Hilabetea: apirila 2015

Osasunbide gaixoa

Aurreko batean, auto istripu txiki bat izan nuen. Semaforo gorri baten aitzinean ni gelditu nintzen, baina gibeleko autoa ez, eta jo egin ninduen. Ez zen gauza handia izan, baina lepoan kolpea hartu nuenez ospitalera joan nintzen, badaezpada ere.

Eta, aizue, nire esperientzia harekin Nafarroako Ospitale guneko larrialdi zerbitzu berriaren funtzionamendua epaitu beharko banu, erranen nuke primeran dabilela. Berehalakoan hartu ninduten, askotariko probak egin zizkidaten, ongi artatu ninduten, eta ordu erdi pasata kanpoan nengoen.

Baina ez naiz hain inozoa. Badakit nire esperientzia partikular harekin ezin dela ondorio orokorrik atera.

Zorionez, iragan larunbatean, lagun arteko giroan, bi erizain eta mediku batekin solastatzeko aukera ederra izan nuen. Alegia, protagonisten ahotik entzun nituen zenbait egunkaritan irakurri ohi ditugun zabarkeria guztiak.

Hiru esalditan laburbilduta:

  • Osasunbidearen aparatua UPNren inguruko morroi alferrez beteta dago, zerbitzuaren hobekuntza eta garapena etengabe oztopatzen dituztenak.
  • Morroi horiek ez dute inoiz Opus Deiren klinikari itzal egin diezaiokeen deus ere eginen.
  • Heldu den legealdiari beldur diotenez, jada deitua duten hurrengo oposizio-lehiaketan aginte postuetan morroi gehiago izateko ahalegina eginen dute UPNkoek, ohi duten bezala oposizio-lehiaketa hori haien hautagaien neurrira eginda.

Bai, Osasunbidearen barne funtzionamenduaren ikuspegi negargarria eman zidaten. Baina azken esaldiak, bederen, itxaropenaren atea irekitzen du, beraiek ere aldaketa gertu dagoela uste baitute. Gora bihotzak, ba!

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko apirilaren 29koa]
bannerra-EHI

Eztabaida ezinezkoak

Sanferminetako entzierroak kentzea da, nik zer dakit, sanferminetako entzierroak kentzea bezalakoa.

Une honetan, ez zait eztabaida ezinezkoagorik bururatzen. Eta ez dut hau erraten entzierroen aldekoa naizelako. Ez. Ez naiz. Nire iruindartasun peto-petoaren estandartea haizatuta, entzierroaren kontrakoa naizela aitortuko dut berriz.

Baina ez naiz itsua, eta ikusten dut arras gutxi garela halaxe pentsatzen dugunok –edo, bederen, hori aitortzen dugunok– eta akaso horregatik ez dugula deus ere egiten errealitate hori aldatzeko.

Aurreko batean, Aranzadi ekimeneko buruak zer edo zer erran zuen entzierroaren inguruan. (Eta parentesien artean nik gaineratuko dut Podemos eta bere sateliten anbiguotasuna eta definiziorik eza esperpentikoak direla batzuetan). Ematen du entzierroa kentzearen inguruko hausnarketa lasaia egin behar dela iradoki zuela.

Baina nahikoa izan zen “entzierro” eta “kendu” hitzak esaldi berean lotzea, Enrique Maia alkate erregionalista karisma gabeak altxor bat aurkitu zuela pentsa zezan.

Ez dakit. Iruditzen zait gogorarazi beharrekoa dela hauteskunde kanpainan gaudela eta, oraingoan bai, irabazi nahi dugula, betikoek irabaz ez dezaten.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko apirilaren 22koa]
bannerra-EHI

Hauspoak

Urna_electoralIragan astelehenean, Nafarroa Garaian eskela gehien saltzen dituzten egunkarien ranking-ean bigarren sailkatua dagoen berripaperak bortz zutabeko titularra eskaini zion Diego Paños izeneko bati. Politika saileko lehen orrialdeko artikulu nagusia ere hari eskainia zegoen.

Ciudadanos eskuineko alderdi espainolistaren Nafarroako zerrendaburua izanen da Paños. Iragan igandean hauteskunde primarioak egin zituzten alderdian eta Pañosek botoen %67 erdietsi zuen.

Emaitza ona, ezta? Bada, igandeko hauteskundetxo horietan 42 pertsonak bozkatu zuten -alderdiak 66 afiliatu omen ditu Nafarroan-, eta Pañosek 28 boto eskuratu zituen.

Eta 28 boto ziztrinekin Paños eskuindarrak lortu zuen bere izena egunkari sozialdemokrata horren azalean modu nabarmenduan agertzea.

Zenbait inkestak diote Ciudadanosek 4 parlamentari lortuko dituela maiatzeko Nafarroako foru hauteskundeetan. Baina nola da posible Nafarroan apenas ezarria dagoen alderdi batek halako emaitzak lortzea?

Akaso, zenbait hedabideren nahitako zein nahigabeko jardunak hauspotzen ditu horrelako alderdiak.

Eta pentsatzen jarrita, zaudete pixka batean: Zer arraio ari naiz ni hauetaz hizketan?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko apirilaren 15ekoa]
bannerra-EHI

Aldaketarako zenbakiak

ArithmeticIrakurle maiteak, ia ziur naiz lerro hauek irakurriko dituzuen guztiok nahi duzuela maiatzeko hauteskundeetatik aterako den gobernua aurreko gobernuen oso ezberdina izatea. Horretarako, bistan denez, aldaketarako indar guztiek ados jarri beharko dute. Baina borroka horretan sartu aitzin, ikusi beharko dute ea aritmetikak aldaketa hori ekarriko ote duen. Bada, hauteskundeetarako hilabete pasatxo falta delarik, non gauden azal dezaketen zenbaki batzuen entsalada ezkor samarra eskainiko dizuet. On egin. Edo ez.

Volkswagen: Apirilaren 1ean, berriz ere, UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiko hauteskundeak irabazi zituen. 4.352 langileetatik 3.885ek eman zuten botoa (%89,27); horietatik 1.103k UGTri eman zioten bozka (%28,4) eta 790ek CCOOri (%20,3). UGT eta CCOO sindikatuak erregimeneko kidetzat joko bagenitu eta Volkswageneko datuak Nafarroako politikara estrapolatuko bagenitu, emaitzak kezkatzeko modukoak lirateke aldaketa nahi dutenendako.

Baina bada esperantzarako zirrikiturik: UGTk 1.725 afiliatu omen ditu (%39,6) Volkswagenen, eta CCOOk, 1.100 (%25,3). Hau da, Volkswagenen badira langile batzuk UGTko edo CCOOko karneta dutenak —akaso, sartzeko karnet hori eskuratu behar izan zutelako—, baina bi sindikatu horiei botoa ematen ez dietenak.

Aranzadi: Azkenean, apirilaren 2an jakin genuen Podemos alderdiak Aranzadi zerrenda hiritarra babestuko duela Iruñeko Udalerako hauteskundeetan. Aferak berebiziko garrantzia zuen, Iruñeko Udalaren kolorea aldatzeko nahitaezkotzat jotzen baita alderdi morearen konkurrentzia. Iragan astean, beraz, iragarri zuten zein euritakoren azpian aurkeztuko diren pabloiglesiastarrak. Baina erabakia hartzeko prozesuak hainbat kontu kezkagarri azaleratu ditu. Prozesua iskanbilatsua izan da, gatazkatsua —alde batekoek zein bertzekoek sekulakoak bota dituzte sare sozialetan eta hedabideen foroetan—; agerian geratu da Podemosen inguruan gauzak ikusteko modu oso ezberdinak daudela.

Horri guztiari gehitu behar zaio bakarrik 440 pertsonak bozkatu zutela, eta irabazleen eta galtzaileen arteko boto aldea soilik 18koa izan zela. Hagitz jende gutxi, nire ustez, Podemos aldaketa gidatzeko alderdia izatera deitu dutela kontuan harturik.

Lerrook idazteko tenorean, gainera, ezinezkoa da jakitea ea Aranzadik hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortu dituenetz. Apirilaren 1ean, sinadurak biltzeko lehenbiziko egunean, 2 ordutan 30 sinadura bertzerik ez zituzten bildu. Pentsatzekoa da, Podemosen erabakia jakin eta gero, bermeak lortzeko prozesua azkartuko zela.

D eredua: Nafarroako zein Iruñeko gobernuak aldatuko badira, indar abertzaleek gobernu alternatibo horietan egon beharko dute. Baina euskal abertzaletasunak badu arazo bat, D ereduak Nafarroan duen berbera. Azken hamarkadan, bai batak eta bai bertzeak doi-doi gainditu dute gazta zatiaren laurdena. 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan, NaBai 2011 eta Bildu alderdiek botoen %28,33 lortu zuten bien artean. Aurtengo aurrematrikula kanpainan, 2012an jaiotako haurren %26 sartu ditugu D ereduan. Halaxe gaude, herenera ezin ailegatu.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko apirilaren 10ean]

bannerra-berria

LOMCEzaleen pasio eskasia

beleaEz dakit jakinaren gainean egonen zareten –akaso zer edo zer entzun edo irakurriko zenuten–, baina gure ikastetxeen inguruetan LOMCE izeneko bele beltz bat dabil bueltaka, karranka egiten. Bele itsusi hori pausatua da dagoeneko Lehen Hezkuntzan, eta heldu den ikasturtean Bigarren Hezkuntzan ere gelditzeko asmoa du.

Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak, David Herreros Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ahotik, institutuetako zuzendariei azaldu zien nola banatuko dituen bele horrek orduak Bigarren Hezkuntzako ikasgaien artean. Azalpenak eman aurretik, Herrerosek adierazi zuen saiatu direla, LOMCEk aukera ematen dien heinean, ikasgai zerrendak ahalik eta gutxien ukitzen.

Eta egia erran, lehen begiratuan bederen, ez dirudi gauzak gehiegi aldatu dituztenik. Konparazio batera, Plastika, Teknologia eta Musika irakasleak beldurraren beldurrez zeuden, ez ote ziren haien ikasgaiak desagertuko. Baina ez. Nafarroako Gobernuak egin nahi duen banaketaren arabera, ikasgai horiek ez dute karga lektiborik galduko. Hori hala da.

Klasista dela. Atzerakoia. Alderdikoia. Neoliberala. Sexista. Espainolista. Merkatu kapitalistaren aginduetara makurtua. Halakoak erraten ahal dira –eta erraten dira– LOMCEren inguruan. Baina ikasgai zerrendan ez dugu gauza handirik aurkituko adjektibo horien argudioak indartzeko –ez bada Erlijioaren aferan–. Areago joan behar dugu. Gehiago irakurri behar dugu legea, ez bakarrik azalean gelditu.

Irakaskuntzan egiten dut lan. Baina onartu behar dut, aita, bekatari izan naizela, eta ez dudala orain arte LOMCEren lege testurik irakurri. Bai, konfesatzen dut legearen aurkakoek idatzi dituztenak nahiko izan ditudala neu ere aurka egoteko. Eta ez badut lege testurik irakurri izan da sinetsita nagoelako LOMCEk ez duela sobera bide luzea izanen.

Ez naiz bakarra. Hemen kontatu izan dut irakaskuntzan lan egiten dugun askok San Antoniori kandelak jartzen ibiltzen garela. San Antoniori eta haren lagunei: PP, UPyD, UPN, Foro Asturias eta Ciudadanos ez bertze talde politiko guztiei. Erran nahi baita urte bukaerako Espainiako hauteskundeetan LOMCEren aldekoek gehiengoa lortuko ez dutela sinetsita gaudela, eta beraz lege berria bertan behera utziko dutela gobernua eskuratzen dutenek.

Eta ez gara bakarrak. Ikusi beharko zenukete zein gogo faltarekin eman zituen azalpenak Herrerosek aurreko astean. Egia da Herreros ez dela preseski bestako mutilik alaiena, baina Hezkuntza zuzendari batek berotasunez mintzatu beharko luke hezkuntza erreforma baten inguruan, are gehiago erreforma egin dutenen soka ideologiko berekoa baldin bada.

Bada, ez. Berotasunik ez. Alaitasunik ez. Grinarik ez. Kontrakoa baizik. Ematen baitzuen gogogabeturik zegoela. Eta hitzez ez zuen erran, noski; baina, bere jarrerarekin, Herrerosek nola edo hala aditzera eman zuen benetakoa dela irakaskuntzan bolo-bolo dabilen zurrumurrua: Nafarroako Gobernuak ere susmatzen duela LOMCEk ez duela bizitza luzea izanen. Halabiz!

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko martxoaren 6an]

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer