Berdintasunaz

Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, Hamaikak programazio berezia eskaini zuen martxoaren 8an, ezinbestekoa den Ertzak saioan. Nagore Uriarteren saioan, patriarkatuaren ardatzean bat egiten duten soken amarauna askatzen saiatu ziren. Pedagogia egin baino gehiago, egunero bizi dugun errealitatearen dimentsio bat azaleratu zuen. Hau da, azaldu zutena ez da soilik patriarkatuak araututako gizarte baten menpe bizitzea teorikoki zer den, baizik eta sistema horrek zeharkatzen dituen gorputzen testigantzak azaleratzea.

Martxoaren 8an egindako programazio hautuarekin urte osoan koherenteki jokatzen saiatzen den katea da Hamaika Telebista. Hala ere, bada lantzean behin Esatea Libre programan arreta ematen duen zerbait: sarri askotan, eztabaida mahaian jartzen diren lau gonbidatuetatik hiru gizonezkoak izan ohi direlako eta bakarra emakumea, noski Irati Sarasua aurkezlearekin batera. Kopurua kameraren beste aldetik bitara irakur daiteke: hiru gizon eta bi emakume, edo, iritzi emaileetan, hiru gizon eta emakume bakarra. Dena den, aipagarria den arren, kate honen kasuan berdintasuna errespetatzeko intentzioa ez da zalantzan jartzen, ibilbidea kredentzial nahikoa baita.

Hainbat Ekografia idazteko beita eman zigun IDEMtitateak saio gogoangarriak ezinbesteko lana egiten zuen berdintasunaren alorrean; aukera aprobetxatuko dut esateko telebistara bueltatuko balitz atseginez jarraituko nukeela. Bestetik, berriki eskaini du Hamaikak Areatzako emakumeen historia eta bizi esperientzen lekukotza Dokuteka saioan. Aipatzekoa eta azpimarratzekoa sare digitalean non-nahi bideo zatiak utzi dituen Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa. Leire Ferrok gidatuta, Hurbilean ezagutu ahal izan genuen Iturrioz. Gardentasunez eta oinarri sendoetan eraikitako hitzak dira bereak, iraultza tresna. Bizi esperientziak eta diskurtsoa berdinak izan arren, erabat ezberdina izan zen ETBkoUr Handitan saioak utzitako erresonantzia eta Ferroren saioan utzitakoa. Arrasto poltikoagoa zuen bigarrenak, pasio usain nabarmenagoa, erraietatik jaiotzen denari lotuagoa. Faltan bota nuen baieztapenetan sakontzeko tartea, baina telebistan denborak dirua balio du.

Jarrai dezatela berdintasunaren hazia zabaltzen, eta ez dadila egun bateko lorea izan.

Zalantzak

Martxoak berekin ekarri ditu genero berdintasuna aldarri duten publizitate kanpainak. Gizonak txapeldunak direla eta emakumeak printzesak garela txikitatik buruan sartzen digutela adierazten duen iragarkia dago non-nahi. Hori ikusi ostean, ETB2ko Más de tres millones saioko erredaktoreari kamera aurrean jartzea tokatu zitzaion. Erika Barreras aurkezleak, naturaltasun atseginez, azaldu zigun Santurtziko Iñaki Williams peñakoekin Athleticen partida giroa erakutsiko zutela.

Aurrena bi emakume erretiratu aurkeztu zizkiguten, eta sekretua kontatu behar ziguten: biak alargunak ziren. Zalantza daukat bi emakume horien mina datu interesgarria den. Eurei behintzat, jarri zuten aurpegiagatik, esango nuke ez zitzaiela askorik gustatu. Tristura gainditzeko, zer hoberik Athleticeko jokalariak ederrak ote diren galdetzea baino? Ez zait okurritzen pertsona baten gaitasunaren erakusgarri hoberik. Ondoren, gizonen mahaira egin genuen bidaia. Gizonak beste kontu bat dira, horiek meriendaren zain zeuden. Eta, esan zutenez, tabernaren epeltasunean, goxo. Ironiak alde batera, ez da inondik inora lantegi makala tankera honetako saioek erredaktoreentzat dakarten erronka. Alegia, tarte luze batez zuzenean inguruaren berri eman behar izatea, pauta jakin batzuk buruan izanda, baina era berean guztiz kontrolatu barik egoerak eman dezakeena. Haatik, zenbat balio du martxoan berdintasun kanpaina publizitarioak han-hemenka zabaltzeak, ondoren kazetariok ez badugu eredu heteroarautu eta patriarkal horiek ez errepikatzeko ahalegin aktiboa egiten? Denon esku dago eraldaketa.

Errealizazio aldetik txukuna da saioa. Molde horretan gertakari kuriosoak kontatzen dituzte. Soka horri tiraka betiko zalantza ageri da: formatua elikatzen duten gertakariek ez al dute talka egiteko arriskua albistegietan kontatzen dituzten kontuekin? Esate baterako, asteburuan lantzen dituzten erreportajeekin?

Astelehenetik ostiralera gaueko Teleberri-ren aurretik ikusteko aukera dugun Más de tres millones formatua ezaguna zaigu,Euskadi directo eta EH Zuzenean tankerakoa baita. Biak emankizun zerrendatik desagertu ziren saioak dira, audientziak aginduta, baina hala ere, apustu berria ikusita, argi dago kateak ez duela konfiantzarik galdu.

Etorkizuna

Egundoko barne poza sentitu nuen atzo Arnaldo Otegi kartzelatik ateratzen ikusi nuenean. Ezinegon eta tristura sentimenduak ere astindu zizkidan barnean. Zapore gazi-gozoa du erretinetan irteeraren irudia gorde behar izateak. Sekula gertatu behar ez dena gaur egun ere gertatzen dela oroitzen digulako.

Irudi historikoak ikusteko, elkar babesten duten hainbat koloretako ikurrak elkartzeko, eta besarkada estuak emateko tenorea da. Irudiak berehala jaso genituen pantailaren beste aldekook. Logroñoko espetxetik atera eta lehenengo agerraldi publikoan Otegik esan legez: «Kamera horietara guztietara begiratu behar duzue, frogatzeko, badirela, bai, espainiar estatuan preso politikoak. Halakorik ez da ikusten preso sozialak ateratzen direnean». Hantxe, hamaika kamera eta hamaika mikrofono.

Streaming bidez jarraitzeko aukera eman zigun BERRIA egunkariak. Goizean goizetik konektatu eta ezer ez galtzeko. Andoaingo erredakzioko mahai baten inguruan, Logroñon gertatzen zena ikusten genuen bitartean, azalpen eta iritzi trukean ikusi eta entzun genituen Martxelo Otamendi, Enekoitz Esnaola eta Floren Aoiz. Hamaika Telebistak zuzeneko jarraipena egin zuen, baita erreportaje berezia eskaini ere. Hamaikak antzeko erreportajeak egiten ditu gaurkotasuneko gaien inguruan. Irati Sarasua kazetaria ikusi genuen Logroñon, mikrofonoarekin batetik bestera. Pernando Barrena elkarrizketatu zuen. Gauean ETB1ekoAzpimarra + saioan egon zen Barrena, Maddalen Iriarteren galderei erantzuten. Gure telebista publikoak 06:14an hasi zuen zuzeneko jarraipena webgunearen bidez. Albistegietako lantaldeak jarraitu zuen albistea, baita Xabier Lapitzek ETB2n aurkezten duenEn Jake saioak ere. Gaueko albistegietan ikusi ziren Elgoibarko irudiak.

Hasi besterik ez da egin. Gaur Hamaika Telebistako Esatea Libresaioan mahai-inguru berezia egingo dute. Larunbatean, Anoetako ekitaldia eskainiko du zuzenean BERRIAk Internet bidez.

Ekografiak zutabe honetan aipatu gabe geratuko zaizkidan komunikabideak eta komunikatzaileak barne hartu nahi ditut esateko kolore ezberdinetako euskal hedabideen jardunak letra berri bat idatzi duela komunikazioaren etorkizuna den orrialde zurian. Espero, Otegiren askatasunak egingo duen bezala.

 

Konfiantza

Biolin hotsa gehi diezaiogun gaurko egunari, otsailak berekin ekarri duen dramatismo telebisiboa janzteko. Aspalditik argi daukagu, eta ozen abes dezakegu: «Ez dira betiko garai onenak». Urte hasieratik ETBk egin dituen apustu sendoak telebistaratu ondoren, gure telebista kate publikoak ez du audientziaren aparteko erantzunik lortu. Ziurrenera, begiratua atzera bota eta aurreko urteekin konparatuz, otsailik hotzena izango da aurtengoa. Zein da kateak egiten duen irakurketa? Zeintzuk dira kateak hartuko dituen neurriak? Proposamen berrietan eragingo du? Zenbat itxaron behar da ildo estrategikoa espero diren fruituak loratzeko gauza ez dela baieztatutzat eman aurretik?

Espainiako Telebista Publikoaren hondoa jotzeko bidean beste pauso baten berri izan dugu. Arratoiak omen dira lehenak hondoratzen ari diren itsasontzietatik ihes egiten. Biziraupena berekoia da, zer egingo zaio. Biziraupen kolektiboan, ordea, ez dirudi TVEko zuzendariek aparteko gaitasuna dutenik. Izan ere, azken lau urteetan parea izan dute, eta azkenak, gidaritzapean ia bi urtez izan ondoren, dimititzea erabaki zuen atzo. 1984tik Olinpiar Jokoen berrietara lotuta izan den Jose Ramon Diezek ezin izan du oztopo lasterketa gainditu. TVEk inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu zituen aurreko urtean, baina ez hori bakarrik, aspaldi daramagu barruan gertatzen diren kinken berri izaten. Noizbait buruan sartuko zaie, audientziaren gaitasuna erdeinatu eta botere gosea duten horiei, askatasunik gabekoa ez dela kazetaritza, propaganda baizik.

PPk gehiengoaren babesarekin legea aldatu zuen Espainiako Telebista eta irrati publikoetako zuzendariak diputatuen kongresuan eurek aukeratu ahal izateko. Ikusi dute, eta, dirudienez, inork ez du ondoriorik atera —Euskal Herrian ere ez— baina kontrol politikoaren menpe dagoen telebistak porrot egiten du. Zorionez.

Politizazioari aurre egiteko, kazetariok bi tresna ditugu: kode deontologikoa eta kontzientzia-eragozpena. Euskal Herriko zein Espainiako telebista publikoetan, kasuak desberdinak izan badira ere, kazetarien auzibide diziplinarioa martxan jarri da, informazio kudeaketaren gardentasuna zalantzan jartzeagatik. Objektibitatera hurbiltzeko ahalegina zigortu duen hedabideak konfiantza nola berreskura dezake?

Kazetariaren sinesgarritasuna

Otegiren askatzeak eragin du lurrikaratxoa. Ez bakarrik euskal politikagintzan, zeina ez ote zegoen azkenaldian lokartu samar —ez prezisamente Nafarroa Garaian, non aldaketaren gobernuak martxa pixka bat jartzen duen egunerokoan—. Eta lurrikara eragin du halaber euskal telebistan, zeina, kasu honetan, nekez libratzen baita tartean behineko kalapitaz —azkena, Eneko Olasagastik: «Ezin al dugu guk geure telebista eredua zalantzan jarri eta beste modu batean egin daitekeela pentsatu? Ni baiezkoan nago»—.

Espetxetik atera eta hirugarren egunean, lehenengo telebista entrebista. Non eta ETBn. Esklusiban. Errazio bikoitza: lehenik euskarazkoan, gero gaztelaniazkoan. Baina zapore berdintsuarekin. Ez denentzat, halere. Xabier Usabiagak lehen katean egin ziona batere nabarmendu gabe pasa den bitartean, Africa Baetak bigarrenean egindakoak hautsak harrotu ditu. Tonua izan da gustatu ez dena, kazetariaren jarrera. Baina niri ez zait iruditu hainbesterakoa. Galderak berdin-berdinak ziren bietan —Belodromoan esan zuen Otegik berak: «Beti galdera berdinak egiten dizkidate euskal telebista publikoan»—. Adibidez, izotza haustekoa, autokritikaz, zer egin duen gaizki ezker abertzaleak. Ados, Baetak moztu zuen Otegi, «hitz egidazu zehaztasun handiagoarekin, ez hainbeste anbiguotasunekin». Baina atera zion: «Lehenago jakin behar izan genuen irakurtzen herritarrek ziklo armatuaren amai-era eskatzen zutela». Primeran —nahiz gero arratseko albistegietan nabarmendu zuten Otegik pendiente duela autokritika—. Mozketa gorabehera, ez zitzaidan hain gaizki iruditu kazetariaren lana. Eskatuko niokeen bakarra da politikari elkarrizketatu guztiekin egitea gauza bera. Ez agertzea batzuen aurrean, Euzko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, apal-apalik.

Bigarren lurrikaratxoa itsuskeria izan da, El Correo berripaperak ETBko kazetari bati egin diona. Otegiren askatzean dantza egiteagatik. Niri ondo iruditzen zait kazetariek bizitza bat izatea ETBtik kanpo —eta, osasun ikuspuntu batetik, ezinbestekoa—. Eta ez dakit horrek kazetariaren lanari sinesgarritasuna kentzen dion. Jendeari eskatuko niokeen bakarra da gero ez eskandalizatzea, TVEko albistegietako aurkezle batek Rajoyren ekitaldi bat aurkezten badu. Kazetariaren sinesgarritasuna gorabehera.

Gaur egungo munduak

Momentu historiko bat zuzenean bizi izanaren sentsazioa. Non zeunden gizona —ezen ez emakumea— Ilargira iritsi zenean, Dorre bikiak eraitsi zituztenean —etxean eta galtzontzilotan, uste dut hemen esan izan dudala—, Goenkale-ko Maria Luisa hil zenean? —gugan bego, bide batez, Kontxu Odriozola—. Zuzenean bizi izan genuen Arnaldo Otegiren akastasuna. ETBtik ere bai, zer demonio, gauzak ondo egiten direnean esan egin behar da. Ez, noski, ETB2tik, partida inportanteak jokatzen diren katetik —El Conquis ari ziren ematen—; baina bai euskarazkotik, Estepan Aldamiz-Etxebarriaren konpainian —«eta egin gendun hegan», abesti sonatuak esango lukeen moduan—. Albistegietan esan ziguten gero gaur egungo munduak ez duela zerikusirik orain sei urte Otegik kalean utzi zuenarekin —hori da ez nautelako ikusi neroni: berdin-berdin jarraitzen dut dozena erdi urteren buruan—.

En fin. Berri ona da Otegiren kaleratzea, berri ona den bezala telebista publiko katalanak Nit i dia telesaila abian jarri izana. Orain ematen du hitz beste egiten ari naizela, baina, itxaron, aguantatu mesedez bukaeraraino. Nit i dia da telesail katalan bat, behar den moduko thriller bat, aspaldi handian ikusi dudan onena. Eta ni ez banauzue sinesten, honatx Monica Planas telebista kritikari ez bereziki onberak dioena: «De les millors produccions pròpies de TV3. O fins i tot la millor». Labur: yankia balitz, ibiliko ginela denok deskargatzen berehala. Eta guri dagokigunez, pertsonaia batzuk euskaldunak dira, Aitor eta Miren aita-alabak, baina ez genekien zehatz nondik nora, zergatik, iritsi ziren Kataluniara. Bosgarren kapitulua iritsi den arte —spoiler alert—: ETAk emazte-ama hil zien. Kontxo, eta ikusten duzu biolentzia politikoaren gaia, ETArena, modu aski naturalean landua, ez batere manikeo, bigarren lerroko korapilo batean, biktima baten zalantza logikoak azaleratuz, eskaintzen diotelarik bere emaztearen hiltzaileekin elkarrizketa erreparatzaile horietako bat.

ETAren bukaeran lagundu duen Otegik telesail bat ikusi ahal izango du orain, zeinean ETAren biolentzia agertzen den modu natural, ez manikeo, are bigarren mailako batean. Definitiboki, gaur egungo munduak ez du zerikusirik orain sei urte Otegik kalean utzi zuenarekin. Eta ez da dena okerrerako izan.

Emanaldi bakarrarekin

Badakit telebista emanaldi bakarrarekin juzku definitiborik ezin daitekeela egin. Are gutxiago garapen, segida, jarraipen bat eskatzen duen telesail baten kasuan. Baina era berean garrantzitsua da oso estreinako kapitulua, izan behar du indartsua, jendea katigatzeko kapaza. Eta esan beharra dut ETB1en fikziozko apustu berria, Eskamak kentzen, ez zaidala iruditu halakoa.

Jaioterrira bueltatu da Itsaso, New Yorken lan baliabideak salerosi eta enpresatako aktiboak birbanatzen dituen finantza funts batean lan egiten duena, Wall Street parean bi kotxeren artean pixa egiteagatik deportatua, merkatu librean fedea daukana. Ondo. Eta herrian patroiak ixteko asmoa duen kontserba-lantegi bat salbatuko duena. Klase borroka klasikoa dirudiena, bilakatuko da langile klasearen trufa: “Hi izango haiz antxoen Amancio Ortega”; “Horrek Dukanen dieta egin du, por lo menos”; “Nolako saltoa, Conquisekoen pare”. Eta ez da bakarrik umorearen zalantzagarritasuna, da halaber iruditeria. Gero dago hizkuntza eredua. Eta ez da bakarrik jartzen dutela Ramon Agirre ustezko bizkaiera batean hitz egiten. Pertsonaietako batzuek ez dute txistukari bakar bat ere asmatzen. Ez dute asmatzen ez hizkera estandarraren arabera, ez euskalkiren baten arabera, ez euskalki diferenteen arabera ere. Aukera dezatela, nahi badute, hizkera batua, edo euskalkiren bat, edo euskalki diferenteak, baina aukera dezatela zerbait, kontxo. Eta ez zait bereziki inporta hizkuntza eredua, ez bada horrek zuzenki sinesgarritasunari eragiten diola. Bestalde, telesail korala dela esan digute, baina Barbara Goenagak protagonismo berezia duela ezin uka. Promoziotik hasita. Berandu baino lehen saioan, Joseba Apaolaza ere agertu zen, oso aktore ona dena; baina esajeratuegia zelako bestela, argi zegoen nor zen izarra -bide batez, oso ondo Fermin, Goenagari bizitza sentimentalaz galdetzen, nahi gabe bezala-. Momentu batzuetan eman izan du Goenagak lur hartzeko produktua izan dela telesaila. Kurioski bera da aktoreen artean ondoen dagoena. Eta, noski, Itziar Atienza -oso fan, dena esan behar bada-. Interpretazio-duelu interesante bat egon daiteke hor.

Badakit telebista emanaldi bakarrarekin juzku definitiborik ezin daitekeela egin. Aukera gehiago eman behar zaio, hartara. Nahiz esperantzarako tarte handirik ez duen utzi.

Ustez inauteriei buruzko

Bai, badakit, jada astebete pasa da. Markitos, Miel Otxin eta gainerakoen erre usaina oroitzapen lauso bat baino ez da honezkero. Baina seguru hasi zaretela zuetako asko datorren urteko mozorroan pentsatzen, hainbestekoa da gizakiaren asegabetasuna. Sanferminekin esaten dutena: gutxiago geratzen da hurrengo inauterietarako. Gainera, telebista hain dago interesante azkenaldian, astean lau Ekografia ez direla aski dena harrapatzeko: asko maite ditugulako Julio eta Lasa, bestela eskatuko genuke esklusibotasuna.

Eta aurtengo inauteriak pasa arren, mintzagaiak badu ospakizunetik kanpo txungurra. InautHerriak emanaldia ekarri nahi dugu, ETB1en eman zuten «herri txikietako inauteriei buruzko saio berezia». Reyes Prados nekaezinak aurkeztu zuen, eta, barkatuko didazue, baina zuzen joango naiz harira: herri txikietako inauteriei buruzkoa baino, Reyes Pradosek herri txikietako inauterietan egindakoei buruzko saioa izan zela esango nuke. Hau da, Reyes Pradosek nola egiten duen joaldunarena Iturenen, porreroarena Asparrenan, zamaltzainarena Zalgizen. Eta andaluziarrarena, kontxo, leku guztietan. Esan nahi dut, Reyes Prados ezin da izan kazetari bat, herri txikietako inauteriei buruzko saio bat egiten duena, eta izan behar da derrigor kazetari andaluziar bat, are etengabe andaluziarrarena egiten duena? Hau da, hitz egin behar du gaztelaniaz eta Sevillako azentuarekin, dantzatu behar du flamenkoa, kantatu behar dio kontratuagatik Mixel Etxekoparri chirigota bat? —bide batez, Mixel Etxekoparrek zeukan aurpegia zen antologikoa—. Badakit boladan dagoela euskaldunen eta andaluziarren arteko kultur elkarrizketa, baina inauterietan ere ezin digute eman atsedena? Ze, bestela bolada pasatzean, zer egingo dugu saio hauekin? Zer aurkezlearekin berarekin? Eta gero, aizue, ze gauza exotikoa euskaldun hauek. Erakutsi ziguten Zalgizeko auzapeza zubereraz, grazia egiteko, grazia egingo balu bezala. Xelebrea, arraroa, kuriosoa, berezia, ez dakizue halako zenbat entzun genituen. Eta horiek guztiak ere, baina batik bat nazkagarria dena da Ken Zazpiko tipoak Mundakan Pradosi ipurdia ukitu izana. «Zirriak gauza naturala dira!». Noski, motel, baina onartuak direnean! Eta bestela dira eraso sexista. Nahiz izan ustez inauteriei buruzko saio berezi batean.

Aski da

«El machismo mata izan da Salvados saioaren azkena. Izenburu kolpekatzailea audientzia hain handia duen programa baterako». Hala zioen Galarragak atzoko zutabean. Guztiz bat nator. Batetik, audientzia handia duen saio batek ezinbestean jorratu beharreko gaia dela iruditzen zaidalako. Bestetik, gizon batek gidatutako saioa delako, eta genero bereizketan erortzeko inongo asmorik gabe, kasu honetan hori azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zaidalako. Ez baikara emakumeok berdintasuna, alegia feminismoa, aldarrikatu behar dugun bakarrak. Era berean, Galarragak, beste gizon batek, horren lekukoa hartu duelako. Azkenik, aski delako irmoki eta lau haizeetara errealitatea azaldu baino, hitzen bitartez errealitate hori leuntzeaz. Aski delako «Emakumeak berdintasunaren bidean» tankerako tituluak idazteaz, «Genero berdintasunik ez dago» idatzi beharrean. Hizkuntza lan tresna dugunon eguneroko borroka da hori. Izan ere, Beckettek esan bezala: «Hitzak dira daukagun bakarra».

Matxismoaren soka beretik jaso dugu beste eraso sexista bat. Lantzen ETBko kameralari batek jasandakoa. Emakumea. Ez da lehenengo aldia telebistarako lan egiten duen emakume batek eraso sexista salatzen duena. 2009an Elena Etxebarrietak, ETBko kiroletako lankideak, zuzenekoa egiten ari zela jasandako ezin dugu ahaztu. Eraso lotsagarri eta asaldagarria. ETBk beti babestu izan ditu langileak tankerako jarreren aurrean. Baina bada horien aurrean eztabaidatu den aukera bat; zuzenekoetan zein ENG irteeretan, langileak babestuko dituen pertsona bat eramatea. Neurri horri dagokionez, ikus-entzunezko komunikatzaileok, sarri askotan kazetari etiketaren menpekook, lanean ari garenean ez dugu babesik behar, errespetua baizik. Matxismoa, klasismoa, desberdintzea, sumiso rola ezartzea edota norbait bere borondatearen kontra zerbait esan, egin edo pentsatzera behartzea heziketarekin sendatzen den gaitza delako. Horregatik ez dugu gorputz babesik behar. Kate batean piezak transformatzen dituen langilearen betaurrekoak, eskularruak, kaskoa edota jantzi berezia dira guretzat errespetua.

Kalitatezko telebista on bat nahi badugu, kalitatezkoak izan beharko dugu guk ere telebistaren aurrean, eta kalitatez lan egiten utzi beharko diegu kalitatezko profesionalei.

Sakrifizioak

Aurrerantzean interesgarria izango da ostiraletako lehia telebisiboa! Tira, Espainiako kate pribatuetan lehiatuko diren bi saioen zaleak ez garenontzat, ez da zirraragarria izango. Baina, aizu, Antena3 kateari aitortu behar zaio balentria: Allí abajo telesailaren denboraldi berria ostiraletan jartzea erabaki dute, Sálvame deluxe arrakastatsuarekin lehiatzeko. Tu cara me suena lehiaketaren denboraldia amaitzear dagoela, otsailaren 12an hartuko du Plano a Plano ekoiztetxearen telesailak lekukoa. Gogora ekarri dit Canal +ek eskaintzen zuen Vikings telesail marabillosoa: protagonistek ondo zekiten noiz sakrifikatu behar zuten eta ondorioz hil, noski, taldearen hobebeharrez. Biziraupenaren ajeak. Gainera, pozik egiten zuten heriotzara bidea, izan ere, hiltzeari zentzua ematen zioten. Baikorrak izan gaitezen, eta pentsa dezagun Espainiako farandularen inguruko txutxumutxuak baino deigarriagoak izango direla fikzioak ekarriko dizkigun maitasun kontuak.

Allí abajo-rekin lotura estua —pantailan eta pantailatik kanpo— du Oscar Terolek. Sakrifizioaz zerbait badaki. Izan ere, telesailari gertatuko ez zaiona gertatu zitzaion berari La Sexta katerako egin behar zuen ¿Tú que sabes? lehiaketarekin. Gogoan daukat Gabonetan ikusi nuela, eta kostata ulertu nuela zein zen lehiaketaren funtsa. Alegia, nondik nora zihoan edota zergatik izan behar zuen interesgarria. Asko aspertu nintzen. Kontua da programa horren hiru atal grabatu zituztela, kateak grabazioa bertan behera uzteko agindu zuenean. Beraz, materiala aprobetxatze aldera, Gabonetan eskaini zituzten zerbait berezi izango balitz bezala. Emankizun bereziak, uler dadila.

Tiraderetan geratzen diren proiektuez ari garela… Bai, lagunok, horixe bera: Non dago Safari Wazungu? Berriz ere programatuko dute? Egunek aurrera egiten duten heinean, reality-aren protagonisten bizitzak ere bai, eta luze jotzen badu itxaroteak, posibleki gaurkotasuna galduko du bertan gertatutako guztiak. Agian GHVIP saioa amai dadin esperoan daude. Ulertu beharra dago konpetentzia zuzena egitearena zaila dela eta zartako ederra izan daitekeela galtzaile suertatzen den katearentzat. Kalitateaz beste egun batean hitz egingo dugu. Dirudienez, inportanteena baita sakrifizioak ez direla edonorentzat.