Hilabetea: abendua 2014

Azaroko urtea

Bukatzear den urte honetako azaroan, indigestio ederra hartu genuen, Navarrometroa egosi gabe zerbitzatu baitziguten. Izan ere, 2014. urtean pentsatzen hasi gara erortzear dagoela orain lotsarik gabe erregimena deitzen dugun hori. Halarik ere, Navarrometrokoa gehiegitxo izan zen gure urdail gaizki ohituendako.

2014ko Navarrometro inkestaren emaitzak.

2014ko Navarrometro inkestaren emaitzak.

Zeruko lainoetatik jaitsita, bertze inkesta batzuk hasi dira erraten balitekeela, historian lehenbizikoz, UPN, PSN eta PP ez diren gainerako alderdi guztiak gehiengoa lortzeko moduan egotea. Bertzerik da alderdi horiek ados jarriko ote diren; eta, horretan, oraindik ez programarik eta ez aurpegirik ez duen Podemos alderdi berriaren anbiguotasun kalkulatuak rol garrantzitsua jokatuko du. Baina ahantzi hori oraingoz. Maiatzeko hauteskundeetan lehia estua izanen omen baita. Lehia, aizue. Lehia!

Eta itxaropen horrekin bukatuko zaigu urtea; eta sentsazio batekin: erregimena –alderdi politikoei dagokien erregimen zatia, bederen– hondoratzen hasi da. Eta zenbat gauza ez ote diren 2014.ean gertatu erregimenaren hondamendiaren metafora ederrak izan daitezkeenak, ezta? Zerrenda luzea, ezbairik gabe.

GARA egunkariak argitaraturiko inkestaren emaitzak.

GARA egunkariak argitaraturiko inkestaren emaitzak.

Bada, axola ez badizue, zerrenda luze horren anekdotari erreparatuko diogu, Osasuna gaixoari. Espainiako Ligako Lehen Mailan hasi zuen urtea dagoeneko ez Gazteluko Plazakoa ezta Sadarrekoa ere ez den futbol taldeak. Urte hondarrean, berriz, Bigarren B Mailara begira jarrita dago. Eta bidean erakutsi digute baietz, kasu honetan bederen, gure gaitasunen gainetik bizi izan garela. Lehen Mailan jokatzeagatik eta jokatzeko, inolaz ere milioiak balio ez zuten jokalari zein entrenatzaileei milioiak ordaindu zizkieten (jaitsi ziren denboraldian 30 milioi euroko aurrekontua izan zuen Osasunak¬). Eta, jakina, halakoak ordaindu ahal izan zituzten, Nafarroako Ogasunari zegokion zatia ordaindu ez zutelako.

Bada, Osasuna desagertzetik salbatzeko eta egindako jukutria estaltzeko, erregimeneko alderdiek lege bat asmatu eta onartu zuten azaroan. Eta aukera baliatu zuten lau haizeetara zabaltzeko beraiek direla hiru R-dun Nafarrroa defendatzen duten bakarrak.

Baina inkestak islatzen hasi diren gisan, amu hori irensten dutenak geroz eta gutxiago dira eta, horretaz jakitun, Francesco Schettino kapitainak Costa Concordia itsasontzia nola Yolanda Barcinak Nafarroako lehendakaritza utziko duela iragarri zuen azaroan.

Barcina lehendakaria baita oraindik. Inork ez du bota. Inork ez zuen otsailean bota. Bai, bai, 2014ko otsailean gertatu zen, eta ez duela bortz urte. Otsailaren 12an Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak iradoki zuen Lourdes Goikoetxea Ekonomia sailburuak mesedeak egin zizkiela hainbat enpresari. Eskandaluak, nolabait, Yolanda Barcina ukitzen zuen, eta hartara bota zuen PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek bere boutade hura, inoiz inork bere hilarri politikoan zizelkatu beharko lukeena: “Edo badoa, edo igorriko dugu”.

Baina Jimenezek –erregimenaren parte baita¬– karramarroarena egin zuen, bertze behin ere. Eta sinesgabeok espero genuena gertatu zen berriz: deus ere ez. Bederen, sainete hark balio izan zuen fidakorrei ikusarazteko PSNrekin aldaketa politikoa ezin-ezinezkoa dela Nafarroan. PSNren kontra egin behar baita aldaketa.

Eta Osasunaren aferak frogatu bezala, bertze hainbat kontutan ere, erregimenaren parte direnek erakutsi dute prest direla edozein lege aldaketa egiteko errealitateak ukatzen diena berreskuratzeko. Hala, erregimenaren parte diren UGT eta CCOO sindikatuen ordezkaritza %60tik baino %50etik hurbilago dagoen honetan, Nafarroako Parlamentuak –irakur bedi UPNk eta PSNk– Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortu zuen azaroan (noiz bertzela?), enpresaburuen elkarteari eta aipaturiko bi sindikatu horiei diru sarrera zuzena ziurtatuko dien txiringito berria.

Azaroan ez ezik, urte osoan erakutsi du erregimenak ez duela hondoratzeko batere asmorik. Bada, ez badu nahi, hondoratzen lagundu beharko da, ez?

——-

[Nafarroako Hitza-ren urtekarian argitaraturiko artikulua, 2014ko abenduaren 19an]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer