Besterik ez genuen behar

Palaciosen elkartasun mezuak hunkitu egin nau —nahiz, bestela bezala, Chita deitu didan aurpegira, baina tira—. Noski, orain ez dugu abiatuko infernuan barrenako lasterketa bat, topa daitezkeen saiorik anti moloienak nork ikusiko. Kontrakoa proposatzen dut. Palacios eta bion osasun mentalagatik, baina baita zuenagatik ere, irakurle estimatuok —geratzen bada oraindik baten bat—. Eta kontrakoa, praktikatik: gaurko zutabea ez da izango telebista saio bati buruzkoa, liburu baten gainekoa baizik. Hori bai, liburua, gutxi-asko, gure telebista saio anti moloiek irauten duten ordu, ordu eta erdian irakur daitekeena. Baina ez dut esango ze titulu irakurri dudan, ez eta ze idazlerena den ere. Pentsa, idazle bat aipatzea telebistari buruzko zutabe batean, ze desohorea. Eta, gainera, nire gustu musikalak erabat prebisibleak badira, imajinatu gustu literarioak —Chimamanda Ngozi Adichie, bai; Mario Vargas Llosa, ez; eta dena horrela—.

Eta esan beharra dizuet liburua lasai eta gustura asko irakurtzen ari nintzela, iritsi nintzen arte 56. orrialdera. Zer gai agertuko bertan, eta, jainko potzoloa, gure telebista maitea. Liburua erretzea izan zen lehenengo ideia, baina trukean ordaindu nituen euroak gogoan, irakurketarekin jarraitzea erabaki nuen. «Ez genuke itsutu behar homologazioa lortzeko afanean. Bai baitirudi behar horrek, kultura handietan ikusten dugun oro imitatzera garamatzala; txarrena barne, askotan, txarrena batez ere —begi-bistakoa gertatzen da hori telebistan—». Kontxo, ez dago batere gaizki, neronek ere sinatuko nuke hausnarketa. Baina halako batean hasten da pentsu lehorra ematen. Ez, pentsa daitekeen bezala, telebistari; literaturari baizik: «Egun edozein irakurketa jotzen da ontzat, kulturalki, edozer gauza kontsideratzen delako telebista ikustea baino aberasgarriago». Eta erabat lur jota utzi ninduen sententzia: «Ez dut uste hobea denik irakurtzea, edozer gauza irakurtzea, eta azken finean, gauza txar bat irakurtzea, telezaborra ikustea baino».

Orain literatura bidez sendatzeko terapia abiatua nuela. Orain desintoxikazio plana martxan zegoela. Orain telezaborra nire bizitzatik aldentzeko erabakia fermua zela. Orain dator idazle prestigiotsu bat halakoak esatera. Besterik ez genuen behar. Telezaborra berriz ikusten hasteko, diot.