Orain dugu aukera

Egunak zeramatzaten iragartzen: iritsi da azkenean Siberia. Eta ez bakarrik tenperatura jaitsiera zakarragatik. Hemen da sareko telebista saio satiriko berria, aktualitate sozial, politiko eta kulturala umorez aztertuko duena, erreportaje, esketx eta beste hainbat atal konbinatuz egungo panorama soziopolitiko eta kulturaleko protagonistei egindako elkarrizketekin —ño, ze instituzional geratu zaidan dena—. Lehen emanaldia hasi zuten guardia zibilen protesta batean. Marea zuria, marea berdea eta orain trikornio marea. Ondo ekin zioten, batarekin eta bestearekin sartzen. Baina gero Podemoseko agintari bat harrapatu zuten: «Beren eskubideen alde borrokatzen diren guztiekin gaude, eta guardia zibilek ere murrizketak jasan dituzte» —beste kontu bat da ea izan diren behar bezain beste, baina tira—. Eta, labur esateko, M-15 inguruko jendeagandik etorritako saio bat izanik, iruditu zitzaidan Podemosen jarrera zuritzeko ahalegina. Pertsonalki irensten zaila egiten baitzait alderdi horrek oro har segurtasun indarrekiko agertu duen gertutasuna.

Baina atal gehiago ere badaude. El parte izenekoa, zeinean notizia irrigarriak ikus-entzuten dituen ustezko familia modu batek -adibidez, Nacho Canok disko benefiko bat aterako duela bere musikak utzitako biktimak laguntzeko-. Edo Plaza palabra, non oinezko jendeari krisia, konstituzioa, zorra, modan dauden hitzen definizioa eskatzen zaion. Azkenerako utzi zuten, serioxeago jarrita, plater nagusia, hizketaldia: Rita Maestre eta Xulio Ferreiro —batez ere Xulio Ferreiro, ze ona—. Madrilgo Udaleko bozeramailea lehena eta Coruñako alkatea bigarrena. Urteak gauzak aldatu behar direla esanaz, eta orain dugula egiteko aukera. Baina zapatisten hura egin behar dela, obedituz gobernatu; herritarren esanari, noski. Aviador Dro musika taldearen aipu batekin bukatzeko: telebista nutritiboa da.

Orain, horrela, Siberia-ren lehen atalaren errepaso azkar bat eginda, kontxo, zenbat gogorarazi didan Beranduegi. Eta zenbat sumatzen dudan faltan —bai, badakit paperean berpiztu dutela, baina, snif, ez da gauza bera—. «Nekatuta nago gauza beti berdinak ikusteaz telebistan», bota zuen ustezko familia modu horretako amonak. Horrexegatik, eta guk halakorik egin artean, zenbat eskertzen diren Siberia bezalako asmazioak.