Zin-zinez

Atzo Palaciosek esan zigun: oraindik ez dakigu Movistarrek abian jarri duen #0 telebista kate berriak filmak emango dituen edo ez. Ordezkatzera datorren Canal +ek egiten zuen, ba, eta ez garai batean arrakasta gutxirekin. Adibidez, beste inon baino puskaz lehenago pelikula entzutetsuak estreinatzea. Ez dakigu kate berriak filmak emango dituen, beraz, eta ematekotan, harpideek baino ezin izango dituzte ikusi film horiek, alegia hileroko kuota erlijiotsuki ordaintzen dutenek.

Baina oraindik ez dugu ezer esan irekian, xentimo bakar bat ere ordaindu gabe —tira, zerga bidez ordaintzen ditugun xentimo guztiak momentu batez ahaztuta—, kopagorik gabe behintzat, ETB1ek martxan jarri duen tarte berriaz. Zinez izena jarri diote —ez dira ausartu Angel Aldarondoren Zin-zinez benetan kopiatzera—, eta euskal zinema bultzatzea du helburu. Tira, euskal zinea, edo hobeto, Euskal Herrikoa, Fermin Etxegoien aurkezleak dioen bezala. Ezen Etxegoien jarri baitute Felix Linaresena egiten —eta ETBk aurkezleak erretzeko daukan abildadearekin, ez ote dugun laster ikusiko Boxeo izarrak edo Tumatxak bera aurkezten-. Euskal edo Euskal Herriko, baina ETB1en euskaraz, hori bai, besterik ez bada bikoiztuta. Astelehenero. Orain artean Lasa eta Zabala, Mozolopintoa -eta, bai, protagonistarekin identifikatu nintzen-, Aldana 1980 isiltasun eztanda, Txarriboda, eta, asteon, Camera obscura.

Hitz beste eginez, baina ez hainbeste, Interneteko Argia saria eman berri diote Azpitituluak euskaraz ekimenari. Notizia ona, ezbairik gabe, are orain gutxi Luistxo Fernandez administratzaileak egin zuen balantze ezkorra kontuan hartzen badugu: jendeak emandako azpitituluak jaitsi egin dira, Canal +ek diru publikoz ordaindutako azpidatziak ez dira askatzen hasi, Filmazpit ekimen publikoa ere moteldu egin dela dirudi eta, segur aski garrantzitsuena, Euskal Herrian ez dago azpitituluen aldeko mugimendu berezirik —kenduta Urtzi Urrutikoetxea, noski—. Begira bestela aipatu dugun ETBko tarte berriari. Eman beharrean aukera bat azpidatziari, aritu beharrean elkarlanean dagoeneko azpidazten ari direnekin. Eta seguru sariak emango diola bultzada Azpitituluak euskaraz ekimenari. Baina bultzada eman beharko genioke gurean oro har azpidatziari. Benetan. Eta zin-zinez.