X horrek

Gaurko egunarekin hasten da bereziki gustuko dudan urteko garai bat, bereziki gustuko dudan telebista aldi bat. Tira, berez Erramu igandearekin hasi zen Aste Santua, baina gaurtik iganderakoak dira egunik gotorrenak. Eta ez dakit zer ospatzen dugun ongi, esan nahi dut gu bezalako gizabanako laiko akonfesionalok, Jesusitoren pasio, heriotza, pizkundeaz aparte, noski. Baina niri jarraitzen badit eskaintzen egunotako telebista festa, segi dezala asteak santua izaten urte askoan.

Adibidez, 13TV kateak, gure telebista publikoetako batek —ez ahantzi Estatuak errenta aitorpen bidez emandako diruarekin ordaintzen duela Eliza katolikoak katea—. Hilabete hasieran Xabierraldia zuzenean eskaintzearekin aski ez, eta Aste Santua zuzenean emango digute egunotan. Aste Santuaren lagin «emozio, fede, kar, ilusioz betetako bat» behintzat: Aita Santuaren ospakizun garrantzitsuenak eskainiko dituzte Erromatik; herrialdean zehar ibiliko dira desfile esanguratsuenen atzetik, Murtziatik edo Avilatik —bai, existitzen dena ez da Teruel bakarrik—; La pasión según Andalucía eta Jesús de Nazaret musikalak pasako dituzte; Jesusen bizitzaren kontakizun fidela den El Salvador filma estreinatuko dute. Eta, gaur, luze gabe, irrikari eutsi ezin dionarentzat, Legioaren lehorreratze ekitaldia eta Heriotza Onaren Kristoaren lekualdatzea emango dute. Horiek gutxi balira, kasu, lehiaketa bat ere jarri baitute martxan. Erakutsi nahi dute fedea ez dela teknologia berriekin bateraezina. Eta horregatik Aste Santuko irudirik onenak bilatzen dituzte: argazkiak Twitterrera bidal daitezke #FotoCofrade13tv hashtagarekin. Saria ez dute esan zein den; auskalo, agian Aita Santuarekin zita bat. MYHYV estiloan, kamerarik gabe segur aski. Eta badakit honezkero badakizuela, ikusle fidelak zaretenez jakinaren gainean zeundetela. Baina badaezpada: martxoaren 19an eten zituen kate zaharreko emisioak 13TVk. Frekuentzia berrian ikusi behar da orain, lehiaketa publiko bat eskuratu ondoren. 13TVren proiektuaz ministerioak nabarmendu zuen kateak duen konpromisoa: «Adierazpen askatasunarekin eta objektibotasunari, egiatasunari eta inpartzialtasunari dion errespetuarekin». Eta oraindik baten batek galdetuko du zertarako demonio balio duen errenta aitorpenean Eliza katolikoari dagokion X horrek.

Elizarekin topo egin

Madre Maria Purisima de la Cruz. Igandera arte erabat ezezaguna. Igandetik aurrera aldare propioan leku pribilegiatua duen santua. Eta dena 13TVko adiskideei esker. Zuzenean eskaini ziguten haren kanonizazioa, Erromatik, Frantzisko aita santuak gidatutako zeremonia erlijiosoa. Santu egin dute beata egin eta bost urtera, gauza arraroa —hori esan zuten, behintzat, eliza kontuez ez baitakit ezer; baina espiritu irekia izatea da kontua, ikasteko gogoa. Merituak bildu zituen horretarako: koman hamabi egun eman zituen gizon bat sendatu zuen, bihotzeko eritasun bat zuen hamahiru hilabeteko neskato bat sendatu zuen —ospitaleak santuz beteta daudela bururatu zait hartara—. Baina ze telebista ikuskizun ederra. Dena espiritualtasun, dena azken modako sotana, dena letaniaz mozorrotutako pop melodia. Dena supermodernoa, alegia. Etxetik ere usaintzen zen abangoardia urrina. Santu berri bat daukagu albumerako orain. Esan zuen esatariak: «Oso fuertea da».

Eta sinestuna naiz ni. Santujalea ere bai, esango nuke, baten bat aurrean jartzen bazait. Baina ulertzen dut kanonizazio bat ez izatea zuen interesekoa. Ez nuke hona ekarriko ez balego eztabaidaren erdian ekitaldi erlijiosoak telebistaz ematea. Josu Goikoetxeak abiatu zuen: «Erdibituta ETBk meza ematearekin. Gure amak ikusten du, eta berdintsu elizara joan ezin duten milaka lagunek. Hori ez da zerbitzu publikoa?». Um, interesantea. Ikus dezagun, besterik ezean, RTVEko estilo liburuak horri buruz esaten duena: «Ekitaldi erlijiosoek interesa dute soilik espainiarren ondare kultural baldin badira, gehiengoarena edo gutxiengoena, inoiz ez motibo konfesionalengatik». Horrela ulertuta, meza katolikoren bat ETBn ematea erabat legoke justifikatuta, erabat justifikatuta legokeen bezala Euskal Herriko bertsolari txapelketaren finala ematea. Baina eta igandero bertso saio bat, igandero ordu berean, igandero plaza diferenteren batekoa? Ez ote luke horrek, ondare publikotik baino, motibo konfesionaletik gehiago? Elizarekin topo egin dugu, badakit, kontu labaina da. Ez hainbeste elizarena, baizik eta zerbitzu publikoarena. Baina, gauzak horrela, barka probokaziotxoa: ez ote dagoen, iganderoko meza santua baino, Madre Maria Purisima de la Cruz horren kanonizatze emanaldia justifikatuagoa.