Pauso bat aurretik

Lekunberri TVko Deus ez da perfektua daukagu, stand by. Baina bestela, euskarazko web telesailen panorama desolagarria da. Tira, euskarazko telesailen panorama da desolagarria dena. Eskerrak web telesailei, esan beharko genuke. Deus ez da perfektua gogoangarriari. Eta, orain, Txoministak estreinatu berriari. Hiru aste daramatzate sarean, hiru kapitulu, berehala joaten diren hamar minutuko pilulatxoak. Gora egiten ari direnak, gainera: herabe samar hasi baziren ere, gorputza hartzen ari dira. Saioa egikaritzen ari dela, alegia.

Alderdi politiko berri baten jaiotza kontatzen du. Eta jaiotza ez gutxi bezala, erditzea izango da konplikatua. Eskerrak oraingoan estrategia bat daukaten, proposamen eraberritzaile bat, garaipenera eramango gaituen bidea: Zortziak bat. Subjektu politikoa zabaltzea, beraz, borroka independentista hauspotzeko fronte berri bat irekitzea, Euskal Herriari zortzigarren probintzia gehitzea: Errioxa. Eta hortik abiatuta katxondeoa —«Nola dominatuko du Euskal Herria norbait (sic) ez duena dominatzen Nor-Nori-Nork?»; Arnaldo Otegigatik, noski—, umore politikoa —«Gure liderra laostia da, zazpi herrialdeetako futbol zelai guztiak betetzeko kapaza. Gure Esku Dago bezala», kultureta —«Barkatu, baina hau ez al zen Ertz jaialdia prestatzeko hirugarren asanblada?»—. Sasi-erradikal hiper-euskaltzale chic-entzako telesail baten aurrean gaudela, alegia. Baina praktikoa: zotina kentzeko erremediorik onena erakutsiko dizute.

Azken kapitulua izan da, momentuz, onena. Kike Amonarrizen agerpen estelarra izan duena, Mingainluze leihaketa aurkezten: «Zer esan nahi du hegemonia hitzak?», «Erabili ezazu egikaritu aditza esaldi batean», «Esaidazu egia bat. Sautrela-n bere garairik onenetan horrelako galderak egiten zituzten» —eta ea noiz sartzen dituzten halakoak egiazko lehiaketa batean—. Bete-betean asmatu zuten, gainera, Aritz Galarraga delako bat inkonprenitu bat dela esan zutenean. Arrazoi dute, telesailean beharko luke, Eñaut Gantxegik bezala: Ekografiak idaztetik Txoministak protagonizatzera —bide batez, esan diezaiola norbaitek espartinak ez direla galtzerdiekin janzten—. Baina, lasai, iritsiko da dena. Beti pauso bat aurretik joatearen ajeak. Txoministak bezala, segur aski. Ea historia liburuek justizia egiten duten.