Goian Bego

Benetan, batzuetan ez dago batere argi zer arraio ote duten buruan euskaldunek haien taldeen edo kolektiboen izenak asmatzen dituztelarik. Erran nahi baita, ez dirudi buruan dutenik gero izen horiek euskaraz erabili behar direla. Eleak, Ahotsak, Plazandreok, Gurasoak, AEK, Anitzak… Horiek guztiak nola deklinatu ergatiboan? Nola erantsi hain gurea den ergatiboaren -k hori?

Horren harira, badirudi euskararen erabilera ez dutela guztiz aintzat hartu Nafarroa Baitik sortu den hondarreko koalizioko kideek. Herenegun, EAJ-k (!!), Zabaltzenek eta Atarrabia Bai taldeak Espainiako hauteskundeetan erabiliko duten izena aurkeztu zuten: Geroa Bai.

Kontuan izanik politika munduan siglak erruz erabiltzen direla, ez ote dira konturatu haien siglak G.B. direla? Bai, bai. Goian Bego (edo Beude). Txistea (euskaraz) oso merke saldu dute Geroa Baikoek. GB siglak erabilita erraza baita haien boto txartela eskela bilakatzea.

Izenarekin aurrera eginen zuten baldin eta lortutako siglak RIP edo DEP izan balira?

Txiste hori saihesteko moduak izanen dira, noski. Horietako bat izan daiteke Nafarroa Bai izenak eman zuen NaBai akronimo horren bidetik jotzea: GeBai. Baina hala eginez gero, baietz ikusentzunezko hedabide ia gehienetan “Ge” hori gaztelaniaz ahoskatu?

Ez dute erronka makala, ez.

One thought on “Goian Bego

  1. Txantrea

    Arrazoi duk. Zenbait euskal liburu irakurtzen ari gareino ohar gaitezkek erdaraz hausnartuak izan direla eta gero euskaratu egin dituztela. Hik aipatu duan kasu honetan ere antzeko zerbait gertatu duk.

    Ez zekiat benetako Euskal Herri normalizatuan bizitzeko ongi prestatu dugun geure burua. Kanpotik aunitz urtez ezarri dizkiguten kateak askatzeko franko lan izanen diagu. Baduk hau guztia hau aintzatesteko garaia, herri askatuaren alde ei daudenen artean bederen.

    Egon bizkor.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude