Ezker hautsia

Harri jaurtiketa batera dagoen Huesca hiritxoan azken udal hauteskundeetan gertatu zena jarri izan dute batzuek ezker espainolak egin beharko ez lukeenaren adibide gisa: ezkerreko lau talderen hautagaitzak aurkeztu ziren, baina inork ez zuen zinegotzirik lortu, nahiz eta lauren artean boto guztien ia %18 erdietsi zuten.

Ez dakit zer erran. Antzeko zerbait gertatu zen Iruñean duela lau urte. Ezker espainoleko lau talde aurkeztu ziren, eta ez zuten zinegotzirik eraman, nahiz eta guztien artean 8.800 boto lortu. Baina, aizue, aurten elkarrekin aurkeztuta, 3.500 boto gutxiago bildu dituzte eta zinegotzi bakar bat lortu.

Erran nahi baita mundu osoko ezkerretako hausturetatik sortzen diren mini alderdien geroko baturak ez du jendea bereziki erakartzen. Izan ere, ez da txikia haustura bakoitzean, zatiketa bakoitzean, sortzen den gorrotoa eta ezin ikusia.

Eta, kasu, ez naiz erraten ari Podemos Sumar Izquierda Unida esaldia gauzatzen saia ez daitezen. Baina, neuk bederen, konfiantza gutxi dut hauengan. Zer eginen diogu, ba!


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko ekainaren 6koa]

Nafarroa ez da eskuinekoa

Asteleheneko egunkariak hartzera joan naizelarik, goizeko diosala errateaz batera, kioskoko dendariak hauteskundeko emaitzek sortu dioten beldurra jakinarazi dit. “Beldurra?”, galdetu dut nik, dendaria Espainiako ardatzean mugitzen ari zela ohartu baino lehen.

Egiaren aitortzeko, hauteskunde gauean Nafarroako datuei erreparatu nien bakarrik, eta biharamunean Foru Erkidegoan jarraitu nahi izan dut goxo-goxo, Ebroz bertzaldeko olatu eskuindarretik aski ongi babestuta.

“Niri Voxen gorakadak ematen dit beldurra”, aipatu dit lagun batek, hau bai Nafarroako ardatzean zebilela. Eta nik, laguna lasaitzearren, larritasuna kendu nahi izan diot emendatze horri. Izan ere, fokua zabaltzen badugu, datuek argi erakusten digute Nafarroan aurkezten ziren lau eskuinek -UPNk, PPk, Voxek, eta Ciudadanosek- duela lau urte baino 4.000 boto gutxiago eskuratu zituztela igandean. Eta 20 parlamentarirekin jarraitzen dute. Hau da, ordezkaritza osoaren %40 baino ez dute.

Nahi baduzue, bertze batean eztabaidatuko dugu ea PSNk eta Geroa Baik eskuineko politikak egiten dituzten, batez ere arlo ekonomikoan. Baina, gaur, utzidazue gozatzen gardenki eskuindarrak diren alderdiak Nafarroako botere instituzionaletik urruti dauden egoera honetaz.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko maiatzaren 30ekoa]

Lin Ton Taun

Su Ta Garren kanta ez sobera ezagun batek kontatzen du nola Eibarko taldeak zazpi pertsonen aitzinean jo zuen behin, Suitzako Basilea hirian. Berri Txarraken anekdokta anitzez ezagunago batean, Urbizuren taldeak ataka estuagoa izan zuen, ikusle bakarrarendako eman baitzuen kontzertua Nantesen, Bretainian.

Bi esperientzia lotsa-emangarri horiek aipatu genituen lagun artean, iragan larunbatean, Lakuntzako kultur etxean Lin Ton Taun taldearen kontzertura sartu baino lehentxeago. Izan ere, aretoan ez ginen 20 edo 25 pertsona baino gehiago egonen.

Zestoarrek 17 kantako kontzertu azkarra eman zuten; erran nahi baita, lasterra eta indartsua. Eta nik gozatu nuen gozatu nuenez duela 30 urteko kantak berriz ere zuzenean ikus-entzuten; lehen ilaran, gainera. Baina onartu behar dut auzo lotsa pasatu nuela behin baino gehiagotan, agertoki gainean dena ematen ari ziren horiek ikusle multzo handiagoa merezi baitzuten, nire ustez.

Pentsatzen dut, edo pentsatu nahi dut, akatsen bat egon zela kontzertua iragartzeko moduetan. Beraz, poposatu nahi dizuet panderoa hausten duen ukabilaren kartela ikusiz gero kasu egitea, gazte beterano hauek merezi baitute.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko maiatzaren 23koa]

Boto erosleak

Hor barna ikusi dugu maiatzaren 17ko Nafarroako Foru Administrazioko hauteskundeetan sindikaturik bozkatuena izan nahiko lukeen sindikatu baten ustezko SMS bat. Mezuan, sindikatuak bere afiliatuei gogorarazten die asteazkenean bozkatzera joaten badira ez dietela hurrengo lau urteetan kuota sindikala igoko.

Legelaririk aretoan? Botoak halako moduan erostea legezkoa da? Tira, batek daki, baina polita bederen ez da. Eta, nolabait, sindikatu korporatiboen isla da; korporatibo izatetik korporatibista izatera aise pasatzen direnen isla.

Maiatzaren 17an Nafarroako enpresarik handienean eginen dituzte hauteskunde sindikalak. Ez, Volkswagenen, ez. Nafarroako Foru Administrazioan, hori baita enpresarik handiena. 32.000 langile baino gehiagok 319 ordezkari hautatuko dituzte. Eta, nire ustez, bozetako lehiarik interesgarrienetariko bat izanen da klase sindikatuen eta sindikatu korporatiboen artekoa, hau da, lorpen kolektiboak bilatzen dituztenen eta soilik kolektibo zehatz baten lorpenak bilatzen dituztenen artekoa. Ea emaitza ez den SMS hori bezain tristea.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko maiatzaren 16koa]

Kasedako sheriffa

Yolanda Barcinak Gazteluko plazako erromatar hondakinekin nola, bere txikian, Kasedako alkate eta UPNko exekutibako kide Jesus Esparzak antzeko zerbait egin du bere herriko El Planaz – La Tejeriako aztarnategiarekin.

Arditegi bat eraiki nahi zuen eta, dirudienez, behar-beharrezkoa zen erromatar aztarna batzuen gainean egitea. Nafarroako Gobernuak erran zion hor ez egiteko, aztarna horiek katalogaturik zeudela eta zaindu egin behar zirela; lursaila oso handia zela eta bertze edozein tokitan egiten ahal zuela.

Baina Kasedako sheriffak hortxe egin nahi zuen arditegia, berak erabakitako lekuan. Eta gobernu federala ez da inor, ezta 600 dolarreko isuna jarrita ere, berak bere askatasunean erabakitakoa zapuzteko. Gerrian ongi paratua duen colt 45a zain izanen dute yankee madarikatu horiek arditegia hortik kenaratzen badiote.

Beharrik Kaseda Nafarroaren ekialdean dagoen, bertzenaz oesteko film bat ikusten ari garela pentsatuko baikenuke.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko maiatzaren 9koa]

Iglu errea

Michael Moore zinemagileari aspaldiko liburu batean irakurri nion berak etxeko zaborrak txintxo-txintxo bereizten zituela harik eta ikusi zuen arte bera bizi zeneko hirian kamioi berberean jasotzen zituztela zabor mota ezberdin guztiak, bereizi gabe. Hau da, Administrazioak ez zuenez kontratuaren bere partea betetzen, Michael Moorek ez zuen bere burua behartuta ikusten berak ere egin beharrekoa egitera.

Kontu korapilatsua da, badakit. Baina nik beti pentsatu izan dut norbaiti jokabide moral bat eskatu behar badiozu, zuk zeuk jokabide hori izan behar duzula. Horrek ematen dizula zilegitasuna. Aitzitik, herritar batzuek ez dute halaxe pentsatzen eta, zaborren gaiari dagokionez, uste dute tasak ordaintzea nahikoa dela, ez dutela zertan beraiek sortzen duten zaborra bereizi.

Gure etxe inguruetako edukiontzien ondoan egunero dago altzariren bat botata, Emausko Trapuketariei deitzeko ahalegin txikia ere egiten ez dutenek utzia. Normalean Mankomunitateak berehala jasotzen du objektu hori. Baina azken koltxoiarekin ez du halaxe egin, eta zenbait egun eman ditu etxe azpian. Harik eta artaburu batek su eman dion arte. Koltxoia guztiz erre du suak, baita ondoko edukiontzia ere, iglu itxurako hori. Eta nik ez dakit nor izan den su emailea, baina apustu eginen nuke Michael Moorek bezala berak ere ez duela etxeko zaborra bereizten.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko maiatzaren 2koa]

Autoa salba dezagun

Landabengo Volkswagen lantegiko eta haren hornitzaileen parkeko batzordeetako delegatuek elkarretaratzea egin zuten atzo, “Autoaren etorkizunaren alde” lelopean. Pankartan “Autoa salba dezagun” irakurtzetik elkarretaratze bakarrera gaude, autoa desagertzeko zorian dagoen animalia moñoño bat balitz bezala.

Pertsonak erdigunean jarri behar direla aldarrikatzen ari garen honetan, bizitza eta kapitalaren arteko borrokan lehenbizikoaren alde egin behar dela aldarrikatzen ari garen honetan, etsigarria da ikustea nola automobilgintzako langileek zentraltasuna eman dioten objektu inerte eta kutsakor horri.

Eta, bai, ulertzen da langileen ordezkariek Nafarroako enplegua salbatu nahi dutela, milaka pertsonen lanpostuak salbatu nahi dituztela. Baina Volkswagenen enegarren xantaiari aurre egiteko sindikatu guztien ordezkariek hartu duten estrategia hain da ipurgarbitzailea, lotsa ere ematen duela.

Agian estrategia arrakastatsua izanen da, e! Ez dakit. Baina etxeko esklaboaren jokabidekoa da arras. Eta horrek ez du batere molatzen.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko apirilaren 25koa]

Irati

Aurrekoan Irati filma ikusi nuen. Azkenean. Eta, bai, badakit zuek guztiok ikusi duzuela. Baina, joe, neuk ere badut eskubidea lau haizeetara zabaltzeko zenbat gustatu zaidan filma, ezta?

Eta ez naiz hemen aletzen hasiko fantasiazko pelikula honek dituen bertute guztiak. Baina gauza bakarra erranen dut: euskaldun gisa, filma ikusi bitartean, munduko herritar homologatu sentitu nintzen. Krispetak eta gominolak euskaraz jan nituen, horretaz konturatu gabe, militantzia ariketa bat egin behar izan gabe. Su Ta Garren disko bat entzuten dudanean bezalaxe.

Zinematokitik aterata, euforia pixka bat apaldu zitzaidan, ordea. Izan ere, pentsatzen jarrita, ohartu nintzen Irati dela Erdi Aroan giroturiko euskarazko lehen filma. Bada marka.

Eta ez, mesedez, ez hasi kantatzen “ardo gorri naparra, ardorik hoberena”. Albaniaren konkista filma La conquista de Albania baitzen jatorrizkoan. Alegia, Irati da lehenbizikoa. Eta, beraz, benetan munduko herritar homologatuak izateko, halako bertze hogei beharko genituzke. Ea inor animatzen den.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko apirilaren 18koa]

Miguelena

Gehiegi despistatu ez bazarete, ziurrenik jakinen duzue duela ez asko EAJ ukitu duen ustelkeria kasu handieneko kartzela zigorrak berretsi dituztela. Kontua da, orain, De Miguel auziko zigortuetako bik indultua eskatu dutela; indultu partziala, baina nahikoa kartzelan sar ez ditzaten.

Dirua bidegabe erabili, dokumentuak faltsutu eta influentzia trafikoa erabili duen gaizkile eta jeltzale talde honen buruak, Alfredo de Miguelek, adierazi du ezin dela kartzelan sartu bere familiak “inoiz baino gehiago” behar duelako. Gainera, De Miguelek erran du bera ez dela “kriminalki arriskutsua” eta horregatik kalean uzten ahal dutela lasai asko. Aha.

Bitxia da eskularru zuriko lapur gisa definitu ohi diren hauek zein estimu handitan duten beren buruak. Dirua guztion kutxatik hartu eta lagunen artean banatu dute. Baina, aizue, ez dira lapurrak. Ez dira kriminalak. Ez dira arriskutsuak.

Bada, nire ustez, gizarte orekatu eta osasuntsu batean, hauek lirateke kriminalik arriskutsuenak.


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko martxoaren 28koa]

Porra denbora

Bi aste barru-edo, maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetarako deialdia eginen dute. Aitzitik, bozetako emaitzen porra edo apustuen denbora zertxobait aurreratu zaigu, udaberria bezalaxe. Konparazio batera, aurrekoan Diario de Noticias egunkariak Gizaker enpresaren inkesta bat argitaratu zuen, ohikoa denez, berripaper horren ikuspegi politikoarekin bat egiten duena.

Inkestak horixe baitira, ikuspegi bat. Eta, beraz, ez zaie zertan garrantzi handiagoa eman.

Badirudi, edo hala uste dugu askok, zenbakiak ez direla sobera mugituko edo, mugiagatik ere, ez dugula duela lau urteko egoeraren oso ezberdina izanen. Hartara, alderdi bakoitzak zenbat eserleku eskuratuko dituen asmatzen saiatzea baino, niri kasik interesgarriagoa egiten zait kristalezko bolan ikusten saiatzea ea EH Bilduk Txibiteren gobernua ahalbidetuko duen sozialistek Iruñeko alkatetza trukean eman gabe ere.

Zuek zer diozue?


[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko martxoaren 21ekoa]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer