Hilabetea: martxoa 2015

Komunikazio borroka

miren peñaz

Miren Peñaren heriotza salatzeko pankarta bat, Laboral Kutxaren sukurtsal baten barnean eskegita.

Miren Peñaren heriotz behartua dela-eta, Hipotekak Kalteturiko Pertsonen Plataformak komunikatua atera zuen atzo, herenegun Laboral Kutxak atera zuen komunikatuari erantzun nahian.

Ezer baino lehen, derradan izugarri estimatzen dudala plataformaren lana. Baina iruditzen zait komunikatuen gatazkatxoan galtzaile atera dela. Atera garela.

Eta ez mamian, plataformaren komunikatua arrazoiez betea baitator, baizik eta azalean. Idatzi horrek argia ekarri behar zuen, eta hildakoarekiko beroa sentiarazi. Baina ez bata eta ez bertzea.

Plataformaren komunikatua iluna iruditu zait; oso gutxik ulertuko duten kontu legaletan galtzen baita. Eta hotza ere bai. Azkenaurreko paragrafoa arte ez baitu hildakoaren izena aipatzen.

Aldiz, Laboral Kutxaren komunikatua argia da, zuzena, denok ulertzeko modukoa eta, izenburutik hasita, hainbat aldiz aipatzen du Miren, abizena eman gabe, hurbiltasuna adierazi nahian.

Ea ongi esplikatzen dudan. Nik ez dut Laboral Kutxa sinetsi nahi, baina bere komunikatuak konbentzitu nau. Eta kontrara: nik plataforma sinetsi nahi dut (sinesten dut!), baina bere komunikatuak ez nau konbentzitu.

Boteretsuen aurkako borroketan ez baita nahikoa arrazoia izatea.

—–

+ Hipotekak Kalteturiko Pertsonen Plataformaren komunikatua (2015/03/24)

+ Laboral Kutxaren komunikatua (2015/03/23)

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko martxoaren 25ekoa]
bannerra-EHI

Aluminiozko zalantza

aluminiozko paperaGure institutuan, atsedenaldietan, ikasleek bi hondakin mota sortzen dituzte gehien: zukuen tetrabrikak eta ogitartekoak biltzeko aluminiozko papera.

Nerabeek, baina, arazo handiak dituzte hondakin horiek zakarrontzietan saskiratzeko. Punteria eskasekoak antza, badakizue. Hala, tetrabrikak eta aluminiozko papera edukiontzi horian bota behar zituztela gogorarazteko kartelak egitea otu zitzaidan aurrekoan.

Baina orduan zalantza: aluminiozko papera birziklatzen da? Interneten sartu nintzen eta han eta hemen aurkitu nituen erantzunak baiezkoak ziren. Bai, %100ean birziklatzen da eta, zikin ez badago, edukiontzi horira bota behar da.

Iruñerriko Mankomunitatea, ordea, bertze planeta batekoa omen da. Haien webgunean erraten baitute aluminiozko papera ez dela edukiontzi horira bota behar, gainerako hondakinen edukiontzira baizik.

Hori irakurrita, Mankomunitatera deitu nuen, benetan hala zen galdetzeko. Eta telefonoa hartu zidanak erran zidan hala zela, Iruñerrian aluminiozko papera ez dela edukiontzi horira bota behar Mankomunitateak ez duelako hondakin hori birziklatzeko modurik.

Harrigarria, ezta? Ala ez hainbertze?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko martxoaren 11koa]
bannerra-EHI

Superekologistak

kamehamehaNerabeekin lan egiteko zortea duzuenok halako solasaldi surrealistaren bat izanen zenuten inoiz. Atzo nire ofiziokide bati gertatu zitzaion, Batxilergoko 1. mailako ikasle errepikatzaile batekin.

Zu ekologista zara?”, galdetu zuen ikasleak.

Tira, ekologista zer den ere…”, erantzun zuen irakasleak zalantzati.

Badakizu Ebrok gainezka egin duela zuek ekologiston erruz?”, eraso egin zion ikasleak.

Irakasleak ez zuen jakin halako ateraldiari nola erantzun. Eta ikasleak segitu zuen:

Bai, zuek izan zarete Gobernuari utzi ez diozuenak ibaien zikinkeria garbitzen, eta horregatik egin dute gainezka”.

Irakaslea, berriz ere, harri eta zur gelditu zen. Baina indartsu sentitu zen, oso indartsu. Bere eskuei begiratu zien, eta ikusi zuen nola ari zen pilatzen energia bola handi bat bere eskuen ahurretan.

Botere handi batek erantzukizun handi bat dakar”, pentsatu zuen irakasleak. “Ongi erabiliko dut: ibaietan dauden giza zabor guztiak garbituko ditut; Castejongo zentral termikoak gutxika-gutxika deseginen ditut; Itoitz eta Esa maitasun handiz eraitsiko ditut; AHTaren trenbidean korapilo eder handi bat eginen dut; herri eta auzo guzietan zaborrak gaika biltzeko zutoin dotoreak jarriko ditut; zezen plazak kontzertu areto bilakatuko ditut… Den-dena eginen dut. Superbotereak baititut. Eta Gobernua, alde”.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko martxoaren 4koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer