Hilabetea: uztaila 2015

Urriak 11

freebateragune5“Donibaneko azken jaiak”. Halaxe erantzun zidan Miren Zabaleta presoaren senide batek Donibaneko bestetan erraldoi eta haur artean topatu eta familiakoaz galdetu niolarik.

Donibaneko azken jaiak. Azken sanferminak. Sanferminen osteko azken oporraldia. Leitzeko azken pestak. Azken sanfermin txikiak. Horiek guztiak kartzelan pasatu beharko ditu oraindik ere Zabaletak urriaren 11 ailegatu arte.

Urriaren 11n askatuko baitute Miren Zabaleta. Eta harekin batera aterako dira Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto. Aldiz, Bateragune auziko kartzelatu sonatuena, Arnaldo Otegi, 2016ko apirilean kaleratuko dute. Eta askatasun pertsonala berreskuratzen azkena Rafa Diez izanen da, 2017ko abuztu arte-edo egon beharko baitu espetxean.

Guri geuri gertatzen zaigu. Emakume bat hiltzen duenari, haur bat bortxatzen duenari, ustelkerietan aberastu denari… ezartzen dioten kartzela zigorra beti irudituko zaigu txikia, urte gutxikoa. Baina kartzela zapaldu duen inork kontatzen ahal dio, entzun nahi duenari, izugarrizko aldea dagoela 6 urteko kartzela zigorraren eta 7 urteko kartzela zigorraren artean; 365 egun baino anitzez handiagoko aldea bai, bederen.

Eta zer erranik ez kartzelan bidegabekeriak sartu baldin bazaitu.

Bidegabekeria erraldoi batek eraman baitzituen Bateraguneko bortzak espetxera -bertze makina bat euskal preso politikoren gisara, bide batez erranda-. Zorionez, nik baino izen gehiago duten askok eta askok salatu dute mundu osoan –Free Otegi, free them all bezalako kanpainen bidez- Bateragunekoak jasaten ari diren injustizia. Zoritxarrez, Espainiako estatuak entzungor egin die injustizia zuzentzeko eskaerei eta, bere ankerkerian tematurik, kartzela zigor osoa betearaziko die bortzei.

Mendekua. Espainiako estatuak euskal preso politikoekiko darabilen jokabidea azaltzeko tenorean, mendeku gosea aipatu ohi da anitzetan. Bateragunekoen kasuan, baina, zer edo zer gehiago ere badago. Gerrazaletasuna dei genezakeen, akaso. Zein izen eman, bertzenaz, bakearen alde benetako lan eraginkorra egin duten bortz politikari hainbertze denboraz kartzelan izateari? Bada, horixe, gerrazaletasuna.

Eta honaino ailegatuta, konturatu naiz hagitz hitz itsusiek bete dituztela nire testutxo hau: kartzela, bidegabekeria, zigorra, ankerkeria, mendekua, gerrazaletasuna… Ziur naiz azken urteetan halako hitzek gogor jo izan dutela espetxe barnekoen zein kanpokoen buruetan. Baina ez zen nire asmoa kolpe horietan indar gehiago jartzea, kontrakoa baizik: ahal den heinean, elkartasun aletxo bat ekarriz, kolpe horiek arintzea.

Onerako zein txarrerako, denborak ez du etenik. Eta, oraingoan onerako, denbora geldiezin horrek tunelaren bukaera gerturatu die Bateraguneko bortzei eta haien familiei. Gibelean utziz Donibaneko azken jaiak, azken sanferminak, sanferminen osteko azken oporraldia, Leitzeko azken pestak, eta azken sanfermin txikiak.

Hortxe baituzue, begien bistan, urriaren 11.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko uztailaren 24an]

bannerra-berria

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer