Zer bihurtu garen

Cites ikusten uzten zen telesail bat da. Misteriorik ez du: Interneten kontaktua egin eta zita bat lotzen dute unean uneko protagonistek, gizon nahiz emazte, zahar ala gazte. Azkenaldian edonon jartzen duten Firts dates hori bezala, baina fikzioan —eta Carlos Soberarik gabe—. Bestela esateko: norberaren amore minak biziaraziko dituen saio bat, tentsio sexualeko eszenak barne —edo tentsio sexualeko eszenak, batez ere; eta ez diot ironiarekin, osasungarria iruditzen baitzait oso—. Praktikan jarrarazten du, gainera, gehien gustatzen zaigun kiroletako bat, txutxumutxua: sandiek ohean bukatuko dute, urliek lagun, berendiek ez dute bi Gaur egun ere iraungo. Bere xalotasunean, tira, ikusten uzten zen, eta zertarako engaina: harreman batzuek pizten zuten, astelehen gauetan, itzalita zegoen zerbait.

Baina azken kapituluak erabat sutu nau. Eta ez zentzu positiboan. Ulertzen dut hasieratik hona aldaketak egin izana, deituko diete doiketak; ulertzen dut hasieran gehiago lotzea originalari, Dates britainiarrari, eta mugatzea batez ere, bada, horixe, Interneten kontaktua egin ondoreneko zitari, eta denborarekin askatzen joatea, molde propioagoen bila. Baina ez dudana ulertzen da bilakatu izana nerabeentzako telesail aurreikusgarri, gatzgabe, lotsaemangarri batean. Labur: lehen txortalagun izan zitezkeenak, orain dira harreman korapilotsu, txotxolo, konbentzionalak. Sugetzarretik gero eta gertuago dagoela, alegia. Eta ez dudala ulertzen esan dut, baina, gezurra: ulertzen dut, noski, ikusita azkenaldian TV3n arrakasta izan duten telesailak zein izan diren. Hemen inoiz aipatu eta Maite Iturbek ere ahotan hartu duen Merlí, adibidez, kapituluko 200.000 euro balio dituen hori, orain La Sextan ikus daitekeena (eta, bai, telesailak ez dira bakarrik ekoizten, erosi ere egin daitezke). Eta segur aski TV3eko inoizko arrakastarik handiena izan duen telesaila, Polseres vermelles, Espainia aldean Antena3ek eman zuena, eta gero ABC estatubatuarrak erosi —ez da, Aitaren etxea-ren kasuan bezala, ERT kate greziarra, baina zer nahi duzue—. A, beste txikikeria bat: Steven Spielbergek ere eskuratu ditu eskubideak.

Cites, beraz, zer ginen eta zer bihurtu garen. Baina, egia esan, ez ote zaigun hori gertatzen denoi, harremanetan; telesailekin ditugunetan ere bai.

Grisak gustuko dituena

Astelehen gauarekin bukatu zen, snif, Nit i dia. Lehen denboraldia. Eta hemendik aurrera askoz ere lasaiago biziko naizen arren, badakidalako —spoiler alert— atsoak seriean hiltzen zituen asasinoaren mehatxua bukatu dela —mehatxu telebisiboa, ez pentsa orain kaletik beldurrez nindoala; ez behintzat horren beldur—, bada, era berean, ezin izan diot tristura poxi bati izkin egin, hain nengoen telesailari katigatuta. Izan ere, aspaldi honetan ikusi dudan onena baita. Telesail adituak zaretenontzat —eta, aparra dezente jaitsi dela iruditzen zaidan arren, esango nuke oraindik bazaretela gutxi batzuk—, inpresio soila baino iritzi arrazoituago bat beharko duzuenez, motiboren bat behintzat telesaila ikusi, ez ikusi erabakitzeko, esan, thriller bat dela, beltza, haatik grisak gustuko dituena. Hasiera-hasieratik dakigu nor den atso hiltzailea, pertsonaiarik gaiztoetan gaiztoena, baina telesailak aurrera egin ahala, gainontzekoak ere pasako dira, gara, pixkanaka alde ilunera. Ez da bakarrik erakusten odola, erakusten da, halaber, haragia, ausartuko nintzateke esatera nobedade dena; eta ez bakarrik autopsia mahaian: berdin hotel batean, piszina ertzean, ez zorionez asasinoaren ekinean. Eta bere garaian aipatu nuen, baina pasaeran bezala: bereziki euskaldunontzako interesgarria den azpitrama bat izan du telesailak, Aitor eta Miren pertsonaiena, zeini hurrenez hurren emaztea eta ama hil baitzien ETAk; eta non besteak beste kontatzen den biktima horiek, zehaztuko dugu Aitorrek, inkontruak dituela emaztea hil zioten komandoko kide batekin kartzelan. Baina, benetan, ahaztu gaiari buruz burura datorkizuen ikus-entzunezko erreferentzia oro: esango nuke lehenengo aldiz eta behingoagatik gerturatzea dela sanoa, sinestekoa, barka pedantekeria baina artistikoa. Ados, baliteke orain arteko guztiak oraindik konbentzitu ez izana. Bada, esan beharra dizuet Itxaro Bordak ere maite izan duela, eta ez bakarrik maite, idatzi ere idatzi diola. Berripaper honetantxe, Xala forever izeneko artikuluan: «Nit i dia telesailak zoratzen nau bai» —eta «Eibarko Astelena ezker-paretan, Xala gureak, hegoaldean eskaini zuen azken pilota partiduaren etengabe berrikusteak». Normal—. ETBk egokitu baino, erosi, bikoiztu —edo azpititulatu, ados, Urtzi Urrutikoetxea jauna— eta lasai asko emateko modukoa.

Ziur aski, hilezkorra

Iragan den Aste Santua izan da, ez Jesusito, baizik eta Johan Cruyff handiaren pasio, heriotza eta auskalo pizkundearena. Harritu nau gurean inork ezer esan ez izana —tira, gezurra, Josemari Pastorrek aipatu zuen: 1974. urtean, izenak espainiera hutsez idatzi behar ziren garaian, Katalunian bizi zen atzerritar batek frankismoari aurre egin ziola esateko; katalanezko izen ofizial eta legezkoa jarri zion semeari: Jordi Cruyff. Nahiz nik koinatu bat dudan, Aleix, izen katalan horrekin 1970ean erregistratua—. Eta hor zehar futbolari, entrenatzaile eta abarreko figurak nabarmendu zaizkion moduan, utzidazue Johan Cruyff telebista pertsonaiari buruz hitz egiten hemen. Ezagun da, agian gutxixeago futbol entrenatzaileak, baina jokalariak dagoen eta gauzarik anti-telebisiboena direna. Eta egia da, minutu batean esateko gai diren bueno kantitatea ikusita. Herbeheretar hegalariak, ordea, jokoa banatu izan du, ez bakarrik soropilaren gainean. Akaso izango da pentsatzen zuena kanporatzeko inolako filtrorik ezagutu ez duelako. Edota Guiness errekor baten jabe zelako: Cruyff izango da herrialde batean denbora gehien pasatu eta bertako hizkuntza —gaztelaniaz ari naiz, katalanez ez baitiot sekula hitz erdirik entzun— traketsen egiten zuen gizasemea. Hori da hori, el peloto, un partida, Laporto, genero gramatikal bakar bat ere ez asmatzea. Baina horrela eman zituen eman zituenak: «Pilota guk badugu, besteek ezin digute golik sartu»; «italiarrek ezin dute irabazi; baina haien kontra gal dezakezu, bai»; eta besteren gainetik, Madrili hiru segundoz hegan egin ondoren sartu zion gol hura bezala, historiara pasatuko den gallina de piel gogoangarria.

TV3k erreportaje pare bat berreskuratu zituen zendu zen gauean: L’últim partit. 40 anys de Johan Cruyff a Catalunya eta Cruyff, un tomb per la vida. TDP kateak, bere aldetik, Conexión vintage —irakur bedi vintash— bat. Risto —ez, noski, Stoichkov— Mejiderekin chesterra partekatu zuenekoa ere eman zuten Cuatron. Horri esaten zaio gerria, eta ez Gurpegirenari. «Katalanak ez ziren ausartak, eta horregatik fitxatu nituen lau euskaldun». Gustura entzungo nioke orain euskaldunez esango lukeena. «Neurri batean, ziur aski, hilezkorra naiz». Iragan den Aste Santua izan da, ez Jesusito, baizik eta Johan Cruyff handiaren pasio, heriotza eta telebista pizkundearena.

Gaur egungo munduak

Momentu historiko bat zuzenean bizi izanaren sentsazioa. Non zeunden gizona —ezen ez emakumea— Ilargira iritsi zenean, Dorre bikiak eraitsi zituztenean —etxean eta galtzontzilotan, uste dut hemen esan izan dudala—, Goenkale-ko Maria Luisa hil zenean? —gugan bego, bide batez, Kontxu Odriozola—. Zuzenean bizi izan genuen Arnaldo Otegiren akastasuna. ETBtik ere bai, zer demonio, gauzak ondo egiten direnean esan egin behar da. Ez, noski, ETB2tik, partida inportanteak jokatzen diren katetik —El Conquis ari ziren ematen—; baina bai euskarazkotik, Estepan Aldamiz-Etxebarriaren konpainian —«eta egin gendun hegan», abesti sonatuak esango lukeen moduan—. Albistegietan esan ziguten gero gaur egungo munduak ez duela zerikusirik orain sei urte Otegik kalean utzi zuenarekin —hori da ez nautelako ikusi neroni: berdin-berdin jarraitzen dut dozena erdi urteren buruan—.

En fin. Berri ona da Otegiren kaleratzea, berri ona den bezala telebista publiko katalanak Nit i dia telesaila abian jarri izana. Orain ematen du hitz beste egiten ari naizela, baina, itxaron, aguantatu mesedez bukaeraraino. Nit i dia da telesail katalan bat, behar den moduko thriller bat, aspaldi handian ikusi dudan onena. Eta ni ez banauzue sinesten, honatx Monica Planas telebista kritikari ez bereziki onberak dioena: «De les millors produccions pròpies de TV3. O fins i tot la millor». Labur: yankia balitz, ibiliko ginela denok deskargatzen berehala. Eta guri dagokigunez, pertsonaia batzuk euskaldunak dira, Aitor eta Miren aita-alabak, baina ez genekien zehatz nondik nora, zergatik, iritsi ziren Kataluniara. Bosgarren kapitulua iritsi den arte —spoiler alert—: ETAk emazte-ama hil zien. Kontxo, eta ikusten duzu biolentzia politikoaren gaia, ETArena, modu aski naturalean landua, ez batere manikeo, bigarren lerroko korapilo batean, biktima baten zalantza logikoak azaleratuz, eskaintzen diotelarik bere emaztearen hiltzaileekin elkarrizketa erreparatzaile horietako bat.

ETAren bukaeran lagundu duen Otegik telesail bat ikusi ahal izango du orain, zeinean ETAren biolentzia agertzen den modu natural, ez manikeo, are bigarren mailako batean. Definitiboki, gaur egungo munduak ez du zerikusirik orain sei urte Otegik kalean utzi zuenarekin. Eta ez da dena okerrerako izan.

Nola kendu burutik

Ikusi nuenetik, ez zait burutik kendu. Ezin izan dut burutik kendu. Dokumental bat da, TV3 kate katalanean eman zutena, Sense ficció izeneko tartean: To Kyma. Rescat al mar Egeu. Izenburuak argitzen digun moduan, Egeo itsasoan azken garaiotan errefuxiatuek bizi duten dramaren berri ematen digu, gobernuz kanpoko erakunde bateko kide batzuen bizipenen atzetik —To Kyma ostatu hartzen duten etxearen izena da, detaile garrantzirik gabea—. Badalonako sokorrista batzuk dira, Greziako Lesbos irlara joan direnak, helburu bakarrarekin: bizitzak salbatzea. Boluntarioak, noski, esku hutsik daude, lau trapu, neopreno jantzi bana bakoitzarentzat, aleta pare bat. Egiten ari diren guztia herritarren laguntzari esker egiten ari dira, administrazioaren laguntza txikiena gabe: «Ez gaituzte ordezkatzen ez gure gobernuak, ez Europako gobernuek ere; hemendik aurrera berdin jarraituko dugu ekinean, itsasoaren legeen arabera beti: dena eman behar da arriskuan dagoen jendea laguntzeko».

Baina dokumentalak aurrera egin ahala, boluntario taldeak uzten dio protagonista izateari, gertatzen ari den drama inhumanoa hain da handia. Mota guztietako txalupa, ontzi, barkuak, jendez eta jendez mukuru guztiak, itsaso bare, zakar, berdin ekaitzaren erdian. 8.000 pertsona irits daitezke egun berean. 2015ean, 800.000 errefuxiatu inguruk gurutzatu zuten Turkiatik Egeo itsasoa, erdiak siriarrak. Bigarren Mundu Gerratik gertatu den mugimendu migratzaile inportanteena omen da. «Jendeak hau guztia ikusiko balu», kexu agertzen da Badalonako sokorristetako bat. Bada, ikusi ahal izan dugu, telebista publiko baten ekoizpenari esker, prime time-an eman duelako. Eta detaile horiek ere ezin izan ditut burutik kendu.

Nola kendu burutik, ordea. Egunero, ez badira 43 hildako —tartean 17 haur—, 21 direlako —tartean sei haur—; ez badira hamabi pertsona itsasoan hilak —tartean zortzi adingabe—, 39 baitira —horietako bost, haurrak—. Nola kendu burutik, egun pasa bazoaz itsasertzera eta edozein olaturen mugimenduak pentsarazten baitizu edozein unetan ager daitekeela errefuxiatuz betetako ontzia, edo are hemendik bost minutu barru atera behar dela Greziako kostaldera eramango zaituen plastikozko barkua. Eta bien bitartean Europa, besoak antxumaturik, begira. A, Europa zu eta ni ere bagara.