Hilabetea: abendua 2013

Libra nazak, Jauna

Libra nazak sorbalda gainean daramadan zama astun honetatik. Bazakiat ez naizela bakarra pisu nekagarri hau eramaten. Bazakiat milaka garela madarikazio hau bizi dugunok. Baina Sisifonola, neu ere bakarrik sentitzen nauk harria, harritzarra, harkaitza Ezkaba mendiaren gailurrera behin eta berriz igotzen.

Berripaper honetako zutabe edo artikulua idazten hasi nintzelarik, neure buruari ezarri nioan agindua -herorrek emanen bahu ere indar handiagoa izanen ez lukeena-, agindu irmoa inondik inora, biraorikan ez duen hizketa garbi hau hagitz gutxitan izanen zela nire idatzien gai, zio edo helburu. Alegia, euskararen inguruan noizbehinka bakarrik izkiriatuko nituela nire pentsamenduak. Badituk hiru urte horretan ari garela, eta manua bete diat nola edo hala.

Baina nire aitzineko artikuluak euskara hartu zian hizpide, eta, beraz, orain irakurtzen ari haizen honek bertze gai arras ezberdina jorratu beharko likek. Baina ez duk hala. Nik sinestatzen diat hire baitan, Jaungoiko eta Gizon egiazkoa, eta hire misterio guztietan; eta sinestatzen diat gure fedearen bertze misterio guztietan, eta nahi diat bizi eta hil fede honekin. Baina ene kapitain, errege eta enperadore handi, lehenbiziko tronuan gloriaz eta edertasunez beterik haizena: oraingo honetan ere ezin zioat zama honi gehiago eutsi. Harria erortzen utziko diat. Berriz.

Mintzatu nahi nikek tartalariei ezarri dieten zigor bidegabeaz. Hitz egin nahi nikek PISA txostenean Nafarroa sailkapen onean utzi duten nerabe arduratsu eta jatorrez. Solastatu nahi nikek aurrekontuen inguruan PSN jokatzen ari den hondarreko antzerki lanaz. Ele egin nahi nikek Nafarroaren egun ofizialari benetako zentzua eman dion Espainiako ereserki sartu berriaz. Berbetan jardun nahi nikek Parot doktrina bertan behera utzita kalera atera diren presoei egin zaizkien harrera ezkutukoez… Edo, bertzerik ezean, neguaren gorriaz.

Eta, ene Jaun maitagarri eta infinituki on, jakin ezak, oro har, Job santu jazartuak baino pazientzia handiagoa erakusten dugula hiri buruzagiko euskaldunok. Baina madarikazioa hain duk handia, arrastatzen dugun gurutzearen zama hain duk neurrigabe eta gehiegizkoa, eta gure etsaiaren tema hain duk bukaezina, ezen haragiaren ahuleziatik hurbilago gaudenok ezin baitiogu tentazioari muzin eta izkin egin eta, halabeharrez, erantzun behar izaten baitiogu usain goxodun gure hizkuntza txukun eta argiari egin dioten azken erasoari.

Berriz ere, euskara dianaren erdian paratuz, nazka, higuina eta asperra eragin zigutek ardi otzan eta axolagabe bagina bezala gobernatzen gaituzten agintari zital ustelek. Eta, hartara, ni eta ni bezalako ahulak karrikara aterako gaituk hurbilen asteazkenean, hilaren 18an, gure hizkuntzaren defentsan. Baina, mesedez eta faborez, otoi eta arren, madarikazio honetatik libra nazak, Jauna.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2013ko abenduaren 13an]

Permalink-a 

“Euskaltzaleen elkarte”

«Euskaltzaindia euskaltzaleen elkarte bihurtu nahi dute»

Denok entzun edo irakurri dugu Sarasolak erran duena, baina gutxik ulertuko zuten Sarasolak erran nahi zuena. Edo neu bederen ez nago buruargi horien artean.

Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen dimisioak abiatu esperpentu honen inguruko txisteak eta txantxak bolo-bolo dabiltza sarean, ematen baitu Monty Phyton taldearen Life of Brian film ezagunaren eszena are ezagunagoa jokatzen ari direla euskaltzainak. Hala, euskaldunok nora ezean gabiltza, ez baitakigu zazpi liburukien aldeko taldea ala hiru liburukikoa animatu behar ote dugun. Judeako Fronte Popularra ala Juduen Fronte Popularra?

Gramatika Batzordeko kideen ondotik, Hiztegi Batuko buru Ibon Sarasolak eman du dimisioa. Baina bere azalpenek ez die ezjakinei gauza handirik argitu, ezpada gehiago korapilatu duela kontua. Izan ere, Sarasolari ulertu diogu Euskaltzaindian badirela bi talde, edo bi ikuspegi; baina bere taldekoak ez direnei leporatu die Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bihurtu nahia. Eta orduan ez dugu tutik ere entenditu. Pentsatzen baikenuen Euskaltzaindia zela euskaltzaleen elkarte gorena.

Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. (Euskaltzaindiaren sortarauak, 1920)

Egia da Marteko euskaran idatzia dagoela Euskaltzaindiaren estatutuen lehenbiziko bertsioa, baina nik uste hor denok ulertzen dugula Euskaltzaindiaren helburua ez dela metalinguistikoa bakarrik, euskara gizarteratzeaz ere arduratzen dela. Badazpada ere, honatx Euskaltzaindiaren webguneak esaldi horretaz egiten duen irakurketa: “Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere”.

Hartara, ez ote da Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bat?

Eta honetan hasiak garela, gogora dezagun Juan Carlos I.a Espainiako erregeak 1976an sinatu zuen dekretua [Ziurrenera, borboiak ez zuen tutik ere jakinen sinatzen ari zenaz]:

Xedeak eta izaera

Lehen artikulua. Euskaltzaindia Instituzio bat da, 1918. urtean,Araba,Gipuzkoa,Nafarroa eta Bizkaiko lau Diputazioen babespean sortua. Honako xede hauek ditu helburu tzat:
a) Euskeraren gramatika legeak ikertu eta mamitzea.
b) Hizkuntza honen idazlangintzarako argibideak eta arauak ematea.
c) Hiztegia biltzea.
d) Bai hiztegian eta bai gramatika eta grafian ere, literatur hizkera batura heltzeko lan egitea.
e) Euskeraren enplegua aitzinatzea. [sic, “erabilera” erran nahiko zuten]
f) Hizkuntzaren eskubideak zaintzea.
g) Hizkuntza, gizarte maila guztietan gai bihurtzeko, lan egitea.

h) Literatur eta ikas lehiaketak eragitea.
i) Filologia eta linguistikako estudioak sustatzea, euskara eta euskal literaturaren katedrak bultzatuz.
j) Euskarari dagozkionetan erakunde aholku-emaile ofiziala denez, agiriak eman eta irizpide eta diktamenak luzatzea.

Nik nabarmendu ditut e), f) eta g) puntuak, Euskaltzaindiaren xede ere badirela argi gera dadin. Beraz, berriz ere galdera: Ez ote da Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bat?

Permalink-a3 erantzun

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer