Hilabetea: iraila 2014

Echarri antigüedades

Ikerketatxo soziolinguistiko ergel bat egin dut. Ergela diot, ez ikerketa izateagatik, ezta soziolinguistikoa izateagatik ere, baizik eta emaitza zein izanen zen aldez aurretik jakin banekielako. Baina ez ote dute ikerketa askok aje bera?

Euskararen hirian (Donostian, alegiya) bertako udal gobernu taldeak euskararen prestigioari eman zion zaplaztekoaren ostean –“Balde bete ur hotz” deitu zion hark–, eta hurrengo astean udal horretako oposizioko taldeek euskarazko kale izendegia errefusatzean erakutsitako kosmopaletismoaren ondoren, euskaldun kezkati eta negartiak betetzen dituen ezkortasunean are gehiago murgildu nahi izan dut. Esaldi luzeak egiteko joera, horren erakusgarri.

Iraileko egun eder batean, buru gainean laino beltz-beltz bat lagunhizkuntza paisaia dudala, Iruñeko Alde Zaharrean barna paseotxoa eman dut. Zehazki, Kale Nagusia, San Saturnino, Udaletxe plaza, Nabarreria karrika eta Estafeta zeharkatu ditut, alderik alde, eta berriz buelta, eta bidean ikusi ditudan lokal, komertzio edo saltoki guztien izenak zerrendatu ditut. Asmoa zen ikustea hizkuntza paisaia zenbaterainokoa den erdalduna Iruñeko inguru boto emaile abertzaleenetako batean –oraindik ere abertzale eta euskaltzale kontzeptuak lotzen dituen zoro horietako bat bainaiz–.

Datuekin eskuzabal jokatu dut hasieran. Hala, zerrendatu ditudan 208 izenetatik pentsatu dut 13 ele bitan zeudela (%6,25), 52 euskaraz (%25), 121 gaztelaniaz (%58,17) eta 22 (%10,58) gaztelania ez bertze erdara batean. Baina, kasu, euskarazko 52 horietako 27 euskal deiturei edo euskal leku izenei dagozkie, eta gehienetan erdal grafian daude. Konparazio batera, Kale Nagusian, elkarren segidan daude honakoak: Hijos de U. Ataun, Beunza Luz, Bar Garcia, Mena Fotografía eta Echarri Antigüedades. Horiek guztiak izen euskalduntzat jo ditut, pentsa, izen sintagmaren ardatza euskal jatorrikoa delako horietan guztietan.

Baina fantasiazko mundu horretatik aterata, izenen azalpenak aztertzeari ekin diodalarik, hau da, Beunza eta Echarri bezalako izenen ondoan zein azalpen ematen zen aztertu dudalarik –okindegia ote den, edota taberna, edota ile apaindegia…–, bada, bertzelako datuak agertu zaizkit. 130 azalpen zerrendatu ditut. Horietako 15 ele bitan daude (%11,54), hiru txapeldun (Katakrak liburuak, Los Burgos de Iruña taberna eta Okapi taberna) euskaraz bakarrik (%2,31), 103 gaztelaniaz (%79,23) eta 9 gaztelania ez bertze erdara batean (%6,92).

Ez erran burua pareta baten kontra metaforikoki ez baizik eta literalki jotzeko moduko datuak ez direnik.

Askoz ere azterketa zabalagoa egin beharko litzateke, jakina, baina ez pentsa datu hoberik lortuko dugunik. Nik neuk bildu eta prestaturiko datuok nik neuk neukan uste ustel bat ziurtatzera etorri dira: hizkuntza paisaian eragin nahi badugu erakunde publikoak ez ezik (ez ezik!) komertzio pribatuak jarri behar ditugu jomugan. Bertzenaz, gure saltokiei gure deitura jartzeko ohiturarekin batera desagertuko da euskara gure karriketatik.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko irailaren 26an]

OHARRA: Baten batek, jakin-min friki batek bultzatuta, nire ikerketatxoaren datuak ikusi nahiko balitu, egin dezala klik HEMEN.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer