Hilabetea: uztaila 2014

Kenduko nukeena

“Eta entzierroak kenduko balituzte?”. Huraxe bota zidan behin Baztango txistulari batek, mutil-dantzen inguruan eztabaidan ari ginela.

Berriaren uztailaren 8ko azala, nik hainbat egun lehenago iragarritako lerroburuarekin: "Azkarra eta arriskutsua"

Berriaren uztailaren 8ko azala, nik hainbat egun lehenago iragarritako lerroburuarekin: “Azkarra eta arriskutsua”istulari batek, mutil-dantzen inguruan eztabaidan ari ginela.

Ni tradizioen aldakortasunaz mintzatu nintzaion eta berak huraxe bota: “Eta entzierroak kenduko balituzte?”. Antza, iruindar peto-peto bati ikusarazi nahi zion zernolako min egiten ahal zuen erraietaraino finkaturiko tradizio bat aldatzeak. Eta iruindar peto-petoak zera erantzun: “Utziko balidate, sanferminetatik entzierroak kenduko nituzke nik”.

Eta zezenketak. Eta entzierrotxoa; bai gaueko hori. Eta divinoak. Eta Valentziako korrikalariak. Eta kapela kordobesarekin ibiltzen diren mayoralak. Eta Azkarra eta arriskutsua bezalako egunkarietako lerroburuak. Eta bi belarriak eta buztana xedatzen dituzten lehendakariak.  Eta Una chica ye-ye garrasika kantatzen duten peñakideak. Eta haien merendu koartada emaileak.

Utziko balidate, sanferminetatik San Fermin ezabatuko nuke. Kapotikoa. Bakulua. Eta kandelek belzturiko aurpegi gezurtia. Eta bere ipuintxo apokrifoa.

Prozesioa kenduko nuke. Eta zortziurrena. Eta santujale guztien lore eskaintzak. Eta Barcinari “Guapa!” oihukatzen ziotenak. Eta Maiari “batek-daki-zein-lausengu” botatzen diotenak. Eta Curian txistu egiteagatik grabatzen gaituzten udaltzainak. Eta La Pamplonesakoen uniformeak. Horiek guztiak erreko nituzke.

Gurutze plazako berbenak kenduko nituzke. Eta Rodeznoko konde frankistaren plazako “Menudas fiestas”. Horiek guztiak, fuera! Eta euskara ere badela ez dakiten orkestra guztiak; batez ere, izen zaharraren aitzinean “Nueva” paratu dutenak. Eta agertokian 11 musikari erabiliagatik ere, benetan jotzen hiru bakarrik jartzen dituztenak. Alegia, den-denak.

Asteburuak ere ezabatuko nituzke sanferminetako egutegitik. Eta jende uholdea. Abakoarekin zenbatzen ez dakitenen milioi bat pertsonako jende uholdea. Eta lapurrak. Hamabortz euroko katxiak eta sei euroko txurro dozenak. Eta jendetza artean zakila ateratzen dutenak. Eta barraren kontra txiza egiten dutenak. Horiek guztiak moztuko nituzke.

Ikurrinarekin search and destroy ibiltzen direnak erbesteratuko nituzke. Frankotiratzaileak. Keler kapela janzten duten sekretak. Euskara laugarren mailara zokoratu dutenak. Euskara ezkutatu dutenak. Fiestas sí, política no-koak. Eta paretak grisez margotzen dituztenak.

Eta sanferminak iragartzeko kartelak. Bai, bai, bai. Azken hogei urteetakoak bai, bederen.

Ufa! Hainbertze gauza aldatuko nituzke… Eta, zera, ez da gehiegi nabaritu aurten sanferminetan parrandarik ez dudala eginen, ezta?

 
POST SCRIPTUM: Testu hau Euskalerria Irratiarendako egina da, 2014ko sanfermintza saioan emiti dezaten. Testua sanferminen aitzinetik idatzia da.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer