Hilabetea: urria 2014

Egizu 3

Nire lotsarako, Kazetaritza ikasketak Opus Deiren unibertsitatean egin nituen, Nafarroako Unibertsitate horretan. Baina lotsa nolabait estaltzearren, unibertsitate hartan egin zitekeen gauzarik “iraultzaileena” egin nuen, Abarrots euskara taldean militatu.

Abarrotsek bazuen aldizkari bat, Hotsa! izenekoa, noiz edo noiz argitaratzen genuena. Eta aldizkariaren zenbaki bakoitza argitaratu aurretik, prentsa askatasuna zer den irakasten ziguten unibertsitate hartan, Informazio Zuzendaritza edo antzeko izen bat zuen toki ilun batera joan behar izaten genuen. Han, gorbatadun erdaldun bati esplikatu behar izaten genion zer nolako edukiak bilduko zituen hurrengo zenbakiak.

Gure azalpenekin ados gelditzen zen, baina burmuninean kateatuta gelditu zitzaidan nola ikurrin-detektagailua aski ongi konektatua zuen morroi hark. Korrika 10 dela-eta erosi genuen kilometroaren berri emateko artikuluan, lekukoaren irudi txiki bat txertatu genuen. Alegia, ikurrin txiki bat, orrialdearen zuri-beltzean apenas ikusten zena. Begiak hara joan zitzaizkion Opuseko kide hari.

Pasadizo hura berriz gogora etorri zait Iribas eta bere mezalagunen azken sorgin ehiza ikusita. Ikurrin-detektagailua biziki ongi koipeztatua baitute.

'Egizu 3' ikasliburuak 16. orrialdean agertzen duen Euskal Herriko mapa.

‘Egizu 3’ ikasliburuak 16. orrialdean agertzen duen Euskal Herriko mapa.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak osatu duen zerrenda beltzean agertzen da Biurdana institutuan Euskara eta Literatura irakasgairako erabiltzen dugun liburu bat: Egizu 3. Tira, DBH osoan erabiltzen dugu Egizu, baina Iribasen mertzenarioek 3. mailakoa bakarrik jarri dute jomugan.

Santillana Espainiako argitaletxearen Zubia sukurtsalak egina da Egizu. Etengabe darabil Euskal Herria kontzeptua; hizkuntzaren historia, zabalkundea, nolakotasunak eta gainerakoak esplikatzeko nahitaezko kontzeptua baita. Ezin bertze modu batean izan. Beraz, pentsatzekoa da Egizu 3 inkisidore erregionalisten ohorezko sailkapenera eraman duena irudia dela, eta ez hitza. Alegia, 16. orrialdean, Euskal Herriko mapa bat agertzen duela.

Axolagabe hutsak baitira Egizukoak. Komunikazio atalean, Euskara gizartean azpiatala dute, euskararen historia errepasatzen duena. Eta hara non bururatu zitzaien paragrafotxo batean euskarak 1979an bizi zuen egoera azaltzea eta azalpen hori koloretako Euskal Herriko mapa batekin laguntzea. Halakorik!

Eta, jakina, zentsuratzaileen begiak halako mapetan iltzatu dira, halako zentsura zabarra egiteko ez baita zertan euskara jakin. Nahikoa da pare bat begi izatea, eta adimena lainotua. Hagitz lainotua.

Azken eraso honen surrealismoa hain da handia, ezen arriskua baitago pentsatzeko ez dela benetakoa, UPNko integristak karikaturizateko bertze txiste txar bat dela. Ez ba. Benetakoa da. Eta oso ondorio larriak ekarriko ditu.

Hartara, Eguzki sistemako planeta guztiak lerrokatzen badira –baita Pluton planeta nanoa ere–, eta hurrengo hauteskundeen ondotik alderdi abertzaleek Nafarroako Gobernuan sartzerik baldin badute, UPNk egindako barrabaskeria hauek guztiak desegiteak baztertu ezinezko baldintza izan behar du. Ez ahantzi, gero.

—-

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko urriaren 10ean]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer