Hilabetea: urria 2015

Zorionez, badugu zer kritikatu

ETBtik NTBraBadira bi egun Iruñerrian ETBren telebistak zaratarik gabe ikusten ditugula. Zaratarik ez soinuan. Zaratarik ez irudian. Asko jota, zarata pixka bat hemizikloaren eskuinaldean.

Hortaz, mila esker, esker horiek jasotzea merezi duzuenok!

Baina kito. Honezkero, hasierako ilusioa baretzen hasi dela, ETB gupida gabe kritikatzen has gaitezke, ezta? Telebista hori gure zergekin ez ordaintzeak ematen digun erabateko zilegitasunarekin, gainera.

Ni, nire aldetik, gaur berean hasiko naiz kritika lanekin, guraso astunek guraso bilera orokorretan egin ohi dutenez, bertzeei bortz axola zaien nire kasu partikularra kontatuz.

Bada, atzo goizean, zortziak baino lehen, haurrak eskolara joateko prestatzen ari nintzela, ETB3 euskarazko marrazki bizidunen paradisua jarri nahi izan nien nire semeei. Baina marrazki bizidunik ez. Kamera ezkutuen maratoiarekin ari ziren. Beraz, ETB1era egin nuen salto. Hantxe, haurrendako saioa, Sorgintxulo. Baina marrazki bizidunik ez, sorgin baten eta mago baten arteko hitz-aspertu aspergarria baizik. Pazientzia izan genuen, ez pentsa. Baina marrazki bizidunik gabeko 20 minutuak gehiegitxo egin zitzaizkigun. Eta Nafar Telebistara pasatu ginen. Ene kantak! “Yuhuu!”, gure haur txikiaren dantza.

Eta horixe. Duela bi egun arte bezalaxe.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urriaren 28ekoa]
bannerra-EHI

Dinamita

dinamitaZenbatean dago dinamita kiloa? Halako galdera lotu zitzaidan atzo gogora gaurko manifestu hau prestatzen hasi nintzelarik. Eta iritzi-emaile on guztiek egiten duten gisara, dokumentatzen hasi nintzen, informazio bila, interneten. Hortaz, bilatzailean, “prezio”, “dinamita” eta “kilo” hitzak idatzi nituen. Eta buzeatzen hasi nintzen, harik eta konturatu nintzen arte bilatzailean “prezio”, “dinamita” eta “kilo” hitzak idatzita Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Agentziaren ordenagailuek karpeta bat zabalduko zutela niretako propio, ikono gisa meloi bat izanen zuena.

Alegia, ez dut ideirik ere gaurko egunean zenbatean dagoen dinamita kiloa. Ez merkatu beltzean, ezta merkatu zurian ere. Eta, beraz, ez diot Nafarroako Gobernuari erraten ahal zenbateko inbertsioa egin behar duen. Baina berdin dio. Ez dut uste legearen arabera eraturiko gobernu demokratiko batek arazo handirik izanen duenik dinamita kilo batzuk erosteko.

Beraz, Ruben Goñi, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari txit agurgarria: eska iezaiozu zure lehendakari andereari diru pixka bat, eros itzazu 100 edo 200 kilo dinamita, eta zarta ezazu Reino Navarra Arena pabiloia, lurrarekin berdintzeraino.

[eta kiloren bat sobratuz gero, leher itzazu era berean Los Arcoseko zirkuitua eta Arguedasko Senda Viva parkea, azken horretako animaliak askatu eta gero, noski]

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urriaren 21ekoa]
bannerra-EHI

Jira-bira

ate birakariaHonezkero buruz jakinen duzue Yolanda Barcinak iragan abuztuaren 27an erran zuena, UPNko lehendakari kargua utzi eta geroko prentsaurrekoan; Nafarroako Unibertsitate Publikora itzultzeko erabakia hartua zuela, duela 19 urte erabili zuen ate beretik sartuta, atzeko aterik edo ate birakaririk erabili gabe.

Eta dozenaka barre eginen zenituzten atzo afera honen inguruan sorturiko txiste eta esaldi grazioso guztiei esker. Badakizue, Telefonicak Barcina fitxatu duela Farmazian lizentziatua delako eta ez 20 urteko politikagintzan eginiko mesede guztiengatik. Edota Telefonicak Barcinaren kudeaketa merituak hartu dituela kontuan, hala nola, Nafarroako banka publikoa desagerraraztearena. Eta bla bla bla.

Atzo, berriz ere, poltsikoak modu ilun batean betetzen dituzten edo beteko dituzten politikariengan paratu genuen fokua. Eta ongi, halaxe egin behar da. Baina bertze foku bat ere erosi beharko genuke, politikarien poltsikoak modu ilun batean betetzen dituzten enpresen jarduna argi eta garbi ikusteko.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urriaren 14koa]
bannerra-EHI

Agindupekoa

fundacion osasuna“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, desenkusatu zen Zyklon B gasaren giltza irekitzen zuen soldadua.

“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, arrazoitu zuen atxilotuei informazioa ostiaka ateratzen zien poliziak.

“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, argudiatu zuen milioika autoren softwarea faltsutu zuen ingeniariak.

“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, zuritu zen pestizida baten kalteen inguruko txostenak makillatzen zituen kimikariak.

“Kontzientzia oso lasai dut, agintzen zidatena egiten bainuen beti”, adierazi zuen atzo Osasuna Fundazioko zuzendari ohi Diego Makirriainek, Iruñeko epaitegietan inputatu gisa deklaratu ostean.

Irabazi asmorik gabeko fundazio horrek 12 milioi euroko zorra pilatu zuen Makirriain zuzendari zela. Goikoari zor zaion obedientzia aipatu zuen Makirriainek epailea konbentzitzeaz gain bere kontzientzia lasaitzeko. Baina ez bata eta ez bertzea ez ditu lortuko, ezta?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urriaren 7koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer