Ez dugu babesik behar

Jose Diego Yllanes hiltzailearen abokatuak, epaiketan defendaezina dena defendatzeko, Nagore Laffage biktima errugabea zela esan zuen. Alegia, Laffagek ez zuela ezer egin norbaitek hil zezan. Baina, zer demontre esan nahi zuen? Neskak errurik balu zilegi litzatekeela hilketa? Zer da errua? Zeren errua? Kasu honetan noren begiradaren araberakoa da erruaren definizioa? Laffagen irudia goraipatu eta Yllanesen ekintza nardagarria babesteko trikimailu zikin hori erabiltzea iraingarria da. Esate baterako, zalantzan jartzen duelako 20 urte dituen neska gazte baten hautu askea. Horren guztiaren azpian Nagore Laffagen erabakia morala izan zen edo ez epaitzen duelako. Onartezina da hori: Yllanesek emakume aske bat hil zuen askea zelako. Ezetz esateko askea zelako. Yllanesek Laffage hil zuen Laffagek bere menpekoa izan nahi ez zuelako. Etxe horretatik alde egin nahi izan zuelako. Para gaitezen lasai analizatzera: nola da posible moralina zipriztinak dituzten argudioak erabili izana Nagore Laffagen epaiketan? Nola da posible Laffage babesteko mekanismo legal nahikorik ez dituen sistema batek tranpa dialektikoak baimentzea? Epaiketan hilketa azpikeriarik gabeko ekintza izan zela ondorioztatu zuten. Ezin izan zuten genero indarkeriaren markoan kokatu, biktimak eta hiltzaileak aldez aurretik harreman erromantikorik izan ez omen zutelako. Hildakoa edo hiltzailea, nor babesten du sistema legalak?

Matxismoak hiltzen du. Gorputzaren kontrol mekanismoek hiltzen dute. Heteropatriarkatuak hiltzen du. Lege heteropatriarkalek hiltzen gaituzte. Zergatik? Legeak ez direlako orden heteropatriarkala kolokan jartzeko eraikiak, ezta dinamikak aldatzeko eraikiak ere. Ez ditugu erasoen aurrean babestuko gaituzten legeak behar, defendatzeko erabili ahalko ditugunak baizik. Ez dugu babesik nahi eta erasoen aurrean nazkatuta gaude.

Nagore Laffagen hilketaren urteurrena dela-eta, ETB1k gertakariaren inguruko dokumentala eman zuen berriz ere. Hautsak harrotu zituen gertakaria memorian iltzatua daukagun arren, hilketa sexistak gertatzen jarraitzen dute. Erasotzeko asmoa dutenek argi izan beharko dute kontu bat: sanferminetan zein beste edozein testuingurutan egongo garen emakumeok ez dugu gure askatasunaren defentsan sekula atsedenik hartuko.

Elkarrizketa, elkar hizketa

Berandu baino lehen azken saioaren ildora, oso interesgarria otu zait azken egunotan sare sozialetan zein lagunartean gertatu dena. Hainbat ertzetatik kontuan hartuta, gainera. Hala ere, aitortzen dut ez dela lan makala gaurkoan hitzok idaztea.

Galarragak kontatu digu bart zein den bere abiapuntu pertsonala Fermin Etxegoienekin. Ulertzen dut, erabat, bi aldeetan egoteak dakarren konplexutasuna. Kritika generoan, iraganean hausnartu den eta hausnartzen jarraitu beharko den gatazka baten proiekzioa izan zen bere lehenengo paragrafoa. Euskal Herrian ez da erraza sortzea, ez da erraza ez sortzea, ez da erraza kritika egitea eta ez da erraza kritikarik ez egitea.

Programaren bigarren elkarrizketaren edukiari dagokionez —Josebe Iturriozi egindakoa—, harritu nau biek errealitatearen gaineko pertzepzio hain antagonikoa izateak. Hamaika argudio eman daitezke. Belaunaldi kontua dela esan genezake, adibidez. Baina esentziara joz gero, Etxegoienen eta Iturriozen artean sortutako giro konfliktiboa berdintasunaren alorrean egunero kalean topa dezakeguna da. Pertsonala politiko bilakatuta soilik askatuko dugun korapiloa. Talkan lupa jarri du saioak. Hori baikorra da, arazoari ikusgarritasuna eta protagonismoa eman diolako.

Baina Josebe Iturrioz eta Fermin Etxegoien izan ez balira? Hau da, marka propio definitua ez duten bi pertsonaren arteko elkarrizketa telebistaz eman izan balute? Puntu hori, elkarrizketak ardatz dituen genero telebisiboari dagokionez, asko interesatzen zait. Elkarrizketatzaileak saioari estilo propioa eman diezaioke galderen aukeraketa subjektiboarekin soilik. Bere gorputz presentziarekin eta hitz egiten duenean erabiltzen duen musikalitatearekin bakarrik. Haatik, elkarrizketaren hartu-emanean aurkezlea interpelatua sentitzen denean, Etxegoienekin gertatu bezala, aurkezle posizioa diluitzen da. Biak bilakatzen dira pertsonaia. Beraz, saio bat sinatzen denean, non dago muga, zure bizitza azaldu eta estilo propioa markatzearen artean?

Telerrealitate ukituko zerbait ikusi genuen. Gaur egun, telebistan ikusten dugun ia guztia bezala. Joera suntsitzailea da, estereotipoak indartuz giza kontrolerako balio duelako. Tamalez, garai bateko aurkezlearen figura hil da. Orain, kazetaria albistearen protagonista izatea baita moda.

Beharrak

Enpresa ikasketak hasten dituzunean, irakasle guztiek errepikatzen dizute gauza bera. Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka beharrak sortzen duela. Hor dago koxka, eta tranpa ere bai. Hau da, enpresa batek zerbait saldu nahi badu, eta saldu nahi duen horrek oinarrizko beharrak asetzeko ez badu balio, enpresak gizartean beharra sortu behar duela. Kontsumitzaileen desioak piztea sistema kapitalistaren zutabeetako bat da. Eta sistema kapitalistak porrot egin duela argi dago. Zergatik? Desiatzen dena lortzeko, oinarrizko beharrak alde batera utzi direlako. Alegia, diru publikoa bankuak erreskatatzeko inbertitu da, osasun sistema edo kultur sistema duin baten alde egin beharrean.

Eszenario horren erdian, ezinezkoa zirudien arren, ikus-entzunezkoek loraldia bizi dute. Hainbat plataforma jaio dira: Hamaika Telebista, MU Telebista, Topatu.info, Ttalaka, webserieak eta abar. Txanponaren bi aldeen erakusgarria da fenomenoa. Batetik, langileok sektoreak jasan duen inoizko egoera prekarizatuenean lan egiten dugunez, irtenbide bila buruari eragiten diogu etengabe. Bi arrazoirengatik: egunero jan ahal izateko, eta jarrera politikoagatik, hau da, ikusezin bihurtu nahi dutena ikusarazteko. Bestetik, zenbat telebista kate eta proiektu berri jaio diren ikusita, eztabaidaezina da ikus-entzunezkoak beharrezkoak direla. Beharra erreala dela. Ahaztu gabe informazioa jasotzea oinarrizko eskubide bat dela, ez pribilegio bat.

Prekarizazioak denbora librearen murrizketa dakar, eta horrek zuzenki eragiten du informazioa kontsumitzeko moduetan. Hori dela eta, geroz eta gehiago dira audientzia mantendu ahal izateko multimedia atala indartu duten hedabideak: informazioa azkar jaso nahi dugu, eta modu deigarrian bereganatu behar gaitu. Beraz, ez gara soilik ari irudian oinarritutako hedabide berriak sortzeaz, baizik eta dagoeneko martxan diren hedabideen ildo estrategikoa ekoizpen multimediara lerratzen ari dela.

Haatik, orain arte ikus-entzunezkoen ispilu nagusia izan den telebista klasikoak gainbehera bizi du. Nola da posible? Gehiegizko eskaintzari leporatu izan zaio audientzia gainbehera, baina baliteke erantzuna mutur aurrean egotea. Edo telebistak desioa pizteko bere burua berrasmatzen du, edo beharrak markatuko dio zein den bere tokia.

Berdintasunaz

Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, Hamaikak programazio berezia eskaini zuen martxoaren 8an, ezinbestekoa den Ertzak saioan. Nagore Uriarteren saioan, patriarkatuaren ardatzean bat egiten duten soken amarauna askatzen saiatu ziren. Pedagogia egin baino gehiago, egunero bizi dugun errealitatearen dimentsio bat azaleratu zuen. Hau da, azaldu zutena ez da soilik patriarkatuak araututako gizarte baten menpe bizitzea teorikoki zer den, baizik eta sistema horrek zeharkatzen dituen gorputzen testigantzak azaleratzea.

Martxoaren 8an egindako programazio hautuarekin urte osoan koherenteki jokatzen saiatzen den katea da Hamaika Telebista. Hala ere, bada lantzean behin Esatea Libre programan arreta ematen duen zerbait: sarri askotan, eztabaida mahaian jartzen diren lau gonbidatuetatik hiru gizonezkoak izan ohi direlako eta bakarra emakumea, noski Irati Sarasua aurkezlearekin batera. Kopurua kameraren beste aldetik bitara irakur daiteke: hiru gizon eta bi emakume, edo, iritzi emaileetan, hiru gizon eta emakume bakarra. Dena den, aipagarria den arren, kate honen kasuan berdintasuna errespetatzeko intentzioa ez da zalantzan jartzen, ibilbidea kredentzial nahikoa baita.

Hainbat Ekografia idazteko beita eman zigun IDEMtitateak saio gogoangarriak ezinbesteko lana egiten zuen berdintasunaren alorrean; aukera aprobetxatuko dut esateko telebistara bueltatuko balitz atseginez jarraituko nukeela. Bestetik, berriki eskaini du Hamaikak Areatzako emakumeen historia eta bizi esperientzen lekukotza Dokuteka saioan. Aipatzekoa eta azpimarratzekoa sare digitalean non-nahi bideo zatiak utzi dituen Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa. Leire Ferrok gidatuta, Hurbilean ezagutu ahal izan genuen Iturrioz. Gardentasunez eta oinarri sendoetan eraikitako hitzak dira bereak, iraultza tresna. Bizi esperientziak eta diskurtsoa berdinak izan arren, erabat ezberdina izan zen ETBkoUr Handitan saioak utzitako erresonantzia eta Ferroren saioan utzitakoa. Arrasto poltikoagoa zuen bigarrenak, pasio usain nabarmenagoa, erraietatik jaiotzen denari lotuagoa. Faltan bota nuen baieztapenetan sakontzeko tartea, baina telebistan denborak dirua balio du.

Jarrai dezatela berdintasunaren hazia zabaltzen, eta ez dadila egun bateko lorea izan.

Zalantzak

Martxoak berekin ekarri ditu genero berdintasuna aldarri duten publizitate kanpainak. Gizonak txapeldunak direla eta emakumeak printzesak garela txikitatik buruan sartzen digutela adierazten duen iragarkia dago non-nahi. Hori ikusi ostean, ETB2ko Más de tres millones saioko erredaktoreari kamera aurrean jartzea tokatu zitzaion. Erika Barreras aurkezleak, naturaltasun atseginez, azaldu zigun Santurtziko Iñaki Williams peñakoekin Athleticen partida giroa erakutsiko zutela.

Aurrena bi emakume erretiratu aurkeztu zizkiguten, eta sekretua kontatu behar ziguten: biak alargunak ziren. Zalantza daukat bi emakume horien mina datu interesgarria den. Eurei behintzat, jarri zuten aurpegiagatik, esango nuke ez zitzaiela askorik gustatu. Tristura gainditzeko, zer hoberik Athleticeko jokalariak ederrak ote diren galdetzea baino? Ez zait okurritzen pertsona baten gaitasunaren erakusgarri hoberik. Ondoren, gizonen mahaira egin genuen bidaia. Gizonak beste kontu bat dira, horiek meriendaren zain zeuden. Eta, esan zutenez, tabernaren epeltasunean, goxo. Ironiak alde batera, ez da inondik inora lantegi makala tankera honetako saioek erredaktoreentzat dakarten erronka. Alegia, tarte luze batez zuzenean inguruaren berri eman behar izatea, pauta jakin batzuk buruan izanda, baina era berean guztiz kontrolatu barik egoerak eman dezakeena. Haatik, zenbat balio du martxoan berdintasun kanpaina publizitarioak han-hemenka zabaltzeak, ondoren kazetariok ez badugu eredu heteroarautu eta patriarkal horiek ez errepikatzeko ahalegin aktiboa egiten? Denon esku dago eraldaketa.

Errealizazio aldetik txukuna da saioa. Molde horretan gertakari kuriosoak kontatzen dituzte. Soka horri tiraka betiko zalantza ageri da: formatua elikatzen duten gertakariek ez al dute talka egiteko arriskua albistegietan kontatzen dituzten kontuekin? Esate baterako, asteburuan lantzen dituzten erreportajeekin?

Astelehenetik ostiralera gaueko Teleberri-ren aurretik ikusteko aukera dugun Más de tres millones formatua ezaguna zaigu,Euskadi directo eta EH Zuzenean tankerakoa baita. Biak emankizun zerrendatik desagertu ziren saioak dira, audientziak aginduta, baina hala ere, apustu berria ikusita, argi dago kateak ez duela konfiantzarik galdu.

Etorkizuna

Egundoko barne poza sentitu nuen atzo Arnaldo Otegi kartzelatik ateratzen ikusi nuenean. Ezinegon eta tristura sentimenduak ere astindu zizkidan barnean. Zapore gazi-gozoa du erretinetan irteeraren irudia gorde behar izateak. Sekula gertatu behar ez dena gaur egun ere gertatzen dela oroitzen digulako.

Irudi historikoak ikusteko, elkar babesten duten hainbat koloretako ikurrak elkartzeko, eta besarkada estuak emateko tenorea da. Irudiak berehala jaso genituen pantailaren beste aldekook. Logroñoko espetxetik atera eta lehenengo agerraldi publikoan Otegik esan legez: «Kamera horietara guztietara begiratu behar duzue, frogatzeko, badirela, bai, espainiar estatuan preso politikoak. Halakorik ez da ikusten preso sozialak ateratzen direnean». Hantxe, hamaika kamera eta hamaika mikrofono.

Streaming bidez jarraitzeko aukera eman zigun BERRIA egunkariak. Goizean goizetik konektatu eta ezer ez galtzeko. Andoaingo erredakzioko mahai baten inguruan, Logroñon gertatzen zena ikusten genuen bitartean, azalpen eta iritzi trukean ikusi eta entzun genituen Martxelo Otamendi, Enekoitz Esnaola eta Floren Aoiz. Hamaika Telebistak zuzeneko jarraipena egin zuen, baita erreportaje berezia eskaini ere. Hamaikak antzeko erreportajeak egiten ditu gaurkotasuneko gaien inguruan. Irati Sarasua kazetaria ikusi genuen Logroñon, mikrofonoarekin batetik bestera. Pernando Barrena elkarrizketatu zuen. Gauean ETB1ekoAzpimarra + saioan egon zen Barrena, Maddalen Iriarteren galderei erantzuten. Gure telebista publikoak 06:14an hasi zuen zuzeneko jarraipena webgunearen bidez. Albistegietako lantaldeak jarraitu zuen albistea, baita Xabier Lapitzek ETB2n aurkezten duenEn Jake saioak ere. Gaueko albistegietan ikusi ziren Elgoibarko irudiak.

Hasi besterik ez da egin. Gaur Hamaika Telebistako Esatea Libresaioan mahai-inguru berezia egingo dute. Larunbatean, Anoetako ekitaldia eskainiko du zuzenean BERRIAk Internet bidez.

Ekografiak zutabe honetan aipatu gabe geratuko zaizkidan komunikabideak eta komunikatzaileak barne hartu nahi ditut esateko kolore ezberdinetako euskal hedabideen jardunak letra berri bat idatzi duela komunikazioaren etorkizuna den orrialde zurian. Espero, Otegiren askatasunak egingo duen bezala.

 

Konfiantza

Biolin hotsa gehi diezaiogun gaurko egunari, otsailak berekin ekarri duen dramatismo telebisiboa janzteko. Aspalditik argi daukagu, eta ozen abes dezakegu: «Ez dira betiko garai onenak». Urte hasieratik ETBk egin dituen apustu sendoak telebistaratu ondoren, gure telebista kate publikoak ez du audientziaren aparteko erantzunik lortu. Ziurrenera, begiratua atzera bota eta aurreko urteekin konparatuz, otsailik hotzena izango da aurtengoa. Zein da kateak egiten duen irakurketa? Zeintzuk dira kateak hartuko dituen neurriak? Proposamen berrietan eragingo du? Zenbat itxaron behar da ildo estrategikoa espero diren fruituak loratzeko gauza ez dela baieztatutzat eman aurretik?

Espainiako Telebista Publikoaren hondoa jotzeko bidean beste pauso baten berri izan dugu. Arratoiak omen dira lehenak hondoratzen ari diren itsasontzietatik ihes egiten. Biziraupena berekoia da, zer egingo zaio. Biziraupen kolektiboan, ordea, ez dirudi TVEko zuzendariek aparteko gaitasuna dutenik. Izan ere, azken lau urteetan parea izan dute, eta azkenak, gidaritzapean ia bi urtez izan ondoren, dimititzea erabaki zuen atzo. 1984tik Olinpiar Jokoen berrietara lotuta izan den Jose Ramon Diezek ezin izan du oztopo lasterketa gainditu. TVEk inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu zituen aurreko urtean, baina ez hori bakarrik, aspaldi daramagu barruan gertatzen diren kinken berri izaten. Noizbait buruan sartuko zaie, audientziaren gaitasuna erdeinatu eta botere gosea duten horiei, askatasunik gabekoa ez dela kazetaritza, propaganda baizik.

PPk gehiengoaren babesarekin legea aldatu zuen Espainiako Telebista eta irrati publikoetako zuzendariak diputatuen kongresuan eurek aukeratu ahal izateko. Ikusi dute, eta, dirudienez, inork ez du ondoriorik atera —Euskal Herrian ere ez— baina kontrol politikoaren menpe dagoen telebistak porrot egiten du. Zorionez.

Politizazioari aurre egiteko, kazetariok bi tresna ditugu: kode deontologikoa eta kontzientzia-eragozpena. Euskal Herriko zein Espainiako telebista publikoetan, kasuak desberdinak izan badira ere, kazetarien auzibide diziplinarioa martxan jarri da, informazio kudeaketaren gardentasuna zalantzan jartzeagatik. Objektibitatera hurbiltzeko ahalegina zigortu duen hedabideak konfiantza nola berreskura dezake?

Amua

Gozatu dut ETB1eko Eskamak kentzen telesail berria ikusten. Zergatik? Aspaldian ETB1ek fikzioan egin duen apusturik sendoenetakoa iruditu zaidalako. Horrekin batera, noski, emozio eta erreakzioren bat eragin didalako. Gertatu zitzaidan Aitaren etxea telesailaren estreinako atala ikusi nuenean ere; beraz, hazia sendoa izateak ez du zertan esan nahi atalen segidak bide bera egingo duenik. Haatik, baikor jarraitzen dut.

Tragikomedia edo drama ukitua duen komediaren eskema teorikoa bikain errespetatzen du gidoiak. Alegia, pertsonaiak ikuslearentzat ezagunak diren estereotipoen gainean eraikita daude. Ikusleari pertsonaien inguruko datuak eman, eta hasierako egoera ulertzeko adina informazio ematen dio. Ondoren, arazoa azaldu behar da. Kasu honetan eskabetxeren fabrika egoera ekonomiko latza pairatzen ari dela kontatu ziguten, eta horren erdian egoera desegonkor bihurtuko duen elementua gehitu. Hori da Itsaso pertsonaiaren (Barbara Goenaga) esentzia: herria presentziarekin eta sekretuekin astintzera dator. Gainera, Euskal Herrian ezaguna zaigun errealitatearen markoan gertatzen da, itsasoarekin harremana duten emakume eta gizonen lana krisi ekonomikoaren menpe azaltzen zaigu.

Gerta daiteke motela suertatzea, edota ETBko fikzio ekoizpenetan gertatu ohi den bezala, raccord arazoak, hau da, lapsusak topatzea. Arrazoiak azalpen sinplea izan dezake: ohitu gara nazioarteko telesailak ikustera, non sekuentzia baten hamaika plano azaltzen diren. Horrek erritmoa ematen dio. Gurean aurrekontua murritzagoa izaten da; beraz, plano-kontraplano ariketak ekintzaren ikuspuntu batetik eta, ondoren, bestetik grabatzen dira.

Plazer bat da aktoreen lana ikustea. Lehen atalean primeran ari dira, eta hori hala da. Pena da, ordea, ahalduntzen ari diren emakumeak potroei erreferentzia egiten entzutea. Potroak aipatzea, erabaki bat defendatzeko. Gizonen menpe eraikitako errealitatea da ikusi duguna, baina errealitate hori eraldatu ahal izateko, gidoiak, elementu literarioa den heinean, baditu talka bizia pizteko tresnak. Horretan datza telebistaren botere transformatzailea. Beraz, oraingoz, horixe eskatuko nieke: betaurreko moreak jantz ditzatela.

Amua ondo bota digute; ea audientzia arrantzatzen duten.

Uretan

Mutrikuko uretan murgildu direla-eta, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren biluziekin Herri Txiki Infernu Handi ikusteko amua botatzen dabil gure telebista. Nork daki, agian Hugh Hefnerrek gure bi Adonisak ikusiz gero, Playboy aldizkariak hartutako erabakia aldatu beharko du, eta biluziak ateratzera animatuko da berriz ere. Igandean deskubrituko dugu, gure telebistan klasiko bilakatzen ari den saioan, noraino busti diren mutilak.

Amuez eta herriez ari garela, itsasoarekin hertsiki lotutako biografia duen Ibon Gaztañazpi kazetariak Itsasoaren alabakizeneko atala gidatu zuen Herri People saioan. Aste honetako aurreko Ekografia-n aurreratu bezala, ez da makala gure telebistako lehenengo katea egiten ari den esfortzua, Eskamak kentzen telesailak ibilbide oparoa izan dezan. Horrekin, ez dadila uler telesailaren gaiaren bueltan ari direla gainontzeko saioak, hain justu, soilik telesailari promozioa egiteko. Agian ikuspegiak bestelakoa beharko luke: lana eta itsasoa ez baita bakarrik gizonezkoen eremua, eta noizbait emakumeei eurena den lana aitortu beharko zaie. Esan nuen, eta badiot: itsasoa eta lana bateratzen dituen gaiak bide emango digu genero irakurketak egiteko. Aurrena fikziotik etorriko zaigu.

Gustura asko jarraitzekoa da Herri People. Batetik, kamera atzean agerikoa den teknikan eta produkzioan egiten duten lan handiagatik. Fina eta txukuna dela esango nuke, testigantzen eta irudiaren mailari erreparatuta. Eta, bestetik, irudietan bertan ageri zaigunagatik. Alegia, Gaztañazpi saioan ez delako aurpegia jartzen duen aurkezlea bakarrik, ekarpena eginez kalitatea gehitzen diolako saioari. Era berean, elkarrizketatzen dituen pertsonak seriotasun gozoarekin biografien testigantza egiteko abilezia izan ohi dutelako. Umoretsua den saio serioa da, eta oreka horretan datza saioaren bereizgarrietako bat. Adibidez, asteazkeneko saioan entzun ahal izan genuen Saly Diene ondarrutarraren hizketaldia. Edota kontserberetan lan egiten dutenen hitzak. Ez hori bakarrik, ofizial lanetan ibilitako Amaia Albizu ere ezagutu genuen. Euskal Herriko kostaldean barna, kalitatezko bidaia eskaini ziguten. Pentsatzeko tartea hartzeko moduko ibilbidea egin genuen. Espero dugu gure telebistan igerian luze jarraitzeko aukera emango dietela.

Eskamak ken ditzagun

Bueltan da fikzioa euskaraz. ETB1ek hilaren 23an estreinatuko du Eskamak kentzen telesaila. Gaur aurrestreinaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Handira egin du apustu ETBk. Hainbat hilabete atzera izan genuen proiektuaren berri, eta ordutik ohiko prentsa euskarrietatik ez ezik, sare sozialetan ere astindu ederra eman diote estreinari. Protagonisten eta ikus-entzunezko ekoizpen lantaldearen grabaketa giroa sare sozialetan ikusi dugu. Esan daiteke zabalkunde natural hori jarraitzeko aukera izan duenari pantailan agertuko dena ez zaiola erabat arrotza egingo. Gogotsu naiz ikusteko, benetan espero dut funtziona dezala, edo behintzat aurreko ekoizpenen karga gainetik kentzea lortzea. Hori baita ETBn fikzio ekoizpen batek aurrera egiteko pasatu beharko duen lehen oztopoa.

Abiapuntuak badu mamia, errealitatetik eta fikziotik. Alde batetik, gaur egungo egoera soziekonomikoaren markoan gain beheran doan kontserba-enpresa baten gorabeherak azaldu nahi dizkigute. Emakumeak dira langileak. Generoari dagokionez, komedia aukeratu dute: kritika ikusleari helarazteko biderik eraginkorrena. Espero dut genero hausnarketak egiteko parada emango digula telesailak. Adibidez, Euskal Herriko historian lan rolen ingurukoak eta soka beretik loratu daitezkeen zaintza zein botere harremanei lotutako irakurketak. Baita lanaren prekarizazioa eta hertsiki lotuta dagoen lanaren feminizazioa ere. Beste alde batetik, fikzioa. Hau da, egunerokotasunean errotutako egoera ezagun bat desorekatzen duen osagaia barneratzea da ezaugarrietako bat. Dirudienez, horixe izango da Barbara Goenagak gorpuztuko duen pertsonaiaren ardura. New Yorketik datorren negozio emakumea izango da, kontserba-enpresa salbatzeko kooperatiba egitea adostu duten emakumeekin egingo du topo. Aurpegi ezagunak badira: Itziar Atienza, Karmele Larrinaga, Maria Urzelai, Joseba Apaolaza, Amaia Irazabal, Elena Irureta eta Itziar Aizpuru, besteak beste.

Eskamak kentzen saioaren promozioak jarraitzen du: gaur Herri People-n Itsasoaren alabak atala. Bihar, Barbara Goenaga eta Joseba Apaolaza Fermin Etxegoienekin batera izango diraBerandu baino lehen saioan. Gaizka Garitanok ere izango du tartea. Ez daukagu aitzakiarik ETB1en aurrean ez paratzeko.