Hilabetea: iraila 2015

CUPen ispilua

CUP ispiluanUste dut ez naizela gaixotasun hau duen bakarra. CUP alderdi katalaneko edozein ordezkari entzun edo irakurri –bereziki David Fernandez– eta liluraturik gelditzen naiz. Hori da hori koherentzia, hori da hori inplikazioa, hori da hori irmotasuna eta mugimendua. Zein ongi eta garbi erraten dituzten gauzak. Zein zintzo eta txintxoak diren.

Erraten dituztenengatik eta, batez ere, egiten dituztenengatik, hemengo ezkertiar askok eredutzat dute CUPeko jendea. Eta ez da harritzekoa, ikaragarria izan baitzen, konparazio batera, Fernandezek Rodrigo Rato gangsterrari aurre egiteko modua. Eta zinez eskertzekoa da nola gogoratzen diren gure borrokatxo guztiekin. Aupa zuek!

Baina, zer nahi duzue erratea, inoiz eta inon zerbait irabazteko asmoa baldin badugu, ez dakit nik CUP ote den geure buruak begiratu behar ditugun ispilua. Bere handitasun moralean, CUPek botoen %8,2 eskuratu baitu eta Kataluniako parlamentuko azken indarra baita.

Orain, CUPek erabaki behar du –dagoeneko erabakia ez badu– ea Artur Mas babestu behar duen, eta Gasteiz datorkit gogora. Bere garaian, ez baitzitzaidan batere gustatu ikustea nola EH Bilduk Gasteizko alkatetza EAJri oparitu zion. Baina ulertzen hasia naiz, batzuetan, zerbait galdu behar dugula bertze zer edo zer irabazteko.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko irailaren 30ekoa]
bannerra-EHI

Oñezcoen salvaçioraco videa

oinezkoakAtzo jakin genuen urtebeteko kartzela zigorra ezarri diotela 2012an Iruñeko zebra bide batean 43 urteko gizon bat harrapatu eta hil zuen auto gidariari.

Epaiak dio harrapaketaren unean auto gidariak ez ziela “batere arretarik jarri zirkulazioaren inguruabarrei”. Badakizue, bere gauzatan pentsatzen joanen zen. Eta, halako batean, PUM! (edo bertze soinu idor eta hilgarri bat). Eta, 18 metro haratago, pertsona bat lurrean etzanda. Hilik.

Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta ez du kartzela zapalduko. Baina nik ez dut gidari despistatu horrek kartzela zapaltzea nahi.

Ziudadelako harresian esaldi hauek hizki larri eta gorritan idazten jarriko nuke nik, latinez nahi bada:

  • Urtero, Iruñean, bizpahiru hildako izaten dira auto istripuetan.
  • Hildakoak beti, edo ia beti, oinezkoak dira.
  • Kasu guzietan, hildakoak eragiten dituen makina motordun ibilgailu bat da.
  • Iruñean, hiru egunean behin, auto batek oinezko bat harrapatzen du.
  • Oinezkoen hamar harrapaketetatik zazpi semafororik gabeko zebra bideetan izaten dira.
  • Zebra bide guztiak goratuko bagenitu eta ondoan semaforoa jarriko bagenie, berehalakoan lortuko genuke auto gidari despistatu guztien arreta.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko irailaren 23koa]
bannerra-EHI

Hemeroteka madarikatua

elpais1987El País, Espainia deitzen duten horretan ale gehien saltzen omen dituen egunkaria.

El País, 1987an: “Hildako etakideari garondoan egin zioten tiro, ondo-ondotik”. *

El País, atzo: “Lucia Urigoitia Ajuria, ETAren Donostia komandoko kidea, 1987ko uztailaren 22an hil zen Segurtasun Indar eta Kidegoekin izandako enfrentamenduan”.

El País, goizeko egunkari independentea.elpais2015

El País, egunkari globala.

El País, zorrak itotako egunkaria.

El País, arrisku kapital funtsen, bankuen eta enpresari arras aberatsen esku dagoen egunkaria.

El País, herri garatuenetako prentsaren sinesgarritasunean azkenaurreko sailkatua dagoen herri baten erreferentziazko egunkaria, ustez.

El País, bere hemeroteka ere begiratzen ez duen egunkaria.

El País, gure arretaren minutu bat galtzea ere merezi ez duen egunkaria.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko irailaren 16koa]
bannerra-EHI-----
*Jon Ordoñez (@jonordoez) Berria egunkariko kazetariak, eta ez nik, egin zituen atzo hemeroteka lanak.

Euskaldun zintzoak

neguko jauregiaDuela gutxi, lankide batekin hizketan ari nintzela, ergelkeria bat erran nuen. Tira, ezagutzen nauzuenok badakizue ergelkeria anitz erraten dudala minuturo eta, beraz, hori ez dela albiste. Baina adierazi nahi dut ergelkeria bat erran nuela eta berehalaxe ohartu nintzela haren izaera ergelaz.

Toki bateko zuzendariaz ari ginen hizketan eta solaskideak aipatu zuen nola bere langileak ez zeuden harekin batere gustura. Eta, hara non, zuzendariaren zintzotasuna agerian uzteko-edo, nik zera bota nuen: “Baina euskalduna da, ez?”.

Badakit anaia-arreba bizkaitar zein gipuzkoarrei Marteko kontua irudituko zaiela hauxe, baina orain arte, nire xalotasunean, pentsatu izan dut Nafarroa Garaiko euskaldun zapaldu guztiak pertsona onak eta zintzoak zirela. Gutarrak. Edo nitarrak, nahi baduzue. Hala, Nafarroan euskalduna izatea mundua ikusteko modu jakin batekin lotu izan dut beti. Baziren salbuespenak, noski; nik zer dakit, Begoña Sanzberro UPNkoa, adibidez; baina araua nahiko orokorra zela uste nuen.

Aitzitik, horretan ere aldaketa gertatu da. Euskalerria irratiaren kolaboratzaileen erdiak erakundeetako boterea hartu duen honetan, Nafarroako Gobernua goi kargudun euskaldunez betetzen hasi da. Jakina, horrek berebiziko bulkada emanen dio zu eta biok orain partekatzen ari garen hizkuntza honen prestigioari. Baina bertze edozein esparrutako erabaki politikoei dagokienez, goi kargudun horiek euskal hiztunak izateak ez digu haiei buruzko batere pistarik ematen.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria bera, Parlamentukoa, hainbat kontseilari, hainbat zuzendari nagusi, hainbat kabinete buru, hainbat atalburu…Nor-nori-nork primeran jokatzeko gai dira –akaso, Nor-nork sistemarekin arazo handiagoa izanen dute¬–. Eta hala ere, ziur naiz nire gustukoak ez diren erabaki asko hartuko dituztela, edota nire gustukoak direnak hala-hola hartuko dituztela.

Alde batetik, arraroa egiten zaigu zuzenean edo zeharka ezagutzen dugun jendea munta handiko erabakiak hartzen ikustea. Baina, bertze aldetik, atsegina da FMko 91.4an entzun izan ditugunak orain botereguneen bozgorailuetatik entzutea. Horixe baita aldaketa. Eta hizkuntzaren normalizazioa.

Bustiko naiz. Geroa Bai eta EAJ gauza bera ez direla mantra moduan errepikatu duten horietakoa nauzue, jakin baitakit Uxue Barkosek gidatzen duen koalizioan badirela beren buruak ezkertiartzat dituzten pertsonak. Baina Geroa Bai gobernatzen hasi da eta, zoritxarrez, EAJren pentsamolde eta jokabide zenbait erakutsi ditu dagoeneko –bertzeak bertze, sozialistengana hurbiltzeko gogo etengabea eta EH Bildurekin elkarlanean ez aritzea–.

Euskaldunek Neguko Jauregia hartu dutelarik, ulertu dugu euskaldunak Nafarroan ez direla homogeneoak eta, areago, aurkakoak ere izan daitezkeela. Baina hetereogeneotasun horretan, benetan gauza tristea litzateke Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehiak aldaketaren gobernua ataka estuan jartzea. Nahiz eta euskaraz egin.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko irailaren 19an]

bannerra-berria

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer