Hilabetea: otsaila 2015

Ibaien kontra bizi

uholde seinaleaOhartarazi digutenez, Ebro eta Ega ibaiak gainezka egitear daude. Arga ere antzeratsu dabil, eta horregatik Iruñeko eta Burlatako udaltzaingoak esemeseak bidaltzen ibili ziren atzo: “EZ APARKATU uholde arriskuan dauden eremuetan”.

Dirudienez, aste honetan euri asko botako du eta, berriz ere, ibaietako urak ibaietako inguruak hartuko ditu. Eta, akaso, baten bat asaldatuko da garajea aquarium bilakatuko zaiolako edota urek bere etxeko atea joko dutelako.

Eta libra nazala Poseidonek inori inolako gaitza desiatzeaz. Ez, ez, ez. Baina berriz ere gogoratu beharko da ibai batek hartzen duen eremua ez dela bakarrik normalean duen ur emariari dagokiona, baizik eta baita ur goraldiei dagokiena ere. Eta, beraz, uholde eremuetan eraikiz gero, arriskua dagoela eraikitakoa arriskuan jartzeko. Eta eraikin bat “babesteko” euste horma bat eraikiz gero, egiten dugun bakarra dela ur emariaren abiadura azkartzea eta arazoa ibaian behera bidaltzea.

Garai batean estolda moduan erabiltzen genituen ibaiak. Gaurko egunean, batez ere araztegiei esker, ezin erran estoldak direnik. Bai, ordea, ubideak; apenas gelditzen baitira porlanak ukitu gabeko ibai zatiak. Eta ubide bilakatuak ditugunez, nahikoa da ubide horretatik ur tanta batek gainezka egitea, asaldatzeko, sumintzeko, errudunak seinalatzeko, uholdeen kontrako neurriak hartzeko.

Baina ibaien kontra bizitzea ez da bizia. Ibaiekin bizitzen probatuko?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko otsailaren 25ekoa]
——
bannerra-EHI

Oraingo hau (ia) gutxienekoa baita

kakaosasunaFutbolaren edo futbol talde zehatz baten aurka hitz egin behar duen edonork bere excussatio guztiak astindu behar omen ditu, etorriko zaizkion acussatio guztiei aurre egiteko. Bada, honatx neureak: futbola gustuko dut eta gaztaroan 14 urtez aritu nintzen talde amateur batean; gainera, atsegin dut noiz edo noiz telebistan futbol talde profesional onen arteko partidak ikustea; bertzetik, txiki-txikitatik naiz Osasuna futbol taldearen jarraitzailea, laket baitut jokalari txar baina ausartez osaturik egon ohi zen talde zintzo baten zalea izatea; eta, azkenik, erran dezadan hamaika urtez aritu naizela Osasunaren etxeko partiden irrati kontakizunetan parte hartzen, Euskalerria Irratian, euskararendako esparru berriak lortzen, baina era berean zeharka futbolzaletasuna eta osasunazaletasuna sustatzen.

Eta behin indarra hartuta eta neure burua zilegitasun gorritxoz zein futbolistikoz horniturik, aitor dezadan une honetan bortz axola zaidala Osasuna futbol taldea desagertzea. Lotsaren lotsak hartua bainau. Eta ez dut uste bakarra naizenik.

Erran ohi da Osasuna eta sanferminak direla nafar guztien atxikimendua lortzen duten gauza bakarrak. Baina ez da egia. Xehetasunetan sartuz gero, berehala azaleratzen baitira gure betiko ezberdintasunak.

Diru publikoak bidegabe erabiltzearekin kezka dugunok duela zenbait urte hasi ginen asaldatzen, Nafarroako Gobernua Osasunari urtero milioi eta erdi euro ematen hasi zelarik, Sadar futbol zelaia Reyno de Navarra deitzearen truke. Garai hartako lehendakari Patxi Izkok xalo-xalo aitortu zuen dirutza hori zuzenean Gobernuari itzultzen ziotela, Osasunak Ogasunarekin zuen zorra alimalekoa kitatze aldera.

Iaz jakin baikenuen Osasunak nafar guztiokin 50 milioi euro inguruko zorra zuela. Astakeria. Lehen Mailan jokatzeagatik eta jokatzeko, inolaz ere milioiak balio ez zuten jokalari zein entrenatzaileei milioiak ordaindu baitzizkieten –jaitsi ziren denboraldian 30 milioi euroko aurrekontua izan zuen Osasunak–. Eta, jakina, halakoak ordaindu ahal izan zituzten, Ogasunari ordaindu ez ziotelako.

Baina Osasuna desagertzetik salbatzeko eta egindako jukutria estaltzeko, –o, kasualitatearen kasualitatea!– erregimeneko alderdiek ad hoc lege bat asmatu eta onartu zuten azaroan. Osasunari kontuak garbi azaltzeko eskatu gabe, batere bideragarritasun planik aurkeztu gabe.

Eta, orain, Osasunaren kontuetatik ateratako 3,7 milioi nora bideratu diren ikertzeko eskatu du epaileak, ustez bertze talde batzuen partidak erosteko erabili baitira. Eta taldearen etorkizuna, orain bai, kolokan dago. “Erantzukizun zibilak, penalak eta administratiboak” eskatzen hasi dira batzuk. Erantzukizun politikoak eskatuko nituzke nik, maiatzean garbitze aldera. Eta bidean Osasuna galtzen bada, neure aldetik bederen, gaitzerdi.

——-

[Berria egunkariak 2015eko otsailaren 20an kirol orrietan argitaraturiko iritzi artikulua]

[Eta informazioa HEMEN eta HEMEN]

Je m’accuse

kakaosasunaNeure burua salatu eta aitortuko dut futbola gustuko dudala. Horregatik, gaztaroan, hamalau urtez aritu nintzen futbol talde amateur batean; egurra (eta ez jokoa) banatzen, dena erran behar baita.

Neure burua salatu eta aitortuko dut futbol profesionala gustuko dudala. Atsegin dudala telebistan talde onen arteko partidak ikustea.

Neure burua salatu eta aitortuko dut txiki-txikitatik naizela Osasuna futbol taldearen jarraitzailea. Laket dudala jokalari txar baina ausartez osatuta egon ohi zen talde zintzo baten zalea izatea.

Neure burua salatu eta aitortuko dut hamaika urtez aritu naizela Osasunaren etxeko partiden irrati kontakizunetan parte hartzen. Eta, kontakizun horien helburu nagusia baldin bazen ere euskararendako esparru berriak lortzea, jakin badakidala zeharka futbolzaletasuna eta Osasunazaletasuna sustatu genituela.

Baina, azkenik, neure burua salatu eta aitortuko dut une honetan bortz axola zaidala Osasuna futbol taldea desagertzen bada ere. Osasuna guztion diruarekin salbatu genuenetik auzo lotsa lotsa propio bilakatu baitzait.

bannerra-EHI

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2015eko otsailaren 18koa]

Ezin dut

chiquito de la calzadaEz dizuet misterio handirik erakutsiko berriz ere erraten badizuet, maiatzaren 15eko spanish revolution hura arrotza egin zitzaidan gisa berean, Podemos fenomenoak ere ez nauela harrapatu. Ez dira nire mundukoak. Bertzerik ez.

Bada, Podemoseko Nafarroako buruzagia izateko hautagai Joan Boschek esaldi arriskutsua bota zuen iragan larunbatean. Erran omen zuen: “Ez dugu nahi Nafarroako herritarrek erabakitzen duten horrek, edozer dela ere, Estatuko aldaketa arriskuan jartzea”. Egunkari batean irakurri nuen. Akaso kazetariak ez zuen esaldia behar bezala hartu. Ez dakit. Baina aizue, Laura Perezi botoa emateko gogo izugarri handia sortu zitzaidan. Euskalduna. Euskaltzalea. Etxe honetako kolaboratzailea. Madrili aurre egitearen aldekoa. Nire botoa mereziko luke, bai.

Baina ezin dut. Nolatan aukeratuko dut nik sekula nire botoa jasoko ez duen alderdi baten buruzagitza? Deituidazue abarkadun. Deituidazue karpetovetoniko. Deituidazue analogiko. Baina ez dut ikusten. Ez dut ikusten, benetan.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko otsailaren 11koa]

Lom… ze?

berria20150204Gaurko gosarian, bertze behin ere, liluraturik gelditu naiz gertakizun triste edo kezkagarriez Berria egunkariak portada ezin ederragoak egiteko duen gaitasunarekin. Hain liluraturik, ezen tentazioa izan baitut inkesta soziolinguistikoak ematen dituen eremu euskalduneko datu negargarrietan murgiltzeko.

Baina, baita zera ere! Janari lasterra bailiran astetik astera askotariko inkestak egiten dituzten mundu honetan, nolatan jarriko naiz duela lau urteko inkesta baten datuak aztertzen? Erokeria litzateke.

Eta halako pentsamenduetan ari nintzela, nola ez, Iribas kontseilariaren argazkiarekin egin dut topo. Iribas, bai, flamenkoa eta euskara parekatzen dituena, mediku on eta mediku euskaldun kontzeptuak kontrajartzen dituztenen ordezkari petoa.

Bada, eta barkatuko didazue digresioa, baina gogora etorri zait click panpinen orrazkeradun kontseilari ahozabal horren eskuetan dagoela LOMCE Nafarroan ezartzeko (edo ez ezartzeko) ardura. Eta, deitudazue inozo, baina, argazki hori ikusita, pentsatu dut Iribasek berak ez dakiela, ezta hurrik eman ere, nola arraio ezarriko duten heldu den ikasturtean LOMCE Nafarroako Bigarren Hezkuntzan. Ez, Iribasek ez daki.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko otsailaren 4koa]

Erlijioa kritikatzeaz

10:00etan, Koranaren errezitatzea. 11:00etan, Ezagutzaren bilaketaren garrantzia. Ondoren, hamaiketakoa. 12:00etan, Konfiantza Allah-rengan. Bukatutakoan, Salat dohr eguerdiko otoitza. Ondoren, bazkaria. Bazkaldu eta gero, Salat el asr arratsaldeko otoitza. 16:00etan, Hejira. 16:30ean, Musulmanaren portaera. Ondoren, Salat el maghrib eguzkiaren sarrerako otoitza. 18:00etan, tailerra.

Halako egitarau erakargarria biltzen zuen kartelaren irudia jaso nuen aurrekoan Whatsapp talde baten txatean. Emakume Musulmanen I. Topaketaren egitaraua zen, Iruñeko Sanduzelai auzoan egitekoa, urtarrilaren 17an, larunbatarekin.

Nire auzoko jai batzordearen txatean partekatu zuten egitarau hori; gure inguruko bertze hainbat egitarau partekatzen ditugun gisa berean. Nik “Ufa!” batekin agertu nuen egitarau hori gure txatean zabaltzearekin nuen desadostasuna. “Errealitate bat da”, erantzun zidaten. Eta nik ihardetsi: “Auzoan (edozein auzotan) errealitate asko daude. Baina erlijioek, hain zuzen ere, errealitate bakarra izan nahi dute”.

Eta hortxe utzi genuen gaia. Baina nik ezin nuen zalantza burutik uxatu: Egitarau hori musulmana izan beharrean katolikoa balitz gure txat horretan agertuko litzateke? Nik erantzunen nuke ezetz. Orduan, zergatik zabaldu zuten? Nik erranen nuke kultur aniztasunaren aldeko jarrera zintzoak eta etorkinengana gerturatzeko nahiak zenbait pertsona eramaten dituela hegemonikoak ez diren erlijioak modu aseptiko baten ikustera.

Baina erlijioak ez dira aseptikoak. Ez, horixe.

Egun batzuk geroago, urtarrilaren 22an, Berriak erreportaje arras interesgarria argitaratu zuen, Parisko atentatuen ondotik Euskal Herriko musulmanek zer pentsatzen zuten azaleratzeko-edo. Iruñeari buruzko testuan, Lohizune Amatria [@LohiLorit] kazetariak azaltzen zuen arestian aipaturiko larunbatean 500 pertsona bildu zirela Sanduzelaiko meskitara, errezatzera.

500 pertsona une berean otoiz egiten! Toki berean. Iruñean. Astakeria. Neuk, bederen, hemen zuzenean sekula ez ikusia.

Eta, akaso, fenomeno paranormaletan sinetsi ez eta gainera erlijioak tokirik izatekotan esfera pribatuan izan behar duela uste dugunoi, ez zaigu gaizki etorriko islamak hegemonia pixka bat kentzea katolizismoari. Horrela, beharbada, islama modu aseptikoan begiratzeari utziko diogu eta berdin-berdin salatuko ditugu artzapezpikuen zein imanen barrabaskeria lotsagabeak.

Erreportajearen bukaeran, Iruñeko Islamisten Komunitateko kide Mulud Kherkhar jaunak, islama “bakea, barealdia eta lasaitasuna” direla adierazi ondoren, ez du batere erreparorik adierazteko Mahomaren karikaturak egitea ez dela “askatasuna”, “milaka pertsonaren bihotzak masakratzea” baizik. Eta errespetua eskatzen du. “Gure kulturan, egiten dutena ez da zilegi, eta errespetatu beharko lukete”.

Agian, halakoei azaldu beharko litzaieke pertsonek dituztela eskubideak, eta ez ideiek; eta islama, bertze edozein ideia sistema bezala, kritika daitekeela, eztabaida daitekeela, zalantzan jar daitekeela. Bada, hasiko gara?

—-

[Nafarroako Hitza-ren urtekarian argitaraturiko artikulua, 2015eko urtarrilaren 30ean]

[Zoritxarrez, akats bat dela medio, egunkarian ez zen argitaratu nik idatziriko azken paragrafoa, artikuluaren tesia nolabait laburbiltzen zuena. Hurrengoan alderantzizko piramidearen egitura erabiliko dut! Zin dagit!!]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer