Ziur aski, hilezkorra

Iragan den Aste Santua izan da, ez Jesusito, baizik eta Johan Cruyff handiaren pasio, heriotza eta auskalo pizkundearena. Harritu nau gurean inork ezer esan ez izana —tira, gezurra, Josemari Pastorrek aipatu zuen: 1974. urtean, izenak espainiera hutsez idatzi behar ziren garaian, Katalunian bizi zen atzerritar batek frankismoari aurre egin ziola esateko; katalanezko izen ofizial eta legezkoa jarri zion semeari: Jordi Cruyff. Nahiz nik koinatu bat dudan, Aleix, izen katalan horrekin 1970ean erregistratua—. Eta hor zehar futbolari, entrenatzaile eta abarreko figurak nabarmendu zaizkion moduan, utzidazue Johan Cruyff telebista pertsonaiari buruz hitz egiten hemen. Ezagun da, agian gutxixeago futbol entrenatzaileak, baina jokalariak dagoen eta gauzarik anti-telebisiboena direna. Eta egia da, minutu batean esateko gai diren bueno kantitatea ikusita. Herbeheretar hegalariak, ordea, jokoa banatu izan du, ez bakarrik soropilaren gainean. Akaso izango da pentsatzen zuena kanporatzeko inolako filtrorik ezagutu ez duelako. Edota Guiness errekor baten jabe zelako: Cruyff izango da herrialde batean denbora gehien pasatu eta bertako hizkuntza —gaztelaniaz ari naiz, katalanez ez baitiot sekula hitz erdirik entzun— traketsen egiten zuen gizasemea. Hori da hori, el peloto, un partida, Laporto, genero gramatikal bakar bat ere ez asmatzea. Baina horrela eman zituen eman zituenak: «Pilota guk badugu, besteek ezin digute golik sartu»; «italiarrek ezin dute irabazi; baina haien kontra gal dezakezu, bai»; eta besteren gainetik, Madrili hiru segundoz hegan egin ondoren sartu zion gol hura bezala, historiara pasatuko den gallina de piel gogoangarria.

TV3k erreportaje pare bat berreskuratu zituen zendu zen gauean: L’últim partit. 40 anys de Johan Cruyff a Catalunya eta Cruyff, un tomb per la vida. TDP kateak, bere aldetik, Conexión vintage —irakur bedi vintash— bat. Risto —ez, noski, Stoichkov— Mejiderekin chesterra partekatu zuenekoa ere eman zuten Cuatron. Horri esaten zaio gerria, eta ez Gurpegirenari. «Katalanak ez ziren ausartak, eta horregatik fitxatu nituen lau euskaldun». Gustura entzungo nioke orain euskaldunez esango lukeena. «Neurri batean, ziur aski, hilezkorra naiz». Iragan den Aste Santua izan da, ez Jesusito, baizik eta Johan Cruyff handiaren pasio, heriotza eta telebista pizkundearena.

Ea definitiboki den

Ez dira asko-asko, zoritxarrez. Baina izan badira zorion egun gutxi batzuk telebistaz ari garenontzat ere. Esan nahi dut ohikoan zirin zopa tokatzen zaigula, baina tarteka izaten ditugula poz pilula batzuk. Eta, kontxo, gaurkoa da egun zoriontsu horietako bat. Hara: TVEk supituki kendu du Patricia Gaztañagaren saio berria, Cuestión de tiempo deiturikoa. Bi aste baino ez du iraun, bederatzi emanaldi. Kentzeko aitzakia ikusle kuota izan da. Antza, hondamen hutsa: batez beste %4,2koa; sekula ez %5etik goiti. Desastre. Eta bere partez Centro médico izugarri horren bigarren kapitulu bat jarriko dute, errepikatua. Ez dugu beste munduko ezer irabaziko. Baina, tira, Gaztañaga kenduko dute behintzat. Ez da gauza gutxi.

Gaurko egunetik erraza da, noski, saioa kentzea denbora kontua zela esatea, txistea ere egina zegoen eta. Ikusi eta gero, mundu guztia ahobero. Baina zein izan zen lehenengoa, e? Zein? Bada, bai, Palacios: «Cuestión de tiempo saioarena horixe bera izan daiteke eta: denbora kontua». Eta ez da meritua kentzearren, baina begira zertan zen itxuragabekeria: pertsona batek beste bati bidaltzen dio kaxa bat, barruan mezu bat daukana; eta denboragarrenera irekitzen dena. Zein da grazia? Jakin nahiko nuke nik ere. Baina bestela zen betiko gauza eta berdina: haur garaiko mutil-laguna harritu nahi duen emakumea; semearen ametsa konplitu eta Real Madrilen futbol zelaia bisitatzen laguntzen dion ama; gurasoei krisi garaian emandako laguntza guztia eskertu nahi dien alaba; lagun mina ezkontzara ez gonbidatzearen arantza berrogeita hamabi urtez barruan eraman duen emaztea. Eta tartean, nola ez, gaixotasun, zoritxar, makurkeria sorta amaiezina. Pornografiarik gogorrena. Guztia ere ikus-entzulearen malko erraza ateratzeko intentzioarekin, prefosta. Gaitzerdi ez badio ateratzen bazkari garaian sabeleratu duen guztia.

2013 gero eta urrunago hartan, lortu genuen Patricia Gaztañaga ETBtik kanporatzea, Ongi etorri saio doilor haren ondotik —tira, egia esan, eta insistitu nuen arren, ez zuten nire zutabeengatik bota; berripaper honetara bi irakurlek bidalitako letter gogoangarrien ondotik izan zen—. Eta orain lortu dugu berriz Patricia Gaztañaga TVEtik kanporatzea -tira. Palacios izan da, baina ez ahaztu ekipo bat osatzen dugula. Ea oraingoan definitiboki den.

Zortzi kirol euskal-nafar

Esan dugu frantsesak ari direla guri begira azkenaldian, eta zer injustuak garen, gaixo lagun espainiarrak, ari dira-eta halaber guri kasu egiten. Are orain, katalanen aldean, seme-alaba txintxoak bilakatu garen honetan. Kirolzalea izanik gainera, kirola telebistaz ikusi zalea, alegia, bereziki poztu nauen programa batean: Espainia aldeko telebista publikoko bigarren katean, Conexión vintage —irakur bedi vintash—. Ocho deportes vascos izenburu ezin originalagoarekin, un programa de deporte vasco-navarro —momentu batean País Vasco, Navarra y País Vasco francés ere erabili zuten—.

Bada, bai, askorako ematen baitute kirol euskal-nafar horiek —uler bedi harri jasotzea, ahari talka, sega jokoa, artzain probak, korrikalariak, aizkolariak, sokatira, estropadak eta pilota, eskuz nahiz erremintaz. Bederatzi ateratzen zaizkit guztira, baina tira—. Adibidez, Jose Antonio Lopetegiren istorioa ezagutzeko, Agerre II.arena, harri-jasotzaile gipuzkoar oso-oso ezaguna, Julen Lopetegiren aita, egun batean Francori ezetz esan ziona, ez zuela izan nahi bere boxeolaria. Ifrentzua ere agertu ziguten, Jose Manuel Ibar, Urtain, Francori kasu honetan baietz esan ziona. Garaikideago, Iñaki Perurena, levantador y bertsolari, harriaren aurreko indarra sentsibilitatearekin eta poesiarekin eta artearekin bateragarria dela erakusten diguna. Harri jasotzea omen, saioko adituaren arabera, euskal kirolik gogorrena. Perurenak, aldiz, kirol horretako ikur baina eskultore, aktore, poeta, erakusten digu izan zaitezkeela harri-jasotzaile eta ez horregatik harri kozkor: «Izerditan, izerdiz, izerditsu/izerdi blaia, izerdi putzua/izerdia, izerdia, izerdia». Baina ez gaitezen tronpa: saioa ez zen izan indarrari egindako gorazarrea, ez bada zortzi kirol euskal-nafar horien —niri bederatzi ateratzen zaizkit, baina tira— jatorri, historia eta edertasunari eskainitako kantua.

Eta hori guztiori Orson Wellesen dokumental dagoeneko famatu hartako irudiekin, No-doak 1960an eta 1970ean eman zituen dokumental pare bateko irudiekin —azken horretan, cuatro provincias vascongadas aipatzen ziren—. Hori guztiori Itoiz, Sorotan Bele eta besteren musikarekin —eta horiek bai vintash—. Hori guztiori ordu eta erdiko dokumental zentzu askotan, ez soilik kirol arloan, nahikoa interesgarrian.

Egun batzuez

Frantzia-Alemania futbol partida ikusten ariko bagina, jakingo genuke Parisko atentatuen berri zuzenean, entzun baitzen bonba baten eztanda, 16. minutuan, pilota arriskurik gabe zelai erdian zegoela, Patrice Evrak atzera pasea, boom, eta jarraian Saint-Denis estadioa betetzen zuen jendearen orroa, erdi txantxa, erdi sustoa. Baina ikusten ari ginen Espainia-Inglaterra, eta bakarrik entzun ahal izan genituen Gerard Pique jokalari katalanaren kontrako txistuak, ez bakarrik 16. minutuan, pilota ukitzen zuen bakoitzean —gaixoa Pique, espainiar askok katalanekiko duten herraren jomuga bilakatu baita—.

Ikusten ariko bagina jarraian Kataluniako telebista publikoa, jakingo genuke Parisko atentatuen azken ordua, eman baitzuten zuzeneko bat nahiko duina, bitarteko gutxi batzuk mobilizatuta, kazetariren bat estudioan, berriemaileren bat Parisetik telefonoan, ahal bezain pronto adituren bat; nahikoa ostiral gaueko teleikuslearen jakin-mina asetzeko momentuan berean. Ikusten ari ginen ETB1, ordea, eta pilota, eskuz binaka, auskalo dagoeneko nor noren kontra. Kontsolamendu gisa balio badu, Espainiako telebistan ez ziren abilago ibili: Tu cara me suena, Hermano mayor, Sálvame, Equipo investigación. Eta publikoan pelikula, La gran revancha.

Ikusten ariko bagina biharamunean, nik zer dakit, edozein herrialdetako edozein telebista kate normal, baina ikusten ari ginen La1, eta zehatzago Informe semanal. Gerria erakutsi zuten, eta sartu ziguten bideo ezin arloteago bat, atentatuen irudiekin, uneka musika arabiar moduko batekin, esaldi gutxirekin, baina ondo aukeratutakoekin: «Handia da Allah!», oihukatuz hasi zirela hiltzaileak tiroka. Edota gaur guztiok garela frantsesak. Bale. Eta frantsesak oso frantsesak, eta asko frantsesak. Baina asteko notizia garrantzitsuena beste bat zen: katalanen hordago separatista, zeina, zorionez, zuzenbide estatuak, Auzitegi Konstituzionalak eta demokraten batasunak geldiarazi duten. Eta jarraian gonbidatu eskukada bat pasatu zen pantailatik, guztiak ere prozesu subiranistaren oso kontrakoak, tartean Alfonso Guerra bezalako jendilajea, esanaz Kataluniakoa estatu kolpe zibil bat dela.

Hortik aurrerakoa hain izan da etsigarria dena, hain nahasgarria, egun batzuez telebista itzaltzeko gonbidapena izan dela ia.

Zaldiak

Argia da gero gure Galarraga maitea. Ea Bertin Osborneri buruz noiz idatzi behar nuen zain zegoela, eta marroia berari utzi diodala idatzi zuen atzo. Alegia, nahi dudana egiten dudala, eta gero berari tokatzen zaiola serio jartzea. Ezin zuen hobeto esan, hain zuzen horiexek baitira Osborne burura datorkidanean lotzen ditudan kontzeptuak; marroia eta askatasuna, zaldiak datozkidalako burura. Hainbatetan ikusi dugunez jauntxo andaluz baten tankerarekin objektiboaren aurrean jarrita, Osborne jauna burura etorri eta zaldietan pentsatzen dut. Janarian ere pentsa nezake, Paul Newman bezala, entsaladetan botatzeko saltsetako botilen etiketan agertu baita. Baina ez. Eta, egia esan, nahiago jatekoa nola irabazi duen gogora ekartzen ez badut, sufrikario galanta baita emakumeontzat —Galarraga, zuk beste saio batzuk ikusi nahi ez dituzun bezala, utzidazu Lorcaren zaldiarena egiten Osborneren saioekin, mesedez, arren, otoi—.

Lluvia de estrellas da gogoan daukadan Osborneren lehenengo saioa. Operación Triunfo, Factor X eta La Voz formatuen aurrekaria izan zena. Ondoren jaio ziren talent show-en epaimahaietako pertsonaien rola ere ezarri zuen; Lauren Postigo eta Carlos Tena bikotearen unerik garratzenak identitate bakar batean bildu zituen Risto Mejidek. Ordurako, Bertin Osborne espainiar gentleman bat zen: abeslaria zen —sinetsarazi nahi digutenez—, PPren sokakoa eta fisikoki edertasunaren kanonean sartzen zen. Saio arrosa guztiei beita ematen zien. Osborne norekin oheratzen zen eta norekin oheratu nahi zuen publikoki jakina zen. Haatik, kontuz! Harekin txortan egiten zuten emakumeei telebistak ez baitzien hari bezainbesteko estimu handia. Berdintasunaren kontrako eredu zahar eta zatar horren elikatzaile aktiboa izan da Osborne, Galarragak ondo adierazi legez, «ia Erdi Arotik datorren pertsonaia». Horregatik, agian, lortzen du ikusle datu ona Erdi Aroan daudenen artean. Ez da sekretu bat, Marilo Montero —umoregilearen— fana naizela. Alta, ezin dut jasan saioan bion artean sortutako erdi-ligoteo rollo hori. Platoan botere rol sexual estereotipatuen banaketa jasangaitza zait. Kazetaria eta emakumea naizenez, borroka bestaldetik bizi dudalako izango da. Beraz, ez daukat inolako asmorik Osborne jaunaren elikaduran laguntzeko.

Osborneren erakarmena

Bertin Osbornek Franco diktadorearen bilobisima elkarrizketatu eta biharamunean denok eskandalizatu ginen. Baina seguru elkarrizketa bera ez zuela inork ikusi —tira, ia inork ez: EAEko saiorik ikusiena izan zen: %23,1—. Edo seguru behintzat Ekografia-n zer esango zain zeundetela. Ni ere zain nengoen ea Palaciosek noiz idazten zuen elkarrizketari buruzko zerbait. Baina ematen du niri utziko didala marroia. Tira, marroia, ea orain eskertu ere egin beharko diodan. Bai, ze, azkenerako, zuriketa ariketa ezin interesgarriagoa izan zen saioa, propaganda higieniko ezin jakingarriagoa, erakutsi ziguna diktadore hiltzaile bat nola bihur daitekeen oinezko guztiok eduki nahi genukeen aitonatxo abegikorra. A ze irakaspena.

Baina, zer nahi duzue esatea, estreinatu zenetik piztu dit Osborneren programak atentzioa. En la tuya o en la mía, Jesulin de Ubrique toreroa izan zen lehen gonbidatua, beste hiltzaile bat. Lehen lerroko bi intelektual buruz buru, beraz, Noam Chomsky eta Michel Foucaulten debate mitiko hartan bezala. Edo ia. Bertatik pasatu dira Espainiako gizarteko beste pertsonaia ilustre batzuk: Lolita eta Pablo Motos. Atzo gauean, luze gabe, Marilo Montero. Gogo biziz itxaroten dut Arevalori elkarrizketa egingo dion eguna. Dena den, Bertin Osborneren figurak eragiten dit bereziki erakarmena. Betidanik eragin izan dit tilin. Abeslari soila zen garaitik. Robles eta Olmos guardia zibilek entzuten dute patrolean, kasu benetan labainen bat argitzera doazenean. Neronek ere bai, Buenas noches señorarecuerdos a su señor»—, Caballero de verdad, amatxo maitea, ze kanta puskak. Neska ontziratua balada sortan esaten diren gauza berberak esaten dituztenak. Konparatu hitzak. Hartara, ia Erdi Arotik datorren pertsonaia dugu Bertin Osborne; zoritxarrez esan behar nuen, baina ez, zorionez gure artean oraindik ere bizi-bizirik dagoena. Antropologoren batek ikertu nahiko balu. Orain asteazkenero daukagu Espainiako telebistan. Ez esan zerbitzu publikoa ez denik.

Eta, barka atrebentzia, baina Euskal Herriko gazte erakunde abertzale eta ezkertiarrentzako proposamena: ondo dago Osborne zezenak eraistea eta hori, baina ea zein ausartzen den Osborne benetakoarekin. Ia Erdi Arotik datorren Espainia horrekin apurtzeko bide egokiagoa iruditzen zait niri.

Aberriagatik dena

Badakizue astearte gauak orain «pikoleto gauak» direla. Baina, ez, itxoin, epaile jauna, ez aplikatu nigan Mozal legea: Guardia Zibilaren Twitterreko kontu ofizialak eman zuen definizioa. Motiboa: bi telesail, bi, ematen hasi dira orain egun horretan, polizia erakunde horri buruzkoak. Gainera, pikoleto, zeinen hitz ederra. Egin proba: errepikatu hiru aldiz, azkar, pikoleto, pikoleto, pikoleto; hunkigarri bilakatzen zaizu ia. Pikoleto, gehiago esan behar da.

Hasi zen lehenik Olmos y Robles, Espainiako telebista publikoan —bai, bertako langileei Espainiako banderaren zina eginarazi nahi dien horretan—. Kontxo, engantxatzen du. Ezkarai, Errioxan kokatua —pentsa, Donemiliaga Kukula ere agertu zen behin—, herriko guardia zibil kaiku batzuen istorioa da; polizia zientifikorik aurreratuenak ere nekez argituko lituzkeen kasuak argitzen dituena, ordea. CSI moduko bat, baina zoldarekin. Eta maitagarriak dira, hartara, identifikatuta sentitzeraino. Hara Interpoleko polizien arteko elkarrizketa bat: «Ezin diozu kasurik egin pikoleto abarkadun bati»; «Ni ere pikoleto bat naiz, jauna». «Ni ere pikoleto bat naiz, jauna», atera zitzaidan halaber niri, ahots gora. Eskerrak bakarrik nengoen egongelan.

Baina hasi eta bi astera, hots, joan den astean, hasi ziren ematen Mar de plástico, kasu honetan Antena3n. Eta, kontxo, engantxatzen du. Andaluzian, berotegi erraldoi horien bueltan, poliziak argitu beharreko kasuak gertatzen dira. Baina gehitzen ditu kontu sozialak, ingurugirokoak, etorkinenak, langileen esplotazioa, arrazakeria, eskuin muturra. Eta, horiek gutxi balira bezala, pikole, barka, Campoamaroko polizia judizialeko buru berria euskalduna da, Hector Agirre —nahiz izan hamargarren belaunaldikoa—.

Hainbeste denbora umezurtz, hainbeste denbora polizia maitearen saiorik gabe, eta bi batera jarri dituzte. Asteak zazpi egun ditu: guardia zibilei buruzko zazpi telesail ikus genitzake; baina izan dadila bakoitza egun diferente batean. Eta bi telesailen artean bihotza erdibituta, egin dezatela hirugarrena. Ez Errioxan, ez Andaluzian girotua; aukeran Donostiako auzoren batean, intxaurrak ematen dituen zuhaitzaren izena duen horretan. Zalantzarik ez nuke orduan zein ikusi. Aizue, izan dadila, esan ohi den legez, aberriagatik dena.

Manifestazio munstro bat

Honezkero egun gutxi batzuk joan dira —nahikoa libidoa jaisteko, espero dut—, ezagutzen ditugu Kataluniako egun nazionalari buruzko analisi guztiak —politikoa, soziologikoa, filosofikoa, erotiko-festiboa—. Akaso falta da telebista analisia. Baina halakorik ez espero hemen, irakurle maite. Gehienera ere, handik eta hemendik arrantzatutako telebista uneen anabasa bat. Eta beste ezer baino lehen, pare bat burutaziotxo, ahots goran: gogoratzen duzue, duela ez hainbeste, zer-nolako destainaz hartzen genituen katalanak gurean? Eta Diada bezalako egunetan, inoiz baino gehiago sentitzen naiz galego ni.

Baina ea telebistek nola eman zuten telebistaz emateko pentsatuta zegoen mobilizazioa. ETBk albistegietako irekiera eskaini zion, zortzi bat minutu ETB1en. Aipatzeko «iaz baino gutxiago» bildu zirela Bartzelonan, eta «aipatzekoa» zela euskal ordezkaritza, «zanpantzar» eta guzti. Hamaika telebistak zuzeneko irudiak eskaini zituen, «TV3 telebista katearen bitartez». Ikusiko dugu orain hauteskunde batzordeak zer egitera behartzen duen Hamaika, auskalo euskal politikari unionisten elkarrizketak ematera. TV3k, hauteskunde batzordeak esandakoa gorabehera, zuzenean eman zuen manifestazioa. Hunkiberatasuna beste baterako utzita, kazetari lanean, serio. TVEn bazkalorduko albistegitik afalorduko albistegira ez zuten ezertxo ere eman; soilik konexio laburren bat tarteka, baina 24h katean. Eta TVE Espainiako telebista publikoa balitz, esan nahi dut, gaur egunean Espainia den zera horretako guztiko telebista balitz, ez ote lukeen jarraipen zuzenago bat egin behar, egingo lukeen bezala Madrilen 600.000 lagun bildu izan balira, edota Espainia osoan 8.600.000. Esan zidaten gero, 13TVn, aspaldi gure telebistatik desintonizatu dugu-eta, ohikoak dituen loreak goitikatu zituela Alfredo Urdacik, gure Alfredo Urdacik —bide batez, orain aldaketa politikoa gauzatu dela Erresuma zaharrean, zergatik ez dute fitxatzen Nafar Telebistan?—. France2ko albistegiek ere —ez zen egon zuzeneko jarraipenik, noski, ez saio berezirik— eman zuten berria, korrekto. Baina Arte katean eman zioten definizioa gustatu zitzaidan niri, «une manifestation monstre», alegia, manifestazio erraldoi bat. Egiazko munstroek bezala, ordea, itxura bat edo bestea hartzen duena, norbere imajinazioaren arabera.

Hitz iltzatuak

Kasik mundu mailan jotzen duen krisialdi ekonomikoaren markoan, kasik mundu osoak esku hartzen duen gatazka armatuak gertatzen ari dira. Siria. Hedabideak dira III. Mundu Gerra terminoa argi eta garbi esatea saihesten dutenak. Kontrola. Ingelesak badu euskarak baino terminologia borobilagoa izendatzeko: Mass Media. Masa.

Atzo Alvaro Pombo «UPyD! UPyD!» oihukatzen gogoratzeak burura ekarri zizkidan Aita Santuak, rock star bat balitz bezala bira egin zuenean, grupiek kantatzen zuten «Benedicto equis uve palito!» hura. Hitzak iltzatzen zaizkigu.

Bertrand Russellek azaldu zigun kontzeptua hitzarekin lotzeko ekintza. Horren garrantzia. Horretan, objektibotasunak indarra duela. Denotazioa —bera baita gaian ezinbesteko erreferentzia den On Denoting testuaren aita— Bestalde, aintzat hartzen badugu, hitz batek muinean kontzeptua azal dezakeela, kontzeptuek ertzak dituztela ere ulertzen dugu. Alegia, hitz bera testuinguruaren arabera hartzen duela zentzua. Konnotazioa. Horri lotuta, hedabideek erabilitako hizkuntzaren inguruko ariketa egin zuen Inazio Aiestaranek Twitterren: «Neolengua. Monarkiarentzako dirua: aurrekontua. Gizarte laguntzentzako: gastua. Enpresentzako: inbertsioa. Bankuentzako: estimulua»

Tonbolan kazetari karneta lortu zuen Petra Laszloren ekintza nardargarria dela eta, TVEk informazioa helburu jakin batekin erabiltzearen trikimailuari gorputza jarri dio. Espainiako kateak ez du soilik agerian utzi hizkuntzaren bitartez manipulatu daitekeela. Are gehiago, kazetariak gorputzarekin manipulatu dezakeela ere azaldu dute. Euren aburuz, Laszlok Siriako errefuxiatuei erasotzea albistea lortzeko saiakeraren fruitu izan baitzen. Hau da, Laszloren ekintzari esker, kazetariak albistea nahita sor dezakeela erakutsi zuten modu bikoitzean. Batetik, Laszlo manipulatzeaz akusatu zutelako, eurek manipulatzen ari ziren bitartean.

Informazioa giza eskubidea da. Transmititzeko hizkuntza beharrezkoa du. Horrek boteretsu bilakatzen du kazetaria. Hortaz, kontziente izatea da giltza. Era berean, kazetaria industria baten menpe dagoela barneratzea; zenbaitetan politika menpe duen industriarena eta beste askotan aldrebes. Hots, telebista, publiko zein pribatua negozio bat dela.