Bakoitzak berea galdetuta

Edozein egunetan ekar genezakeen Azpimarra gehiago hona, ez du motibo berezirik behar, bere horretan da astetik astera nabarmengarria —«ETBk aktualitateari eskaintzen dion tarterik serioenetakoa», dela idatzi nuen 2012 dagoeneko urrun hartan; gauzak ez dira gehiegi aldatu—. Eta akaso horrexegatik ez dugu ekarri gehiegitan, hain ondo funtzionatzen duelako, zentratzen garela makurrago dabiltzan gauzetan. Baina Otegiren telebista astea da hau. Igande gaueko Salvados saioko interbentzioa gutxi balitz, astearte gauarekin, oso gauarekin —23:30ean abiatu zen, ni dagoeneko lehen ametsaldiaren atarian egon ohi naizenean—, ETB1en Maddalen Iriartek azpimarratu zizkion azpimarratu beharrekoak. Eta ez nuke Otegiren ekografo ofiziala bilakatu nahi; baina, noblesse oblige, igandekoaz hitz egin ondoren, uste dut asteartekoaz hitz egitera behartuta nagoela.

Hasteko, hainbeste espektatiba ez zuen eragin, egia da, nahiz gero emanaldia hasi zenean animatu zen kontua pixka bat. Eta zalapartarik ez zuen sortu batere, inork ez zuen eskatu elkarrizketa ez ematea ETB1n. Herenegun aipatzen genuen: testuinguruaren garrantzia. Iriartek esfortzua egin zuen, hasieratik nabarmendu nahi izan zuen etorkizunari buruz galdetu nahi ziola —«Euskal Herriaren, Europaren, munduaren etorkizunaz hitz egin nahi dugu berarekin, baita ezker abertzalearen etorkizunaz ere»-. Auskalo Evolerenarekin ez kointziditzeko, eta egin zitzaion kritikan ez erortzeko —Iriarteren elkarrizketa berdina litzateke Evoleren elkarrizketa existitu ez balitz?—. «Sarri errepikatzen dizute zuri salatu behar direla ETAk eragindako biktimak». Iraganaz ere galdetu zion, noski. Baina gauza da etorkizunaz, berriz esan zituela Otegik gauza jakingarriak. Kataluniako estrategia jarraitzearen aldeko dela —EH Bildu «independentista ororen etxe handi» gisa definitu zuen, Artur Masen «Casa gran del catalanisme» haren hain antzekoa—; ezberdinen arteko adostasunetara iristeko Ipar Euskal Herria eredu dela —«asko ikasi behar da»—. Eta «ez da postureoa» espresioa erabili zuen. Iraganaz galdetu ziotenean esan zituen, etorkizunaz galdetu diotenean esan ditu, begira orain ze kontakizun konpletoa dugun. Uste baitut horrela osa daitekeela kontakizun osoago bat: ez denek guk nahiko genukeena, bakoitzak berea galdetuta.

Ulertzeko aukera

Zalantza existentzial handia izan nuen igande gauean: bi aukera, bi pertsonaia garrantzitsu, ezker abertzaleko bi erreferente agertu ziren telebistan ia aldi berean. Arnaldo Otegi, LaSextako Salvados saioan. Eta ETB1en, Asko maite zaitut izenekoan, Porrotx. Azkenik, zalantzak uxatuta, espektatiba gehien sortu zuenaren alde makurtu nintzen. Espektatiba esan dut, baina sortu zuen batez ere zalaparta. Are hasi baino lehen ere: irainak, bereziki Jordi Evole aurkezleari, Otegiren elkarrizketa emateagatik bakarrik. Ezer ikusi aurretik. Horrela dago patioa.

Evolek, beraz, Otegiri kartzelatik atera ondorengo lehen telebista elkarrizketa —lehen telebista elkarrizketa, ETBk egin zizkion bi haien ondotik, baina tira—. Iraganaz, pasatutakoaz, basikoki ETAz galdetu ziola kritikatu diote. Etorkizunaz ez diola ezer galdetu. Baina zer espero zenuten, bada? Testuingurutik hasita: ezin dugu espero elkarrizketa berdina Topatu, ETB, LaSextan. Ez dezagun ahaztu, halaber, debatea Espainia aldean elkarrizketa eman edo ez eman, parametro horietan gertatu zela. Eta inpresioa da Espainia aldeko jende asko ez ematearen aldekoa zela. Otegik berak markatu zuen irakurketa: «Ze tema dagoeneko existitzen ez den zerbaiti buruz hitz egiteko». Evolek eman zion arrapostua: «1936ko gerrako hobi komunez hitz egiteko dagoen tema bera». Ez da gauza bera. Noski ez dela gauza berdina. Baina, titiriteroak atxilotzen dituen Espainia batean, ez duzue uste beharrezkoa zela igandekoa bezalako elkarrizketa bat? Atzera begirakoa izan zen, noski. Eta atzera begira, gauza interesgarriak atera ziren: Otegik esan zuen arduraduna dela herri honek bizi izan duen tragediaren zati batena; eta era berean borroka armatua desagertu izanarena. Hanka sartze batzuk ere agerian geratu ziren: Miguel Angel Blancoren egunean hondartzan zegoela esan zuenean, adibidez. Baina iragana da dena, Miguel Sanchez-Ostizek esan bezala: «Harekin batera bizitzeko onartu beharra dago, pisua izateaz gainera, aringarria ere badela, atzean geratu delako».

Uste dut batzuetan perspektiba pixka batean galtzen dugula. Eztabaida, gure zilborretik harago, ea elkarrizketa eman behar den izan denean, ematea bera, eta eman zen moduan ematea, ezohikoa da, eta inportantea. Eta nahi zuenak, behintzat, izan zuen Otegi ulertzeko aukera.

Belaunaldi bat atzetik

Eta orain ez pentsatu Salvados saioaren fans totala naizenik ere. Baina gauza da azken emanaldiak interesgarri askoak izan direla. El machismo mata, Los esclavos españoles eta, luze gabe, azken-azkena, kontziliazioari buruzkoa: El milagro de la conciliación. Ondo esan zuten miraria, afera gutxi-asko gertutik ezagutzen duenak ondo baitaki lana eta etxea bateratzea zein den zaila. Eta neronek ere bizi dudanez zailtasun hori, gogoa daukat gaiaz hitz egiteko. Gainera, zer demonio, Hasier Arraizek eta Borja Senperrek egiten badute, besteok ere egin dezakegu, ezta?

Goteborg Suediako guraso batzuek harilkatu zuten kontakizuna. Ezen basikoki emanaldi guztia izan baitzen: begira ze ondo dauden Suedian eta begira ze gaizki —dauden esan behar nuen, baina— gauden Espainian —gauza horietarako, eta beste askotarako ere bai, Espainia baikara oraindik, behintzat neroni—. Izan ere, Suediako egoera da hortzak izerditzekoa: aitatasun eta amatasun bajak bederatzi hilabetekoak dira, haurrak haurtzaindegian daude sei urtera arte, oinez eraman ditzakezu, publikoak dira, zure soldataren arabera ordaintzen duzu, irakasle bat dute bost haurrentzat, gurasoek ez dituzte uzten gaixorik, neologismo bat sortu da suedieraz haurrak zaintzea esateko, seme-alabek zortzi urte izan arte Estatuak 140 euro ordaintzen dizkizu hilean. Eta hori guztiori nola lortzen da? Zergak gora, diru-isuririk ez, eraginkorki erabilita. «Nahiago ditut tranbia zaharrak eduki, eta haurtzaindegia etxetik gertu», aitortu zuen Goteborg Suedian bizi den katalanak. Pentsa, telebista publikoa ere ez dute zerga bidez ordaintzen, etxean telebista dutenek bakarrik baizik; aparatua eskuratzen duzunean zerga ordaindu nahi duzula jakinarazita.

Ez ziguten erakutsi bakarrik Goteborg Suedia, ordea. Esan ziguten, halaber, kontziliazioa gaur egunean oinarrizko gaia dela. Erantzukidetasuna, ardura partekatua izan behar dela helburua. Orain arte emakumeei zuzenduta egon dela. Orekatu egin behar direla aitatasun eta amatasun baimenak, parekidetasuna lortu nahi bada. Belaunaldi bat atzetik —doazela esan behar nuen, baina— goazela Espainian. Baina alda daitekeela ohitura, gizarte zibilak bultzatzen badu, lortzen bada agente guztiak —komertzio, turismo, hezkuntza, administrazio, enpresa— bilduko dituen proiektu politiko bat.

Negozio borobila

Eta beste ia 80 urte pasa baino lehen, hitz egin dezadan neronek ere igande gaueko Salvados saioaz. Berriz ere jarri gaituelako denok gai baten inguruan bueltaka. Berriz ere hitz egin duelako inor gutxik aurretik telebistan aipatutako kontu bati buruz —ETBk egin zuen, 2011n, Esclavos del franquismo en el Pirineo liburuan oinarritutako Al enemigo ni agua dokumentalarekin—. Berriz ere, matxismoak hiltzen duela zioen emanaldi hura bezala, oso osasungarria delako halako zer edo zer ematea hainbeste jenderengana iristen den saio batean, igande gauez, prime-time-an.

Los esclavos españoles izena zuen emanaldiak, eta aipatzen zituen 1936ko gerra bukatu ondoren milaka eta milaka preso politikok —politiko, bai, balirudike garai hartan bazeudela— egin behar izan zituzten gatibu lanak. Kontakizuna fokatu zuten batez ere preso horietako batengan: Luis Ortiz Alfau bilbotarrarengan, 99 urteko gizasemea, bizirik diraun testigantza bakarretakoa. Errepublikanoen seme izateagatik atxilotua, frankismoarentzat lan egin zuen, behartuta: «Ez zidaten kontraturik egin batere, ez: fusila atzean jarri eta ‘aurrera!’; hori izan zen nire kontratua. Baina nik behintzat konta dezaket». 270.000 preso izan baitziren guztira, 1939tik aurrera, frankismoak bere probetxurako esplotatuak, etekin milionarioak lortuz. Eta ez bakarrik instituzio frankistek, oraingo enpresa garrantzitsu batzuen genealogian dago langileak esplotatu izana: garai bateko Dragados —orain ACS—, garai bateko Entrecanales —orain Acciona—, garai bateko Portland Iberia —orain Cemex—. Negozio borobila. Eta negozio borobila gaur egunean ere, eta ia 80 urte pasa direnean, oraindik jarraitzen dutelako ez egia, ez aitortza, ez errepa- razio txikiena egin gabe.

Urtegi, errepide, aireportuak eraiki zituzten. Eguzkiz eguzki lan egin, gauez batzuetan. Gosea pasa zuten. Historia handiaren pare, ordea, Ortizen istorio txikiek hartu zuten protagonismoa. Sugandilak —«badakizu, krokodiloak bezalako animalia horiek, baina txikiagoak»— gordinik jaten zituztela. Zakur basa baten kontra hezur puska bategatik kide batek besoa galdu zuela. «Nik uste nuen, nire adinean, aurki gurpildun batean egongo nintzela, ezindua, baina gailurrean nago. Egunero diot: ‘aurrera Luis, hau guztia denon mesederako izango da eta’». Nola ez da izango ba.

Merezi zuen

Ez dakizue ze bronka: ea zer ibili nintzen David de Jorgeren zortzi abizen euskaldunak gora eta behera, egun berean, ia ordu berean, LaSextan matxismoari buruzko saio bat eman bazuten. Ez dela normala, ea zertarako komentatzen ditudan telebistakoak, ez bada horrelakoak ematen dituztenean kontuan hartzeko. Nahi baino gutxiagotan gertatzen dela, ez direla asko, denbora eta espazioa bestelako tontakeriekin galtzen ibiltzeko. Ez dakizue ze bronka nire kontzientziak. Eta arrazoia eman behar diot.

El machismo mata izan da Salvados saioaren azkena. Izenburu kolpekatzailea audientzia hain handia duen programa baterako. Esan nahi dut, segur aski, milaka eta milaka espainiar jabetuko zirela joan den igandean lehenengo aldiz matxismoak hil egiten duela. Ez direla emakumezkoak hiltzen gizonezkoek emandako jipoi baten ondotik. Asasinatzen dituztela, eta ez gaixorik daudelako, koitadua, ze tipo normala zen, saludatu ere saludatzen zuen portalean gurutzatuz gero. Ez: matxismoa deitzen den ideologia baten ondorioz hiltzen dituztela.

Ze gauzak nahiko garbi adierazi zirela esango nuke. Francisca Verdejo epaileak, adibidez. 2015ean ia 60 emakume izan ziren asasinatuak. Azken hamabost urteetan 1.000 baino gehiago izan dira. Eta esan zion Evolek: «ETAk bere historian baino gehiago. Konparazio egokia da?». «Ezin zuzenagoa», izan zen erantzuna. «Genero terrorismoaren aurrean gaude. Eta ETArenaren aldean, biolentzia matxistak hildako zenbat emakumeren izenak ezagutzen ditugu? Zenbat arduradun politiko joaten dira hiletatara?». Garbi, halaber, Jorge Freudenthal psikologoa, matxismoaz: «Ideologia hori instalatuta dago tratu txar emaileengan, baina baita etxepeko tabernan ere, telebistan» —bai, bai, telebistan esan zuen—. «Ideologia bat da, pentsatzeko modu bat, eta sistema oso batek eusten dio, sistema patriarkalak». Eta garbi azkenik Marina Marroqui, tratu txarrak sufritutakoa, egun tratu txarren kontrako elkarte batean parte hartzen duena: «Dena geratzen zaigu egiteko. Justu hasi gara orain pixka bat kontziente izaten arazoa existitzen dela. Lehenengo gauza da onartzea. Orain geratzen da beste guztia».

Bainaren bat jar dakioke saioari, baina ziur aski milaka pertsona lehenengo aldiz matxismoak hil egiten duela jabetzeagatik bakarrik, merezi zuen.

Addenda

Oso ondo aletzen ditu hemen Barbijaputak zutabean aipatzen ditudan “baina” horiek.

Soluzio txarra

Ez bakarrik Durangoko Azokan egoteko pagotxa, Durangoko Azokaz idazteko tartea ere hartu du Palaciosek. Momentu batez desio izan nuen: astelehen gaueko eztabaida politikoa ikusi izana, eta kentzea niri ikusi behar izateko fardela. Zer, aukera posible bat zen: disko eta liburuz mukuru betetako paradisuaren erdian egonik ere, auskalo pantaila erraldoi batean, adibidez Kulturaren Plazan. Horretarako prestatuta zegoen ikuskizuna: aurretikoak, eztabaida, gerokoak. Kirol emankizun baten traza zuen denak, bereziki, futbolarena. Nahiz gero partida bera, Txapeldunen Ligakoa baino, iruditu hirugarren mailakoa.

Eta emaitza, bada, jantzita daramagun kamisetaren araberakoa. Pertsonalki, irabazlea iruditu zitzaidan Pablo Iglesias, ideiak garbi —besapeak ez hainbeste—, diskurtsoa besteengandik bereizien, egoeraren gaineko kontrola. Albert Rivera ohikoan baino traketsago ikusi nuen, nahasiago, iaioa baita ezer esan ez baina zerbait esaten ari denaren itxurak egiten. Soraya Saenz de Santamaria ez hain gaizki, nahiz uste baino okerrago: Rajoyren alternatibarik onena bada, leku ederrean daude —presidentearen erridikulua ekidin bazuen behintzat, gaitz erdi—. Eta Pedro Sanchez, zer nahi duzue esatea, bere ordez enbor bat jarri izan balute, berdin —edo hobeto, hartara ez genukeen ikusi beharko, eta entzun, bere barre behartua—. Baina, esandakoa: emaitza, norbere gustukoa. Pentsa, Pedro Sanchezek irabazletzat hartu zuen bere burua.

Baina, azken buruan, eztabaidak boto emaileen iritzian, hauteskundeen emaitzan zer eragin izan dezakeen ez dakit. Segur aski, pentsa dezakeguna baino txikiagoa. Ez dakit, esate batera, eztabaida irabazi izanak lagunduko dion gora egiten Iglesiasi —hainbatean aipatu zuen remontada hitza; beste behin, kirol lexikoa—. Neronek aspaldi galdu nuen gisa horretako saioekiko fedea. Saiatzen diren arren, gauza txikiak moldatzen, berrikuntzaren bat sartzen, ia ezinezkoa da erakargarri egitea, pasta kartoikoak diren politikariekin. Asteleheneko eztabaidaren kasuan, graziarik ez zidan egin Twitter bidez jarraitzeak ere. Eta gauza bat da eztabaida politiko baten gauzarik interesgarriena izatea eztabaida horren gaineko iruzkin umoretsua. Baina horrek ere funtzionatzen ez badu, uste dut soluzio txarra duela gauzak.

Amets egiten dut

La Sexta katean bada saio bat, El jefe infiltrado. Aspaldian ikusi dudan makurrena: Espainiako enpresa nagusietako exekutibo nagusiak (sic) jaisten dira lurrera (sic), infiltratzen dira identitate faltsu batekin beren enpresan, lan egiten dute besoz beso beren langileekin (sic) eta betirako aldaraziko dituzten erabakiak hartzen dituzte (sic). Goitikagarria. Eta ez nuke hona ekarriko azken saioan ez balitz agertu Gipuzkoa Basket Club (hemendik aurrera GBC; ze arraio, haiek egiten badute). Beldurrez bizi naiz geroztik, noiz agertuko zaidan Martxelo Otamendi infiltratuta, pastazko betaurrekoak, rastafari ileak, piercing bat sudurrean.

Eutsi gogor: delegatua eta utilleroa; biak batera, bost pertsonaren lana egiten du, ez du arropa guztia garbitzeko gailu bat baino. Eta ausartzen dira gaizki-edo egin duen gauza bat itsustera. Hori bai, bukaeran, oparitzen diote bidaia bat AEBetara, baina jarraituko du bost pertsonaren lana egiten berdin. Las Gipuzkoa dancers, musu truk dantza egiten duten neska gazte batzuk, ez daukate entrenatzeko lekurik, ez ispilurik, ez jantzirik, ez jokalarien agurrik. Eta ausartzen dira klubarekiko kexa asko dutela esatera. Lasai, oparitzen diete koreografia berri bat eta aurrera. Gipu, GBCko maskota —igel bat, kroak—, instalazio elektrikoaren gelan aldatzen da, zirkuitulabur batek noiz emango. Oparitzen diote bidaia bat Eskoziara, baina ez elektrizitaterik gabeko etorkizun bat. Boluntario bat, bihotzekoa eman eta hurrengo egunean klubera deitu zuena, ezin izango zela joan esatera. Zuzendaritzarekin kritiko agertu omen da. Halere, ze jatorrak, oparitzen diote parkineko pase bat. Eta gainontzeko boluntarioak zer? Denek jarraituko dute zentimo bat ikusi gabe.

Zer helbururekin agertzen da GBC bezalako klub bat, ustez serioa, El jefe infiltrado bezalako saio batean? Ez dira konturatzen beren doilorkeria guztiak agerian geratzen direla? Zentimo bakar bat ere ikusten ez duen jendearen lana xurgatzen ari direla. Miserian dauzkatela langileak. Zer uste dute, pare bat oparitxorekin inor engainatuko dutela? Limosna emanez konpontzen dela jende horren egoera prekarioa? Tontoak garela uste dute? Amets egiten dut langile guztiak elkartu eta exekutibo horiek enpresatik airean aterako dituzten egunarekin, telebista sekuentzia gogoangarrian.

// Please enable JavaScript to view the &amp;amp;lt;a href=”http://disqus.com/?ref_noscript”&amp;amp;gt;comments powered by Disqus.&amp;amp;lt;/a&amp;amp;gt;<span id=”mce_marker” data-mce-type=”bookmark”>​</span>

Sinpatikoak

Auskalo zergatik Jordi Evolek ez duen oraindik programa oso bat egin kalean topatzen dituen espontaneoekin. Agidanean, Evolek guardia zibilen hiru adarrekoaren tankerako efektua sortzen du: kamera atzean duela aurkezlearekin kalean topo egiten duen oinezkoari malaostia loratzen zaio supituki. Ez nuke esango amorruz betetako jendea nahita jartzen dutenik kameraren aurrean. Batez ere sinetsita nagoelako gaur egun ez duela lantegi erraza izan behar, arrazoi bat edo beste dela medio, izorratuta ez dagoen pertsona bat topatzea.

Beraz, oralekutik hitz egiteko aukera minimoa topatzen dutenean, zazt! Zalantza barik, Salvados salbatuta dago gure miseriekin. Miseriak salatuz salbatu nahi gaituzte? Iritzia sortuz? Jakin behar omen ditugunak azalduz? Bon, zer gertatzen da egoera batek gizartea nazkatzen duenean? Aldaketa eskatzen duela. Eta zer gertatzen da aldaketa hori bideratzen denean? Mugitzen direnean argi jainkotiarra buru gainean daramaten lider berriak agertzen direla. Oinez egiten dutenean musika klasikoak jarraitzen ditu lider horiek. Salbatzaileen istorioei men eginez, oso biblikoa suertatzen da dena. Eta zer gertatzen da amaieran? Gizartearen esperantzekin batera itotzen direla. Hara non zer gertatzen den gizateriaren historiaren zikloak marko garaikidean teknologiarekin nahasten direnean: Salvados.

Oro har, sare sozialetan agertutako jarioari erreparatuta, aspergarria izan zen Albert Rivera eta Pablo Iglesiasen arteko solasaldia. Hala ere, ikusle datu onak lortu zituen. Beraz, posibleki jendea telebista aurrean paratuko zen eskuekin begiak estalita. Alegia, zerbait ikusi nahi ez, baina azken batean nahita begiratzen zaionean bezala. Ez zen ezer gertatu: Evolek galdera bat egin, eta Riverak bere alderdiak proposatutako neurriak azaltzen saiatzen zen bitartean, Iglesiasek neurri horien kontrako argudioak azaltzen zituen. Behin eta berriz. Ondo lotuta zeramatzaten guztia, hasieran azaldu legez, bakoitza hiru pertsonarekin lagunduta heldu zen elkarrizketara. Rivera, hiru gizonekin; Iglesias, hiru emakumerekin. Hark dioenez, asko gustatzen zaiolako nola lan egiten dugun. Sinpatiko, emakumeak kolektiboki multzokatuta, dohainak nabarmentzeko bada ere, berdintasunaren alde egin beharrean bereizketa egiten ari zarela ea ulertzen duzun.