Remember Pegenaute

pegenaute transilvanianAurreko batean, Nafarroako Gobernu berriari eskatu nahi dizkiodan hainbat neurri zerrendatu nituen. Eta badakizue, egitekoen zerrendak uzkien gisakoak dira; nork bereak ditu. Hartara, batek baino gehiagok erran zidan nire lista hartan falta zirela euskararen inguruko aldarrikapenak.

Nik erantzun nien ez nituela euskarari buruzko eskaeratxoak sartu pentsatzen baitut gobernu alternatibo batek euskararen normalizaziorako neurri logikoak hartuko dituela, inork eskatu gabe.

Baina, badaezpada, honatx iradokizun bat agintari berriei: remember Pedro Pegenaute.

Pegenaute Hizkuntza Politikako zuzendari nagusia izendatu zuten 2000. urtean. Eta egin zuen lehenbiziko gauza izan zen bere bulegoaren atean zegoen kartel elebiduna gaztelania hutsez jarri, aski ongi adieraziz zein izanen zen hortik aitzina Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika. Hala, dekretuz dekretu, euskarak administrazioan zuen presentzia txikia zokoratzen joan zen Pegenaute, paria euskaldunak are ikusezinago bilakatzeko asmoz.

Beraz, gobernu buru berriok, errebantxa asmorik ez izan, ez, baina gogora itzazue Pegenaute eta hark egindakoak, eta gutxien-gutxienik, haren aurreko egoerara itzuli nafar administrazioa. Eta hortik, gora.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko ekainaren 3koa]
bannerra-EHI

2 thoughts on “Remember Pegenaute

  1. Pingback: Probokazioak | Ergeletan ergelenak

  2. Pingback: Euskararen Geroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude