Hilabetea: urtarrila 2015

Mamuface

mamufaceEspainiako estatua mamuz beteta dago, eta horretako batek Muface du izena.

Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionarioen Mutualitatea. Horixe du izena. Eta ez galdetu xehetasun gehiago, inoiz ez baitut ongi ulertu zein den bere egitekoa. Baina kontua da Espainiako estatuko milioi eta erdi funtzionario zibil Mufacen sartuta gaituztela eta Mufaceren bitartez kudeatzen dituztela gure aseguru medikoak.

Mufacen gaudenok aukera dugu osasun zerbitzuak Gizarte Segurantzaren bidez ala aseguru pribatuen bidez jasotzeko. Bada, Espainiako estatuko funtzionario zibilen %81ek ditu aseguru pribatuak aukeratuta. Hamarretik zortzi funtzionario ari dira mutualitate pribatuak elikatzen.

Halako zenbakiekin, zail egiten da zerbitzu publikoen aldeko aldarriari eustea. Erran nahi baita, aseguru pribatua duten funtzionarioek ez dute zerbitzu publikoen aldeko pankarta hartuko, ez? Horiek etxean geldituko dira, ez?

Etika deitzen zaio horri? Ala estetika?

Funtzionario publikoa izanda osasun aseguru publikoa izatea. Ezkertiarra izanda gobernu parekidea osatzea. Animo! Ez da hain zaila.

—-

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urtarrilaren 28koa]

Mugikortasuna zer den

Aurreko batean, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean izan nintzen, Biurdana institutuak dituen espazio arazoez mintzatzen.

Gure agerraldia bukatuta, mikrofonoak itzalita, UPNko parlamentari Carmen Gonzalez hurbildu zitzaigun, jokaldia komentatzera. Adeitsu etorri zen, noski. Baina bere iritzietan irmo. Eta, bertzeak bertze, erran zigun gaizki ohituak garela denok; ikastetxeek ez dutela zertan gure etxe ondoan egon; nolabait, ez dela bertze munduko deus eskola urruti batera joan beharra.

Ziur naiz gertatu izan zaizuela inoiz. Aitzinean duzuen solaskideari begietara begiratu, bai, eta bere hitzak entzun ere bai, baina aditu ez, burua bertze nonbaiten duzuelako.

Bada, horixe bera.

Iruñeko Udal Ikastolan ikasteko zortea izan bainuen. Ermitagañan bizi izanda, Donibaneko bajera batzuetan hasi nuen ikastolako bidea. Gero, Antsoaingo barrakoietara eraman ninduten. Ondoren, Misericordia etxera; bai, ongi entzun duzue, Misericordia etxera. Laugarrenik, Donibaneko ikastetxe luzanga batean izan nintzen. Eta, azkenean, Amaiur ikastola berria egin ziguten Iturraman.

Bai, Iruñeko euskaldunok eskola etxe ondoan izateko ohitura txarra izan dugu.

—-

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urtarrilaren 21ekoa]

Hemendik atera behar dugu

Egun on.

Gaurkoa da nire estreinako manifestua, minutu batekoa.

Eta nahi nuke estreinako nire hirurogei segundo hauetan zerbait berria ekarri. Nahi nituzke entzuleen belarriak soinu ederrekin gozatu. Nahi nuke nire umore ozpinduaren fama bidegabea gainetik kendu eta loreak jaten hasteko moduko hitz politak lotu.

Nahi bai.

Baina ezin. Ezin baitut gainetik kendu gurpil zoro baten barrenean bizi garen sentsazioa. Sentsazio asfixiagarria.

Konturatu bainaiz, Parisko atentatuak gertatu eta berehala, gorpuak bero zirela, hemengo askok geopolitika azalpenak ematen hasi ziren gisa berean, neuk ere gauza bera egiten nuela garai batean. Geure gatazkatxo honetako gertakariak testuinguruaren testuinguruan jartzearen ondorioz, gertakariak anekdota bilakatzen nituen. Eta, hala, akzioaren ostean zetorren erreakzioa zergatik zetorren ulertzen nuen kasik.

Orain ez. Duela lau urtetik hona, geroz eta jasangaitzagoa egiten zait herri txiki honen parte handi bati ematen dioten kolpeetako bakoitza. Sare pelagikoekin eginiko sarekada polizial bakoitzeko, makroepaiketa politiko bakoitzeko, espetxe politikaren erabilera zitalaren adibide bakoitzeko, gero eta itogarriagoa egiten zait giroa.

Hemendik atera behar dugu.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urtarrilaren 14koa]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer