Sakrifizioak

Aurrerantzean interesgarria izango da ostiraletako lehia telebisiboa! Tira, Espainiako kate pribatuetan lehiatuko diren bi saioen zaleak ez garenontzat, ez da zirraragarria izango. Baina, aizu, Antena3 kateari aitortu behar zaio balentria: Allí abajo telesailaren denboraldi berria ostiraletan jartzea erabaki dute, Sálvame deluxe arrakastatsuarekin lehiatzeko. Tu cara me suena lehiaketaren denboraldia amaitzear dagoela, otsailaren 12an hartuko du Plano a Plano ekoiztetxearen telesailak lekukoa. Gogora ekarri dit Canal +ek eskaintzen zuen Vikings telesail marabillosoa: protagonistek ondo zekiten noiz sakrifikatu behar zuten eta ondorioz hil, noski, taldearen hobebeharrez. Biziraupenaren ajeak. Gainera, pozik egiten zuten heriotzara bidea, izan ere, hiltzeari zentzua ematen zioten. Baikorrak izan gaitezen, eta pentsa dezagun Espainiako farandularen inguruko txutxumutxuak baino deigarriagoak izango direla fikzioak ekarriko dizkigun maitasun kontuak.

Allí abajo-rekin lotura estua —pantailan eta pantailatik kanpo— du Oscar Terolek. Sakrifizioaz zerbait badaki. Izan ere, telesailari gertatuko ez zaiona gertatu zitzaion berari La Sexta katerako egin behar zuen ¿Tú que sabes? lehiaketarekin. Gogoan daukat Gabonetan ikusi nuela, eta kostata ulertu nuela zein zen lehiaketaren funtsa. Alegia, nondik nora zihoan edota zergatik izan behar zuen interesgarria. Asko aspertu nintzen. Kontua da programa horren hiru atal grabatu zituztela, kateak grabazioa bertan behera uzteko agindu zuenean. Beraz, materiala aprobetxatze aldera, Gabonetan eskaini zituzten zerbait berezi izango balitz bezala. Emankizun bereziak, uler dadila.

Tiraderetan geratzen diren proiektuez ari garela… Bai, lagunok, horixe bera: Non dago Safari Wazungu? Berriz ere programatuko dute? Egunek aurrera egiten duten heinean, reality-aren protagonisten bizitzak ere bai, eta luze jotzen badu itxaroteak, posibleki gaurkotasuna galduko du bertan gertatutako guztiak. Agian GHVIP saioa amai dadin esperoan daude. Ulertu beharra dago konpetentzia zuzena egitearena zaila dela eta zartako ederra izan daitekeela galtzaile suertatzen den katearentzat. Kalitateaz beste egun batean hitz egingo dugu. Dirudienez, inportanteena baita sakrifizioak ez direla edonorentzat.

Erresistentzia

Telebista kontuetan sare sozialek aparteko garrantzirik ez duten arren, audientzia termometro bat dira. Aparteko garrantzirik ez dutela diot, ez baitute oraindik asmatu horiei esker telebistari lotuta dirua sistematikoki nola lor daitekeen —eta ez, ez ditut ahaztu hainbat produkturen txio-iragarki babestuak, kalaxnikov batekin tiroak airera botatzeko gogoa pizten dizuten horiek—. Sinplea da, transakzio gune bilaka ezin daitekeena, ez dauka interes enpresarialik. Etxean audientzia neurgailua dutenei ordaintzen zaien legez, hainbaten txioak ekonomikoki errentagarriak balira, a zer negozio puska!

Traolen erabilera kopuruak Youtuben erreprodukzioek bezala dirua emango balute —ideia gehiegi ematen ari naiz—, Ocho apellidos vascos filmak poltsikoak are gehiago beteko lituzke. Asteazken gauean, trending topic izan zen. Normala deritzot, hein batean, filma ikustera bortxatu baitzuten ikuslea. Nola? Cuatro eta Telecinco kateetan aldi berean emanda. %48,1eko ikusle kuota lortu zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban —lortu edo lapurtu?—. Hala ere, bi kateetan film bera eman arren, Telecinco 257.000 ikuslerekin nagusitu zen, eta Cuatrok 133.000 ikusle izan zituen.

Elkartasun astea dudanez, besarkada handia bidali nahi diet oraindik ere filma ikusi ez dutenei. Badakit memoria historikoaren bonbardaketa sarraskitzaile eta anestesikotik aldentzea gogorra dela. Baina, lasai, laster batean kalera askatasun osoarekin atera ahalko garelako; umorea horren ondo lantzen duen filmak —zinez uste baitut gidoilari paregabeak izan dituela, eta bide batez, publikoki batere ondo tratatu ez dituztenak—, dirudienez, ez baitu gure hizkuntzan errotuta geratuko den esaldirik ez eta hitzik ere sortzea lortu. Ezingo gaituzte garaitu, V telesailean bezala. Izan ere, ondo antolatutako erresistentzia talde bat gara.

Badakit Galarragak bere aurreneko despedidan telebistak bizitza kendu diola esan zuela, baina, telebistan ikusi dudanez, telebista ikustea ez da txarra —salbatuta gaude Galarraga—. Gertutik ere ez: gurasoek gezurra zioten pantailara gerturatuz gero itsu geratuko ginela ziotenean. Hori eta beste irakatsi zizkigun Orbita Laika zoragarriak asteazkenean. Eurak ere trending topic izan ziren, baina osteguneko egunkariek ez dute txintik esan hortaz.

Haur izateko adabakiak

Tarzanek Chitaren garrasiak entzun eta lianaren bila begirada altxatzen zuenean bezala egin dut nik. —Ez zaude bakarrik, banoa!—. Elkartasun sentimenduak piztu dizkidate Galarragaren kexuek. Telebistak kaka putza baino okerrago tratatu duen Celebrities hartako Manu Chao bezala, laguntzeko prest altxatu naiz ohetik —Solidaria!— Galarragak dio nik saio moloiagoak ikustea ez dela bidezkoa, eta berdin kobratzen dugula. Bada, arrazoi du eta emankizunen zerrendan topatu ahal izan dudan anti moloiena ikusi dut. Tonu dramatikoan neure burua zurituko dut esanez beragatik egin dudala, gugatik. Telebista, oraindik, maite dugunon alde egiteko. Auzo lotsa eman didana lerro hauetara ekartzeko.

Espero dut sufritzen dugun bakarrak gu biok ez izatea. Izan ere, gero eta jende gehiagok aitortzen dit ez duela telebista ikusten, edo are gehiago telebista aparaturik ez daukala etxean. Nik neuk, aparatua badudan arren, behin baino gehiagotan aitortu dut Nahieran zaleagoa naizela. Hau da, zer, non eta noiz ikusi nahi dudan aukeratzearen aldekoa naizela. Non geratu dira gurasoen «Son Goku 21:00etan hasiko da, aurretik afaldu eta ondoren ohera joango zara» horiek guztiak?

Tankerako esaldiak geratu ziren haur izateko ohorea izan genuenon memorian. Bai, Telecinco ikusi dut berriz. Cámbiame saio horretan, oraingoan, helduak ez ezik haurrak ere itxuraldatu dituzte, eta gogaikarria iruditu zait. Hamasei urte inguruko hiru gazte izan ziren protagonistak: dantzariak diren bi neska eta mutil bat. Haien gidari, Espainiako blogger famatuenen kofradiakoa den estilista, Londresen ikasitakoa —hau da, Galarragak eta biok kobratzen dugunarekin bizi dela, noski—. Saioan zuritzen saiatzen diren arren, hasierako karetatik amaierako kredituak arte, itxura heteroarautua izatea ezinbestekoa dela sustatzen dute. Makillajearen maskararen atzean gordetzeko beharra azaltzen digute. Heldu ahaldundu gabeekin egiteak delitua du, baina umeak doktrinatzeak Goebbels deabrukumearen herentzia dirudi.

Sistema lehertzeko modurik eraginkorrena barrutik eragitea denez, aurrerantzean adabakiak erabil ditzagun aldarrikatuko dut. Gazteenek arropa apurtzeko beldurra izan ez dezaten. Alegia, eurek izan behar omen duten hori apurtzeko beldurrik izan ez dezaten.