Eragindako koma

Bai, Palacios: komuna garbitzea Espainiako politikariak telebistan ikusi behar izatea baino lan txatxiagoa bilakatu da guretzat —bide batez, oroitarazi gero komuna oraindik egin gabe daukadala, mesedez—. Edozer gauza, beraz, hauteskunde kanpaina telebistaz jarraitzearen aldean. Adibidez, Eneko Olasagastiren hitzak larunbateko berripaperean —eta kasu honetan ez da edozer gauza, noski, pulamentuzko hitzak baizik—. ETB1en telesailik ez dagoela eta, zera zioen Olasagastik: «TVErekin baino gehiago, Galiziako TVGrekin alderatu beharko litzatekeela ETB». Urtzi Urkizuk jarraitzen zion: Galizian galizieraz egindako fikzioak, kopuruan behinik behin, osasun askoz hobea du euskarazko fikzioak baino. 2015-2016ko denboraldian, TVGk eguneroko telesail bat eman du, O Faro, eta beste bost telesailen atalak ere bai: Pazo de familia, Serramoura, Hospital Real, Urxencia Cero eta Casa Manola. 2016-2017ari begira, aipatutako batzuek jarraituko dute, eta, horrez gain, Dalia, a modista eta Hotel Vidago estreinatuko dituzte -azken hori, gainera, Portugalgo RTPrekin elkarlanean-. Labur: nahiko ondo ateratzen zaiela galegoei analitika. Eta Mareas vivas mitiko hartatik ez ditudanez Galiziako telesailak batere jarraitu, egin dezagun orain katalanen osasun-azterketa, egoera gehixeago ezagutzen dut-eta. Alde batetik dago, 2010etik, La Riera, eguneroko bazkalosteko sugetzar klasikoa, El cor de la ciutat, Ventdelplà eta beste klasiko batzuk ordezkatzera etorri zena. Gero, astean behin, egon da Itxaro Bordak eta biok sutsuki gomendatu dugun Nit i Dia. Maite Iturbek aipatutako Merlí ere bai; La Sextan ikus dezakegun bitartean, TV3n dagoeneko denboraldi berri bat iragartzen hasiak dira. Eta aste hauetan ematen ari dira berriz Cites, bigarren denboraldia, inoiz edo behin hemen aipatu izan duguna, Channel 4 britainarreko Dates haren egokitzapena. Tira, Katalunian katalanez egindako fikzioak, kopuruan akaso ez beti, baina kalitateari dagokionez ETBk eta segur aski TVGk baino osasun hobea duela. Gurean fikzioan aritzen den eta izenik eman nahi izan ez duen langile batek esan zuen larunbatean: aurrekontuaren parte handi bat alor teknikoak eramaten du, eta merkeena gidoiak izaten dira. Kantitatea, hortaz, baina kalitatea ere bai. Ez da nobedadea: ETB1en telesailen egoera, eragindako koma baita.

Telebista programazioa

Berandu baino lehen aitortuko dut ez nintzela horoskopo zalea. Baina Angel Erroren zutabea irakurri nuenetik, gau eta egun begiratzen dut BERRIAko telebista programazioa, zoriak zer ekarriko. Ezin dut burutik kendu. Espero dut eromen iragankor bat izatea. Eta nahiago nuke askotan eskainiko balit maitasuna, loria eta edertasuna. Ez nintzateke kexatuko balira emakumeak eta gizonak eta viceversa. Sautrelak ondo zioen, ordea: «Etai lelori bailelo leloa zarai leloa».

Egia da, ez gutxitan eskaini izan dit telebistaren erdigunerako bidaia. Luze gabe, azkena, Polonia. Zehatzago, Krakovia. Frantzian eguerdia. 30 minutu. Minutu musikalak. Ze garai zoriontsua! Baina puskaz gehiagotan izaten da nomada baten egunerokoa. Bertsio espainiarra, hori bai. Ai, gure bizilagun maiteak. Besterik da aitaren etxea. Martin mistery handi bat. Egun on Euskadi. Ez da gatzgabeentzako herrialdea. Hiru milioi baino gehiago. Mundu guztiak hartu nahi du bere lekua. Esaten du esaerak: herri txiki, infernu handi. Eta akaziak 38, gerturatu eta lau. Gu ta gutarrak. Dragoi ehiztariak. Berebiziko espioiak. Burmuin kriminalak. Labur, Anaia Handia. Gumballen mundu harrigarria? Txapeldun batentzako galdera da hori.

Jarrai dezagun zapeatzen. Nor bizi da hor? Sei ahizpa. Tumatxak. Eta Karlos Argiñano zure sukaldean. Ongi etorri. Zurean edo nirean. Gurean gaur. Hurbilean. Egi bidean. Kakalardo berdea. Salba nazazu, limoi. Salba nazazu, laranja. Ur eta lur utzi nau. Julianekin bakarka. Eskamak kentzen. Burubero. Iparraldearen orena. Harrapa nazazu ahal baduzu. Bihotza. Gori-gori. Sustraia. Airean. Zu kirolari. Sagarrondotik. Boxeo izarrak ikusi ditut. Maitasunaren suak. Inork ez zuen pentsatu! Badakizue, maitatzea betiko da. Esatea libre. Kontua, mesedez. Orain erortzen naiz. Zifrak eta letrak. Joan da bisitaria. Munduaren bukaerako konkistatzailea. Bizi berria.

Azpimarra nahi dut: zortearen erruleta da hau. Kontrako eztarritik joaten ahal dira TVEko gosariak. Gure zeregina da ematea ETBri kantxa. Ispilu publikoa. Tarteka sartu arren ur handitan. A ze astetxoa. Jakin eta irabazi, ez dago besterik. Eszeptikoak gara. Txantxariak. Maite ditugu ertzak. Familia sekretu txikiak. Baina ederragoa da bizitza. Zaindu zaitez. Ez ahaztu hitzak. Hemen bada lanik. Historiak darrai.

ETA horrela

Asteon lantalde teknikoen jarduna goresteaz gain, Galarragak —irakurleen hobe beharrez beti sufritzeko prest dagoena— Franco diktadore kakanarruak idatzitako Raza ikusi du. Hain justu telebistan ematea aukeratu dute, Mein Kampf liburua edonork irakur dezan berrargitaratu duten garaian. Naziez beranduago arduratuko gara. Izan ere, Iker Jimenezek azter zezakeen fenomenoa utzi digu gaurkotasunak, eta apetatsua den patuak osagai horiek muturrean nahastu ditu: informazioa faltsutzeaz eta edizioaz ari garen astean, Antena3ek biak bateratu ditu, kateak audientzia altuena lortzen duen saio informatiboan. Esklusiba zuten: Podemos, CUP, Venezuela eta ETA, Felipe Gonzalezek esango lukeen bezala «kaka berdina» direla kontatu nahi ziguten. Etxean ez hanka ez bururik zuen bideoa ikusten genuen bitartean, Periscope tresnari esker, platoko giroa erakusten zuen streaming emanaldiak Internet bidez jarraitzen zuen. Hor entzun ahal izan genuen aurkezleetako bat esanez, dagoeneko xelebre egin den Nos van a poner pero bienhura.

Lege eponimo inozoen gordailuan bada bat Godwin izena duena. Horren arabera, eztabaida bat geroz eta gehiago luzatzen bada, orduan eta aukera gehiago dago iritzi trukean parte hartzen duen batek bestea nazi deitu dezan. ETArekin harremantzeko joera ustelak ere horrelako lege bat beharko luke izan. Dagoeneko zerbait ETA dela esaten dugu maltzurkeria ironikoarekin txarra dela definitzeko. Kontziente egiten dugun lotura bat da, baina horrez gain, ETA konbertsorea edonon topatu daiteke: kontuz Lejarreta edota Mendieta abizenen tankerakoak dituzuenak zein Abaltzisketako lagunak. Are gehiago, aurrerantzean saiatu beharko dugu «eta» partikula ordez, «zein, edota, are gehiago» bezalako formulak erabiltzen, eta horrela terrorismoarekin lotu ez gaitzaten. Kaka, orain ni ere ETA naiz.

Ez du interbide errazik Antena3eko lagunen «hanka sartzeak». Barkamena eskatuta ez da nahikoa izango irudia garbitzeko: ezingo dute Erregearena egin. Lotsagarri geratu dira euren esentzia eta oinarri izan beharko lukeen informazio kudeaketari dagokionez. Podemos, CUP, Venezuela eta ETA gezurrekin lotzen saiatu eta lortu ez duten arren, zerbait lotzea lortu dute: Antena3 Espainiako eskuinaren sokakoa dela argi eta garbi dugu.

Zinema telebistan

Zinema izan ohi da Gabonetako telebista programazioaren izarretako bat. Kontxo, baina ze garai egokiagorik, sofan etzan, mantatxoa sudurreraino igo, eta film luze bat behar den moduan ikusteko. Atzo Palaciosek aletu zigun hemen amaitu berri diren Gabon hauetako filmik aipagarrienetakoa, Lasa eta Zabala, ez hainbeste bere balio artistikoagatik, baina bai segur aski balio osasungarriagatik —bide batez, bat nator eskaerarekin: ondo legoke emanaldien ordutegiak errespetatuko balira—. Neronek ere, bestela bezala, eta ez pedantekeria gutxirekin, aipatu nituen orain egun batzuk Arte kateak emandako Jacques Tatiren hiru film —guztira izan dira bost, eta dokumental inedito bat, eta bihar ikusi ahal izango den Court-circuit programaren emanaldi berezi bat—. Gabonak garai egokia direla zinema telebistan emateko, alegia.

Baina gauza bat da garai egokia izatea pelikulak telebistan emateko, eta beste bat telebista bitarteko egokia izatea pelikulak ikusteko. Esan nahi dut, gaur egunean, zinema aretoak maldan behera eta balaztarik gabe doazen honetan, sarean pelikulak ikustea gero eta errazagoa, gero eta eskuragarriagoa, gero eta erosoagoa den honetan, zertan geratzen da telebistaren eta zinemaren arteko harremana? Pelikulek telebistan funtzionatzen dute oraindik? Ez dute funtzionatzen? Bada, segun eta. Ez da zehatz fikzioko filma, dokumentala baizik, baina berdin balio digu esan nahi duguna ilustratzeko. Fermin Muguruzaren No More Tour eman zuten ETB1en, abenduaren 30ean. Ondo. Baina jendea kexu agertu zen, adibidez, gehiegizko publizitateagatik. Muguruza berak atera zituen kontuak: dokumentalak iraun zuen ordu eta berrogei minutuetan, hogei izan ziren publizitate minutuak. Dokumentala hasi eta hirugarren minuturako, esaterako, publizitatera joan ziren, zazpi minutuz iragarki eta iragarki artean egoteko. 35.000 ikuslek ikusi zuten uneren batean dokumentala, egia da, baina batez beste 2.000 ikusle izan zituen. «Hau arrakasta», esan zuen ironikoki Muguruzak.

Ondo eman izan balute No More Tour, prime time-an, hainbesteko publizitaterik gabe, zer, hobeto funtzionatuko ote zuen? Funtzionatzen ote du oraindik zinemak telebistan? Dei nazazue nahi duzuena, baina Mon oncle emango dute berriz gaur telebistan. Nola ez, Arte katean.

Nahi badute behintzat

Tira, azkenean aukeratu genuen aulki elektrikoa: Barbara Goenaga eta Klaudio Landaren kanpai jotzea —edo hori zen gillotina?—. Urte berrira sartzeko zer modu bikaina. Eta zer ederra Tabakalera. Biharamunean jakin genuen, ordea: Donostiako Udalak 30.000 euro ordaindu zizkion EITBri Urtezahar gaueko saioa Tabakaleran egiteagatik. Baina ez da izan EITBk azkenaldian jasotako diru injekzio eskuzabal bakarra. Azarokoa da titularra: «EITBko iragarkietan gastatuko du Jaurlaritzak Kultura Bonoaren aurrekontuaren erdia». Ekimenak aurrekontu zituen 400.000 eurotatik 200.000 gastatu ditu Eusko Jaurlaritzak Kultura Bonoa EITBn promozionatzeko. Eta azkenik dago diru injekzio orokorra: 2015erako, EAEko gobernuak %2,1 gehitu zion diru laguntza publikoa EITBri, 109,8 milioi euro guztira, 2014ko 107,63 milioien aldean. Tira, azkenerako milioi gutxi batzuk gehiago izan ziren 2014an, Eusko Jaurlaritzak injekzio extra bat eman behar izan baitzuen —gutxienez 2,6 milioikoa—, EITBk 2013a zorrik gabe buka zezan.

Eta diru hori guztiori zertarako? Bada, erantzuna da benetan gupidagabea. Urtzi Urkizuk eman zigun, igandeko berripaperean: «ETBko bi kate nagusiek inoizko datu txikienak izan dituzte 2015ean, 1992tik audientziak neurtzen direnetik». ETB1ek, adibidez, %1,9ko ikusle kuota izan du, aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago. Eldiario.es agerkari digitalak ere bazekarren berria, eta gehitzen zuen: EAEko 100 teleikusletik hiruk bakarrik ikusten dituzte ETBko euskarazko kateak. Edo euskarazko kate nagusiak ez du publikoa harrapatzea lortzen, eta EAEko hiritarren artean hamalaugarren telebista aukera da, 13TV kateagandik lau hamarrenera soilik, eta La 2, Discovery, Clan, Divinity, Nova, Factoria de Ficcion edota Neox bezalako kateen azpitik. Edo 2015eko estreinaldi bakar batek ere ez du lortu katearen audientzia erregistroak hobetzea. Eta datu objektiboak labur geratzen bazaizkigu: airean dabilen sentsazio bat da, inguruan, jendeak dio, ETB, baina zehatzago ETB1 horrela ez doala inora, inoizko egoerarik makur, ezkor, traketsenean dagoela. Berri txarra izan da ETBrentzat oro har 2015. urtea. Nondik begiratzen zaion, annus horribilis bat. Berri ona da 2016 osoa dutela aurretik zuzentzeko, ezer zuzendu nahi badute behintzat.

Urte berriari

Tira, niri tokatu zait urteko azken Ekografia idazteko marro, zera, ohorea. Eta oraindik ez dakit zeri buruz idatzi. Imajinatu, oraindik ez dakit nola pasatuko dudan urtezahar gaua ere: Anne Igartiburu eta Ramontxu Garciarekin, edo Barbara Goenaga eta Klaudio Landarekin —zuek zer aukeratuko zenukete heriotzako itxarongelan, gillotina edo aulki elektrikoa?—. Dakidan bakarra da pasatuko dudala etxean, familiarekin —koinatuarekin ere bai, noski—, ardo botila bat ahalik eta gertuen.

Horrelakoetan egin ohi da —urteko azken egunean zer idatzi ez dakizunean—, telebista urtearen errepasoa; eta, ideia originalagorik ezean, hara 2015ak hondarrean utzi diguna. ETBn, herenegun esan genuen, aro berri batean sartu gara, Goenkale-ren amaiera izan da urteko ebentoa —eta gaur Goenkale Osteko hirugarren eguna—. Gu ta gutarrak izan dugu goi-argi, gidari, espirituarentzako bazka; gaurko afarian seguru berriz bukatuko dugula, kultura musulmanaren eraginez, Asim gainontzeko gutarretatik asko urruntzen ari den eztabaidatzen. Espainia aldeko telebistan, Bertin Osborneren elkarrizketak izan dira deskubrimendurik aipagarriena —nahiz Bertin bera pikatzen den hori esaten dioten bakoitzean, berak telebistan egindako zerbaitek funtzionatzeak harridura eragiten duelako—. Hasi ziren herabe xamar, Francoren bilobarekin, baina goia jo zuten hauteskunde kanpainan eragiten, Pdr Snchz eta Sé fuerte Mariano gonbidatuta, kate publikoaren inpartzialtasuna agerian utziz. Pikoleto gauak ere gogoangarriak izan dira asteartekoak, Olmos y Robles La1n, Mar de plástico Antena3n, azken hori astelehen gauera pasatu zuten arte —auskalo audientzia txarrengatik, edo pikoleto gehiegi zirelako gau bakarrerako—. Frantziako telebistetatik harritu nauena izan da zenbat kasu egin diguten azkenaldian guri, euskaldun gaixooi. Des racines et des ailes programak, adibidez, edo L’Europe des écrivains ezin interesgarriagoak. Pentsa, Gerard Depardieuk ere kasu egin digu, egunean zehar edaten dituen hamahiru ardo botilek utzitako tarteren batean —datu erreala da, hamahiru botilena—. Bada esperantzarik, beraz; ez dago dena galduta.

Urtezahar gaua nola pasatuko dudan oraindik ez dakit. Urte berriari zer eskatuko diodan, ordea, eta telebistari dagokionez, uste dut aspaldidanik daukadala argi.

Penetan dagoeneko

Ez naiz ni penatuko Goenkale bukatu delako. Esan nahi dut: gogoratzen diodan azken kapitulua dela 1998koa-edo. Despedidakoa ere ez dut ikusi —basikoki, Jacques Tatirekin nengoelako: Mon oncle, Jour de fête eta Play time, hirurak jarraian, Arte katean; dei nazakezu edozer gauza, Mursego maitea—. Hala ere, ez naiz euskarazko telesail mitikoenak euskal kulturari egindako ekarpena ez ikusteko bezain itsua. Geratuko zaizkigunak dira: Goenkale, bizitzak zainak labur nobela —urte hartako Euskadi Saria modu ulertezinean irabazi ez zuena—, EHUk jaso duen Goenkale corpusa — «Ibarretxerena baino plan hobeagoa zerabilkiat kasko zahar honetan bueltaka, nire Porrutxo poz-pozik edukitzeko»—, eta bere garaian Iñaki Beraetxe Tximas-ek pertsonalki emandako gomendio bat, ahalik eta gutxien betetzen saiatu naizena: «Kontuz drogarekin».

Ez, baina jar gaitezen serio —dakigunik eta serioen—: Itxaro Borda fan atsolutoak esan bezala, «hiru mila eta hirurehun atal, hogei eta bat sasoi, ehunka antzezle, zuzendari, muntatzaile, musika egile eta gidoi osatzaile parrastak, segundo bakoitzean hogeita lau irudi», gauza gehiegi dira, zutabetxo batean kitatu ahal izateko. Goenkale inportantea zen. Uste baino inportanteagoa. Besteren artean besteen berdin, arrunt, normal egiten gintuelako. La1k orain dituen bezala Acacias 38 edo Seis hermanas. France3k duen bezala Plus belle la vie. TV3k, La Riera. Edo TVGk Pazo de familia. Pentsa, galesek Pobol y Cwm dute, azken 41 urtean —zeinatik hartu zuten Goenkale-rako ideia—. Bada, telebista normal batek exijitzen du bere telenobela. Izan daiteke hobea edo txarragoa —tira, izatekotan, izan dadila ahalik eta onena, noski—. Izan daiteke originalagoa edo kopiagoa —kopiatzekotan ondo kopiatu, ordea—. Izan daiteke aspergarriagoa, entretenigarriagoa, jakingarriagoa —norberak aukera beza adjektiborik egokiena—. Baina badirudi izan behar dela. Eta gurean jada ez da: gaur dugu Goenkale-rik gabeko lehenengo eguna. Urtzi Urkizuk esan bezala, gaur hasi da Goenkale Osteko I. urtea. Aurtengo urtea bukatu aurretik bukatu zaigu aro oso bat. Hondar egunotan ETBn ibili den iragarkiari buelta emanez, aitortuko dut: nik ere ez dut ikusi Goenkale-ko azken kapitulua. Ez naiz ni penatuko Goenkale bukatu delako. Baina penetan nago dagoeneko.

Ai Gabonak

Parkina dezagun momentu batez eztabaida. Gabonak direla, kontxo. Ai Gabonak. Hasteko, sekula ez dut jakin noiz hasten diren zehatz, gaurko egunez edo santomasetan —mozkor-betekadak, seguru, Tomas santuaren babespean—. Aukera egokia berantiarrena izanik ere, alegia Eguberri Eguna, gaur dagoneko ez dugu aitzakiarik Gabonetako izpirituak harrapa gaitzan.

Hori orain artean harrapatu ez bagaitu, noski. Ze ahaleginak martxan daude azken egunetan. Euskal Telebistan, adibidez. Atzo bertan, Olentzeroren etorrera eman ziguten, Bilbotik —eta horregatik agian oraindik ez da iritsi gure etxera—. Gu ta gutarrak saiokoek ere desio ziguten «Olentzerok opari asko ekartzea eta Gabonez asko disfrutatzea», eta aitortu: «Guri dagoeneko ekarri digute oparia: zuek guztiak hor egotea. Zuek zarete gure oparirik handiena!». Zalantza bat daukat, ordea: Gabon garaian, eta kultura musulmanaren eraginez, gainontzeko gutarretatik gehiago urruntzen ari ote da Asim? Oskorri musika banda dagoeneko jubilatuta, snif, Herri txiki kantari pasako digute gaur. Baina Pagadiren graziarekin tapatu nahi arren, betikoa izango da: futbolariak, pilotariak, politikariak, ETBko aurkezleak gargarak egiten, xaramelatan. Ezin galdu orobat urteroko partida-patxanga, larunbatean, Katalunia vs. Euskal Selekzioa. Hemen prozesu soberanista bat abiatzeko modukoa. Ahaztu gabe Goenkale-ren azken atala, 28an, orduan jakingo dugu Boga taberna botako duten —irakurtzean flipatu dut: oraindik zutik zegoen—.

Baina Gabonak tradizionalki kate batekin lotzen dira, TVErekin. Are orain nagusiki Podemos bozkatu dugula —a, eta erabaki dut: Loteriaren zozketarekin hasten dira Gabonak—. Klasikoen itzulera eta berrikuntza iragarri digute. Felipe VI.ak Gabonak euskaraz ere zoriondu dizkigun bideo batekin. Gaurko gauarekin, Raphael. Ven a mi casa esta Navidad. Ikusi dut halaber Telepasión biziberrituko dutela —auskalo ze erreanimazio teknikarekin—. Inuzentekerien programa hamaika aldiz errepikatua ere botako dute berriz. Bertin Osborneren kontzertu bat. Eta bi euskal herritar ilustrek emango dituzte kanpaikadak: Anne Igartiburuk eta Ramontxu Garciak. Berrikuntza non dagoen? Parkina dezagun momentu batez eztabaida. Gabonak direla, kontxo.

Zamarik handiena

Abenduak 20ko hauteskundeak zuzen-zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskaini zigun Euskal Telebistak. Horixe iragartzen zuen EITBk bidalitako prentsa-oharrak, eta halaxe izan zen. ETB1en, esate batera, 20:00etan hasi zen gaua, programa berezi batekin: Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak gidatuta, Pilar Kaltzada kazetariarekin batera, Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak ikusi ahal izan genituen. Zuzeneko konexioak ere egin zituzten alderdi politikoetako egoitzekin. ETB2n, bestalde, 19:15etik aurrera, Estibaliz Ruiz de Azuak, Africa Baetak eta Xabier Lapitzek aurkeztu zuten saio berezia. Eta bi solasaldi mahai izan zituen: horietako batean, Alfredo Retortillo, Juanjo Dominguez eta Felix Arrieta politologoek eta Ana Garbati kazetariak parte hartu zuten; bestean, berriz, EAJko Jokin Bildarratzek, EH Bilduko Iker Casanovak, PSE-EEko Natalia Rojok, PPko Cristina Ruizek, Podemoseko Juantxo Iturriak eta Ciudadanoseko Nicolas de Miguelek. Laburbilduz: ETB1en bi kazetari eta hiru gonbidatu. Hasi 20:00etan. 45 minutu beranduago, alegia. ETB2n, aldiz, hiru kazetari eta lau gonbidatu, gehi politikarien solasaldi bat.

Eta hauteskunde gauaren jarraipen ona egin zuen ETB1k, noski, ez zen egon aitzakiarik ez ikusteko. Baten batek esan dezake, gainera, tira, hain garrantzitsua ere ez dela, adibidez, ETB1en bi aurkezle izatea eta ETB2n hiru —are aurkezle horietako bat Lapitz bada—; adibidez, ETB1en hiru gonbidatu izatea eta ETB2n lau -are euskarazkoan Asier Blas eta Eider Alkortaz disfruta badaiteke-; adibidez, ETB2n politikarien mahai bat egotea eta ETB1en ez —politikarien mahai bat? Nork nahi du halakorik?—; adibidez, ETB1eko saio berezia 45 minutu beranduago hastea —are inkestak ezagutu eta benetako emaitzak eskuratzen hasi arteko tartea zinez asperramorragarria izanik—. Txikikeriak direla guztiak? Baliteke. Ez dut kontrakoa esango. Baina zer arraroa txikikeriak beti alde berera erortzea, ezta? Zergatik ez dira inoiz erortzen beste aldera, zergatik ez da diskriminazio positibo pixka bat egiten, eta lehenesten da euskarazko katea, ahulena, hain txikikeria badira?

Josu Goikoetxeak esana du: «ETB1ek dituen zametako batek badu izena: ETB2». Astea joan, astea etorri, zametako bat zena, ez ote den zamarik handiena bilakatzen ari.

Bide zuzenago bat

Jada ez da bakarrik telebista eztabaida, tertulia, tarte politikoetan. Orain dagoeneko da dantzan, sukaldatzen, gitarra jotzen, edozein gisatako show modutan. Edozein telebista saiotan, nonahi, agertzen dira orain Espainia aldeko politikariak. Kolore guztietakoak. Denak —tira, ahal duenak: Alberto Garzon gaixoa—. Esan dezagun alderantziz: bakanak dira orain politikariak agertzen ez diren programak —pare baten izena esaten badizkit inork, hamar euro emango dizkiot—. En tu casa o en la mía, El hormiguero, ¡Qué tiempo tan feliz!; Sálvame horretara ere deitu zuen oposizio buruak. Lehen beste zerbaiterako ziren saioak —ez galdetu badaezpada zertarako—, gaur egun dira politikarien promoziorako eskaparateak. Ematen du pentsatu dutela —kasu, ematen du—: tira, teleikusleek ez dituztenez ikusten politikari buruzko programak, sar gaitezen politikariok teleikusleek ikusten dituzten programetan. Ondorioa: bestela gustura asko ikusiko nituzkeen saioak, Maria Teresa Camposena esaterako, sekula gehiago ez ditudala ikusiko. Ez behintzat politika berri hori aldatu arte.

Galdera da orduan: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak datorren urtean izango dira, eta, marketin modu horri jarraiki, paseatuko ote dira euskal erdiko hautagaiak ETBko saioetan? Ez, noski, orain artean bezala Egun on Euskadi edota Azpimarra bezalakoetan. Edo En jake eta Minuto a minuto berriagoetan —a ze martxa daramaten, bide batez: Miguel Angel Revilla bera harrapatu dute; ez dut atal bakar bat ikusi, ez eta, politika hori aldatu arte, ikusiko ere—. Galdera da orduan: ikusiko ote dugu Urkullu Gu ta gutarrak saioan, kultura musulmanaren eraginez, Asim gainontzeko gutarretatik asko urruntzen ari den eztabaidatzen? Joango ote da Arnaldo Otegi Zuek hor saiora, Jo ta ke abestia kantatzera, Urdangarin eta Uriberen estiloan? —Rafa Larreina balitz hautagai, sekzio finkoa luke Egi bidean saioan—. Egingo ote du bultaño bat Aitaren etxea telesailean PPko hautagaiak? —beste gauza bat da jakitea zer bandotan, zelaiatarren edo egañatarren aldean—. Zer egiteko prest dago Gorka Maneiro, zer gehiago, esan nahi dut, eserlekuari eusteko? Politika reality bilakatzeko prozesu horretan, halere, bide zuzenago bat bururatzen zait: sar daitezela hautagai guztiak El conquis saioko hurrengo aldian. Irabazlea, lehendakari.