UPN eta Google

Argi dago UPNkoek Google erabiltzen dutela, baina ez dago hain garbi Google erabiltzen ote dakiten. Oraingoan, Berriobeitiko (Nafarroa) kontu batean egin dute hanka-sartzea, bilatzailea gaizki erabiltzeagatik.

Kontua da Berriobeitiko Udalak hitzarmena sinatu duela Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin, euskararen telefonoa martxan jartzeko udalerrian. Eta hara non, Berriobeitiko UPNkoek hitzarmen hori sutsuki salatu duten Behatokiak Etxerat elkartearekin harremana duelako. Noski, Googlen “Behatokia” bilatuko zuten: eta hiru webgune aurkituko zituzten:

– www.behatokia.org (hizkuntz eskubideena; Kontseiluak sortua)
– www.behatokia.info (giza eskubideena; Etxerat, Gurasoak, TAT… elkarteek sortua)
– www.behatokia.net (euskal ziberkulturarena)

Eta, jakina, gehien interesatzen zitzaiena hautatu zuten hiru horien artean, nahiz eta bilatzailean bigarren postuan agertu. Eta, jakina, Nafarroan eskela gehien argitaratzen duen egunkariak tartetxoa egin dio gaur salaketa oker horri.

2 thoughts on “UPN eta Google

  1. Ion

    Ni neu osoko bilkura horretan izan nintzen, ikusle moduan, eta galdera/iradokizunen tartean azaldu nien erratuta zeudela, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak ez zutela elkarrekin zerikusirik. Hala ere, Diario de Navarrara deitu zuten albistea aireratzeko.
    Erratuta zaudela jakinda, hanka sakonago sartzeari ezin zaio errore deitu. Maltzurkeria da UPNrena, ez besterik.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude