Alkate emakume gutxi

Barañaingo alkatesa Oihaneder Indakoetxea,  EH Bildu , makil hartzea ta herriko jendea plenoan.

Barañaingo alkate Oihaneder Indakoetxea, EH Bildukoa , makil hartzean.

Azkenaldiko datu zaparradaren zurrunbiloan, honatx bertze datu bat: Nafarroan biztanle gehien duten 20 udalerrietan, bitan bakarrik (%10) izanen dute alkate emakumea; Barañainen (EH Bildu) eta Cintruenigon (UPN). Datuetan sakonduta, eta gaizki zenbatu ez badut, jakitekoa da iragan larunbatean eratu zituzten Nafarroa Garaiko 247 udaletatik 53k izanen dutela alkate emakumea (%21,5).

Aurrekoan, lehen datu hori jakin bezain laster, nire kezka azaldu nuen Twitterren, eta aipu ustez burutsua egin nion: “Eskuina boterean dagoelarik, emakume gehiago dago botereguneetan. #HoriHalaDa”. Edo halaxe dela pentsatu izan ohi dut.

Baina, benetan, ez dakit zer pentsatu. Erran nahi baita bertze gai askoren inguruan diskurtsoa erabat eraikia dudala. Baina honetan, ez. Beraz, ikasle maiteok, kasualitatez testu hau azterketaren batean egokitzen bazaizue, ez bilatu tesia inon, ez baitu tesirik.

Bistan denez, desiragarritzat jo beharko genuke emakumeek politikagintzan bizitzan duten ehuneko bera izatea. Baina, era berean, zer irabaziko genuke orain arte bezala Lizarran eta Tafallan UPNren bi alkate emakume izaten jarraituko bagenu?, edota Iruñean Yolanda Barcina emakumeak aukeraturiko alkate gizona bagenu?

1931n, Espainia deitzen duten horretako II. Errepublikaren konstituzioak aitortu zien bere emakumeei bozkatzeko eskubidea. Hala, 1933an jarri zuten praktikan eskubide hori, apirilean udal hauteskundeetan eta azaroan hauteskunde orokorretan. Bada, eskuinak izugarrizko zartakoa eman zion ezkerrari urte hartan. Sekulakoa. Eta ez zen falta izan errua emakumeei leporatu izan zion ezkertiarrik, emakumeak oro har atzerakoiak diren argudio ustelarekin.

Aitzitik, batzuetan, argudio ustel hori saihestea zaila izaten da. Gogoratzen ari bainaiz behin, urte berean, Hondarribiko eta Irungo alardeen kronikak egitea egokitu zitzaidala, berripaper honendako. Batean zein bertzean, konpainia mistoen ondoan joan nintzen, Ertzaintzak “babestuta”, eta ikustekoa izan zen -eta are entzutekoa- nola alarde baztertzailearen aldeko pertsona oldarkorrenak, suminduenak, irain itsusienak eta krudelenak jaurtitzen zituztenak, emakumeak ziren. Eta ez ziren gutxi.

Eta bote lasterrean halako politikarien izenak datozkit burura, nahas-mahasean: Yolanda Barcina, Rita Barbera, Paz Prieto, Esperanza Aguirre, Angela Merkel, Nieves Cipres, Dolores de Cospedal, Christine Lagarde, Pancha Navarrete, Condoleezza Rice, Ana Botella, Arantza Quiroga…

Badakit, badakit. Erran nitzakeen Ada Colau, Manuela Carmena, Monica Oltra eta Uxue Barkos. Adibidez. Baina abisua emana nizuen, ezta? Kontu honen inguruan ez dakit zer pentsatu, noraezean nabil.

Azken gogoeta, beraz. Posible da homosexuala izanda homosexualak armairuan nahi dituen alderdi bateko buruzagia izatea? Javier Marotok eta Iñaki Oiarzabalek baietz diote. Posible da Joseba Asironek, Koldo Leozek eta Arturo Goldarazenak Iruñeari, Lizarrari eta Tafallari Yolanda Barcinak, Begoña Ganuzak eta Cristina Sotak baino ikuspegi feministagoa ematea? Dei iezadazue ero, baina nik erranen nuke baietz.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko ekainaren 19an]

bannerra-berria

One thought on “Alkate emakume gutxi

  1. Pingback: Berdintasuna » Blog Archive » Berdintasuna sarean (14. atala)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude