Hilabetea: maiatza 2015

Eskaeratxoak gobernu berriari

  • komuna garbitzenErorien Monumentua dinamitatu.
  • Sinboloen legea baliogabetu.
  • Euskalerria Irratiari lizentzia eman.
  • Etxe kaleratzeak legez debekatu.
  • Laura Perez gobernu arduretatik liberatu oraindik euskaraz ez dakiten parlamentari gutxi horiek euskaldun ditzan.
  • Alfonbrak altxatu eta komunak garbitu.
  • Egoera larrian daudenei premiaz lagundu.
  • Foruzainei kaskoak kendu eta txapel gorriak itzuli.
  • Iruzur fiskal handia atzemateko ikuskatzaile gehiago jarri.
  • Iruñeko Bigarren Zabalgunean Diego Pañosen omenezko estatua paratu.
  • Murrizketarik ez.
  • Los Arcoseko zirkuitua itxi.
  • Ospitaleetako sukaldeak Mediterranea de Catering-en atzaparretatik askatu.
  • Euskal Herriko mapak dituzten ikasliburuen zerrenda beltza sutara bota.
  • Etxe hutsak dituztenei zerga berria aplikatu.
  • PAI gelditu. AHT gelditu.
  • Enegarren erreforma fiskala egin.
  • Nafar Pirinioetan Esloveniako dozena bat hartz sartu.
  • Enplegu publikoa sustatu.
  • Orain arte erakunde handien boikota jaso duten hedabideetan dagokien publizitatea sartzen hasi.
  • Osasuna futbol taldea diru publikoz laguntzeari utzi.
  • Reyno Arena ez ireki, ez bada karpa unibertsitarioaren besta ospatzeko.
  • Comptos Ganberaren txostenak lotesle bilakatu.
  • Ospitale pribatuetara dirua bideratzeari utzi.
  • UPNren gobernuek sorturiko zor publikoa UPNri ordainarazi.
  • Senda Vivako animalia guztiak Bardean askatu.

Oraingoz, hauxe eskatu nahi diot Nafarroako Gobernu berriari. Aurrerago, gehiago.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko maiatzaren 27koa]
bannerra-EHI

Sudur puntak

sudur puntaErrealitateak gai anitz oparitzen dizkigu egunero-egunero, haien gaineko manifestu bat egitea merezi dutenak. Eta hala ere, batzuetan kosta egiten da baten edo bertzearen aldeko hautua egitea.

Gaurko, banituen bi gai, gertukoak biak, nire ahoberokeriaren bat merezi zutenak.

Hitz egin nahi nuen Nafar Telebista berriaz eta haren ongi etorri mingotsaz. Eta aipatu nahi nuen NTBren lehenbiziko emisioa [gaztelaniaz egina] etsigarria izan zela nire ustez, pikutara bidali baitzuen euskarak gaurgero irabazia zuen esparru bat: pilota partiden emankizunena.

Hitz egin nahi nuen zaborra botatzeko borzgarren edukiontziaz, Iruñeko gero eta auzo gehiagotan duguna. Eta aipatu nahi nuen patetikoak iruditzen zaizkidala sistema honen bitartez Mankomunitatea lortzen ari den ehunekoak. Eta salatu nahi nuen ez dela batere bidezkoa sistema hori zabor ekoizle guztiendako derrigorrezkoa ez izatea, egiten ari diren moduan gehien kutsatzen dutenak saritzen ari baitira.

Alegia, sudur puntan jartzen zaidana errateko nire eskubidea praktikan jarri nahi nuen bertze behin ere.

Baina Guardia Zibila etorri zaigu enegarren aldiz, ate joka, zein estatu nazkagarrian bizitzera behartzen gaituzten gogoraraztera.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko maiatzaren 20koa]
bannerra-EHI

Aritmetika ezinezkoa (2015)

Barkatuko didazue irakurle estimatuok, baina duela lau urte berripaper honetantxe idatzi nuen artikulu baten egitura kalkatuko dut jarraian. Ordu hartan izkiriatu nuen ergelkeria are ergelagoa, eta beraz (ustez) interesgarriagoa, baita lau urte geroago. Hortaz, irudika maiatzaren 25a dela.

EMAITZA1UPN (19), PSN (8), EH Bildu (8), GeBai (7), PP (3), Ezkerra (3), Podemos (1), Ciudadanos (1). Bada jendea Senda Viva basamortuko zoologikoa gustuko duena; eta Los Arcosko zirkuitu apenas bisitatua; eta Reyno Arena ireki gabea; eta loturarik gabeko AHTa; eta osasun etxea baztertu duen Fiteroko kuartela; eta eraikuntza enpresak neurriz kanpo aberasten dituzten autobiak eta Nafarroako Ubidea; eta Noaingo aireportu ezertarako handitua; eta Agoizko Udalaren zulo hondo gabea… Eta jende horrek guztiak UPNri eman dio botoa berriz, lotsa gabe. Hasiera batean etxean gelditu behar zuten, baina azken asteetan Esparza ikusi dute Nafarroak Nafarroa izateari uzteko nahi duten nafar ukatzaileei oihukatzen, errieta egiten, eta adoretu egin dira. Eta tropelka joan dira hauteslekuetara. Eta inertziaz, beraiekin batera eraman dituzte triste samar zebiltzan PSNko boto-emaileak.

EMAITZA2Podemos (18), EH Bildu (11), UPN (8), PSN (5), GeBai (4), Ezkerra (2), PP (1), UpyD (1). Navarrometro inkesta fantastikoak iazko azaroan eman zituen emaitza zinez sinesgarriak errepikatu dituzte nafarrek txintxo-txintxo. Zaila zirudien, baina Laura Perezen lan taldearen koherentziak, argitasunak, lasaitasunak eta zehaztasunak nafar asko eta asko konbentzitu ditu. Eta aldaketaren zirimolak lagunduta, ezker abertzalea eta bertze batzuk biltzen dituen koalizioak abertzaletasunaren hegemoniari txukun eustea lortu du. Eta horren guztiaren usaina zutenez, UPNko boto-emaile fidelenak ere etxean gelditu dira, lotsatuta.

UPN (15), EH Bildu (9), Podemos (7), GeBai (7), PSN (5), PP (3), Ciudadanos (2), Ezkerra (2). Kostatu zaie, ederki kostatu ere. Baina, azkenean, botoa ematera joan diren nafar guztiek lotu dute akordioa boto banaketak parra egin dezan, eta beraz erregimenaren aldeko alderdiek 25 eserleku lor ditzaten eta erregimenarekin zerikusirik ez dutenek, bertze 25. Barreak ziurtatu nahi izan dituzte horrela. Eta bigarren itzuli bat. Edo nork daki, akaso hirugarren bat ere bai.

GeBai (13), UPN (12), Podemos (7), EH Bildu (6), PSN (6), PP (3), Ezkerra (2), Ciudadanos (1). Inkestek hobekien baloratu ohi duten politikaria, Uxue Barkosek, azkenean erdietsi du balorazio on hori boto uholde bilakatzea. Nafarroan eskela gehien saltzen dituzten egunkarien zerrendan bigarren sailkatua dagoen berripaperak eginiko lanak eman du fruiturik, eta Geroa Baik lasai asko eratu ahal izanen du aldaketarako gobernua, barnean PSN sartuta.

PP (17), PSN (15), Podemos (7), Ciudadanos (6), Ezkerra (2), UPN (1), EH Bildu (1), GeBai (1). Tele5 eta La Sexta telebistetako larunbat gauetako eztabaidek izan dute ondoriorik: Nafarroak Nafarroa izateari utzi dio.

OHARRA: goiko zenbaki segida horiek guztiek ez dute batere oinarri zientifikorik (egunkarietan argitaratzen dituzten inkesta anitzen gisara, bide batez erranda).

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko maiatzaren 15ean]

bannerra-berria

Labur bat

neska bahituakPostontzian uzten didaten egunkarian, albiste labur bat irakurri nuen atzo, gure begiradaren laburra bere gordinean erakutsi zidana.

“Boko Haram taldetik askatutako 214 emakume eta neskatila haurdun daude”.

214.

Dena dago urrun, nire etxeko atetik at. Sentikortasunik ez, sortasunean lagata.

Tristea da, baina azal EZ zuriko biktimen hondamendiek ez ohi dute gure bihotza jotzen azal zuriko biktimen hondamendiek jo ohi duten gisara. Hala da. Eta esaldi hau erran bitartean konturatu naiz neuk ere jartzen dudala nire aletxo gaiztoa, gure zilborraren zuloaren sakoneraz idazteko ohitura hartua baitut, bertze anitzek bezala.

Aurrekoan, Mediterraneoan ehunka eta ehunka pertsona EZ zuri hil zirelarik, asaldatu ginen, aztoratu, eta behar bezalako arreta eskaini omen genion hondamendiari.

Irudikeria hutsa ez ote zen izan.

214.

214 emakume eta neskatila utzi dituzte haurdun ziurrenik erregistraturik dagoen azkenaldiko sexu eraso masiborik handienean.

Eta guk labur bat eskaini diogu, 214 hitzen erdia ere ez duena.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko maiatzaren 6koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer