Aski da

«El machismo mata izan da Salvados saioaren azkena. Izenburu kolpekatzailea audientzia hain handia duen programa baterako». Hala zioen Galarragak atzoko zutabean. Guztiz bat nator. Batetik, audientzia handia duen saio batek ezinbestean jorratu beharreko gaia dela iruditzen zaidalako. Bestetik, gizon batek gidatutako saioa delako, eta genero bereizketan erortzeko inongo asmorik gabe, kasu honetan hori azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zaidalako. Ez baikara emakumeok berdintasuna, alegia feminismoa, aldarrikatu behar dugun bakarrak. Era berean, Galarragak, beste gizon batek, horren lekukoa hartu duelako. Azkenik, aski delako irmoki eta lau haizeetara errealitatea azaldu baino, hitzen bitartez errealitate hori leuntzeaz. Aski delako «Emakumeak berdintasunaren bidean» tankerako tituluak idazteaz, «Genero berdintasunik ez dago» idatzi beharrean. Hizkuntza lan tresna dugunon eguneroko borroka da hori. Izan ere, Beckettek esan bezala: «Hitzak dira daukagun bakarra».

Matxismoaren soka beretik jaso dugu beste eraso sexista bat. Lantzen ETBko kameralari batek jasandakoa. Emakumea. Ez da lehenengo aldia telebistarako lan egiten duen emakume batek eraso sexista salatzen duena. 2009an Elena Etxebarrietak, ETBko kiroletako lankideak, zuzenekoa egiten ari zela jasandako ezin dugu ahaztu. Eraso lotsagarri eta asaldagarria. ETBk beti babestu izan ditu langileak tankerako jarreren aurrean. Baina bada horien aurrean eztabaidatu den aukera bat; zuzenekoetan zein ENG irteeretan, langileak babestuko dituen pertsona bat eramatea. Neurri horri dagokionez, ikus-entzunezko komunikatzaileok, sarri askotan kazetari etiketaren menpekook, lanean ari garenean ez dugu babesik behar, errespetua baizik. Matxismoa, klasismoa, desberdintzea, sumiso rola ezartzea edota norbait bere borondatearen kontra zerbait esan, egin edo pentsatzera behartzea heziketarekin sendatzen den gaitza delako. Horregatik ez dugu gorputz babesik behar. Kate batean piezak transformatzen dituen langilearen betaurrekoak, eskularruak, kaskoa edota jantzi berezia dira guretzat errespetua.

Kalitatezko telebista on bat nahi badugu, kalitatezkoak izan beharko dugu guk ere telebistaren aurrean, eta kalitatez lan egiten utzi beharko diegu kalitatezko profesionalei.

Denbora kontua

Gogoratzen al duzue Médico de familia telesaileko Marcial hil zuteneko atala? Gidoilari maltzur horiek auto istripu baten ondorioz zaintzailea arroilan utzi zuten. Ez zen sekuentzia bakarreko kontua izan, ez. Atal osoan, azken arnasetan egon zen Marcial! Eta gu etxean negar malkotan, zotinka, gure barnean protagonistak autoarekin kolpea hartu zuenean bezain astinduak.

Bada, dramatismo gupidagabe horrekin hainbat izan dira ikusleon plano abstraktuan eragiteko jaio diren formatuak. Era berean, modalitate negar-egingarria nabarmenki aldatu da urteekin. Alegia, eboluzionatu du 1990eko hamarkadatik gaur egun arte. Gogoratu, adibidez, Antena3 kateko Lo que necesitas es amor saioan nola prestatzen zituzten gonbidatuak, eta nola egiten duten gaur egun Hay una carta para tí formatuan.

Bi horien erdibidean geratzea lortu du La1k estreinatu duen Cuestión de tiempo saioak. Patricia Gaztañagak aurkezten duen saio berria da. Azken aldian ez du zorte handirik izan bere proiektuekin, edo behintzat ETB2n gidatu dituenekin. Aztoratzeko modukoa litzateke, guk hemen ordaindu diogun dirutzarekin arrakastarik ez izatea, eta telebista espainolean bai. Haatik, lasai. Cuestión de tiempo saioarena horixe bera izan daiteke eta: denbora kontua. Saioa hasi, eta Gaztañaga ageri zaigu emazteari ezustekoa eman nahi dion senarra aurkeztuta. Osasunarekin lotutako bizipen latzak dituzte, eta gizonak opari-sorpresa egin nahi dio emazteari. Tarantinok akzio eszenak grabatzeko duen teknikari jarraiki, musika lasaia txertatzen diote karga handia duen uneari. Hau da, gizonak negar malkotan hasi behar duenean, ttak, negar egiteko musika dramatikoa. Biolina ahal dela. Eta noski, atmosfera dramatiko horren kiribilean, hitzak nola lotu behar dituen memorizatua dituela ematen du gonbidatuak. Eta negarrez hasten da. Aktore txarra dela pentsatzen hasi eta telebistako tipoari so ari zarela, ez dakizu, gidoia erdi ikasia duen edo errealitatea pedanterian itotzen duen. Gaztañagak dio: «Lasai, lasai, har ezazu zure denbora». Hor dago magia, hor dago telebistaren hipokresiaren erakusle maximoa: tipoak lasai har dezake, grabatu eta ondoren emitituko delako. Azken batean, bizitzan, telebistan bezala, den-dena, denbora kontua da.

Sakrifizioak

Aurrerantzean interesgarria izango da ostiraletako lehia telebisiboa! Tira, Espainiako kate pribatuetan lehiatuko diren bi saioen zaleak ez garenontzat, ez da zirraragarria izango. Baina, aizu, Antena3 kateari aitortu behar zaio balentria: Allí abajo telesailaren denboraldi berria ostiraletan jartzea erabaki dute, Sálvame deluxe arrakastatsuarekin lehiatzeko. Tu cara me suena lehiaketaren denboraldia amaitzear dagoela, otsailaren 12an hartuko du Plano a Plano ekoiztetxearen telesailak lekukoa. Gogora ekarri dit Canal +ek eskaintzen zuen Vikings telesail marabillosoa: protagonistek ondo zekiten noiz sakrifikatu behar zuten eta ondorioz hil, noski, taldearen hobebeharrez. Biziraupenaren ajeak. Gainera, pozik egiten zuten heriotzara bidea, izan ere, hiltzeari zentzua ematen zioten. Baikorrak izan gaitezen, eta pentsa dezagun Espainiako farandularen inguruko txutxumutxuak baino deigarriagoak izango direla fikzioak ekarriko dizkigun maitasun kontuak.

Allí abajo-rekin lotura estua —pantailan eta pantailatik kanpo— du Oscar Terolek. Sakrifizioaz zerbait badaki. Izan ere, telesailari gertatuko ez zaiona gertatu zitzaion berari La Sexta katerako egin behar zuen ¿Tú que sabes? lehiaketarekin. Gogoan daukat Gabonetan ikusi nuela, eta kostata ulertu nuela zein zen lehiaketaren funtsa. Alegia, nondik nora zihoan edota zergatik izan behar zuen interesgarria. Asko aspertu nintzen. Kontua da programa horren hiru atal grabatu zituztela, kateak grabazioa bertan behera uzteko agindu zuenean. Beraz, materiala aprobetxatze aldera, Gabonetan eskaini zituzten zerbait berezi izango balitz bezala. Emankizun bereziak, uler dadila.

Tiraderetan geratzen diren proiektuez ari garela… Bai, lagunok, horixe bera: Non dago Safari Wazungu? Berriz ere programatuko dute? Egunek aurrera egiten duten heinean, reality-aren protagonisten bizitzak ere bai, eta luze jotzen badu itxaroteak, posibleki gaurkotasuna galduko du bertan gertatutako guztiak. Agian GHVIP saioa amai dadin esperoan daude. Ulertu beharra dago konpetentzia zuzena egitearena zaila dela eta zartako ederra izan daitekeela galtzaile suertatzen den katearentzat. Kalitateaz beste egun batean hitz egingo dugu. Dirudienez, inportanteena baita sakrifizioak ez direla edonorentzat.

Zenbat? #0

Zeroari oda egin badiote ere, otsailaren lehenengoan jaio zen #0 telebista kate berria. Movistarrek abian jarri duen proiektuaren aurkezpen iragarkian hamaika aurpegi ezagunek aldarrikatu dute zeroaren erabilera. Agian, telebista kate berria ikusteko harpideduna izan behar denez, lortzea espero duten ikusleen bataz besteko zifra hori delako: zero. Tira, ez da horrela, izan ere, Canal + ordezkatzera dator. Ai, nostalgia: non geratu dira telebista betetzen zuten barra gris horiek? Hala ere, agerian utzi dute gure zero patatero esaera ez dutela ezagutzen, ezta zero zabor kontua ere, euren ustez zero erabiltzen ez den hitza baita. Hau da, zero, zero erabiltzen da. Argi eta garbi, euskara ere zero ezagutzen dute. Are gehiago, aurpegi aski ezagunek gidatuko duten entretenimendura lerratutako katea, hasi berri den 2016a zero urtea dela esatera menturatu dira. Zero urtea da zerbait super berritzailea abian jarri dutelako: ezagunak zaizkigun formatuak gidatuko dituzte, ezagunak zaizkigun profesionalen proiektu hasiberriak. Hamaika Telebistako saioaren izenburua bezala, Esatea Libre da.

Aurrerantzean, ordaintzen duenak pantailan ikusi ahalko ditu: kritika lehorrak jaso dituen sareko produktu viralen inguruko Likes saioa -Raquel Sanchez Silvak gidatuta-, Eva Hacheren Web Therapy, Andre Buenafuente Late Motiv saioarekin, Ilustres Ignorantes marabillosoak jarraituko du… Dokumentalak jarriko badituzte ere, ez da jakina filmak emango dituzten edo ez. Hori bai, espainiar kulturaren erakusgarri fidel gisa kirol emanaldiak izango ditu; saio informatiboak, ordea, ez.

Hasiera berri hau, hainbat esparrutan da arrain handi eta txikiaren lehiaren arteko erakusgarri. Ez bakarrik umorean eta entretenimenduan ardaztuko den #0 —irakur dadila, zero— dagoeneko egonkortuta dauden kateekin neurtu behar izango delako. Baizik eta Movistarrek kanpotik bezala barrutik ere borroka propioa bizi duelako. #Correscales edota #KorrikaPrekarioa abian denean, erabaki du telekomunikazio markak hedatzea. Praktikatzen duen prekarizazioaren kontra kalera atera diren kontratatu, azpikontratatu eta faltsu autonomoek korrika egingo dute Bilbotik Bartzelonara otsailaren 18tik 22a bitarte. 800 kilometroan luzatuko da hilabetez dirauen borroka. Zer inporta dio Movistarri? Bada, segur aski, zero.

Poligrafoak VS Boligrafoak

Dokumentala hasi eta irudia janzten duen bateria hotsak eman diezaiguke narratzailearen identitatea asmatzeko pista. Ia ordu batez poetikoki gidatuko gaituen ahotsa Galder Izagirrerena da: Dut, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetako bateria-jotzailea eta Gaztezulo aldizkariko argazkilaria. Denboraz ari zaigu, hori omen da poligrafo bakarra.

Berri Txarrak-en dokumentala aitortza ariketa da: taldearen inguruan zalantzaren karga jartzeko aukerarik balego, neutralizatuta. Beste hamaika taldek bezala, badu musikaz gain beste zerbait. Ez naiz ari haren inguruko kritikez, iritziez eta irakurketez. Bai, ordea, kontzertu batean alboan dituzun lagunen presentzia igarri, eta konplizitate isilarekin elkarri esatea: «Gogoratzen duzu nortzuk ginen kanta honek zeharkatu gintuenean?». Hori da musikaren esentziaren osagaietako bat: musikak gorputza zeharkatzean uzten duen arrastoa.

1980-90eko hamarkadetako seme-alabok musika telebisatuarekin hazi gara. Asteburu goizetan Fernandiscorekin, del 40 al 1. Ondoren etorri zen erretinetatik erraz borratu genezakeen La1 kateko Música Sí saioa. Eskerrak Los conciertos de Radio3programari; gorabeherekin baina ildo koherenteari eusteko gai izan delako. Atzerritik jaso genituen musika gosea asetzeko ezinbesteko saioak, adibidez, MTVk izkirimiriak kontatzen zizkigun Pop Up Videos, eta arratsaldero gazteak pantailara lotzen zituen audientziaren eskariekin hornitutako Select tartea. Unplugged kontzertuak ezin ahaztu. Eta nire gustukoena; VH1 katea. Gogoan gordetzeko bi formato puska: Behind the music, eta, batez ere, Storytellers. Bigarrena musikazaleontzat goxoki hutsa da; sortzaileek kontzertua eskaini bitartean euren sormen prozesuaz hitz egiteko tartea hartzen dute, baina ez hori bakarrik, bertaratutako audientziak galderak zuzenean egiteko parada dauka.

Eklipsea eta Tumatxak datozkit gogora. Hamaika telebistako bideoklipak eta Elkar sesioak. Kanaldudeko Hertzetan. Hala ere, sormen prozesuaren islan gehiago behar dugu. Musikari izatea ez baita soilik diskoak ateratzea. Egurketa kronifikatua bizkarrean daramagun kazetariok espazioak letrekin okupa ditzakegu. Gaztetxetan eta tabernetan eurekin egon, hori baita industriak musikarien artisau esentzia erail ez dezan egin dezakegun borroka.

ETA horrela

Asteon lantalde teknikoen jarduna goresteaz gain, Galarragak —irakurleen hobe beharrez beti sufritzeko prest dagoena— Franco diktadore kakanarruak idatzitako Raza ikusi du. Hain justu telebistan ematea aukeratu dute, Mein Kampf liburua edonork irakur dezan berrargitaratu duten garaian. Naziez beranduago arduratuko gara. Izan ere, Iker Jimenezek azter zezakeen fenomenoa utzi digu gaurkotasunak, eta apetatsua den patuak osagai horiek muturrean nahastu ditu: informazioa faltsutzeaz eta edizioaz ari garen astean, Antena3ek biak bateratu ditu, kateak audientzia altuena lortzen duen saio informatiboan. Esklusiba zuten: Podemos, CUP, Venezuela eta ETA, Felipe Gonzalezek esango lukeen bezala «kaka berdina» direla kontatu nahi ziguten. Etxean ez hanka ez bururik zuen bideoa ikusten genuen bitartean, Periscope tresnari esker, platoko giroa erakusten zuen streaming emanaldiak Internet bidez jarraitzen zuen. Hor entzun ahal izan genuen aurkezleetako bat esanez, dagoeneko xelebre egin den Nos van a poner pero bienhura.

Lege eponimo inozoen gordailuan bada bat Godwin izena duena. Horren arabera, eztabaida bat geroz eta gehiago luzatzen bada, orduan eta aukera gehiago dago iritzi trukean parte hartzen duen batek bestea nazi deitu dezan. ETArekin harremantzeko joera ustelak ere horrelako lege bat beharko luke izan. Dagoeneko zerbait ETA dela esaten dugu maltzurkeria ironikoarekin txarra dela definitzeko. Kontziente egiten dugun lotura bat da, baina horrez gain, ETA konbertsorea edonon topatu daiteke: kontuz Lejarreta edota Mendieta abizenen tankerakoak dituzuenak zein Abaltzisketako lagunak. Are gehiago, aurrerantzean saiatu beharko dugu «eta» partikula ordez, «zein, edota, are gehiago» bezalako formulak erabiltzen, eta horrela terrorismoarekin lotu ez gaitzaten. Kaka, orain ni ere ETA naiz.

Ez du interbide errazik Antena3eko lagunen «hanka sartzeak». Barkamena eskatuta ez da nahikoa izango irudia garbitzeko: ezingo dute Erregearena egin. Lotsagarri geratu dira euren esentzia eta oinarri izan beharko lukeen informazio kudeaketari dagokionez. Podemos, CUP, Venezuela eta ETA gezurrekin lotzen saiatu eta lortu ez duten arren, zerbait lotzea lortu dute: Antena3 Espainiako eskuinaren sokakoa dela argi eta garbi dugu.

Gora teknika!

Ezin naiz adosago egon Galarragarekin, dioenean Cuatro katean bikotea aurkitzeko egiten dituzten saioak barrez lehertzeko modukoak direla. Ikuspegi kritiko batekin jarraitzekoak dira, noski, besteak beste, betaurreko moreak kendu gabe —biolentzia sinbolikoa besterik ez da ageri—. Baina, gorputza barrutik astintzen duten kontu hegemoniko horiez gain, molatzen dute. Eta zergatik barkatzen diegu formatu horiei tankerako beste hamaika saiori baimentzen ez dieguna?

Fenomeno marabillosoak loratu dituztelako. Adibidez, Galarragak esan bezala, printze eta printzesen saioetara doazenek aski ondo dakite ikusleok lepo eta euren lepo egingo dugula barre. Hortaz, ikusleak sentitzen du telebistan ageri dena baino inteligenteagoa dela. Alegia, ikuslearen autoestimurako osasungarriak dira.

Bestetik, kolektiboan ikusteko saioak dira. Ohituta gaude bakardadea sustatzen duten saioak ikustera, hau da, telebista piztuta utzi eta konpainia egiten diguten horietara. Esate baterako, goizean zein bazkalostean ematen dituzten magazine guztiak. Garai batean irratiak zuen funtzioa betetzen hasi da aspalditik telebista. Cuatroko saioek, sofan alboan ez dituzun lagunei ere mezuak helarazteko gogoa pizten dizute; sare sozialak eta Whatsappa sutan jartzen dute. Memoriak kale egiten ez badit, tankerako lehen saioa abian jarri zutenean horrek harritu zituen kateko agintariak; Salvados-ekin gertatu bezala, sareko oihartzunak. Gogoratu Nacho Vigalondok asmatu zuen hijos tróspidos etiketa hura.

Eta azkenik eta garrantzitsuena: kamera atzekoen lanaren prestigioa kamera aurrean daudenen pare jartzea lortu dute —merituaren kontua telebistan erabat desorekatua da, baina beste ekografia baterako utziko dugu hori—. Ikusleak ulertzen du erlojuaren kontra eta normalean kontratu erdeinagarriekin lan egiten duen talde teknikoaren lana ezinbestekoa dela. Umore esketx klasiko eta onomatopeiez betetako komikien nahasketa da, noski, telerrealitatearen markoan. Saiatu ziren ETBn. Mingarri izateagatik laster batean kendu behar izan zuten antzeko saio bat, —bai, joe, Reyes Pradosek aurkeztu zuen hura. Nezakaritza turismo batetan neskak mutilekin alderatuta abereen tankera tratatu zituzten hori—. Eta horretan ere, onena talde teknikoaren lana izan zen: edizio estiloa.

Maitasunaz eta heriotzaz

Astearteko zutabean oinarrizko pultsioek elikatzen duten telebista arrakastatsuaren inguruan bat edo beste esatea aukeratu nuen, eta harrezkero burutik kendu ezin dudan bateria deskoordinatuaren zarata dut bidaide. Hortaz, eta horri lotuta, azken egunetan gorputza zeharkatu nauten oinarrizko emozioetatik loratutako hitzak oka egitera noa, ez daukat beste aukerarik: maitasunaz eta heriotzaz.

Asteartean estreinatu zuten Casados a primera vista saioaren bigarren denboraldia, eta asteazkenean bikote harremanen terapiaz arduratuko den Mejor llama a Pilar coaching formatua. Maitasunaren izenean botere harremanen zilegitasuna, eta pertsonen arteko dependentzia gaixotia elikatzen duten tankerako saioak, gizartearen harremantzeko moduan eragina dute. Izan ere, harremanak eraikitzeko moduaren eredu dira; beste pertsonekiko desioa nola eraiki behar dugun irakasten digute, eta hegemoniari izkin egiten badiogu, txarto sentiarazteko presio kolektiboaren eta administratiboaren ahalmena dute. Azaltzen digute bikotean, noski, heterosexualetan, generoaren arabera zer botere posizio egokitzen zaigun —berdintasunik ez duelako ulertzen hegemoniak, eta heterosexualitate ez hegemonikoa oraindik erronka bat delako—. Kontrolerako baliagarriak diren ereduak dira, eta horien berrindartzeari dagokionez, ikus-entzunezkoen eta gizartearen arteko elikatzea sorgin-gurpil hutsa dira. Horrela bada, edertasun normatiboaren jabe den gorputz femenino batek Facebook mezuak zabaldu, eta bere zakilaren argazkiak bidaltzen dizkion gizon baten mezuak jasotzea asaldagarri bezain posiblea da. Tokatu zait horrelakorik, eraikuntza horren ondorioz, tipoak bere sexu gosea nahi bezala asetzeko eskubidea duela argi duelako. Heziketa kontua da, eta egiteke dugun deseraikitze prozesuaren isla da erasoa.

Berba egin dezagun heriotzaz. Plastikozko zorion printzak bustitako aulki hutsen garaia izan diren Gabonez. Urte berriak, eta oro har neguak, estatistikoki dakarren heriotza tasaren gorakada sekretuan bizi da. Telebistak zoriona —berriz ere lehen azaldutako maitasun ereduak edota familia bezala ulertuta— baino ez digu islatu asteotan. Etxeetan, ordea, aulki hutsak izan ditugu. Maitasuna ere bada heriotza; heriotza maitasunez bizitzen ikastea.

Telebista doktrina

Bilbon 63.000 eta Baionan 8.000. 71.000 pertsona inguru bildu zituzten presoen eskubideen aldeko manifestazioek, Maite Iturberen aburuz, eta Urtzi Urkizu kazetariaren galderari erantzunez, manifestazioak ez zuen «hain interes handia zuzenean emateko». EAJk gure herriko gatazkaren ondorioz kartzelatutakoen eskubideen aldeko keinu kolektiboan parte ez hartzeaz gain, bere gobernuaren menpe dagoen telebistan aparteko jarraipenik ez egitea erabaki zuten. Lana izateko zortea dugun den-denok ordaintzen dugun telebista publikoan. Baina, lasai, telebistaren gorabeherak jarraitzen dituzuen irakurle estimatuok, zuzendariak argitu bezala, 2015aren balantzea baikorra izan delako. Ekintza honekin, agian, marka, propioaren alde egin, eta identitate singularra definitu ordez, Telecincorekin mimetizatzeko are gertuago dagoelako izango da baikorra. Auskalo.

Zuzenean ez, baina ETBk eman zuen manifestazioen berri larunbateko albistegietan —albistea idatzi zuten webgunean eta irratiek ere aipatu zuten—. Zuzeneko jarraipena, ordea, eskaini ziguten, BERRIAk, Argia-k, Naiz-ek, Ahotsa.info-k eta Hamaika telebistak, besteak beste. Azkenaren streaming bidezko telebistak 10.000 ikusle izan zituen. Neurria hartzeko, datua ikusle kuota datuetan% 1,1 litzateke, igande gauean Gu ta gutarrak saioak lortutakoaren parekoa. Aurrekontuarekin malabareak egiten dituen telebista kate batez ari gara; marrazoa eta arrain txikia.

Ikasbide galanta utzi digu manifestazioaren aje informatiboak: beste ezeren gainetik ikusleak interesgarria zaiona ikusten du. Zergatik ez du gure telebista publikoak gure orainaldi historikoaren markoak biltzen dituenak sakonki pantailaratzen?

Azkenaldian, originaltasunez identitate propioa eraiki beharrean, Telecincoren ereduari jarraitzen ari zaizkigu ETBn. Sexua eta heriotza diren oinarrizko pultsioetan errotutako emozioak nola bizi behar diren irakasten dizkiguten formatuen eredua da: intimitatearen espektakularizazioa, harreman heteroarautuen hegemoniaren erakuslea eta kazetaritza kritikoari ia plazarik uzten ez diona.

Ez naiz nekatuko esateaz: telebistak doktrinatzen du. Ikus-entzunezkoek doktrinatzen dute: musika, testuak, pelikulak, telesailak, saioak… dena irakurtzen ikasi behar da.

Pazientzia

Hasieratik saiatu dira ezaguna zitzaigunaren gainean originaltasuna marrazten, baina ez du fruiturik eman.

Hasieratik diot, lehenengo ataletik erakutsi baiziguten Aitaren Etxea telesaila pantaila aurrean agertzen zitzaiguna baino gehiago zela. Edo izan nahi zuela. Alegia, gizatiartu zuten lantaldea ikus-entzunezkoa nola eraiki behar zuten erakutsita. Aktoreek euren pertsonaien inguruan berba egiten aditu ditugu, eta ez hori bakarrik, baita lantaldeko kideak ere, euren lanaren gainean aritu dira. Gainera, garaiko irudiak ere ikusi ahal izan ditugu, esate baterako, azken emanaldian fikzioko eta errealitateko erromeriak ikusi genituen. Oro har, ekoizpenari freskotasuna eta hurbiltasuna erantsi dizkion ariketatzat uler daiteke. Originalak izateko ahalegina egin dutela esan da.

Ezaguna zitzaiguna da, alde batetik, tankerako fikzioak ez direlako ikusleentzat berriak; are gehiago, boladan dauden fikzioak dira. Gaindosia daukagu. Eta beste alde batetik, tramak memorian eragiteko eduki duen ahalmenagatik ere, ezaguna zaigula esan dezakegu. Haatik, litekeena da, gure herriko historiaren pasartea fikzionatzea balio erantsia izan beharrean, galbide bihurtu dela azkenean. Iban Zalduak jarri gintuen bidean, eta Aritz Galarragak atal guztiak ikusi ondoren idatzi zuen argumentuaren ahulezien inguruko zutabea. Indartsu hasi arren, ez du konbentzitu.

Ez duela fruiturik eman esatean, uler dadila kateak espero zuen emaitzarik ez dutela lortu. Izan ere, hasieratik amaiera bitarteko balantzea eginez, sinesgarritasunean azpimarratu da gabezia. Hala ere, gogora dezagun lehenengo ataletik ez zuela izan harrera berorik datuetan, nahiz eta estreinakoak kalitate sobera erakutsi zuen. Hortaz, behin eta berriz errepikatu legez, kalitateak ez dauka zertan datuetan islatu. Horren aurrean, ezaguna da ETBren pazientzia falta ere: emaitza onik ez bada, dirurik ez du ematen, beraz, agur Ben-Hur.

Ez dezagun esperantza gal, eta ez gaitezen gainbeherarekin tematu. Telebistak ez duen pazientzia izan dezagun guk. Ea katearen hurrengo proposamena, Eskamak Kentzen, eskamak kendu ez ezik, arantzak ere kentzen dizkigun. Goenkaleren itzala berdintzea ez da lantegi makala izango, ezta beste fikzio batek hartu beharreko lana ere. Aurrera begiratu dezagun.