Hilabetea: ekaina 2014

Merkea eta ona

Lourdes Goikoetxea kontseilaria Mercadonaren Antsoaingo saltokiaren inaugurazioan, 2013ko urtarrielan.

Lourdes Goikoetxea kontseilaria Mercadonaren Antsoaingo saltokiaren inaugurazioan, 2013ko urtarrielan.

Kabenzotz! Publizitate lelo ezin hobea oparitu diet Mercadonakoei, haietaz mintzatu behar baitut gaurkoan. Nire esperantza bakarra, artikulu hau ez dutela sekula santan irakurriko, berripaper hau ez baita ziurrenera haien negozio bidean agertuko. Ea hala den.

Mercadona supermerkatuen taldea 1977an sortu zen, Valentzian [nik Herrialde katalan gisa deituko dudan horretan]. Eta haien hedapen geldiezinean, beraiek Espainia deitzen duten horretan, bi erkidego bertzerik ez zitzaizkien falta mapa txintxetaz betetzeko. Bai, asmatu duzu, bi hauek. 2013an hasi ziren Nafarroan lehen Mercadona saltokiak irekitzen, eta bortz urtean denetara 20 supermerkatu zabaltzea espero dute. EAEn, berriz, aurten irekiko dituzte lehen dendak (Gasteizen) eta sei urtean 25 sortu nahi dituzte.

Produktu onak eta merkeak saltzen omen ditu Mercadonak. Ez dakit. Eta ez dut sekula jakinen, ez baitut Mercadona bat zapaltzeko inolako asmorik. Nire marra gorrietako bat da.

Bertze batzuek ez omen dute halako marra gorririk. Iruñean lehen Mercadona ireki zutelarik, hasieretako egun batean gazte bat ikusi nuen saltokitik ateratzen, eskuetan plastikozko hiru poltsa handi zituela, eta soinean Aranzadi bizirik errezatzen zuen elastikoa zeramala [Bide batez, Arantzadiren aldekook, zergatik lapurtu zenieten -t- hori gure baratze maiteei?].

Gazte hura polizia infiltratu txar bat ez bazen, argi dago sakana handia zuela bere aldarrikapenaren eta jokabidearen artean. Ez dirudi ongi lotzen direnik, ezta? Ez dakit. Bertze adibide bat jartzearren. Pentsa alderdi ezkertiar bateko diputatua zarela, Gaur egun ezkertiarra izan izenburuko liburua idatzi duzula, ezkertiar nor den eta nor ez den oso argi duzula eta horren arabera banatzen dituzula ezkertiar karnetak, eta zeure liburuaren aurkezpena egiteko El Corte Ingles baino leku aproposagorik ez duzula aurkitu. Bitxia, ezta?

Irakurle zentzudun hori, ez nuke nahi zuk nire hitzak hartzea pulpitutik botatzen diren horien gisa berean. Bakoitzak egin dezala sudur puntan jartzen zaiona, noski. Baina iruditzen zait ongi dagoela zenbait kontzeptu argi izatea, horren arabera marra gorri batzuk margotzea eta, ahal dela, inoiz ez zeharkatzea.

2013. urtearen bukaeran, Nafarroan 360 supermerkatu zeuden, 2000. urtean zeudenak halako bi. Zenbat lanpostu duin sortu dituzte horiek guztiek? Zenbat lanpostu duin suntsitu dituzte? Zenbat nekazari salbatu dituzte? Zenbat nekazari estutu dituzte haien lanbidea uzteraino? Zenbat denda txiki itxiarazi dituzte?

Mercadonak bertze edozein supermerkatu katek dituen ajeak izanen ditu. Ados. Horrekin konbentzitu ez bazaitut, eman diezaiegun Barcenasen paperei begiradatxo bat. Bai, Mercadona paperetan ageri da. Zer behar izanen zuen Juan Jose Roig enpresaburuak PPri ustez dirua emateko?

Mercadonaren aurkako afixa, CNT sindikatuarena.

Mercadonaren aurkako afixa, CNT sindikatuarena.

Horrekin nahikoa ez? Eta kontatzen badizut Mercadonak makina bat kontrako epai duela emakume langileen kontrako abusuengatik? Edo Mercadona txapelduna omen dela langileen gaixotasun eta amatasun eskubideak oztopatzen? Edo Mercadonak jasan behar izan zuela Kataluniako grebarik luzeena langileak jazartzeagatik eta segurtasun arauak urratzeagatik?

Marra gorririk ez duzula? Bai, ba! Aurpegian baduzu bat. Krema on batekin joanen zaizu. Mercadonan saltzen dituzte, merkeak eta onak.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko ekainaren 13an]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer