Euskaldun zintzoak

neguko jauregiaDuela gutxi, lankide batekin hizketan ari nintzela, ergelkeria bat erran nuen. Tira, ezagutzen nauzuenok badakizue ergelkeria anitz erraten dudala minuturo eta, beraz, hori ez dela albiste. Baina adierazi nahi dut ergelkeria bat erran nuela eta berehalaxe ohartu nintzela haren izaera ergelaz.

Toki bateko zuzendariaz ari ginen hizketan eta solaskideak aipatu zuen nola bere langileak ez zeuden harekin batere gustura. Eta, hara non, zuzendariaren zintzotasuna agerian uzteko-edo, nik zera bota nuen: “Baina euskalduna da, ez?”.

Badakit anaia-arreba bizkaitar zein gipuzkoarrei Marteko kontua irudituko zaiela hauxe, baina orain arte, nire xalotasunean, pentsatu izan dut Nafarroa Garaiko euskaldun zapaldu guztiak pertsona onak eta zintzoak zirela. Gutarrak. Edo nitarrak, nahi baduzue. Hala, Nafarroan euskalduna izatea mundua ikusteko modu jakin batekin lotu izan dut beti. Baziren salbuespenak, noski; nik zer dakit, Begoña Sanzberro UPNkoa, adibidez; baina araua nahiko orokorra zela uste nuen.

Aitzitik, horretan ere aldaketa gertatu da. Euskalerria irratiaren kolaboratzaileen erdiak erakundeetako boterea hartu duen honetan, Nafarroako Gobernua goi kargudun euskaldunez betetzen hasi da. Jakina, horrek berebiziko bulkada emanen dio zu eta biok orain partekatzen ari garen hizkuntza honen prestigioari. Baina bertze edozein esparrutako erabaki politikoei dagokienez, goi kargudun horiek euskal hiztunak izateak ez digu haiei buruzko batere pistarik ematen.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria bera, Parlamentukoa, hainbat kontseilari, hainbat zuzendari nagusi, hainbat kabinete buru, hainbat atalburu…Nor-nori-nork primeran jokatzeko gai dira –akaso, Nor-nork sistemarekin arazo handiagoa izanen dute¬–. Eta hala ere, ziur naiz nire gustukoak ez diren erabaki asko hartuko dituztela, edota nire gustukoak direnak hala-hola hartuko dituztela.

Alde batetik, arraroa egiten zaigu zuzenean edo zeharka ezagutzen dugun jendea munta handiko erabakiak hartzen ikustea. Baina, bertze aldetik, atsegina da FMko 91.4an entzun izan ditugunak orain botereguneen bozgorailuetatik entzutea. Horixe baita aldaketa. Eta hizkuntzaren normalizazioa.

Bustiko naiz. Geroa Bai eta EAJ gauza bera ez direla mantra moduan errepikatu duten horietakoa nauzue, jakin baitakit Uxue Barkosek gidatzen duen koalizioan badirela beren buruak ezkertiartzat dituzten pertsonak. Baina Geroa Bai gobernatzen hasi da eta, zoritxarrez, EAJren pentsamolde eta jokabide zenbait erakutsi ditu dagoeneko –bertzeak bertze, sozialistengana hurbiltzeko gogo etengabea eta EH Bildurekin elkarlanean ez aritzea–.

Euskaldunek Neguko Jauregia hartu dutelarik, ulertu dugu euskaldunak Nafarroan ez direla homogeneoak eta, areago, aurkakoak ere izan daitezkeela. Baina hetereogeneotasun horretan, benetan gauza tristea litzateke Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehiak aldaketaren gobernua ataka estuan jartzea. Nahiz eta euskaraz egin.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko irailaren 19an]

bannerra-berria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude