Txina, Txina….

[kazetaritza mundutik at naukan behin-behineko baztertzetik aterako naiz, une batez, ezin baitut aipatu gabe utzi atzo Txinatik iritsi zitzaigun albiste hau]

South China Morning Post “egunkari independenteak” atzo informatu zuenez (eta albiste agentziek jaso zutenez), hiru eta sei hilabete arteko kartzela zigorra ezarri diete zazpi estudianteri, Txinan, Tianjin-go azterketetan tranpa egiteagatik. Kamerak eta mikrofonoak erabili omen zituzten, horretarako.

Dirudienez, azterketako galderak biltzen zituen orria kamera batekin grabatzen zuen estudiante horietako batek, eta irudia kanpoan ziren bi laguni bidaltzen zien. Bi horiek erantzunak prestatzen zituzten, lasai-lasai, eta azterketa egiten ari ziren batzuei erraten zizkieten, irrati bidez. Ona! (baldin eta harrapatu ez balituzte, jakina)

Egunotan, unibertsitatera sartzeko proba egiten ari dira Txinan. Hau da, selektibitatea egiten ari dira. Txinatarrek gaokao deitzen omen diote (azterketak ez baikenituen guk asmatu, txinatarrek baizik!!!). Egunotan, 10,5 milioi estudiante txinatar ari dira, nor baino nor, unibertsitatean sartzeko 6 milioi tokiak lortzeko lehian (eta haiek ez dute Bolognarik). Eta egunotan eman dute zazpi “gaizkile” horien kontrako zigorraren berri. Txinako agintariak ez baitira tontoak.

Ulertzekoa denez, Txinako estudianteek gauza asko dituzte jokoan azterketa horietan, eta, horregatik, bat baino gehiago ausartzen da halako “azpijokotan”. Estatu sekretuen legeak arautzen ditu azterketa horiek, eta, estatuko segurtasun indarrak arduratzen dira horiek zaindu eta zelatatzeaz.

Eta orain dator onena: iragan urtearen bukaeran, Quingdao-ko bi estudianteri ebakuntza egin behar izan zieten, belarrietan sartu zituzten aurikularrak kentzeko. Biba zuek!!!

One thought on “Txina, Txina….

  1. Andoni Errazkin Beratzadi

    Egun on:

    Zuk hemen idatzia bitan irakurri dut. Bitan. Bi egunetan. Lehenean lehen aldiz. Bigarrenean bigarren aldiz. Baina, oraindikan ezin dut sinetsi. Baina, bai; sines dezaket.

    Nire kezkaren iturria eguneroko nire inguruan nabari dudana da; eta, noski ekoizkin kulturalak kontsumitu ondorengoa ere bai. Bizitza biotikoaren eta bizitza metalikoaren arteko inertzia.

    Gomendatuko nizkizuke, agian jada badakizkizun, liburu batzuk; baina, hobe honetan uztea: leia aparailu metalikoak txartatzen dituztenek irabazten badute, alegia ziborgek, erran nahi du ezen etorkizuneko gizakiaren lehen espezie indibidualitateak sortzen ari direla.

    Alegia, ezen gaur egun darabilzkigun tresna zibernetiko oro gorputzetikan at ditugula; eta, gertatzen ari dena da ezen tresna zibernetikook gure gorputzean txertatzen ari garela.

    Kezkagarria. Zirraragarria. Harrigarria. Ikaragarria.

    Huxley + Orwell = ?

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude