Maite dut feminismoa

Ematen du mania diodala Fermin Etxegoieni. Inbidia dela esango du baten batek; azken batean, ibilbide tarte batean paraleloak eraman ditugu. Baina beti atzetik ni: Ekografia hauetan jardun zuen, Deabruaren abokatua elkarrizketa sail hartan —zailagoa ikusten dut neronek inoiz Berandu baino lehen aurkeztea—. Eta sinetsidazue, ez da mania, ez da inbidia, telebistarekiko interes soila da. Ondo esan zuen Josu Goikoetxeak: ez dira pertsona eta pertsonaia nahastu behar. Eta hemen, ez baitut pertsona ezagutzen, pertsonaiaz aritu naiz beti.

Gaur ere ez dut Fermin Etxegoienez hitz egin nahi, beraz. Pertsonaiaz, edo pertsonaiak ordezkatzen duen jendeaz arituko naiz. Josebe Iturriozekin izan zuen elkarrizketa ikusi bitartean banan-banan eta izen-abizenekin pasatu zitzaizkidalako aurretik hainbat gizonezko. Ez dakit nork esan zuen —Saizarbitoria datorkit burura, ez dakit zergatik— emakumezkoen borrokak erabateko nahasmena eragin diola bere garaiko gizonari. Eta galderak, hain zuzen, izan ziren noraez horren adierazgarri: «Non dago idatzia, emakume jaiotzeagatik, zure ama, are zure senarraren ama zaindu behar duzunik? Nork behartzen zaitu? Esan nahi didazuna da sistemak niri sartu dizkidala ideia batzuk, eta ni sentitzen naizela, emakumea zaren partetik, zure gainetik?». Bakarrik erantzuten ziren galderak askotan, ze ikusteko modukoa izan zen «zuk benetan pentsatzen duzu gizona zarela?» Iturriozen galderak jarraian eragin zuen gehiagotasunezko barrea. Iturriozek esan zion momentu batean: «Bazilatzen ari zara». Eta, egia esan, ez zuen ematen, baina: «Inoiz pentsatu izan dut modeloak hain argalak direla emakume eredu horren atzean dauden diseinatzaile gehienak ez dituztelako emakumeak gustuko. Gu izango bagina diseinatzaileak» —eta gu horrekin nori egiten zion erreferentzia ez dakit— «potologoak izango lirateke». Argudioaren homofobiaz ohartarazi zuten arte. Baina halako batean esan zuen: «Maite dut feminismoa». Eta orduan bai, definitiboki, pertsonaia bazilatzen ari zen.

Eta beragan zentratzen ari gara denbora guztian, baina Iturriozek gauza interesgarri asko esan zituen: adibidez, ez zaiola inkoherentea iruditzen pertsona ezkertiar bati erakargarri suertatzea Arantza Quiroga. Ze lasaitua. Ez esan gero feminismoa maitagarria ez denik.

Elkarrizketa, elkar hizketa

Berandu baino lehen azken saioaren ildora, oso interesgarria otu zait azken egunotan sare sozialetan zein lagunartean gertatu dena. Hainbat ertzetatik kontuan hartuta, gainera. Hala ere, aitortzen dut ez dela lan makala gaurkoan hitzok idaztea.

Galarragak kontatu digu bart zein den bere abiapuntu pertsonala Fermin Etxegoienekin. Ulertzen dut, erabat, bi aldeetan egoteak dakarren konplexutasuna. Kritika generoan, iraganean hausnartu den eta hausnartzen jarraitu beharko den gatazka baten proiekzioa izan zen bere lehenengo paragrafoa. Euskal Herrian ez da erraza sortzea, ez da erraza ez sortzea, ez da erraza kritika egitea eta ez da erraza kritikarik ez egitea.

Programaren bigarren elkarrizketaren edukiari dagokionez —Josebe Iturriozi egindakoa—, harritu nau biek errealitatearen gaineko pertzepzio hain antagonikoa izateak. Hamaika argudio eman daitezke. Belaunaldi kontua dela esan genezake, adibidez. Baina esentziara joz gero, Etxegoienen eta Iturriozen artean sortutako giro konfliktiboa berdintasunaren alorrean egunero kalean topa dezakeguna da. Pertsonala politiko bilakatuta soilik askatuko dugun korapiloa. Talkan lupa jarri du saioak. Hori baikorra da, arazoari ikusgarritasuna eta protagonismoa eman diolako.

Baina Josebe Iturrioz eta Fermin Etxegoien izan ez balira? Hau da, marka propio definitua ez duten bi pertsonaren arteko elkarrizketa telebistaz eman izan balute? Puntu hori, elkarrizketak ardatz dituen genero telebisiboari dagokionez, asko interesatzen zait. Elkarrizketatzaileak saioari estilo propioa eman diezaioke galderen aukeraketa subjektiboarekin soilik. Bere gorputz presentziarekin eta hitz egiten duenean erabiltzen duen musikalitatearekin bakarrik. Haatik, elkarrizketaren hartu-emanean aurkezlea interpelatua sentitzen denean, Etxegoienekin gertatu bezala, aurkezle posizioa diluitzen da. Biak bilakatzen dira pertsonaia. Beraz, saio bat sinatzen denean, non dago muga, zure bizitza azaldu eta estilo propioa markatzearen artean?

Telerrealitate ukituko zerbait ikusi genuen. Gaur egun, telebistan ikusten dugun ia guztia bezala. Joera suntsitzailea da, estereotipoak indartuz giza kontrolerako balio duelako. Tamalez, garai bateko aurkezlearen figura hil da. Orain, kazetaria albistearen protagonista izatea baita moda.

Amua

Gozatu dut ETB1eko Eskamak kentzen telesail berria ikusten. Zergatik? Aspaldian ETB1ek fikzioan egin duen apusturik sendoenetakoa iruditu zaidalako. Horrekin batera, noski, emozio eta erreakzioren bat eragin didalako. Gertatu zitzaidan Aitaren etxea telesailaren estreinako atala ikusi nuenean ere; beraz, hazia sendoa izateak ez du zertan esan nahi atalen segidak bide bera egingo duenik. Haatik, baikor jarraitzen dut.

Tragikomedia edo drama ukitua duen komediaren eskema teorikoa bikain errespetatzen du gidoiak. Alegia, pertsonaiak ikuslearentzat ezagunak diren estereotipoen gainean eraikita daude. Ikusleari pertsonaien inguruko datuak eman, eta hasierako egoera ulertzeko adina informazio ematen dio. Ondoren, arazoa azaldu behar da. Kasu honetan eskabetxeren fabrika egoera ekonomiko latza pairatzen ari dela kontatu ziguten, eta horren erdian egoera desegonkor bihurtuko duen elementua gehitu. Hori da Itsaso pertsonaiaren (Barbara Goenaga) esentzia: herria presentziarekin eta sekretuekin astintzera dator. Gainera, Euskal Herrian ezaguna zaigun errealitatearen markoan gertatzen da, itsasoarekin harremana duten emakume eta gizonen lana krisi ekonomikoaren menpe azaltzen zaigu.

Gerta daiteke motela suertatzea, edota ETBko fikzio ekoizpenetan gertatu ohi den bezala, raccord arazoak, hau da, lapsusak topatzea. Arrazoiak azalpen sinplea izan dezake: ohitu gara nazioarteko telesailak ikustera, non sekuentzia baten hamaika plano azaltzen diren. Horrek erritmoa ematen dio. Gurean aurrekontua murritzagoa izaten da; beraz, plano-kontraplano ariketak ekintzaren ikuspuntu batetik eta, ondoren, bestetik grabatzen dira.

Plazer bat da aktoreen lana ikustea. Lehen atalean primeran ari dira, eta hori hala da. Pena da, ordea, ahalduntzen ari diren emakumeak potroei erreferentzia egiten entzutea. Potroak aipatzea, erabaki bat defendatzeko. Gizonen menpe eraikitako errealitatea da ikusi duguna, baina errealitate hori eraldatu ahal izateko, gidoiak, elementu literarioa den heinean, baditu talka bizia pizteko tresnak. Horretan datza telebistaren botere transformatzailea. Beraz, oraingoz, horixe eskatuko nieke: betaurreko moreak jantz ditzatela.

Amua ondo bota digute; ea audientzia arrantzatzen duten.

Uretan

Mutrikuko uretan murgildu direla-eta, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren biluziekin Herri Txiki Infernu Handi ikusteko amua botatzen dabil gure telebista. Nork daki, agian Hugh Hefnerrek gure bi Adonisak ikusiz gero, Playboy aldizkariak hartutako erabakia aldatu beharko du, eta biluziak ateratzera animatuko da berriz ere. Igandean deskubrituko dugu, gure telebistan klasiko bilakatzen ari den saioan, noraino busti diren mutilak.

Amuez eta herriez ari garela, itsasoarekin hertsiki lotutako biografia duen Ibon Gaztañazpi kazetariak Itsasoaren alabakizeneko atala gidatu zuen Herri People saioan. Aste honetako aurreko Ekografia-n aurreratu bezala, ez da makala gure telebistako lehenengo katea egiten ari den esfortzua, Eskamak kentzen telesailak ibilbide oparoa izan dezan. Horrekin, ez dadila uler telesailaren gaiaren bueltan ari direla gainontzeko saioak, hain justu, soilik telesailari promozioa egiteko. Agian ikuspegiak bestelakoa beharko luke: lana eta itsasoa ez baita bakarrik gizonezkoen eremua, eta noizbait emakumeei eurena den lana aitortu beharko zaie. Esan nuen, eta badiot: itsasoa eta lana bateratzen dituen gaiak bide emango digu genero irakurketak egiteko. Aurrena fikziotik etorriko zaigu.

Gustura asko jarraitzekoa da Herri People. Batetik, kamera atzean agerikoa den teknikan eta produkzioan egiten duten lan handiagatik. Fina eta txukuna dela esango nuke, testigantzen eta irudiaren mailari erreparatuta. Eta, bestetik, irudietan bertan ageri zaigunagatik. Alegia, Gaztañazpi saioan ez delako aurpegia jartzen duen aurkezlea bakarrik, ekarpena eginez kalitatea gehitzen diolako saioari. Era berean, elkarrizketatzen dituen pertsonak seriotasun gozoarekin biografien testigantza egiteko abilezia izan ohi dutelako. Umoretsua den saio serioa da, eta oreka horretan datza saioaren bereizgarrietako bat. Adibidez, asteazkeneko saioan entzun ahal izan genuen Saly Diene ondarrutarraren hizketaldia. Edota kontserberetan lan egiten dutenen hitzak. Ez hori bakarrik, ofizial lanetan ibilitako Amaia Albizu ere ezagutu genuen. Euskal Herriko kostaldean barna, kalitatezko bidaia eskaini ziguten. Pentsatzeko tartea hartzeko moduko ibilbidea egin genuen. Espero dugu gure telebistan igerian luze jarraitzeko aukera emango dietela.

Eskamak ken ditzagun

Bueltan da fikzioa euskaraz. ETB1ek hilaren 23an estreinatuko du Eskamak kentzen telesaila. Gaur aurrestreinaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Handira egin du apustu ETBk. Hainbat hilabete atzera izan genuen proiektuaren berri, eta ordutik ohiko prentsa euskarrietatik ez ezik, sare sozialetan ere astindu ederra eman diote estreinari. Protagonisten eta ikus-entzunezko ekoizpen lantaldearen grabaketa giroa sare sozialetan ikusi dugu. Esan daiteke zabalkunde natural hori jarraitzeko aukera izan duenari pantailan agertuko dena ez zaiola erabat arrotza egingo. Gogotsu naiz ikusteko, benetan espero dut funtziona dezala, edo behintzat aurreko ekoizpenen karga gainetik kentzea lortzea. Hori baita ETBn fikzio ekoizpen batek aurrera egiteko pasatu beharko duen lehen oztopoa.

Abiapuntuak badu mamia, errealitatetik eta fikziotik. Alde batetik, gaur egungo egoera soziekonomikoaren markoan gain beheran doan kontserba-enpresa baten gorabeherak azaldu nahi dizkigute. Emakumeak dira langileak. Generoari dagokionez, komedia aukeratu dute: kritika ikusleari helarazteko biderik eraginkorrena. Espero dut genero hausnarketak egiteko parada emango digula telesailak. Adibidez, Euskal Herriko historian lan rolen ingurukoak eta soka beretik loratu daitezkeen zaintza zein botere harremanei lotutako irakurketak. Baita lanaren prekarizazioa eta hertsiki lotuta dagoen lanaren feminizazioa ere. Beste alde batetik, fikzioa. Hau da, egunerokotasunean errotutako egoera ezagun bat desorekatzen duen osagaia barneratzea da ezaugarrietako bat. Dirudienez, horixe izango da Barbara Goenagak gorpuztuko duen pertsonaiaren ardura. New Yorketik datorren negozio emakumea izango da, kontserba-enpresa salbatzeko kooperatiba egitea adostu duten emakumeekin egingo du topo. Aurpegi ezagunak badira: Itziar Atienza, Karmele Larrinaga, Maria Urzelai, Joseba Apaolaza, Amaia Irazabal, Elena Irureta eta Itziar Aizpuru, besteak beste.

Eskamak kentzen saioaren promozioak jarraitzen du: gaur Herri People-n Itsasoaren alabak atala. Bihar, Barbara Goenaga eta Joseba Apaolaza Fermin Etxegoienekin batera izango diraBerandu baino lehen saioan. Gaizka Garitanok ere izango du tartea. Ez daukagu aitzakiarik ETB1en aurrean ez paratzeko.

Kazetariaren sinesgarritasuna

Otegiren askatzeak eragin du lurrikaratxoa. Ez bakarrik euskal politikagintzan, zeina ez ote zegoen azkenaldian lokartu samar —ez prezisamente Nafarroa Garaian, non aldaketaren gobernuak martxa pixka bat jartzen duen egunerokoan—. Eta lurrikara eragin du halaber euskal telebistan, zeina, kasu honetan, nekez libratzen baita tartean behineko kalapitaz —azkena, Eneko Olasagastik: «Ezin al dugu guk geure telebista eredua zalantzan jarri eta beste modu batean egin daitekeela pentsatu? Ni baiezkoan nago»—.

Espetxetik atera eta hirugarren egunean, lehenengo telebista entrebista. Non eta ETBn. Esklusiban. Errazio bikoitza: lehenik euskarazkoan, gero gaztelaniazkoan. Baina zapore berdintsuarekin. Ez denentzat, halere. Xabier Usabiagak lehen katean egin ziona batere nabarmendu gabe pasa den bitartean, Africa Baetak bigarrenean egindakoak hautsak harrotu ditu. Tonua izan da gustatu ez dena, kazetariaren jarrera. Baina niri ez zait iruditu hainbesterakoa. Galderak berdin-berdinak ziren bietan —Belodromoan esan zuen Otegik berak: «Beti galdera berdinak egiten dizkidate euskal telebista publikoan»—. Adibidez, izotza haustekoa, autokritikaz, zer egin duen gaizki ezker abertzaleak. Ados, Baetak moztu zuen Otegi, «hitz egidazu zehaztasun handiagoarekin, ez hainbeste anbiguotasunekin». Baina atera zion: «Lehenago jakin behar izan genuen irakurtzen herritarrek ziklo armatuaren amai-era eskatzen zutela». Primeran —nahiz gero arratseko albistegietan nabarmendu zuten Otegik pendiente duela autokritika—. Mozketa gorabehera, ez zitzaidan hain gaizki iruditu kazetariaren lana. Eskatuko niokeen bakarra da politikari elkarrizketatu guztiekin egitea gauza bera. Ez agertzea batzuen aurrean, Euzko-lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, apal-apalik.

Bigarren lurrikaratxoa itsuskeria izan da, El Correo berripaperak ETBko kazetari bati egin diona. Otegiren askatzean dantza egiteagatik. Niri ondo iruditzen zait kazetariek bizitza bat izatea ETBtik kanpo —eta, osasun ikuspuntu batetik, ezinbestekoa—. Eta ez dakit horrek kazetariaren lanari sinesgarritasuna kentzen dion. Jendeari eskatuko niokeen bakarra da gero ez eskandalizatzea, TVEko albistegietako aurkezle batek Rajoyren ekitaldi bat aurkezten badu. Kazetariaren sinesgarritasuna gorabehera.

Ustez inauteriei buruzko

Bai, badakit, jada astebete pasa da. Markitos, Miel Otxin eta gainerakoen erre usaina oroitzapen lauso bat baino ez da honezkero. Baina seguru hasi zaretela zuetako asko datorren urteko mozorroan pentsatzen, hainbestekoa da gizakiaren asegabetasuna. Sanferminekin esaten dutena: gutxiago geratzen da hurrengo inauterietarako. Gainera, telebista hain dago interesante azkenaldian, astean lau Ekografia ez direla aski dena harrapatzeko: asko maite ditugulako Julio eta Lasa, bestela eskatuko genuke esklusibotasuna.

Eta aurtengo inauteriak pasa arren, mintzagaiak badu ospakizunetik kanpo txungurra. InautHerriak emanaldia ekarri nahi dugu, ETB1en eman zuten «herri txikietako inauteriei buruzko saio berezia». Reyes Prados nekaezinak aurkeztu zuen, eta, barkatuko didazue, baina zuzen joango naiz harira: herri txikietako inauteriei buruzkoa baino, Reyes Pradosek herri txikietako inauterietan egindakoei buruzko saioa izan zela esango nuke. Hau da, Reyes Pradosek nola egiten duen joaldunarena Iturenen, porreroarena Asparrenan, zamaltzainarena Zalgizen. Eta andaluziarrarena, kontxo, leku guztietan. Esan nahi dut, Reyes Prados ezin da izan kazetari bat, herri txikietako inauteriei buruzko saio bat egiten duena, eta izan behar da derrigor kazetari andaluziar bat, are etengabe andaluziarrarena egiten duena? Hau da, hitz egin behar du gaztelaniaz eta Sevillako azentuarekin, dantzatu behar du flamenkoa, kantatu behar dio kontratuagatik Mixel Etxekoparri chirigota bat? —bide batez, Mixel Etxekoparrek zeukan aurpegia zen antologikoa—. Badakit boladan dagoela euskaldunen eta andaluziarren arteko kultur elkarrizketa, baina inauterietan ere ezin digute eman atsedena? Ze, bestela bolada pasatzean, zer egingo dugu saio hauekin? Zer aurkezlearekin berarekin? Eta gero, aizue, ze gauza exotikoa euskaldun hauek. Erakutsi ziguten Zalgizeko auzapeza zubereraz, grazia egiteko, grazia egingo balu bezala. Xelebrea, arraroa, kuriosoa, berezia, ez dakizue halako zenbat entzun genituen. Eta horiek guztiak ere, baina batik bat nazkagarria dena da Ken Zazpiko tipoak Mundakan Pradosi ipurdia ukitu izana. «Zirriak gauza naturala dira!». Noski, motel, baina onartuak direnean! Eta bestela dira eraso sexista. Nahiz izan ustez inauteriei buruzko saio berezi batean.

Zin-zinez

Atzo Palaciosek esan zigun: oraindik ez dakigu Movistarrek abian jarri duen #0 telebista kate berriak filmak emango dituen edo ez. Ordezkatzera datorren Canal +ek egiten zuen, ba, eta ez garai batean arrakasta gutxirekin. Adibidez, beste inon baino puskaz lehenago pelikula entzutetsuak estreinatzea. Ez dakigu kate berriak filmak emango dituen, beraz, eta ematekotan, harpideek baino ezin izango dituzte ikusi film horiek, alegia hileroko kuota erlijiotsuki ordaintzen dutenek.

Baina oraindik ez dugu ezer esan irekian, xentimo bakar bat ere ordaindu gabe —tira, zerga bidez ordaintzen ditugun xentimo guztiak momentu batez ahaztuta—, kopagorik gabe behintzat, ETB1ek martxan jarri duen tarte berriaz. Zinez izena jarri diote —ez dira ausartu Angel Aldarondoren Zin-zinez benetan kopiatzera—, eta euskal zinema bultzatzea du helburu. Tira, euskal zinea, edo hobeto, Euskal Herrikoa, Fermin Etxegoien aurkezleak dioen bezala. Ezen Etxegoien jarri baitute Felix Linaresena egiten —eta ETBk aurkezleak erretzeko daukan abildadearekin, ez ote dugun laster ikusiko Boxeo izarrak edo Tumatxak bera aurkezten-. Euskal edo Euskal Herriko, baina ETB1en euskaraz, hori bai, besterik ez bada bikoiztuta. Astelehenero. Orain artean Lasa eta Zabala, Mozolopintoa -eta, bai, protagonistarekin identifikatu nintzen-, Aldana 1980 isiltasun eztanda, Txarriboda, eta, asteon, Camera obscura.

Hitz beste eginez, baina ez hainbeste, Interneteko Argia saria eman berri diote Azpitituluak euskaraz ekimenari. Notizia ona, ezbairik gabe, are orain gutxi Luistxo Fernandez administratzaileak egin zuen balantze ezkorra kontuan hartzen badugu: jendeak emandako azpitituluak jaitsi egin dira, Canal +ek diru publikoz ordaindutako azpidatziak ez dira askatzen hasi, Filmazpit ekimen publikoa ere moteldu egin dela dirudi eta, segur aski garrantzitsuena, Euskal Herrian ez dago azpitituluen aldeko mugimendu berezirik —kenduta Urtzi Urrutikoetxea, noski—. Begira bestela aipatu dugun ETBko tarte berriari. Eman beharrean aukera bat azpidatziari, aritu beharrean elkarlanean dagoeneko azpidazten ari direnekin. Eta seguru sariak emango diola bultzada Azpitituluak euskaraz ekimenari. Baina bultzada eman beharko genioke gurean oro har azpidatziari. Benetan. Eta zin-zinez.

Infernua besteak dira

Berandu baino lehen ailegatu nintzen, Berandu baino lehen saioa ikustera —badakizue, Fermin Etxegoienek Risto Mejide eta Bertin Osborne gurutzatzen diren lekuan egiten duen saioa—: Alex Txikon kirolaria despedituta, Etxegoien Toti Martinez de Lezeari liburu bat sina diezaion eskatzera zihoan unean hain zuzen ere. Ferminek eskuan zeraman liburua gorabehera, Totik gu bere literaturarekin aztoratu baino, bere konplexuekin libertitu nahiago izan zuen; ziurrenik horregatik esplikatu zigun bere euskaltasuna ez dela baso bat, oihan tropikala baizik, hain da sarria: berak dena egiten du euskaraz —tira, dena, liburuak idatzi izan ezik—, eta bere inguruan ere denek egiten dute dena euskaraz, seme-alabek, auzokideek, lankideek; jainko potzoloa, norbaitek eman diezaiola lehenbailehen EGA —Euskaltasun Gorenaren Agiria— emakume honi.

Halere, infernua, hori ere haren ahotik ikasi genuen, besteak dira —euskal gramatika, oso zaila delako; euskal idazleak, beren artean onartzen ez dutelako; euskaldunzaharrak, euskaldunberriekin erdaraz egiten dutelako—. Toti, nolanahi ere, gure letren martiria dugu: Espainiako argitaletxe handiek eskainitako dirutzari uko egin dio Euskal Herriari dion maitasunagatik; are gehiago, Planeta sariaren kantuari berari egin zion ez adituarena — «baina horrek esan nahi du Planeta aldez aurretik enkargatzen dela», Etxegoienek, harritu planta eginez; esker mila, Fermin, scoop-agatik—. Elkarrizketatzailearen lana, argi gera bedi, ez dugu sekula behar beste laudatuko: egoaren hedatze mugagabearen saio hartan, Martinez de Lezearen ahotik ateratzen zen oro irentsi zuen komentario sarkastikorik eta espanturik egin gabe —a zer momentua, Totik bere burua Homero, Shakespeare eta Tolstoiren pare jarri zuenekoa!—; Mejidek eta Osbornek —hara detektibe serie baterako izen paregabea— ez zuten inoiz hain profesional jokatuko.

Aste honetan Pako Aristi izanen dugu Ferminekin —horrek ere eramankortasuna eskatuko du, tonaka—. Hurrengoan denok dakigun idazle bat gonbidatuko balute —izenik eman gabe, badaezpada: kirmena esan ohi da, baina inoiz ez asasinoa—, saioan ildo bat ikusten hasiko nintzateke, zeren hark ere segur aski azalduko baitigu —eta honek dudarik gabe azalduko bailiguke— infernua, nola ez, besteak direla.

Telebista doktrina

Bilbon 63.000 eta Baionan 8.000. 71.000 pertsona inguru bildu zituzten presoen eskubideen aldeko manifestazioek, Maite Iturberen aburuz, eta Urtzi Urkizu kazetariaren galderari erantzunez, manifestazioak ez zuen «hain interes handia zuzenean emateko». EAJk gure herriko gatazkaren ondorioz kartzelatutakoen eskubideen aldeko keinu kolektiboan parte ez hartzeaz gain, bere gobernuaren menpe dagoen telebistan aparteko jarraipenik ez egitea erabaki zuten. Lana izateko zortea dugun den-denok ordaintzen dugun telebista publikoan. Baina, lasai, telebistaren gorabeherak jarraitzen dituzuen irakurle estimatuok, zuzendariak argitu bezala, 2015aren balantzea baikorra izan delako. Ekintza honekin, agian, marka, propioaren alde egin, eta identitate singularra definitu ordez, Telecincorekin mimetizatzeko are gertuago dagoelako izango da baikorra. Auskalo.

Zuzenean ez, baina ETBk eman zuen manifestazioen berri larunbateko albistegietan —albistea idatzi zuten webgunean eta irratiek ere aipatu zuten—. Zuzeneko jarraipena, ordea, eskaini ziguten, BERRIAk, Argia-k, Naiz-ek, Ahotsa.info-k eta Hamaika telebistak, besteak beste. Azkenaren streaming bidezko telebistak 10.000 ikusle izan zituen. Neurria hartzeko, datua ikusle kuota datuetan% 1,1 litzateke, igande gauean Gu ta gutarrak saioak lortutakoaren parekoa. Aurrekontuarekin malabareak egiten dituen telebista kate batez ari gara; marrazoa eta arrain txikia.

Ikasbide galanta utzi digu manifestazioaren aje informatiboak: beste ezeren gainetik ikusleak interesgarria zaiona ikusten du. Zergatik ez du gure telebista publikoak gure orainaldi historikoaren markoak biltzen dituenak sakonki pantailaratzen?

Azkenaldian, originaltasunez identitate propioa eraiki beharrean, Telecincoren ereduari jarraitzen ari zaizkigu ETBn. Sexua eta heriotza diren oinarrizko pultsioetan errotutako emozioak nola bizi behar diren irakasten dizkiguten formatuen eredua da: intimitatearen espektakularizazioa, harreman heteroarautuen hegemoniaren erakuslea eta kazetaritza kritikoari ia plazarik uzten ez diona.

Ez naiz nekatuko esateaz: telebistak doktrinatzen du. Ikus-entzunezkoek doktrinatzen dute: musika, testuak, pelikulak, telesailak, saioak… dena irakurtzen ikasi behar da.