Hilabetea: azaroa 2014

San Antoniori kandelak

Bilbon egoitza duen elkarte batek San Antoniori kandela birtualak paratzeko webgunea du. Ez dakit Urkiolakoari edo Paduakoari paratzen dizkioten, baina eraginkortasun handia ziurtatzen dute, orrialdearen goiko lerroetan adierazten dutenez: “San Antonio naiz, lagun fidela zure beharretan. Zure babesle handia. Zuk badakizu nire bitartekaritzara jotzen duzun aldi oro jaramon egiten zaizula”.

Gauza polita izan behar du halako fenomeno paranormaletan sinesteak. Kandela bat piztu –benetakoa zein birtuala–; San Antoniori mesedez, faborez, arren eta otoi zer edo zer eskatu; otoitz pixka bat egin; eta, ale hop, bertze deus egin gabe, guk espero genuen huraxe gertatu.sanatoniorikandelak Mundiala.

Bada, [fenomeno paranormaletan] sinesle izan ala ez izan, irudipena dut gutako asko San Antoniori kandelak jartzen gabiltzala Espainian zein Nafarroan aldaketa politikoa gerta dadin. Behar-beharrezkotzat jotzen dugu, berehalakoan gertatuko dela uste dugu, ia zalantzarik ez dugu gauzatu gauzatuko dela. Eta, beraz, gerta dadin egiten dugun bakarra da San Antonioren alde kandela bat piztea.

Niri neuri gertatzen zait. San Antoniori kandela jarria diot LOMCE hezkuntzako maila guztietara ailegatzeko prozesua burutu gabe buka dadin. Konbentzitua bainago heldu den urte bukaerako Espainiako hauteskundeetan gehiengoa lortuko dutela LOMCE bertan behera utziko dutela sinatu zuten taldeek. Horregatik, eta irakaskuntzan lan egiten dudan arren, LOMCE existituko ez balitz bezala jokatzen ari naiz. Pentsatzen baitut nahikoa dela San Antoniori kandela jarri izana.

Niri neuri gertatzen zait. San Antoniori kandela jarria diot ez ditzagun azkenean alda Euskara eta Literaturako ikasliburuak Euskal Herriko mapak dituztelako. Konbentzituta bainago heldu den urteko maiatzeko foru hauteskundeetan gehiengoa lortuko dutela UPN, PSN eta PP ez bertze talde guztiek. Horregatik, eta ekainean liburuen kontu horri aurre egitea egokituko zaidan arren, arazo hori existituko ez balitz bezala jokatzen ari naiz. Pentsatzen baitut nahikoa dela San Antoniori kandela jarri izana.

Eta ez, San Antoniori kandelak jartzea ez dago gaizki. Baina bertze santuren bati ere jarri beharko dizkiogu, ez? Zerbait gerta dadin ez baita nahikoa zerbait hori indar handiz desiatzea, ezta desio hori otoitz batean adieraztea ere. Zer edo zer gehiago behar da.

Beti erran izan dut, hemen eta orain, egin dezakegun gauzarik iraultzaileena euskaraz mintzatzea eta bizikletaz ibiltzea dela. Bi ekintza horiek orokortuko balira, hankaz gora jarriko litzateke zuek denok buruan dituzuen horien guztien sistema hau. Dena dela, oraindik ez gaude egoera horretan; tira, egiaren aitortzeko, egoera horretatik oso-oso urruti gaude. Beraz, eta barkatuko didazue eginen dudan proposamen burgesa, baina Arkadia eder horretara gerturatu bitartean, hemen eta orain, egin dezakegun gauzarik iraultzaileena da erregimena osatzen duten alderdiak ez bertze edozeini botoa ematea.

Ea guztion artean zenbat kandela jartzen dizkiogun San Antoniori.

 —

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko azaroaren 14an]

 —

POST SCRIPTUM: Yolanda Barcinak azaroaren 10ean iragarri zuen ez zela berriz Nafarroako lehendakarigaia izanen. Artikulu hau hiru egun lehenago idatzi nuen. Bistan denez, San Antoniori kandelak jartzeak oraindik ere funtzionatzen du. Ala ez?

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer