Jauzi handiaren zain

Ez da posible, ezin liteke: Palaciosek pasa den astean ikusi zituen telebista saioak nik ikusi nituenak baino arras moloiagoak izan ziren. Ez dago deretxorik. Berdin kobratzen dugu —zenbat ez dut esango, badaezpada—. Beraz, zerbitzu publikoa momentu batez alboratuta, kapritxo txiki bat onartu diot neure buruari, zuk ere onartuko didazulakoan, irakurle maite. El gran salto ikusi dut ETB2n, ekintzaileei zuzendutako dokureality-a. Bai, zer egingo zaio, batzuek independentzia nahi dute, beste batzuk Behobia-Donostiarekin korritzen dira. Nire zaletasuna da koprofagia.

Bost ausart —Maria, Alberto, Maite, Jairo, Alberto—, bost amets —«burmuin artega daukat»—, bost bizitza -«haur bat izatea momentutzar bat da»- eta 12.000 euroko saria jauzi handia eman dezaten —«enpresari hitzak gogora ekartzen dit Miamin dagoena bere yatearekin; ez nago puntu horretan»—. Euskadin badaude pertsonak egunero borrokatzen direnak beren ametsa errealitate bilakatzeko —eta amets hori batzuentzat da egunean bi otordu egitea—, ideia baten alde apustu egin dutenak —armekin orain gutxira arte—, lan egin eta lana sortzen dutenak beren enpresetan —ui, eta prekaritatea ere sortzen dutenak—. Proiektu handidun ekintzaile txikiak —eta proiektu txikidun ekintzaile handiak—. Parte hartzaileek bidea egin nahi dute gurea bezalako herri tradizioz industrial batean —ai, Txomin Agirrek burua altxatuko balu—. Gure ausartek bultzadatxo bat behar dute —kasu, amildegitik behera bota gabe—. Eta guk emango diegu —kasu, benetan!—. Epaimahaia osatzen dute lehen lerroko enpresariek —beren enpresen publizitatea egin bitartean—, adituek —coach eta abarrekoek—, euskal gizarteko figura adierazgarriek —figuratxoek, esango nuke—. Irabazleak Laboral Kutxa saria eramango du —esan dugu, 12.000 euro; diru gutxi iruditzen zait kreditu kooperatibak jasoko duen publizitatearen truke—. Ironman bat bezalakoa baita ekintzailetza: uretara bota, bizikletan oreka mantendu eta gero maratoia. Ahalegin eta dulantziz beteriko froga paregabea. Eta, zer nahi duzue esatea, ni gehiago naiz sofakoa.

Eta Billy Braggena: zure esku hautatzea zu ze taldetan zauden, borrokalaria izan, boterezalea izan, jauzi handiaren zain zaudela; batu hadi ekintzara, lagunak ditun milaka, jauzi handiaren zain.

 

Addenda

Beñat Sarasola ekarri zion euskarari Billy Bragg handiaren Waiting for the Great Leap Forwards. Hemen dago osorik Jauzi handiaren zain.

Eta hemen Ibon Rodriguezen ahotsean, Mursego, Nacho Vegas eta Roberto Herrerosek lagundurik.

Gaitasun gabeziagatik

Palaciosek bere azken zutabean aurreratu bezala, ostiral gauarekin Navarra, 100 días de cambio. Zer saio aproposagorik ETB LTD bidez Iruñerrian ikusi ahal izango dela ospatzeko, maiatzeko hauteskunde foralek ekarri duten gobernu aldaketari buruzkoa baino. Eta eman zuten ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren katean. Eta ez diot hainbeste gaiagatik: egia da Nafarroan gertatu den aldaketa politikoari buruzko erreportaje bat egin nahi baduzu, egin dezakezula osoki euskaraz, eta ostiralekoak besarkatzen zuen espektro guztia besarkatuta; baina berdin da egia elkartu nahi badituzu Nafarroako egunkari garrantzitsuenetako buruak, Diario de Navarrakoa barne, edota elkartu nahi badituzu lehendakari ohi batzuk, Miguel Sanz eta Juan Cruz Alli, Juan Jose Lizarbe eta Patxi Zabaletarekin batera, bada gaztelaniaz egitea derrigorra dela —beste egun baterako utziko dugu azpidatzien errekurtsoa—. Baina bigarren B mailako partidak jokatzen diren katean ere egin ahalko zen, zer demonio, ETB1n, saioaren gidaria nor zen ikusita: Juan Kruz Lakasta.

Urtzi Urkizu uste dut izan zela lehena Lakasta Jordi Evolerekin konparatu zuena: «Juan Kruz Lakasta ETBko Evole izateko bidean». Eta, egia esatera, zaila egin zitzaidan ostiraleko erreportajea Salvados saioaren oihartzunik gabe ikustea. Edizioak, erritmoak, tonuak. Politikariekiko gertutasunak. Kaleko jendeari elkarrizketak. Umorearen erabilpenak: lehen aipatu ditugun lau politikarien bilkurari House of foral cards deitu zion. Edo Santiago Cervera postaria Iruñeko harresietan elkarrizketatu zuen: «Noiz arte jasan beharko duzu harresien txantxa hori?». Akaso goia jo zuen Uxue Barkosekin antzeztu zuen pieza teatralizatuan: «Inork badu kanbiorik?», eta Barkosek, «neronek». Berriz ere, pixka bat berandu, Salvados eredua hain dagoenean finkatua, errepikatua, ikusia. Esan nahi dut, Lakasta betidanik hor egon dela —tira, betidanik, neronek memoria dudanetik behintzat—. Eta, modu ulertezinean, orain arte ez dugula baliatu. Ez dugula baliatzen jakin izan.

Atal gehiago irits daitezkeela esan dute. Kontxo, baina irits daitezela euskaraz, behingoagatik. Eta irits daitezela, Lakasta, ETBko Evole ez, ETBko kazetari erreferentzialetako bat bilakatzeko asmoarekin. Ez baita gaitasun gabeziagatik.

Langak vs iritziak

Gaur gauean Nafarroako aldaketa politikoari buruzko saioa eskainiko du ETB2k. Galarragaren aste honetako Ekografiak zutabeak irakurri ondoren, zer pentsatua ematen duen zalantza datorkit burura. Emanaldiaren aurrean, arazorik sortuko al dute alderdi politikoek? Nork daki, baliteke alde batekoak edo bestekoak lumak tintaz betetzen aritzea, gure telebista publikoan gure herriko errealitatea azaleratzen duten saioak eskaintzeagatik. Alegia, telebista publikoak haren betebehar soziala bermatzeagatik.

Agidanean, langa ez da guztiontzat berdina. Horrekin esan nahi dut, alde bateko edo besteko zipriztin politikoa antzematen zaionean programa bati, agintea dutenen erreakzioak bestelakoak direla. Ondorioz, horrela baldin bada, bide horretatik gure herrian «onak eta txarrak» seinalatzen jarraitzeko mekanismoaren zilegitasuna besterik ez dugu bermatuko. Are gehiago, ikus-entzunezkoei mugak jarrita, sorkuntza bera sustraitik eraldatzeko arriskua dago. Haatik, gizarte batek ezin du aurrera egin, sorkuntza zeharkatuta ez bada.

Gure telebistaren emankizun zerrendan, badira gizartearen errealitatea saioak egiteko aprobetxaten dutenak. Are gehiago, gehienak direla esango nuke; albistegietan albisteak eskaintzen dizkigute, Sin ir más lejos-en aktualitatearen errepasoa egiten dute, Gu ta gutarrak reality-an edade jakin bateko gazteen bizimodua islatu nahi dute, Herri txiki, infernu handi-n gure geografian barrena bidaiatuz hainbat txokotan topatutakoak umorez janzten dituzte… hamaika adibide ditugu eta denek sor dezakete iritzia. Gehienak, ordea, ez dira politikan instuzionalean oinarritzen, baina pertsonalak diren heinean politikoki diskurtsoa ere eraikitzen dute. Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren kasua, dirudienez, ez da iguala. Ez da gauza bera, adibidez, min ematen duelako. Eta min ematen jarraituko du mahai gainean eztabaida jartzea onartzen ez badugu. Onarpena.

Jarraitu nahi dut iritzi aniztasuna gure telebista publikoan ikusten. Agertzen direnak azaltzen didatenarekin ados agertu eta kontra egin nahi diot. Aukera hori izan nahi dut. Telebista aparatuari, nire etxeko bakardadean erantzuten jarraitu nahi diot. Nafarroaz hitz egingo digun gaurko saioaren aurrerapen bideoa ikusita, agidanean, lortuko dut.

Mugitzen dela mastodontea

Gaur justu aste biko zutabean aipatu genuen: nabarmendu egin behar zaiola ETBri azkenaldian dokumentalekin egiten ari den esfortzua. Aipatzen genituen, oso tarte laburrean, gutxi batzuk eman dituela, hiru gainera estreinaldiak. Igande gauarekin eman zuten momentuz azkena izan dena, Ventanas al interior filma, euskaraz eta originalki, Barrura begiratzeko leihoak. Bost euskal presoren erretratuak, bost euskal zinegileren eskutik egindakoak. Dokumentu garrantzitsua, herri honetan gertatu dena osoki ulertzeko bidean. Estreinatu zutenetik hiru urte eta erdi pasatu ondoren eman dute, egia da, «apur bat berandu», segur aski, Josu Martinez zuzendarietako batek esan bezala. Baina egin dezagun irakurketa positiboa: euskarazko bertsioa eman zuten, gaztelaniaz azpidatzita, prime time-an eta igandearekin. Estreinatu zuteneko boikot eta jazarpenik gabe, oraingoan. Edu Lartzangurenek zerrendatu zituen joan den ostiralean: Donostiako Udalak filma diruz lagunduko zuela erabaki eta ordu gutxira, hori Bildu legez kanpo uzteko arrazoia zela esan zuen Espainiako barne ministro Jorge Fernandezek. Donostiako Zinemaldiak ez ematea erabaki zuen urte hartako jaialdian, eta zuzendariei kopia bat eskatu zien Madrilgo Auzitegi Nazionalak. Hiru urte eta erdira, ordea, ezer ez, normaltasun administratiboa.

Horixe zen Martinezek eskatzen zuena: «Espero dezagun normaltasunez ematea dokumentala igandean, eta jendeak normaltasunez ikustea». Eta normaltasunez eman zuten, normaltasunez ikusi zuen jendeak. Ez orain hiru urteko zalapartarekin. Txio solteren bat, bai, ETBk bigarren katea eta prime time-a baliatzen dituela beste behin terrorismoa legitimatzeko. Baina ezer gutxi. Gauzak zenbat aldatu diren azken hiru urte hauetan, kamarada. Orain dela ez hainbeste iskanbilarako baliatzen zena, ez nekerik gabe baina aski normal ikusten da orain. Eta hori oso berri ona dela iruditzen zait. Sarri ematen du gauzak ez doazela inolaz ere aurrera, baina gero halako kontu itxuraz ezdeusekin konturatzen zara baietz, mugitzen dela mastodontea, ziur aski bide onean. Eta telebistara berriz bueltatuta, Martinez: «ETBn Euskal Herriaren historia politikoaren inguruko dokumentalak ematen ari dira». Esan dugu jada: atzerapenak atzerapen, nabarmendu egin behar da esfortzua.

Ogia nahi duenak

Hainbat esparrutan ETBk erakusten duen huskeria seinalatzen dugun bezala, uste dut nabarmendu behar diogula azkenaldian dokumentalekin egiten ari den esfortzua. Denbora gutxian izan baitira ugari. Irail hondarrean bat, 40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea, Palaciosek dagoeneko tarte honetan xehatu zuena. Baina azken astean biziagotu da erritmoa, izan baitira gutxienez hiru: ETB1en Gernika batailoia, askatasunaren ametsa 1945-2015, ETB2n El triangulo de la muerte eta Xavier Vinader, periodista contra la guerra sucia.

Gernika batailoiari eskainitakoa izan zen, beraz, lehena, Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen euskal batailoi bakarrari. Alemanen kontra borrokatu ere, aurrerago, ustez, Francoren kontra aliatuen laguntza eskuratzeko. Ondo esan zuen bizirik ateratako gudari batek: «Ogia nahi duenak, behar du aurretik erein». Lastima gero aliatuek kasu zipitzik egin ez zieten. Eta pertsonalki tiro, borroka, gerrek ez naute batere jartzen, esango nuke are edozer jaisten didatela, animoa, eta horregatik tipo batzuk elkar hiltzen ikusteak, nahiz tipo horiek izan euskaldunak, nahiz ikurrin bat eraman harat honat —«Siento que nuestra ikurriña nos habla; quizás esté cerca la libertad»—, bada, zer nahi duzue esatea. Baina ulertzen dut kapitulu jakingarri eta ezezagun bat izan daitekeela, Euskal Herriko historiakoa. Edo Euskadikoa, auskalo EAEkoa edo Hego Euskal Herrikoa, baina Francoren baitakoa. Espainolezko testigantzak euskarazko azpidatziekin entzun ahal izan genituen, ondo. Frantsesekoak, bikoizturik. Eta tarteka ez ote ginen Urkullu presidentearen publirreportaje baten aurrean. Gaur bertan emango dute ETB2n, 22:30ean. Estreinaldia omen, iragarkiaren arabera. Euskarazkoa, tira, ETB1ekoa, hartara, izango zen aurre estreinaldia.

ETB2n eman zituzten beste biak, jarraian, igande gauean. El triangulo de la muerte, eskuin muturrak Andoain-Astigarraga artean, 1978-81 urteetan, egindako atentatuei buruzkoa. Zehatzago Iturbide eta Zabala izeneko elementu batzuek egindakoak, ofizialki zazpi hildako. Eta gaua errematatzeko eman zuten Xavier Vinader, periodista contra la guerra sucia, aurretik TV3en eta ETB2n bertan emandakoa. ETB1eko estreinaldien zain geratzen naiz orain. Hala ere, ETBko dokumentalekin, aurretik ereindakoaren ogia jasotzen ari gara.

Ulergaitzak direnak

Panorama nabar samarra Euskal Telebistak astelehen gauerako lotu ziguna. Informatiboak amaitu eta errealitatearen zartakoak jasatzeagatik —txikiak azukre dosiekin saritzen diren legez—, anestesikoa jarri ziguten ondoren. Tú al norte y yo al sur bigarren katean, eta Gu ta gutarrak lehenengoan. Egia esan, informatiboek pildora leunak utzi zizkiguten; adibidez, Arantza Quirogak Kataluniako aferan ardura guztia Rajoyrengan ez jartzeko eskatu zuen. «Ez da justua». Amatasunez aritu zen, nagusiaren gaitasuna nahi gabe mespretxatuz —baina nork daki—. Espero dut Quirogari inork kasurik ez egitea, Rajoyren balio umoristikoa gal ez dezagun —Espainiako maila politiko ustelaren erakusgarri, bide batez—.

Auzo lotsaren hariari jarraiki, Gu ta gutarrak saioa. Eta hori, haiekin adiskidetzen ari nintzela. Barre eta negar eragin ziguten. Batetik, sofatik ezin eutsitako algarak loratu zitzaizkigun, nominazioetan negar malkotan ikusi genituenean. Lehiaketa batean, lehiakidearearekin lehiatuz, beste parte hartzaile bat nominatzeari eman nahi dioten drama sakon eta espektakularizatutakoaren funtsa ulertzea kostatzen zaigulako. Bestalde, negarra, lehiakide musulmanaren inguruan sortutako eztabaida dela-eta —interesgarria esango nuke—. Plato oso bat kultura bat kolokan jartzen. «Hona etorri bazara, hemengo ohiturak ikasi behar dituzu», eztabaidaezina dirudien argumentuaren menpe. Eusko Irratietako profesionalen kaleratzeak eztabaidaezinak diruditen bezala. Hain zuzen, Gu ta gutarrak-eko surflariari Gazteak tarte baten tokia eman dion bitartean. Ulergaitzak diren kontu horiek.

Eskerrak, ondoren, Xabier Madariagak gidatutako eta Ander Iriartek zuzendutako 40/24 Txiki eta Otaegiren ondarea dokumentala ikusteko parada eskaini ziguten. Txalo bero bat, lantaldeari eta memoria historikoaren alde aktiboki lan egiten dutenei. Euren buruarekin bada ere. Azpimarrak jarrita, naturaltasunez ertzak erakutsi zizkiguten, ikusi, barneratu eta hausnartzea merezi duen piezan. Amaiera aldera, Etxebarriko Txiki eta Otaegi plazan egin zuten kale inkesta. Hor piztu zitzaidan memoria. Izan ere, gure amamak, plaza hartako Atutxa etxearen azkenengo solairuan bizi zenak, etxeko egongelan obus bat erortzen ikusi zuen. Horrek eztanda egin ez zuelako ari dira lerro hauek jaiotzen.

Zenbat kostatzen den

Inbidiarik ez diegu katalanei, ondo esan zuen Andoni Ortuzarrek. Igandeko hauteskundeen emaitzaren ondotik, are gutxiago —jainko potzoloa, ea nola txukuntzen duten etxea orain—. Eta inbidiarik ez diegunez katalanei, ez eta TV3 telebista kate publikoari ere, goazen ikustera Ortuzarrena izan zen telebistak nola jarraitu zuen Kataluniako hauteskunde gaua. Goazen ikustera, adibidez, nola 17:00etan ematen hasi ziren pilota partidek, jarraipena zuten oraindik ere 20:00etan, dagoeneko beste telebista kateetan lehen inkestak ematen hasi zirenean. CUP alderdiari 11-13 eserleku, euskaldunok bikote gorriaren hamahirugarren tantoa ikusten genuen bitartean. Aldiz, partida inportanteak jokatzen diren lekuan, ETB2n, Kataluniako hauteskundeei buruzko saio berezia abiatua zuten, 20:00etan, Aintzane Bolinaga eta Juan Carlos Etxeberria gidari, Bartzelona beretik.

Eskerrak gero zuzendu zuten kontua ETB1en. Zuzendu edo. Catalunya agur! erreportajearekin —eta ze egokia agur hitzaren anbiguotasuna, hauteskundeen emaitzak ezagutu aurretik—. Ahalegin eskergarria izan baitzen, baina pixka batean etsigarria. Batez ere elkarrizketatuen aukeraketagatik —eta ea noiz egiten dugun hausnar serio bat, izendegia berritzeko mesedez—: Gorka Knörr eta Toni Strubell klasikoak —Kataluniaz ari garenean ezinbestekoak—, Jose Maria Gay de Liebana —beldurraren argudiaketa osoa paseatuz, koka kiloka hartu duenaren ahoskeraz—, Juanjo Puigcorbe —nola definitu tipo hau?—, eta horiek gutxi balira, errematerako, Anaitz Arbilla Espanyol futbol taldeko jokalaria —«ze bueno, nik uste, bueno»—.

Halako batean hasi zuten albistegi berezia ETB1en ere, 21:45, buelta horretan. Baina, kontxo, ETB2koaren aldean —bi aurkezle, bi politologo, Bartzelona beretik—, ETB1ekoa eskas samarra izan zen: estudiotik, gidari bat —Amaia Cayero— eta politologo bat —Asier Blas—. ETB3n eman izan balute, zer, izango ziren hiru aurkezle, hiru politologoak? Kontsola gintezke esanaz, ETB1ekoan, Blasen sapientzia guztia barreiatu ahal izan zela. Beharra duenak beti aurkituko du kontsolamendua. Eta Ortuzarrena izan zen telebistaz hitz egitea maite dugu hemen, inbidiarik gabe, batez ere ETB1 euskarazkoaz. Susmoa baitugu, ez badugu egiten, inon gutxi egingo dutela. Jakingo balute batzuetan zenbat kostatzen den.

Ez dugu onartuko

Palaciosen lagun —filosofiaz— mozkorrari gauza bat ulertu nion garbi: reality. Eta Palaciosek berak aprobetxatu zuen espazio autogestionatuetan lan egiten duten gazte arduratsu, kultur eragile eta ekintzaileen inguruko bat proposatzeko ETBri. Interesantea. Burura etorri zitzaidan Safari Wazungu. Hasi dela. ETB2n. Eta ondo legokeela zer edo zer esatea hartaz. Ezer onik ez. Ezin.

Ze, momentu batean, pentsatu nuen izan zitekeela atzoko Ekografiak proposatzen zuen gazte arduratsu, kultur eragile eta ekintzaileen inguruko reality hori. Hasi baino lehen, noski. Behin hasita, betiko kalaka atsitua baita. Safari bat omen, Afrikan egingo dutena. Eta galdetzen dut: zer egin ote du Namibia, Botswana, Zimbabweko jende gaixo horrek, halako zigorra merezi izateko? Esploratzaile onena aukeratzea omen da helburua. Hauek dira hautagaiak: hasteko, seriotzat neuzkan batzuk, Arantza Garces aurkezlea, edota Virginia Berasategi triatleta ohia —EPOrik hartu gabe oraingoan, pentsatzen dut—. Gero definitzea zail egiten zaidan Iturralde Gonazalez, edota Begoña Alonso, mexikar azentua daukan Barakaldoko neska bat —«soy española, ups, vasca»—. Bidasoaldeko ordezkaritza ezin hobea ondoren —sinets iezadazue, denok ez gara horrelakoak—: Ramon Roteta sukaldaria, eta bi irundar ilustre, Coman Mitogo eta Yong Li —lanbide ezagunik gabeak, biak ere—. Hirugarren bat falta zen, Santi Reyes, ea hurrengo batean eramaten duten —Afrikara edo Ipar Polora—. Ondo esan zuen Iturralde Gonazalez epaile jaunak: «Lo peor de cada familia».

Baina gauza bere horretan geratuko litzateke, tartean ez balego asko estimatzen dudan Yogurinha Borova —pentsa, Eurovisionera joateko ere proposatu nuen—. Bai, ez da bakarrik saioak etengabe askatzen duen urrin matxitoa, gizonezkoak full time emakumezkoen ehizan. Iruditzen zait Yogurinhak ez duela merezi, gu guztiok ez dugula onartu behar, beste lehiakide batzuen homofobia jasatea: «Neskak, tira, bat, komentariorik gabe; beste hirurak Euskal Herriko ederrenak», «bi gizon denda kanpaina berean ez da gauza oso normala», eta abar. Horrelakoa ez, mutiko. Ez dugu onartuko. Ze, wazungu, azal zuriko jendea omen da bantuz, «nora ezean dabilena». Baina guk badakigu leku batzuetara ez garela bueltako sekula. Bai, ezta?

Japoniar oporrak

Atzo Palaciosek iragartzen zuen panorama betetzen bada —Safari Wazungu, Tu al norte y yo al sur, gehi perlaren bat gehiago—, etsigarri dator ETB2ko ikasturte berria. Hainbeste, non gogo bizia sartzen zaizun berriz ere oporrak hartzeko. Oporrak, noski, ezin hartu, eta oporren gaineko saio batekin konformatu behar. A ver si no llueve. ETB2n udan eman dute. Azkena, une onenen bilduma. Eta horiek baziren onenak, txarrenak ez ditut imajinatu ere egin nahi. Ea ez duen euririk egiten, ze kopeta. Ez dezala egin, behintzat, halako zirin zaparradarik.

Euskaldunok udako oporrak non —eta esango nuke batez ere nola— igarotzen ditugun jakiteko saioa omen. Praktikan da: leku sinestezinak —adibidez, Benidorm, Mediterraneoko New York—, pertsonaia bakanak —adibidez, kalabazinak intseminatzen dituen tipo bat—, zalaparta ugari —adibidez, «San Fermin, San Fermin» oihukatzen duen tipa bat, Alvaro Pombok «UPyD, UPyD» oihukatu zuen gisara—. Auzo-lotsa maila aurretik ezagutu gabeetara eramaten duen itxuragabekeria. Eta euskalduntasunak saioan erakusten denarekin zerikusirik balu, nahiz %0,0001, mesedez, nigandik ahalik eta urrutien. Gogoratzen duzue Cuatro kateko Ola ola? Bada haren aldean tsunami bat da ETB2koa. Barre egiten zuten Andaluziako emakume adineko batez, «norbaitek ulertu al dio zerbait?». Zerbait ulertuko balitzaie bezala saioan agertzen ziren gainontzeko —euskal— pertsonaia bakan horiei! Zartagin batekin pala partida bat jokatzen agertu ziren batzuk —pala batekin arrautza bat nola frijitzen zuten ikusteko gogoz geratu nintzen ni—. Dena zen, nola esan, oso koinatua. Maria Jesus, akordeoiarena, adin batetik gorako jendeak ulertuko dit. Bada agertu zen kantatzen —edo— Geuria da abestia —badakizue, letra ezin konplikatuagoa duen hori: «Geuria da, da geuria, geuria da, da, da, da, Euskal Herria»—. Maria Jesus, Geuria da kantatzen —edo—. Saioaren laburpen ezin hobea iruditu zitzaidan.

Opor osteko depresioa arintzeko oporren gaineko saio bat ikustea ondo etorriko zitzaidala uste nuen. Eta, tira, bai, saio horrek gogoa eman dit oporrak hartzeko; japoniar oporrak hartzeko hain zuzen, hau da, lanean jo eta ke aritzeko urtarriletik abendura —tira, hemen, irailetik uztailera—. Batez ere horrelako telebista saioen kontra.