Ez dugu babesik behar

Jose Diego Yllanes hiltzailearen abokatuak, epaiketan defendaezina dena defendatzeko, Nagore Laffage biktima errugabea zela esan zuen. Alegia, Laffagek ez zuela ezer egin norbaitek hil zezan. Baina, zer demontre esan nahi zuen? Neskak errurik balu zilegi litzatekeela hilketa? Zer da errua? Zeren errua? Kasu honetan noren begiradaren araberakoa da erruaren definizioa? Laffagen irudia goraipatu eta Yllanesen ekintza nardagarria babesteko trikimailu zikin hori erabiltzea iraingarria da. Esate baterako, zalantzan jartzen duelako 20 urte dituen neska gazte baten hautu askea. Horren guztiaren azpian Nagore Laffagen erabakia morala izan zen edo ez epaitzen duelako. Onartezina da hori: Yllanesek emakume aske bat hil zuen askea zelako. Ezetz esateko askea zelako. Yllanesek Laffage hil zuen Laffagek bere menpekoa izan nahi ez zuelako. Etxe horretatik alde egin nahi izan zuelako. Para gaitezen lasai analizatzera: nola da posible moralina zipriztinak dituzten argudioak erabili izana Nagore Laffagen epaiketan? Nola da posible Laffage babesteko mekanismo legal nahikorik ez dituen sistema batek tranpa dialektikoak baimentzea? Epaiketan hilketa azpikeriarik gabeko ekintza izan zela ondorioztatu zuten. Ezin izan zuten genero indarkeriaren markoan kokatu, biktimak eta hiltzaileak aldez aurretik harreman erromantikorik izan ez omen zutelako. Hildakoa edo hiltzailea, nor babesten du sistema legalak?

Matxismoak hiltzen du. Gorputzaren kontrol mekanismoek hiltzen dute. Heteropatriarkatuak hiltzen du. Lege heteropatriarkalek hiltzen gaituzte. Zergatik? Legeak ez direlako orden heteropatriarkala kolokan jartzeko eraikiak, ezta dinamikak aldatzeko eraikiak ere. Ez ditugu erasoen aurrean babestuko gaituzten legeak behar, defendatzeko erabili ahalko ditugunak baizik. Ez dugu babesik nahi eta erasoen aurrean nazkatuta gaude.

Nagore Laffagen hilketaren urteurrena dela-eta, ETB1k gertakariaren inguruko dokumentala eman zuen berriz ere. Hautsak harrotu zituen gertakaria memorian iltzatua daukagun arren, hilketa sexistak gertatzen jarraitzen dute. Erasotzeko asmoa dutenek argi izan beharko dute kontu bat: sanferminetan zein beste edozein testuingurutan egongo garen emakumeok ez dugu gure askatasunaren defentsan sekula atsedenik hartuko.

Elkarrizketa, elkar hizketa

Berandu baino lehen azken saioaren ildora, oso interesgarria otu zait azken egunotan sare sozialetan zein lagunartean gertatu dena. Hainbat ertzetatik kontuan hartuta, gainera. Hala ere, aitortzen dut ez dela lan makala gaurkoan hitzok idaztea.

Galarragak kontatu digu bart zein den bere abiapuntu pertsonala Fermin Etxegoienekin. Ulertzen dut, erabat, bi aldeetan egoteak dakarren konplexutasuna. Kritika generoan, iraganean hausnartu den eta hausnartzen jarraitu beharko den gatazka baten proiekzioa izan zen bere lehenengo paragrafoa. Euskal Herrian ez da erraza sortzea, ez da erraza ez sortzea, ez da erraza kritika egitea eta ez da erraza kritikarik ez egitea.

Programaren bigarren elkarrizketaren edukiari dagokionez —Josebe Iturriozi egindakoa—, harritu nau biek errealitatearen gaineko pertzepzio hain antagonikoa izateak. Hamaika argudio eman daitezke. Belaunaldi kontua dela esan genezake, adibidez. Baina esentziara joz gero, Etxegoienen eta Iturriozen artean sortutako giro konfliktiboa berdintasunaren alorrean egunero kalean topa dezakeguna da. Pertsonala politiko bilakatuta soilik askatuko dugun korapiloa. Talkan lupa jarri du saioak. Hori baikorra da, arazoari ikusgarritasuna eta protagonismoa eman diolako.

Baina Josebe Iturrioz eta Fermin Etxegoien izan ez balira? Hau da, marka propio definitua ez duten bi pertsonaren arteko elkarrizketa telebistaz eman izan balute? Puntu hori, elkarrizketak ardatz dituen genero telebisiboari dagokionez, asko interesatzen zait. Elkarrizketatzaileak saioari estilo propioa eman diezaioke galderen aukeraketa subjektiboarekin soilik. Bere gorputz presentziarekin eta hitz egiten duenean erabiltzen duen musikalitatearekin bakarrik. Haatik, elkarrizketaren hartu-emanean aurkezlea interpelatua sentitzen denean, Etxegoienekin gertatu bezala, aurkezle posizioa diluitzen da. Biak bilakatzen dira pertsonaia. Beraz, saio bat sinatzen denean, non dago muga, zure bizitza azaldu eta estilo propioa markatzearen artean?

Telerrealitate ukituko zerbait ikusi genuen. Gaur egun, telebistan ikusten dugun ia guztia bezala. Joera suntsitzailea da, estereotipoak indartuz giza kontrolerako balio duelako. Tamalez, garai bateko aurkezlearen figura hil da. Orain, kazetaria albistearen protagonista izatea baita moda.

Zalantzak

Martxoak berekin ekarri ditu genero berdintasuna aldarri duten publizitate kanpainak. Gizonak txapeldunak direla eta emakumeak printzesak garela txikitatik buruan sartzen digutela adierazten duen iragarkia dago non-nahi. Hori ikusi ostean, ETB2ko Más de tres millones saioko erredaktoreari kamera aurrean jartzea tokatu zitzaion. Erika Barreras aurkezleak, naturaltasun atseginez, azaldu zigun Santurtziko Iñaki Williams peñakoekin Athleticen partida giroa erakutsiko zutela.

Aurrena bi emakume erretiratu aurkeztu zizkiguten, eta sekretua kontatu behar ziguten: biak alargunak ziren. Zalantza daukat bi emakume horien mina datu interesgarria den. Eurei behintzat, jarri zuten aurpegiagatik, esango nuke ez zitzaiela askorik gustatu. Tristura gainditzeko, zer hoberik Athleticeko jokalariak ederrak ote diren galdetzea baino? Ez zait okurritzen pertsona baten gaitasunaren erakusgarri hoberik. Ondoren, gizonen mahaira egin genuen bidaia. Gizonak beste kontu bat dira, horiek meriendaren zain zeuden. Eta, esan zutenez, tabernaren epeltasunean, goxo. Ironiak alde batera, ez da inondik inora lantegi makala tankera honetako saioek erredaktoreentzat dakarten erronka. Alegia, tarte luze batez zuzenean inguruaren berri eman behar izatea, pauta jakin batzuk buruan izanda, baina era berean guztiz kontrolatu barik egoerak eman dezakeena. Haatik, zenbat balio du martxoan berdintasun kanpaina publizitarioak han-hemenka zabaltzeak, ondoren kazetariok ez badugu eredu heteroarautu eta patriarkal horiek ez errepikatzeko ahalegin aktiboa egiten? Denon esku dago eraldaketa.

Errealizazio aldetik txukuna da saioa. Molde horretan gertakari kuriosoak kontatzen dituzte. Soka horri tiraka betiko zalantza ageri da: formatua elikatzen duten gertakariek ez al dute talka egiteko arriskua albistegietan kontatzen dituzten kontuekin? Esate baterako, asteburuan lantzen dituzten erreportajeekin?

Astelehenetik ostiralera gaueko Teleberri-ren aurretik ikusteko aukera dugun Más de tres millones formatua ezaguna zaigu,Euskadi directo eta EH Zuzenean tankerakoa baita. Biak emankizun zerrendatik desagertu ziren saioak dira, audientziak aginduta, baina hala ere, apustu berria ikusita, argi dago kateak ez duela konfiantzarik galdu.

Aski da

«El machismo mata izan da Salvados saioaren azkena. Izenburu kolpekatzailea audientzia hain handia duen programa baterako». Hala zioen Galarragak atzoko zutabean. Guztiz bat nator. Batetik, audientzia handia duen saio batek ezinbestean jorratu beharreko gaia dela iruditzen zaidalako. Bestetik, gizon batek gidatutako saioa delako, eta genero bereizketan erortzeko inongo asmorik gabe, kasu honetan hori azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zaidalako. Ez baikara emakumeok berdintasuna, alegia feminismoa, aldarrikatu behar dugun bakarrak. Era berean, Galarragak, beste gizon batek, horren lekukoa hartu duelako. Azkenik, aski delako irmoki eta lau haizeetara errealitatea azaldu baino, hitzen bitartez errealitate hori leuntzeaz. Aski delako «Emakumeak berdintasunaren bidean» tankerako tituluak idazteaz, «Genero berdintasunik ez dago» idatzi beharrean. Hizkuntza lan tresna dugunon eguneroko borroka da hori. Izan ere, Beckettek esan bezala: «Hitzak dira daukagun bakarra».

Matxismoaren soka beretik jaso dugu beste eraso sexista bat. Lantzen ETBko kameralari batek jasandakoa. Emakumea. Ez da lehenengo aldia telebistarako lan egiten duen emakume batek eraso sexista salatzen duena. 2009an Elena Etxebarrietak, ETBko kiroletako lankideak, zuzenekoa egiten ari zela jasandako ezin dugu ahaztu. Eraso lotsagarri eta asaldagarria. ETBk beti babestu izan ditu langileak tankerako jarreren aurrean. Baina bada horien aurrean eztabaidatu den aukera bat; zuzenekoetan zein ENG irteeretan, langileak babestuko dituen pertsona bat eramatea. Neurri horri dagokionez, ikus-entzunezko komunikatzaileok, sarri askotan kazetari etiketaren menpekook, lanean ari garenean ez dugu babesik behar, errespetua baizik. Matxismoa, klasismoa, desberdintzea, sumiso rola ezartzea edota norbait bere borondatearen kontra zerbait esan, egin edo pentsatzera behartzea heziketarekin sendatzen den gaitza delako. Horregatik ez dugu gorputz babesik behar. Kate batean piezak transformatzen dituen langilearen betaurrekoak, eskularruak, kaskoa edota jantzi berezia dira guretzat errespetua.

Kalitatezko telebista on bat nahi badugu, kalitatezkoak izan beharko dugu guk ere telebistaren aurrean, eta kalitatez lan egiten utzi beharko diegu kalitatezko profesionalei.

Gora teknika!

Ezin naiz adosago egon Galarragarekin, dioenean Cuatro katean bikotea aurkitzeko egiten dituzten saioak barrez lehertzeko modukoak direla. Ikuspegi kritiko batekin jarraitzekoak dira, noski, besteak beste, betaurreko moreak kendu gabe —biolentzia sinbolikoa besterik ez da ageri—. Baina, gorputza barrutik astintzen duten kontu hegemoniko horiez gain, molatzen dute. Eta zergatik barkatzen diegu formatu horiei tankerako beste hamaika saiori baimentzen ez dieguna?

Fenomeno marabillosoak loratu dituztelako. Adibidez, Galarragak esan bezala, printze eta printzesen saioetara doazenek aski ondo dakite ikusleok lepo eta euren lepo egingo dugula barre. Hortaz, ikusleak sentitzen du telebistan ageri dena baino inteligenteagoa dela. Alegia, ikuslearen autoestimurako osasungarriak dira.

Bestetik, kolektiboan ikusteko saioak dira. Ohituta gaude bakardadea sustatzen duten saioak ikustera, hau da, telebista piztuta utzi eta konpainia egiten diguten horietara. Esate baterako, goizean zein bazkalostean ematen dituzten magazine guztiak. Garai batean irratiak zuen funtzioa betetzen hasi da aspalditik telebista. Cuatroko saioek, sofan alboan ez dituzun lagunei ere mezuak helarazteko gogoa pizten dizute; sare sozialak eta Whatsappa sutan jartzen dute. Memoriak kale egiten ez badit, tankerako lehen saioa abian jarri zutenean horrek harritu zituen kateko agintariak; Salvados-ekin gertatu bezala, sareko oihartzunak. Gogoratu Nacho Vigalondok asmatu zuen hijos tróspidos etiketa hura.

Eta azkenik eta garrantzitsuena: kamera atzekoen lanaren prestigioa kamera aurrean daudenen pare jartzea lortu dute —merituaren kontua telebistan erabat desorekatua da, baina beste ekografia baterako utziko dugu hori—. Ikusleak ulertzen du erlojuaren kontra eta normalean kontratu erdeinagarriekin lan egiten duen talde teknikoaren lana ezinbestekoa dela. Umore esketx klasiko eta onomatopeiez betetako komikien nahasketa da, noski, telerrealitatearen markoan. Saiatu ziren ETBn. Mingarri izateagatik laster batean kendu behar izan zuten antzeko saio bat, —bai, joe, Reyes Pradosek aurkeztu zuen hura. Nezakaritza turismo batetan neskak mutilekin alderatuta abereen tankera tratatu zituzten hori—. Eta horretan ere, onena talde teknikoaren lana izan zen: edizio estiloa.

Maitasunaz eta heriotzaz

Astearteko zutabean oinarrizko pultsioek elikatzen duten telebista arrakastatsuaren inguruan bat edo beste esatea aukeratu nuen, eta harrezkero burutik kendu ezin dudan bateria deskoordinatuaren zarata dut bidaide. Hortaz, eta horri lotuta, azken egunetan gorputza zeharkatu nauten oinarrizko emozioetatik loratutako hitzak oka egitera noa, ez daukat beste aukerarik: maitasunaz eta heriotzaz.

Asteartean estreinatu zuten Casados a primera vista saioaren bigarren denboraldia, eta asteazkenean bikote harremanen terapiaz arduratuko den Mejor llama a Pilar coaching formatua. Maitasunaren izenean botere harremanen zilegitasuna, eta pertsonen arteko dependentzia gaixotia elikatzen duten tankerako saioak, gizartearen harremantzeko moduan eragina dute. Izan ere, harremanak eraikitzeko moduaren eredu dira; beste pertsonekiko desioa nola eraiki behar dugun irakasten digute, eta hegemoniari izkin egiten badiogu, txarto sentiarazteko presio kolektiboaren eta administratiboaren ahalmena dute. Azaltzen digute bikotean, noski, heterosexualetan, generoaren arabera zer botere posizio egokitzen zaigun —berdintasunik ez duelako ulertzen hegemoniak, eta heterosexualitate ez hegemonikoa oraindik erronka bat delako—. Kontrolerako baliagarriak diren ereduak dira, eta horien berrindartzeari dagokionez, ikus-entzunezkoen eta gizartearen arteko elikatzea sorgin-gurpil hutsa dira. Horrela bada, edertasun normatiboaren jabe den gorputz femenino batek Facebook mezuak zabaldu, eta bere zakilaren argazkiak bidaltzen dizkion gizon baten mezuak jasotzea asaldagarri bezain posiblea da. Tokatu zait horrelakorik, eraikuntza horren ondorioz, tipoak bere sexu gosea nahi bezala asetzeko eskubidea duela argi duelako. Heziketa kontua da, eta egiteke dugun deseraikitze prozesuaren isla da erasoa.

Berba egin dezagun heriotzaz. Plastikozko zorion printzak bustitako aulki hutsen garaia izan diren Gabonez. Urte berriak, eta oro har neguak, estatistikoki dakarren heriotza tasaren gorakada sekretuan bizi da. Telebistak zoriona —berriz ere lehen azaldutako maitasun ereduak edota familia bezala ulertuta— baino ez digu islatu asteotan. Etxeetan, ordea, aulki hutsak izan ditugu. Maitasuna ere bada heriotza; heriotza maitasunez bizitzen ikastea.

Zaldiak

Argia da gero gure Galarraga maitea. Ea Bertin Osborneri buruz noiz idatzi behar nuen zain zegoela, eta marroia berari utzi diodala idatzi zuen atzo. Alegia, nahi dudana egiten dudala, eta gero berari tokatzen zaiola serio jartzea. Ezin zuen hobeto esan, hain zuzen horiexek baitira Osborne burura datorkidanean lotzen ditudan kontzeptuak; marroia eta askatasuna, zaldiak datozkidalako burura. Hainbatetan ikusi dugunez jauntxo andaluz baten tankerarekin objektiboaren aurrean jarrita, Osborne jauna burura etorri eta zaldietan pentsatzen dut. Janarian ere pentsa nezake, Paul Newman bezala, entsaladetan botatzeko saltsetako botilen etiketan agertu baita. Baina ez. Eta, egia esan, nahiago jatekoa nola irabazi duen gogora ekartzen ez badut, sufrikario galanta baita emakumeontzat —Galarraga, zuk beste saio batzuk ikusi nahi ez dituzun bezala, utzidazu Lorcaren zaldiarena egiten Osborneren saioekin, mesedez, arren, otoi—.

Lluvia de estrellas da gogoan daukadan Osborneren lehenengo saioa. Operación Triunfo, Factor X eta La Voz formatuen aurrekaria izan zena. Ondoren jaio ziren talent show-en epaimahaietako pertsonaien rola ere ezarri zuen; Lauren Postigo eta Carlos Tena bikotearen unerik garratzenak identitate bakar batean bildu zituen Risto Mejidek. Ordurako, Bertin Osborne espainiar gentleman bat zen: abeslaria zen —sinetsarazi nahi digutenez—, PPren sokakoa eta fisikoki edertasunaren kanonean sartzen zen. Saio arrosa guztiei beita ematen zien. Osborne norekin oheratzen zen eta norekin oheratu nahi zuen publikoki jakina zen. Haatik, kontuz! Harekin txortan egiten zuten emakumeei telebistak ez baitzien hari bezainbesteko estimu handia. Berdintasunaren kontrako eredu zahar eta zatar horren elikatzaile aktiboa izan da Osborne, Galarragak ondo adierazi legez, «ia Erdi Arotik datorren pertsonaia». Horregatik, agian, lortzen du ikusle datu ona Erdi Aroan daudenen artean. Ez da sekretu bat, Marilo Montero —umoregilearen— fana naizela. Alta, ezin dut jasan saioan bion artean sortutako erdi-ligoteo rollo hori. Platoan botere rol sexual estereotipatuen banaketa jasangaitza zait. Kazetaria eta emakumea naizenez, borroka bestaldetik bizi dudalako izango da. Beraz, ez daukat inolako asmorik Osborne jaunaren elikaduran laguntzeko.