikar bat, AEBetan dauden seme-alabengana iritsi nahi dutenak. Eta bestaldean, yanki bat, han-hemenka ur botilak uzten dituena. Baina salbuespena da, ehunka boluntario armatu baitago migrariak atxilo hartzeko. Eta irakaspena: «Hesia ez da erantzuna, arazoak sortzen ditu existitzen ez diren lekuan; gu haien kontra jartzen gaitu, eta alde bateko eta besteko pertsonak berdinak gara». Melillan, bestela, besteak beste, guardia zibil bat, legearekin ahoa betetzen duena, bihotzñoa ere baduela erakutsi nahian: «Pena ematen digute pertsona hauek», «ez litzateke mugarik existitu behar», «hesiaren kontra gaude erabat», «denok gara berdinak» —nahiz batzuk beste batzuk baino berdinagoak—. Azkenerako eskapatu zitzaion: «Inori ez zaio gustatzen immigrazioa».

Arrazoi zuen Pablo Iraburuk berripaper honi eskainitako elkarrizketan: «Erabaki politikoak aldatu egin daitezke ezagutzen bada nolakoak diren harresian jauzi egin behar duten pertsonak: zu eta ni bezalakoak». Denak jaio ginen nomada. Denok gara gizaki eta gatoz lekuren batetik. Are, mugimendu horrek biziarazten gaitu. Eta hobeto zubiak eraikiko bagenitu, murruak, harresiak, hormak eraiki beharrean.

Dokumental gehiago

Palaciosek sekula izango ez duen pribilegio bat izango dut gaur nik: zutabekideaz zutabe bat idaztea. Esan nuen nire lehen Ekografia-n: Ez dut Goenkale-ko aktore izateko esperantzarik —orain, batez ere, bukatu delako; bestela akaso animatuko nintzatekeen—. Ez naizela inoiz telebistan arituko, alegia —Hasier Etxeberriak Sautrela uzteko asmorik ez baitu—. Eta, aldiz, Palaciosek parte hartu du Refugiados: camino a ninguna parte dokumentalean. Dokumental txukunean, dena esan behar bada. Nahiz, agian, pixka batean berandu iritsi den, batez ere alderatuta TV3ko To Kyma. Rescat al mar Egeu arrakastatsu harekin —urtarrilean eman zuten—. Nahiz lantalde guztia euskalduna izan, eta eman zuten ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren lekuan. Nahiz, nire gusturako, protagonismo gehiegitxo eman zioten Ane Irazabal estimatuari —halako batean hegan aterako zela zirudien, hainbestekoa zen esku-besoen mugimendua—, edo haurren irudiei. Baina ondo eginda zegoen, adibidez, testuinguru politikoaren azalpena —eta hamar puxtarri lehen aldiz sartzeagatik atxilotze gune batean—.

Zer ikusirik ez Cuatron eman zuten itsuskeriarekin. 21 días. De Lesbos a Colonia. Zer arraio izan zen hori? ETBkoak berandu ibili badira, Cuatrokoak are beranduago: Europako Batasuna-Turkia akordioa sinatu aurretik grabatu zuten, mugak itxi aurretik. Ez zuela ezertarako balio, alegia. Tira, bai, kazetaritza zer lotsaemangarria izan daitekeen ikusteko. ETBkoek aurkezlea gehiegitxo, haurrak erakutsi zituztela esan dut. Ahaztu. Zuzendu nahi dut. Cuatron bai erakutsi zutela jendearen desgrazia, eta morbo hutsagatik. Cuatron bai eman zitzaiola protagonismoa aurkezleari; kasu horretan, gainera, aurkezle txolin askoari. Zer ziren bata bestearen atzetik esaten zituen tontakeria horiek? «Beldurrezko pelikula bat baino okerragoa da hau». «Autobusa superinkomodoa da lo egiteko». «Ezin dut lorik egin». Eta guri zer inporta zaigu? «Ez dakit nola lagundu jende honi». Bada, hortik urrutira alde eginda, adibidez? «Hitzik gabe geratu naiz». Bikain. Hori baino ez genuen falta. Azkenean bera kontsolatu behar izan zuten errefuxiatuek.

ETBk Refugiados: camino a ninguna parte bezalako dokumental gehiago egin beharko lituzke. Cuatroko itsuskerietatik ahalik eta gehien urrunduta.

Eta graziarik

Eskertzen diot Palaciosi Batek daki saioa ekarri izana. Arretaz jarraitu baititut orain arteko hiru emanaldiak. Ibili dituen gaiak izan direlako kitzikagarriak: haurrak, zoriona, gorputza. Besterik da nola gauzatu duen kitzikagarritasun hori. Hasteko iruditu baitzait zentratuegia egon dela aurkezlean. Samanta Villar eta dizipuluen bidetik, kazetari-aditu dikotomia hautsiz, kazetari-birjina eredua jarraituta. Ukitu propio bat emanez, egia da. Hain zuzen, umorearena. Baina besterik da berriz nola gauzatu duen umore hori. Eta aitortzen diot Aitziber Garmendia aurkezleari herabetasunik eza. Ez da hainbeste gauza batzuen gainean umorea dela desegokia. Noski egin daitekeela umorea edozein gauzarekin, zer esanik ez haurrak, zoriona, gorputza. Baina izan behar du gutxienez grazia.

Haurren atala, estreinakoa, basikoki amatasunaz-edo hitz egin zuena, amatasuna ulertzeko modu oso konkretu batez, behintzat. Hasteko, kolpetik, mina. Mina? Benetan hemendik hasi behar dugu? Erditze minaren antzeko bat probatzen du aurkezleak. «Puzkar txar bat gelditzen zaizunean atrabesatuta, ez gora ez behera; bada gauza bera». Hemendik hasi behar dugu eta horrela? Rebor panpina horien zera hori aipatu gabe, noski, haurren inguruko saio batean baino gaixotasun mentalenean beharko lukeena. Interesgarri Jule Goikoetxea, haurrak eduki nahi ez dituen baten diskurtsoa. Besteak beste, ez direlako ematen baldintzak patxadaz edukitzeko. Carolina del Olmok zioen hura da gakoa: «Arazoa da gizarte hau, zeinaren exijentziak errotik batera- ezinak diren haurren beharrekin eta haien zaintza egiten dutenen beharrekin». Baina horri buruzko ezer ez. Adopzioaz! Eta bai haurrek dakarten diru gastu itzelaz. Normal, Euskal Herriko dendarik pijoenean sartzen bazara.

Luxuarekin lotu zuten berriz zoriona bigarren saioan. Bai, Pirritx eta Porrotxekin abiatu zen hartan. Eta indio autoktono bat aurkeztu zuten, buztana traputxo batekin tapatzen zuena, eta belar zukua edaten. Gorputzarenean, superemakume bat agertu zen, ama, baserritarra, langilea, kirolaria. Sukaldari ona, gainera. Eta igual gorputza zigortzeak bere xarma duela esan ziguten —«eta ni ez naiz konturatu»—, ironikoki, gero silikonazko molde batzuk sartuta titi-zorroan «Me gusta» esateko, ironiarik gabe. Eta graziarik.