Ez bakarrik Espainiatik

Ditxosozko reality horiekin bukatzeko, bestela pentsatuko duzue maite ditugula eta: abian da Gran Hermano 16. Pentsatu orain berau ikusten duten gazteek, hamahiru, hamalau, hamabost urtekoek, ez dutela besterik ezagutu. Mikroipuin gisara esanda: jaio zirenean Gran Hermano bertan zegoen. Besterik da gazte belaunaldi hori errekuperagarria ote den. Notizia batek eman dit atentzioa, ordea: Katalunia independente bilakatzen bada katalanak ezin izango dira Gran hermano-n sartu. El Mundo Today-ren notizia bat zen, egia, baina errealitatea beti da gogorragoa. Ines Arrimadas Ciutadanseko hautagaiak esan zuen: Katalunia independente bilakatzen bada, Espainiatik aterako da. Ze pena ezin dudala botoa eman Kataluniako bozetan.

Beste notizia bat: Han izeneko morroiak gay dela aitortu du —pentsa, ia hiru milioi apaizen aurrean—. Eta, ez hori bakarrik, aitortu du Aritz gustatzen zaiola. Kontxo, eta zergatik ez dit zuzenean esan? Ez, baina Aritz hori ez naiz neroni —domaia—, Santurtziko gazte bat omen, Angel Errok maneiatzen duen informazioaren arabera, «telebistarik ez duena eta, gu guztiok bezala, Anaia Handia sekulan ikusi ez duena». Hanen deklarazioa, goitik behera da ikus-entzutekoa: —«Neskalaguna duzu?». -«Ez, gay naiz». —«Gay zara, ze guai! Ez dut gay txinatarrik ezagutzen. Tira, egia esan ez dut txinatar askorik ezagutzen. Txinan posible da gay izan?». —«Ez dut esaten». — «Espainia oso irekia da. Kanariar Irletan merkatal gune bat dugu, soilik gay-entzat». —«Jainko maitea! Kanariar Irletara joan nahi dut». Eta dena ingeles moduko batean. -«Lagun gay asko dituzu?». —«Yes, very. You go be my new toti». Eta toti uste dut ez dela ingelesa, ez Martinez de Lezea. Baina hizkuntza bakarrik balitz.

Eta barka kontrastatu gabeko datuak, eta demagogia poxi bat egiteagatik, baina txio bat dabil: Herbehereek Anaia Handia-ren bost edizio egin dituzte, Belgikak lau, Frantziak zortzi eta Espainiak hamasei. Eta eskola abandonu tasa Herbeheretan %2 da, Belgikan %9, Frantzian %14 eta Espainian %28. Gero jakin nahiko dute zergatik katalan batzuek, askok, nahi duten independente bilakatu. Nahiz horrek, ez bakarrik Espainiatik, batez ere Gran Hermano-tik ateratzea ekarri.

Addenda

Angel Erro berriz: “Bukaerako datuek, zoritxarrez, badute gezurtapena. Estatu Batuetan 18. Anaia Handian doaz, Alemanian 12.ean, eta eskola uztearen tasa ~%10ekoa da”. Eskerrak demagogia egiten ari nintzela abisatu dudan.

Ikusle eske

Lehenengo eta azken zutabeetan agur testuak idazteko daukagun joera txatxu horren erruz, ikasturteko estreinakoan ezin izan nuen nahi bezain zabal hitz egin Euskaldunak saioaz. Eta, kontxo, nik uste merezi duela. Esan nahi dut, euskal telebista publikoan kalitatezko saioak ez ditugu sobera, horrela, pare bat lerrotan haizatzeko. Eta Euskaldunak gustura asko ikusten uzten den saio bat da, patxadatsua, bildua, zukutsua —joan den igandean, limonada masustekin—. Gainera, zer demonio, denboraldiko bigarren ataleko gonbidatuen artean adiskide handi bat zegoen —aizue, bestela ni izango naiz adiskideak harrotzen ez dituen ergel bakarra—. Adiskideak adiskide, aitortu beharra dut inoiz baino zailago ikusi nuela gonbidatuak saioko dos caballos horretan sartzea. Lortu zuten.

Baina susmoa dut aitzakia horiek ez direla Euskaldunak saioaz bigarrenez aritzeko motibo nagusia. Azken egunotan atentzioa eman dit saioaren —eta dos caballos horren— gidari Hasier Etxeberriak publikatu duen testu batek. Labur, biltzen zuen Etxeberriak 1984tik daramala lanean ETBn, aipatzen zituen egin dituenak, jasan behar izan dituenak —bere hitzetan, hainbat izen potolo: «Zenbat agintari eta buruargi ez ote dugun gaurgero etxe bedeinkatu honetan ezagutu!»—. Eta bukatzen zuen esaten Euskaldunak saioak ez duela hautsik harrotu, apenas gainditu dituela katearen datu kaxkarrak, eta datozen hiru igandeetan emitituko diren saioetako audientzien araberakoa izango duela geroa.

Nik ere, Etxeberriak bezala, pentsatzen dut halako zerbait behar duela gaur Euskal Telebistak, alegia, euskaldun seinalatuek beren bizitzaz, lanaz eta pentsaeraz lasai jardungo duten saio bat. Euskarazko katean, jakina. Eta, Etxeberriaren aspaldiko erronka bati helduz —euskal gaztelania hiztunengana euskal euskaldunon zerak iritsaraztea—, nik ere pentsatzen dut gaztelaniaz azpidatzi eta gaztelaniazko katean ematea ere komenigarria litzatekeela, gaztelaniazko komunitateak izan dezan euskaldun apurron albiste. Baina, orain, partidaren minutu honetan, horrela ibili behar izateak ere, ikusle eske, bada, badu etsigarri puntu bat. Eta hau ez da eskakizuna egin duenarenganako kritika, ez bada Euskaldunak bezalako saio bat goxatu, zaindu, babestu beharko luketen arduradun horienganakoa.