Etiketak busti

Erabat ahaztuta neukan gure lanak tarteka goxo tratatzen zaituela. Gure lana testuinguru honetan da, «zer ikasi duzu?» eta «zertan lan egiten duzu?» galderen artean eraikitzen den etiketa hori. Hobeto esanda, kontrol mekanismo bat da, eta are gehiago, zu zer zaren definitzeko ausardia duen hitza. Hein batean, marxismoaren herentzia linguistikoa izan liteke, lana eta pertsona lotzen dituen kontzeptua. Alegia, zer eraldatzen duzun azaldu eta gizarteari singularretik kolektibora doazen zein onura ekar diezaiokezun azaltzen diona.

Bada, hori, batere erdeinagarria ez den pisu horrek poza dakarrela lantzean behin, baita Hertzetan saiora joateko gonbita ere bai. Ez pentsa erosi nahi nautelako denik: emozionatuta nago Kanalduderen uztarekin! Beraz, oraingoan Busti emankizunaz arituko naiz. Eta, aizue, oso zoriontsua naiz Galarragaren aldean, agidanean, aste honetan ikusi ditudan telebista saioak berak ikusi dituenak baino arras moloiagoak izan direlako.

Saioa egiten duten gazteek asko ikasi dute. Hala ere, behin eta berriz errepikatzen dutenez, asko dute ikasteko eta bat nator horrekin. Hauek ere rural posmodern estetika darabilte —Jazzpana jaialdiak erabili arte ezagutzen ez nuen etiketa txatxia, barkatuko didazue zaharrunokeria—. Saioaren epizentroan aurkituko ditugu aurkezleak, teilatu beltz baten azpian, baratzea lantzeko eta etengabeki gris dagoen telebista bat lagun dutela —telebistaren gainbeheraren metafora izango da?—. Euren bueltan Iparraldeko aniztasuna islatzen duten erreportaje, elkarrizketa, esketx edota tarte dibulgatibo forman. Azkenengo honetan busti dira politika instituzionalarekin. Erreportaje eta Kafeñoa elkarrizketa tartean, ekimenak eta ekintzaileak ezagutuko ditugu. Aldarrikapenerako ere bada tarte; umore forman zein kaleko errealitatetik islatutako irudietan. Eta publizitate propioa egiten dute —hauek ez dute marka handien babesik behar ipurdia mugitzen hasteko, redio!—. Irudia eta soinua, aurreko atalen aldean, nabarmenki hobea da.

Busti-rekin bustiko naiz berriz ere, ibilbidea hasi zutenean legez. Urte askotarako, eta harrobia elikatzen jarrai dezala formatuak. Gora edalontziak, topa pasionatuaren indarrarekin sortutako olatuek busti ditzatela —kaka zaharra, etiketa jarri behar diet— etorkizuneko komunikatzaileak!

Gitarrak askatu!

Joseba B. Lenoirren gitarra bakarkakorik potenteena jarriko nioke musikan oinarritutako telebista programa berria egingo zutela jakin nuenenean geratu zitzaidan aurpegiari —halako marabillarik entzutea!—. Zorionekoak gara musikazaleak —eta gizadia—. Joan den astetik, Kanaldudeko kide Maialen Duguinek eta Radiokulturako kide Allande Etxeberrik gidatzen dute Hertzetan saioa. Bi hedabideek elkarlanean martxan jarritako proiektua da, eta aurkezleek azaldu legez: «Euskal Herriko musika ekoizpenen aniztasuna islatzea» du helburu. Abiapuntu bikaina deritzot, horixe baita, hain zuzen ere, musika kazetaritzaren ardatzean bueltaka gabiltzanon buruhausteetako bat: aniztasunaren ikusgarritasuna.

Oso inpresio ona utzi dit estreinako saioak. Ordubete pasatxo iraun zuen Orioko Giranice rock instrumental taldeko lagunak protagonista izan zituen emanaldiak. Zuzeneko musika eta elkarrizketak uztartzen dituen formatua ezaguna zaigu. Haatik, telebistak, musikak bezala, ez du zertan ez berritzailea ezta originala izan kalitatezkoa eta aparta izateko. Formatua ezaguna zaigula diot, ez delako aurreneko aldia tankera industriala duen espazio batean musika talde bat jotzen eta ondoren galderak erantzuten ikusten duguna. MTV edo VH1 kateek izan dituzte tankerakoak. Eta guk ere bai.

Bazen garaia Hertzetan bezalakorik agertzeko; hemen inguruan fundamentu apur bat egiteko Arte katera salto egin behar baitugu. Hamaika Telebistak ere badu kulturarako tartea, eta bereziki zuzeneko musikari dedikatutakoa. Aniztasuna kasu honetan, ordea, bestelakoa da, zigilu baten menpekoa delako saioa. ETBk, egia esan, ezarekin uzten gaituzten Eitb kulturako pilulak ematen dizkigu. Ikuspuntu kulturaletik jorratutako musika garaikide kontuetan ez gaitu askorik zaintzen.

Hertzetan ertzetako hertzioak biltzeko izena izan daiteke. Ertzak zaindu zituzten: Oriora joan ziren, eta espero dugu hainbat txokotatik edango dutela. Erabilitako hamaika kamerek ere eroso erakutsi zizkiguten ertzetakoak. Kamera finkoak eta eskuz hartutakoak erabili zituzten. Hertzioak izan ziren protagonista nagusiak; aski ondo landutako soinua, eta ondo hartutakoa.

Kanalduden, gitarrak askatuko dira gure koreografia telebisiboari herdoila kentzeko.