Neurria ez du eman

Palaciosek aipatu zituen nobedadeen artetik beste bat —eta ze gauza ikusarazten dizkidazun, Palacios—: Feis tu feis, Joaquin Reyesena —errege ugari dago eta, badaezpada, Muchachada Nui-koa; ez nahastu Pedro Reyes umoregile zenduarekin, Irungo PPko zinegotzi Santi Reyesekin edota gure Reyes Pradosekin—. Margaret Tatcher, Mahmud Ahmadineyad, Kim Jong Il imitatu zituen hori, bai; nahiz nik nahiago Manu Chao —«cantante, bueno, primero ser humano, y luego cantante; ciudadano del mundo, apatridaaar»— edota Pitita Pitita Pitita Ridruejo. Saio berri bat du, Cuatron. Ideia ez da txarra: beste pertsona baten bizitza bizitzeko ametsa hartu, buelta pare bat eman, eta harago eramatea: beste pertsona hori izatea zuzenean. Gutxiago flipatuta, elkarrizketa bat egitea, baina bestela: astebete pertsonaiarekin bizi, haren ohiturak ikasi, haren lagunak elkarrizketatu, harekin urtzen bukatzea, gazta sandwichean bezala —kontxo ze metafora ona atera zaion—. Eta bide batez Bertin Osborneren elkarrizketa moduari zapla bat ematea.

Zer gertatu da lehen emanaldiarekin ordea? Bada, Palaciosek gutxi-asko azken Salvados-ekin iragarri zuena — «Performance berbera egitera doaz Jordi Evole, Albert Rivera eta Pablo Iglesias. Beharrezkoa al zen?»—. Hau da, gonbidatua, Pablo Iglesias, etengabe performatu dela azken garaiotan telebistan. Luze gabe orain ezagutzen duen arrakasta hein handi batean telebistari zor diola esan zuten saioan, hots, telebistan bertan. Batetik, pertsonajea oso ikusia dagoela, beraz —nahiz, balorazio politiko gisa, eta baina guztiekin baina denbora gutxian egin duena merituzkoa iruditzen zaidan—. Bestetik, Joaquin Reyes, imitazio-parodia haiek bazter utzita, elkarrizketatzaile serioarena egitera jolasten denean ez duela funtzionatu; ez eta izkirimiriak inprobisatu dituenean ere —batzuk are lotsaemangarriak ziren—. Azken parteak, halaber, klimaxak, pertsonaiaren eta pertsonaiaren parodiaren arteko elkarrizketak, pare bat momentu on izan zituen, baina oro har esango nuke ez zuela eman neurria. Urruti geratu zela Muchachada Nui-ko esketx gogoangarri haietatik. Egia da lehen saiakera izan zela. Egia da gonbidatuak ez zuela gehiegi lagundu. Ikusi beharko, Paco Leon aktorea iragarri dute aste honetarako. Behintzat ez da egongo kanpainan.

 

Ondo pasako dugu

Ez dakit nik zer demonio duen ETBk funtzionatzen ez duten gauzekin. Uler dezaket, ados, bihozkada bat izan eta zerbaitekin probatu nahi izatea. Baina behin ikusita kontuak ez duela aurrera egiten, zergatik hainbesteko tema? Egin dute herenegun hemen aipatu genuen Nekane Amaya—rekin —eta ez zuen ezertarako balio izan: lasai arraio eman zuten telesaila bart gauean—. Egin dute, atzo Palaciosek gogorarazi bezala, Safari Wazungu-rekin, esplotatzaile onena aukeratzea helburu duen reality-arekin —oraingoan joan dira ez dakit nondik ez dakit nora, baina auskalo jarraitzen duten, ez bakarrik etengabe askatzen urrin matxitoa, gizonezkoak full time emakumezkoen ehizan; baizik eta lehiakide batek jasaten beste lehiakide batzuen homofobia—.

Egin zezaketen Cuatro kateak bezala, behintzat errepikatzen dutela funtzionatzen duena. Adibidez, Granjero busca esposa. Bost urteren ondotik, bueltan da. Baina nobedade batzuekin: aurkezlea Carlos Lozano izango da, Gran Hermano VIP-eko irabazlea —Lujan Arguelles gabe ez da izango gauza bera—. Bost hautagai aukeratu ahal izango ditu baserritar bakoitzak, eta hiru joango dira etxaldera. Eta beste nobedade bat: lehen aldiz egongo dira Espainiatik kanpoko etxaldetarrak. Esaterako, aristokrata bat, ez dena fitxaketa txarra eskrupulurik ez duenarentzat: adinean sartu samar dago, zorte pixka batekin hamar urteren buruan zurea izan daiteke dena. Baina badaude, noski, granjeros made in Spain. Horietako bat, Lander, behiei xuxurlatzen zien gizona. Iparraldeko morroskoa, altua, guapoa eta, nola ez, Athleticekoa. Behiak dira bere bizitza. Goizean esnatu eta behi bat ikusten duelarik, zoriontsu da. Bat du maiteen: Rebeca. «Begirada limurtzailea du. Entzuten nauen bakarra da, eta erantzuten. Zuk maite nauzu?», esaten dio. Erantzuna: mu. «Nire buruan daukat eta beste nonbait». Mesedez, ez dut jakin nahi non. «Egiatan gizon egin nauena izan da. Bi bihotz dauzkat: ezkerrekoa maitemintzeko eta eskuinekoa Rebecarentzat». Esaten dute, goiz edo berandu, nagusiaren antza hartzen duela animaliak. Edo alderantziz zen: animaliaren antza hartzen du nagusiak? Auskalo. Kontua da zabalik dagoela casting-a. Deitu, idatzi, animatu baserritar horien bihotzak konkistatzera. Ez zaizu damutuko. Edo bai. Baina guk ondo pasako dugu bitartean.

Dokumental gehiago

Palaciosek sekula izango ez duen pribilegio bat izango dut gaur nik: zutabekideaz zutabe bat idaztea. Esan nuen nire lehen Ekografia-n: Ez dut Goenkale-ko aktore izateko esperantzarik —orain, batez ere, bukatu delako; bestela akaso animatuko nintzatekeen—. Ez naizela inoiz telebistan arituko, alegia —Hasier Etxeberriak Sautrela uzteko asmorik ez baitu—. Eta, aldiz, Palaciosek parte hartu du Refugiados: camino a ninguna parte dokumentalean. Dokumental txukunean, dena esan behar bada. Nahiz, agian, pixka batean berandu iritsi den, batez ere alderatuta TV3ko To Kyma. Rescat al mar Egeu arrakastatsu harekin —urtarrilean eman zuten—. Nahiz lantalde guztia euskalduna izan, eta eman zuten ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren lekuan. Nahiz, nire gusturako, protagonismo gehiegitxo eman zioten Ane Irazabal estimatuari —halako batean hegan aterako zela zirudien, hainbestekoa zen esku-besoen mugimendua—, edo haurren irudiei. Baina ondo eginda zegoen, adibidez, testuinguru politikoaren azalpena —eta hamar puxtarri lehen aldiz sartzeagatik atxilotze gune batean—.

Zer ikusirik ez Cuatron eman zuten itsuskeriarekin. 21 días. De Lesbos a Colonia. Zer arraio izan zen hori? ETBkoak berandu ibili badira, Cuatrokoak are beranduago: Europako Batasuna-Turkia akordioa sinatu aurretik grabatu zuten, mugak itxi aurretik. Ez zuela ezertarako balio, alegia. Tira, bai, kazetaritza zer lotsaemangarria izan daitekeen ikusteko. ETBkoek aurkezlea gehiegitxo, haurrak erakutsi zituztela esan dut. Ahaztu. Zuzendu nahi dut. Cuatron bai erakutsi zutela jendearen desgrazia, eta morbo hutsagatik. Cuatron bai eman zitzaiola protagonismoa aurkezleari; kasu horretan, gainera, aurkezle txolin askoari. Zer ziren bata bestearen atzetik esaten zituen tontakeria horiek? «Beldurrezko pelikula bat baino okerragoa da hau». «Autobusa superinkomodoa da lo egiteko». «Ezin dut lorik egin». Eta guri zer inporta zaigu? «Ez dakit nola lagundu jende honi». Bada, hortik urrutira alde eginda, adibidez? «Hitzik gabe geratu naiz». Bikain. Hori baino ez genuen falta. Azkenean bera kontsolatu behar izan zuten errefuxiatuek.

ETBk Refugiados: camino a ninguna parte bezalako dokumental gehiago egin beharko lituzke. Cuatroko itsuskerietatik ahalik eta gehien urrunduta.

Komentuan egonaldia

Ordaindu beharra dagoenez ikusteko La huida —eta oraingoz ez nago prest telebistagatik ordaintzeko, ez behintzat zerga bidez ordaintzen dudana baino gehiago—, eta medikuak aspaldi debekatu zidanez Gu ta gutarrak —eta medikuari kasu egiten diot beti, telebistari buruz esaten dizkidanekin, behintzat—, Quiero ser monja ikustearekin konformatu behar. Konformatu esan dut, baina, ze demonio, aspaldian ezagutu dudan esperientziarik izpiritualena izan da. Azalduko dizuet zergatik.

Bost mojagai dira guztira, komentuan egonaldia egingo dutenak, ea bokazioa benetakoa duten, edo bidaiaria. Guztiak 20 urteren bueltakoak. Adin nagusi- koak, behintzat; ez da gutxi, kontuan hartuta zer instituzioz ari garen. Baina, akaso, gaur egunerako berdeegi daudenak bizitzaz zer nahi duten jakiteko. «Jainkoaren deia jaso nuen hamabi urterekin», dio batek —tira, deia jaso dute denek; eta ez dakit zergatik ez duten telefonoa itzaltzen—. Nobioarekin iristen da komentu atariraino. Sutsuki jaten dizkio muturrak. Baina bizitzaren alde salbaia probatu nahi du: «Ez baduzu probatzen, ez dakizu». Eta ez zen drogak hartzeari buruz ari, moja sartzeaz baizik. Beste batek, hamahiru anai-arreba, seguru familia erlijioso katoliko integrista batekoa. Edo antisorgailuak ezagutzen ez dituen batekoa, bederen. Barkatu, baina esango nuke emaberekundekoia dela ez onartzeko sartu nahi duela moja: «Argi daukat Kristo dela nire gizona». Bi ahizpa gero, supersakonak, esan nahi dut filosofikoki. Motibatuenak. Komentuan ezin izango direla makillatu jakiten duten arte. Eta azken bat: «Oso askea naiz. Parranda egiteak zoratzen nau. Mutilek zoratzen naute. Baina ez dira ezinbestekoak bizitzeko». Eta horretan arrazoi osoa eman behar diot. Zeren, azken batean, zer da moja bat? Hautagai batek erantzuna: zoriontsu izateko modu bat, kontrakarrean. Izan daitezela zoriontsu, beraz, nahi duten moduan. Ez dakidana da asko iraungo duten barruan. Lehen iraultza saiakera izan baitzen sakelakoa kendu zietenean —mojagai baten aitzakia, bikaina: «Niri gustatzen zait sakelako telefonoarekin errezatzea»—. Eskerrak saiokoak ergelak ez diren, eta jarri dieten apaiz bat, beltza. Eta jaten dioten, ez gaizki pentsa, Kristoren gorputza. Oso gaizki behar du Eliza santuak halako telebista saio baten beharra izateko.

I+G+B

Estreinaldien aurrean ezin dut halako ezinegon bat saihestu. Badakit estreinaldi horietako asko, gero, emanaldiak aurrera egin ahala, ez zaizkidala fitsik ere interesatuko; baina aurretik beti sentitzen dut nolabaiteko irrits, jakin-min, urduritasun kontrolaezina. Lehen aldien lilura izango da, auskalo. Eta gauzak kitzikagarrien gertatu baino lehen, gertatuko direla imajinatzearekin izaten direlako segurantza osoa.

Apirilarekin, datozen egunetan, hainbat telebista estreinaldi emango dira. Ez dakit, udaberria izan daiteke. Bizi berriaren iragarle bla bla bla. Atentzioa eman didan lehena izan da bat, nire erlijio debozioa berpiztear egon dena: Quiero ser monja. Bost neska gazte, saiatuko direnak jakiten ea benetan Jainkoari eskaini nahi dioten beren bizitza eta sartu nahi duten moja. Ez esan ez denik esperantzagarria. Hiru erlijio botoak egin beharko dituzte, pobrezia, kastitatea, obedientzia. Komentuan itxiko dira, galduko dute kanpoarekiko komunikazio guztia. Ohiko arropak baztertuko dituzte, ezin izango dira makillatu, are utzi beharko diote erretzeari —hori balitz bezala grabeena—. Pena bakarra dut: programan parte hartzeko niri deitu ez izana. Tira, egiatan pena bikoitza da: Los Gypsy Kings saioaren tartea hartuko baitu, bukatutzat eman dute eta —eta ez dakit beste aukerarik izango dudan, orain botako dut badaezpada: Mediaset aurrean protesta antolatu dute, Gitanas Feministas por la Diversidad elkarteak deituta, telebista enpresaren «jokaera arrazista eta herri ijitoarekiko laidogarria» salatzeko. Bego—.

Atentzioa eman didan beste estreinaldi bat, La huida. Hamabost gaiztagin, ezkutatu beharko direnak eta harrapatuak ez izan, 28 egunean. Ihes egiteko edozein garraiobide erabili ahal izango dute, baina ezin izango dira erresumatik atera. Noski, Espainiako Polizia eta inteligentzia zerbitzuetako kideak orpoz orpo izango dituzte. Lasai egon daitezke, beraz, nekez harrapatuko dituzte. Eta ez dudana ulertzen da zergatik ez duten saioa egiten egiazko gaiztaginekin, tarteka agertzen diren paper horietan agertzen direnekin. Ez esan ez litzatekeenik iratzargarria.

ETB ez da atzean geratu, noski. Horregatik abiatuko du datorren astean Gu ta gutarrak saioaren 5. aldia. Horri esaten zaio ikerkuntza, garapena, berrikuntza. Edo bertan lozorro egotea.

Ziur aski, hilezkorra

Iragan den Aste Santua izan da, ez Jesusito, baizik eta Johan Cruyff handiaren pasio, heriotza eta auskalo pizkundearena. Harritu nau gurean inork ezer esan ez izana —tira, gezurra, Josemari Pastorrek aipatu zuen: 1974. urtean, izenak espainiera hutsez idatzi behar ziren garaian, Katalunian bizi zen atzerritar batek frankismoari aurre egin ziola esateko; katalanezko izen ofizial eta legezkoa jarri zion semeari: Jordi Cruyff. Nahiz nik koinatu bat dudan, Aleix, izen katalan horrekin 1970ean erregistratua—. Eta hor zehar futbolari, entrenatzaile eta abarreko figurak nabarmendu zaizkion moduan, utzidazue Johan Cruyff telebista pertsonaiari buruz hitz egiten hemen. Ezagun da, agian gutxixeago futbol entrenatzaileak, baina jokalariak dagoen eta gauzarik anti-telebisiboena direna. Eta egia da, minutu batean esateko gai diren bueno kantitatea ikusita. Herbeheretar hegalariak, ordea, jokoa banatu izan du, ez bakarrik soropilaren gainean. Akaso izango da pentsatzen zuena kanporatzeko inolako filtrorik ezagutu ez duelako. Edota Guiness errekor baten jabe zelako: Cruyff izango da herrialde batean denbora gehien pasatu eta bertako hizkuntza —gaztelaniaz ari naiz, katalanez ez baitiot sekula hitz erdirik entzun— traketsen egiten zuen gizasemea. Hori da hori, el peloto, un partida, Laporto, genero gramatikal bakar bat ere ez asmatzea. Baina horrela eman zituen eman zituenak: «Pilota guk badugu, besteek ezin digute golik sartu»; «italiarrek ezin dute irabazi; baina haien kontra gal dezakezu, bai»; eta besteren gainetik, Madrili hiru segundoz hegan egin ondoren sartu zion gol hura bezala, historiara pasatuko den gallina de piel gogoangarria.

TV3k erreportaje pare bat berreskuratu zituen zendu zen gauean: L’últim partit. 40 anys de Johan Cruyff a Catalunya eta Cruyff, un tomb per la vida. TDP kateak, bere aldetik, Conexión vintage —irakur bedi vintash— bat. Risto —ez, noski, Stoichkov— Mejiderekin chesterra partekatu zuenekoa ere eman zuten Cuatron. Horri esaten zaio gerria, eta ez Gurpegirenari. «Katalanak ez ziren ausartak, eta horregatik fitxatu nituen lau euskaldun». Gustura entzungo nioke orain euskaldunez esango lukeena. «Neurri batean, ziur aski, hilezkorra naiz». Iragan den Aste Santua izan da, ez Jesusito, baizik eta Johan Cruyff handiaren pasio, heriotza eta telebista pizkundearena.

Gora teknika!

Ezin naiz adosago egon Galarragarekin, dioenean Cuatro katean bikotea aurkitzeko egiten dituzten saioak barrez lehertzeko modukoak direla. Ikuspegi kritiko batekin jarraitzekoak dira, noski, besteak beste, betaurreko moreak kendu gabe —biolentzia sinbolikoa besterik ez da ageri—. Baina, gorputza barrutik astintzen duten kontu hegemoniko horiez gain, molatzen dute. Eta zergatik barkatzen diegu formatu horiei tankerako beste hamaika saiori baimentzen ez dieguna?

Fenomeno marabillosoak loratu dituztelako. Adibidez, Galarragak esan bezala, printze eta printzesen saioetara doazenek aski ondo dakite ikusleok lepo eta euren lepo egingo dugula barre. Hortaz, ikusleak sentitzen du telebistan ageri dena baino inteligenteagoa dela. Alegia, ikuslearen autoestimurako osasungarriak dira.

Bestetik, kolektiboan ikusteko saioak dira. Ohituta gaude bakardadea sustatzen duten saioak ikustera, hau da, telebista piztuta utzi eta konpainia egiten diguten horietara. Esate baterako, goizean zein bazkalostean ematen dituzten magazine guztiak. Garai batean irratiak zuen funtzioa betetzen hasi da aspalditik telebista. Cuatroko saioek, sofan alboan ez dituzun lagunei ere mezuak helarazteko gogoa pizten dizute; sare sozialak eta Whatsappa sutan jartzen dute. Memoriak kale egiten ez badit, tankerako lehen saioa abian jarri zutenean horrek harritu zituen kateko agintariak; Salvados-ekin gertatu bezala, sareko oihartzunak. Gogoratu Nacho Vigalondok asmatu zuen hijos tróspidos etiketa hura.

Eta azkenik eta garrantzitsuena: kamera atzekoen lanaren prestigioa kamera aurrean daudenen pare jartzea lortu dute —merituaren kontua telebistan erabat desorekatua da, baina beste ekografia baterako utziko dugu hori—. Ikusleak ulertzen du erlojuaren kontra eta normalean kontratu erdeinagarriekin lan egiten duen talde teknikoaren lana ezinbestekoa dela. Umore esketx klasiko eta onomatopeiez betetako komikien nahasketa da, noski, telerrealitatearen markoan. Saiatu ziren ETBn. Mingarri izateagatik laster batean kendu behar izan zuten antzeko saio bat, —bai, joe, Reyes Pradosek aurkeztu zuen hura. Nezakaritza turismo batetan neskak mutilekin alderatuta abereen tankera tratatu zituzten hori—. Eta horretan ere, onena talde teknikoaren lana izan zen: edizio estiloa.

Hiru koroen erresuma

Buf, eskerrak hasi diren behingoagatik umorezko telebista saio berriak, hain maitagarriak egiten zaizkidanak. Etsiak jota nengoen honezkero. Palaciosek aipatu zituen bi: Casados a primera vista eta Mejor llama a Pilar. Nik gehituko nuke nire maiteena, umorezko telebista saioen artean erregea. Edo erregina. Edo zuzenean printzesa: Un principe para tres princesas. Joan den astean estreinatua, Cuatro katean, Un principe para Corina/Laura haien bariante bat da, Granjero busca esposa, ¿Quién quiere casarse con mi hijo? eta gainerakoen sokakoa. Ezer berririk ez, beraz, betiko gauza bera, baina oraindik ere ondo asko funtzionatzen duena. Gakoa: edizio lana eta bertan agertzen diren pertsonaiez barre egiteko aukera. Pertsonaiez, bai, ez pertsonaiekin. Kontziente dira haiek ere honezkero —edo beharko lukete—.

Baten lekuan hiru printzesa, hartara, elegante, diskretu, lañoak. Bata da blonda eta tradizionala —«liburuak irakurtzen ditut, eta horrek asko hunkitzen nau»—, bestea ilegorria eta exotikoa —«musulman-coola naiz: urdaiazpikoa jaten dut, xanpaina edan»—, eta hirugarrena beltzarana eta salbaia —«bizitzak lehertzeko zaletasuna daukat, bai»—. Eta hogeita lau dira konkistatzaileak —ez, zorionez, munduaren bukaerakoak—, adoretsu, kultu, umilak. Bere buruaz maiteminduta dagoen tipo bat: «Ez naiz nartzisista, baina nire burua maite dut». Suhiltzaile bat, piromano izandakoa. Argentinako bilbotar bat, Barsazalea, baina euskaraz hitz egiten dakiena: adibidez, «kaina bat» esaten. Eta akaso guztien artean maitagarriena, Tuterakoa: «Jatorrizko izendapena daukat: asko gustatzen zait Nafarroa, eta nire ametsetako neskak Tutera non dagoen jakin behar du, besterik ez». Gainera, Foru polizia izan nahi zuen, baina oposaketak atera ez, eta B plana jarri du martxan. Eneko Larrartek fitxatu beharko luke bere udal gobernurako. Denak maiteagatik edozer egiteko prest daudenak. Pasioz, sentiberatasunez eta artez betetako ipuin batean. Baina baita oztopo, traizio, sentimendu basatiz betetakoan ere. Kupidok berak eskuak garbituko ditu maitasun istorio honen aurrean. Jarri diote izena: hiru koroen erresuma.

Eskerrak hasi diren behingoagatik umorezko telebista saio berriak, hain maitagarriak egiten zaizkidanak. Etsiak jota nengoen honezkero.

Erresistentzia

Telebista kontuetan sare sozialek aparteko garrantzirik ez duten arren, audientzia termometro bat dira. Aparteko garrantzirik ez dutela diot, ez baitute oraindik asmatu horiei esker telebistari lotuta dirua sistematikoki nola lor daitekeen —eta ez, ez ditut ahaztu hainbat produkturen txio-iragarki babestuak, kalaxnikov batekin tiroak airera botatzeko gogoa pizten dizuten horiek—. Sinplea da, transakzio gune bilaka ezin daitekeena, ez dauka interes enpresarialik. Etxean audientzia neurgailua dutenei ordaintzen zaien legez, hainbaten txioak ekonomikoki errentagarriak balira, a zer negozio puska!

Traolen erabilera kopuruak Youtuben erreprodukzioek bezala dirua emango balute —ideia gehiegi ematen ari naiz—, Ocho apellidos vascos filmak poltsikoak are gehiago beteko lituzke. Asteazken gauean, trending topic izan zen. Normala deritzot, hein batean, filma ikustera bortxatu baitzuten ikuslea. Nola? Cuatro eta Telecinco kateetan aldi berean emanda. %48,1eko ikusle kuota lortu zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban —lortu edo lapurtu?—. Hala ere, bi kateetan film bera eman arren, Telecinco 257.000 ikuslerekin nagusitu zen, eta Cuatrok 133.000 ikusle izan zituen.

Elkartasun astea dudanez, besarkada handia bidali nahi diet oraindik ere filma ikusi ez dutenei. Badakit memoria historikoaren bonbardaketa sarraskitzaile eta anestesikotik aldentzea gogorra dela. Baina, lasai, laster batean kalera askatasun osoarekin atera ahalko garelako; umorea horren ondo lantzen duen filmak —zinez uste baitut gidoilari paregabeak izan dituela, eta bide batez, publikoki batere ondo tratatu ez dituztenak—, dirudienez, ez baitu gure hizkuntzan errotuta geratuko den esaldirik ez eta hitzik ere sortzea lortu. Ezingo gaituzte garaitu, V telesailean bezala. Izan ere, ondo antolatutako erresistentzia talde bat gara.

Badakit Galarragak bere aurreneko despedidan telebistak bizitza kendu diola esan zuela, baina, telebistan ikusi dudanez, telebista ikustea ez da txarra —salbatuta gaude Galarraga—. Gertutik ere ez: gurasoek gezurra zioten pantailara gerturatuz gero itsu geratuko ginela ziotenean. Hori eta beste irakatsi zizkigun Orbita Laika zoragarriak asteazkenean. Eurak ere trending topic izan ziren, baina osteguneko egunkariek ez dute txintik esan hortaz.

Denak katedratiko

Gizartearen berehalako etorkizun apokaliptikoaren inguruan gogoeta egiten dutenei arrazoia baino ezin diet eman. Argi ikusi dut, eta are gehiago atzoko Aritz Galarragaren —berriz ere— estreinako Ekografiak zutabea irakurrita. Izan ere, garai batean —ez duela hainbeste, uste nuen— pertsona baten maila definitzeko haren jarlekuari erreparatu baino ez zitzaion egin behar. Alegia, ipurmasailak atseden hartzeko tokiaren kategoriak zehazten zuen pertsonaren garrantzi edo maila soziala. Ez baita gauza bera tronuan paratzeko aukera izatea edo aulki elektrikoan amaitzea. Aginduak ematea edo agintea sufritzea.

Aritz eta biok sofan goxo jarrita, eta Adela Ucar aulkia berotzen, eroso egoteko ezinezko posturak ikusleoi oparitzen zizkigun bitartean. Horixe apokalipsiaren alarma piztu didan igande gaueko estanpa. Lasaitua hartu nuen, dena esan behar bada, ETB1eko Euskaldunak saioko gonbidatuak ikusita. Eroso egongo ziren, ziur aski, eserleku bigunetatik #xoraturikan utziko zituen paraje ederrarekin gozatuta.

Adela Ucarrek, ordea, akzioa eta adrenalina behar ditu lan egiteko. Barrua pizten dioten istorioak kontatzeko grinak mugitzen duela azaldu izan du aukera eman dioten bakoitzeko. Baina ez hori bakarrik. Gaztezulo aldizkariko uztaileko zenbakian ahoan bilorik gabe hitz egin zuen, bere ustez gaur egungo espainiar telebistak bizi duen egoeraren gainean: «Telebistan sormen falta handia eta arriskatzeko gogo eza daude». Eta bilbotarraren begietatik, espainiar telebista diodanean, Euskal Telebistaz ere ari naiz. Nazioarteko telebistatik eta Cuatro katetik datorrena kaiolatik hegan egin nahi duen txoria dela dirudi. Astindu ditu hegoak Cuatroko La caja negra saioko atal bat egiteko. Prostituzioaz aritu zen, elkarrizketak lotzea produkzio taldeari buruhauste dezente emango zizkion programan. Denok katedratiko egiten gaituen Twitterretik gogor kritikatu zituzten Ucarrek kutxatik partekatutako inpresioak. Kazetariak ezin duela epaitu esan zioten. Antzezten ari zela. Batetik, bada garaia objektibitatea utopikoa dela barneratu dezagun. Eta bestetik, Ucarrek programatik pasatu diren beste hainbestek egin dutena baino ez zuen egin. Prostituzioaren ezinbesteko eztabaidara ekarpen handirik egiten ez duten hitzak esan zituela? Bai, baina hori beste kontu bat da.