Azanzak eraman du saria

XABIER AZANZA
2008ko Nafarroako aurrekontuen proiektuan 58.842 euro gorde dituzte Euskararen Nafar Institutuko “goi karguen soldatarako”. Pentsatzekoa da, beraz, horixe izanen dela Enaiko zuzendariak eramanen duen urteko soldata gordina. Atzo egin zuen Azanzak lehen agerraldia. Honatx bere hiru aipu:

1) [nolabaiteko menia eskatuz] “Hiru hilabete horiek behar ditut, Enai ezagutzeko. Orduan hasiko gara proiektuekin lanean“. [Lehenago lanean hasten badira ere, ez da deus gertatuko. Izan ere, irailaren 12an aurkeztu zuten Enai ofizialki, eta, ondotik, hiru hilabete behar izan dituzte horko zuzendaria aurkitzeko. Beraz, hiru hilabete gehiago eskatzea, gehiegitxo, ezta?]

2) “Euskararen Legearekin ibili behar dugu. Baina hori aitortuta, esan behar dugu aukerak badaudela legearen barruan lan egiteko“. [Xabier Azanza Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria zela, hortxe ibili ziren ikastoletakoak, Perez-Nievasekin negoziatzen, eremu ez euskaldunean dauden ikastolen egoera normalizatzen, legeztatzen. Eta lortu, lortu egin zuten. Duela ez asko, gainera. Eta, horretarako, alde batera utzi zuten Euskararen Legea. Xabier Azanzak, beraz, badu eskarmenturik Euskararen Legea aparte utzita, euskararen alde lan egiteko. Orain ere horrela jokatuko du, ala bakar-bakarrik Euskararen Lege murritzaren barnean mugituko da?]

3) “Ez dut uste Institutuak denen laguntza lortuko duela. Beti egongo da gutxiengo bat, bultzatzeko prest egongo ez dena“. [UPNz ari da, ezta?]

ETA PEREZ-NIEVASEK, GOLA
Ederki egin dugu barre, azkenaldian, Nafarroako Gobernuaren kontura. Enaiko zuzendariaren bilaketa latza dela eta, barregarri gelditu baita Gobernua. Ekintza zehatzetan gauzatu ez bada ere, nolabaiteko pultsua egon da Nafarroako euskalgintzaren eta Gobernuaren artean. Euskaltzaleen artean “morbo” eta jakinmin handia egon da, ikusteko zein ausartuko zen orain arte euskaltzaleen kritikaren jo muga izan den Gobernuarekin lan egiten. Eta barre ederrak entzun dira Perez-Nievasek honengana eta harengana jo eta ezezkoa jaso duela jakiterakoan.

Baina Perez-Nievasek Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria lortu du. Hiru hilabeteko luzapena izan duen partidan, Perez-Nievasek gol ederra sartu du, partidaren bukaeran.

Oharra: Bai, dirudienez, gurean ez da “ENAI” idatzi behar, baizik eta “Enai”. Akronimoa baita, eta ez siglak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude