House-ren eraso matxista

Deitudazue “zaharkitu”, deitudazue “antigoaleko”… baina telesailak telebistan ikusten dituzten horietakoa nauzue. Erran nahi baita ez ditudala internetetik hartzen eta telebistan noiz eman zain egoten naizela. Horregatik, beharbada, orain kontatuko dudana bertze inork aipatuko zuen duela zenbait hilabete, baina nik atzo bizi izan nuen.

Harira. Atzo, Espainiako Cuatro telebistak House telesailaren zazpigarren denboraldiko azken kapitulua eman zuen, A otra cosa izenburukoa (Moving on jatorrizkoan).

Hugh Laurie aktoreak jokatzen duen Gregory House doktorea onena da bere lanean, baina maltzurki jokatzen du bere inguruko guztiekin. Horren erakusgarri, zazpigarren denboraldiko azken kapituluaren hondarreko eszena.

House doktorea bere neska-lagun ohiaren etxera joan da, orratz bat itzultzera. Etxeko atera hurbildu delarik leihotik ikusi du bere neska-lagun ohia lagun batzuekin dagoela, giro ederrean. Antza, ezin izan du jasan, eta, amorruaren amorruz, autoa hartu du eta abiada bizian etxearen kontra jo du. [HEMEN duzue eszena hori]

Telesaileko gidoilariak trebeak dira, eta, Housek sekulako astakeriak eginagatik ere, beti lortzen dute ikusleak doktorearen konplize izatea. Oraingoan, ordea, zalantzak ditut ea ikusleren bat azken gaiztakeria horren kide sentitu ote den, Housek egin duen eraso matxista (fikziozkoa izan arren) ez baita txantxetakoa izan.

One thought on “House-ren eraso matxista

  1. Txantrea

    Neroni ere estonaturik utzi nindian eszena horrek. Egungo matxista malapartatu eta bortitz horiek halakoxe eredua merezi al zuten? Ezin bota dakioke suari halako erregairik, are gutxiago telebistan agertzen den ia guztia sinesten duen herrian.

    Ea nola konpontzen duten haria heldu den denboraldian. Benetan kontu serioa duk, gauza bat duk bihurritxoa izatea eta bertze bat erasotzailea. Egia erran, eszena hori ez zetorrek bat telesailaren umore motarekin.
    Egon bizkor.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude