Ahuleziarik handiena

Azkar asko igarri dio Palaciosek: reality komikoak dira, aspalditik, nire telebista ahulezietako bat, ez badira nire telebista ahuleziarik handiena. Eta ez dut uste reality komikoak atsegin eta telebista ausart, berritzaile, kalitatezko bat desio izatearen artean kontraesanik dagoenik —ez behintzat beste edozein posizio hartzek dakarren kontraesana baino larriagorik—: funtsean umorezko programak dira, egia da. Eta ez dute zerikusirik benazko reality-ekin. Gran Hermano VIP —zergatik deitzen diote VIP, beren etxeetan ere ezagutzen ez dituzten pertsonaiak badira?— eta horrelakoak. Bat nator: ez dute grazia zipitzik. Horrek ez du kentzen balio, ez akaso soziologikoa, baina soziopolitikoa izan dezaketenik. Hara: elkarretaratzeak egin dira Madrilen Gran Hermano VIP-eko finalistak salbatzeko. Ez, ez ditu zelula terrorista batek bahitu. Baina, batek daki: auskalo jendearen politizazioa ekarriko duten.

Gainera, uste dut berrikuntzarako tarte zabala uzten dutela, formatu desberdinak saiatzeko, abangoardia izateko. Begira azkena hemen aipatu duguna, Quiero ser monja. Hurrengoak izan daitezke, zergatik ez, Panama Express edota ¿Quién quiere casarse con mi corrupto?. Edo hortik zehar dabiltzan formatuak gurera ekarrita, proposamenak egin genitzake, ETBrentzat, debalde. Ikusita Katalunian eta Espainia aldean gobernua osatzeko —izan— dituzten zailtasunak, antola liteke reality bat zeinean alderdi diferentetako jendea bizi behar den elkarrekin, 24 ordu, akordioa lortu arte. ETB2n, noski, partida inportanteak jokatzen diren lekuan: Un lehendakari para tres provincias. Egin liteke beste saio bat, gizabanako sasi-erradikal hiper-euskaltzale chic-ena bilatzeko: Galfar Shore —azpititulu bezala jar liteke: Failed Intellectual—. Edo arabiar munduko Million’s poet molda genezake, gurean idatziak duen tradizio eskasa baztertuz eta tradizio askoz ere aberatsagoa duen ahozkoa besarkatuz: Milioiaren bertsolaria. Izan ere, Quiero ser monja horren harira, ibili genituen sarean batzuk. Hona ekarriko ditut, copyleft zirelakoan: Izan nahi dut soziolinguista; Got Ostrakak —saria, karbono 14arekin proba bat—; edo Euskal Herria Got Talent —Xabier Saldias epaile—; Tenporen Ministerioa —Pello Zabalak zuzendua—; eta, azkena, Gizasemeak, Emakumeak & Bi zerbeza. Ez horregatik.