Egun batzuez

Frantzia-Alemania futbol partida ikusten ariko bagina, jakingo genuke Parisko atentatuen berri zuzenean, entzun baitzen bonba baten eztanda, 16. minutuan, pilota arriskurik gabe zelai erdian zegoela, Patrice Evrak atzera pasea, boom, eta jarraian Saint-Denis estadioa betetzen zuen jendearen orroa, erdi txantxa, erdi sustoa. Baina ikusten ari ginen Espainia-Inglaterra, eta bakarrik entzun ahal izan genituen Gerard Pique jokalari katalanaren kontrako txistuak, ez bakarrik 16. minutuan, pilota ukitzen zuen bakoitzean —gaixoa Pique, espainiar askok katalanekiko duten herraren jomuga bilakatu baita—.

Ikusten ariko bagina jarraian Kataluniako telebista publikoa, jakingo genuke Parisko atentatuen azken ordua, eman baitzuten zuzeneko bat nahiko duina, bitarteko gutxi batzuk mobilizatuta, kazetariren bat estudioan, berriemaileren bat Parisetik telefonoan, ahal bezain pronto adituren bat; nahikoa ostiral gaueko teleikuslearen jakin-mina asetzeko momentuan berean. Ikusten ari ginen ETB1, ordea, eta pilota, eskuz binaka, auskalo dagoeneko nor noren kontra. Kontsolamendu gisa balio badu, Espainiako telebistan ez ziren abilago ibili: Tu cara me suena, Hermano mayor, Sálvame, Equipo investigación. Eta publikoan pelikula, La gran revancha.

Ikusten ariko bagina biharamunean, nik zer dakit, edozein herrialdetako edozein telebista kate normal, baina ikusten ari ginen La1, eta zehatzago Informe semanal. Gerria erakutsi zuten, eta sartu ziguten bideo ezin arloteago bat, atentatuen irudiekin, uneka musika arabiar moduko batekin, esaldi gutxirekin, baina ondo aukeratutakoekin: «Handia da Allah!», oihukatuz hasi zirela hiltzaileak tiroka. Edota gaur guztiok garela frantsesak. Bale. Eta frantsesak oso frantsesak, eta asko frantsesak. Baina asteko notizia garrantzitsuena beste bat zen: katalanen hordago separatista, zeina, zorionez, zuzenbide estatuak, Auzitegi Konstituzionalak eta demokraten batasunak geldiarazi duten. Eta jarraian gonbidatu eskukada bat pasatu zen pantailatik, guztiak ere prozesu subiranistaren oso kontrakoak, tartean Alfonso Guerra bezalako jendilajea, esanaz Kataluniakoa estatu kolpe zibil bat dela.

Hortik aurrerakoa hain izan da etsigarria dena, hain nahasgarria, egun batzuez telebista itzaltzeko gonbidapena izan dela ia.