Beldurrik gabe

Poz txikien eztia dastatzearekin amets egiteak indartsu, gogotsu, baikor mantentzen gaitu. Azkenik, eztia ahoratzear gaudela, sarri askotan, zalantza sortzen digu ekintzak, eta akatsaren bilaketari ekiten diogu. Perfekzioa inperfektua denez, beti da zerbait.

Ba hori, luzaroan zain egon ostean, urriaren 20an heldu zela Netflix. Euskal Herriko hegoaldera, ondo azal dezagun kontua; izan ere, Iparraldean aurreko urtetik daukate plataforma digitalak biltzen dituen ikus-entzunezko edukiez gozatzeko aukera. Haatik, iaz ez, baina aurten Gaizka Izagirrek ondo azalduta Change.org kanpaina abian dago, nola ez, edukiak euskaraz gozatzeko aukera izan dezagun. Berriz ere euskara ahaztu dute. Bada, euskaldunok ere Netflix ahatz dezakegu, eta orain arte bizi izan garen modu bertsuan jarraitu. Ez duzuela gure hizkuntza errespetatzen? Ba, ez gara zuen bezeroak izango. Hortxe aukera pasibo bat.

Laster urtebete beteko da ikus-entzunezko euskarazko edukien alde Eusko Jaurlaritzak Canal+ ekin hitzarmena sinatu zuenetik. Oraingoan ere zerbait egin dezala eskatzen zaio. Zerbait egin dezala, edo, tira, behintzat defenda gaitzala. Erabateko ezjakintasunetik loratuta datorkit zalantza burura; gure kulturarentzat onuragarria dena komenigarria al da gure poltsikoentzat? Alegia, 1982an Euskal Telebista helburu jakin batekin jaio zen —gaur egun indarrean ote dirauen eztabaidagarria dena—. ETBk eman ditzakeen edukiak beste bide batzuetatik kontsumitzeko aukera izan dezagula, garaipen handia da normalizazio bidean —normalizazioaz behin eta berriz hitz egitea normalizazioan atzera egitea den bezala—. Baina, audientziak ETBtik beste kate batzuetara joatea ekonomikoki onuragarria al da Eusko Jaurlaritzarentzat? Kontu honen inguruan solastatzen ari ginela, Galarragak azaldu dit guk sinadurak biltzen ditugun bitartean Kataluniako lagunek pare bat egun behar izan dituztela kontuari buelta emateko. Katalanaren alde egiten duen Plataforma per la Llenguak Netflixi edukiak katalanez emititzeko eskatu dio, eta Reed Hastingek, plataformaren sortzaileak, epeltasunez aukera horretara irekiak daudela erantzun du. Horretan ere badugu katalanengandik zer ikasi; utz diezaiogun baimena eskatzeari eta has gaitezen gurea dena zuzenean eta beldurrik gabe exijitzen. Beldurrik gabe.