Zorionez, badugu zer kritikatu

ETBtik NTBraBadira bi egun Iruñerrian ETBren telebistak zaratarik gabe ikusten ditugula. Zaratarik ez soinuan. Zaratarik ez irudian. Asko jota, zarata pixka bat hemizikloaren eskuinaldean.

Hortaz, mila esker, esker horiek jasotzea merezi duzuenok!

Baina kito. Honezkero, hasierako ilusioa baretzen hasi dela, ETB gupida gabe kritikatzen has gaitezke, ezta? Telebista hori gure zergekin ez ordaintzeak ematen digun erabateko zilegitasunarekin, gainera.

Ni, nire aldetik, gaur berean hasiko naiz kritika lanekin, guraso astunek guraso bilera orokorretan egin ohi dutenez, bertzeei bortz axola zaien nire kasu partikularra kontatuz.

Bada, atzo goizean, zortziak baino lehen, haurrak eskolara joateko prestatzen ari nintzela, ETB3 euskarazko marrazki bizidunen paradisua jarri nahi izan nien nire semeei. Baina marrazki bizidunik ez. Kamera ezkutuen maratoiarekin ari ziren. Beraz, ETB1era egin nuen salto. Hantxe, haurrendako saioa, Sorgintxulo. Baina marrazki bizidunik ez, sorgin baten eta mago baten arteko hitz-aspertu aspergarria baizik. Pazientzia izan genuen, ez pentsa. Baina marrazki bizidunik gabeko 20 minutuak gehiegitxo egin zitzaizkigun. Eta Nafar Telebistara pasatu ginen. Ene kantak! “Yuhuu!”, gure haur txikiaren dantza.

Eta horixe. Duela bi egun arte bezalaxe.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko urriaren 28ekoa]
bannerra-EHI

3 thoughts on “Zorionez, badugu zer kritikatu

  1. Gepeto

    Nire umeek pozik ikusten dute sorgintxulo eta ez dut uste ordu laurdena irauten duenik.
    Aldiz, kamera ezkutuarena erabat kritikagarria da. Hain interesgarria bada bota dezatela erderazko katean.

     
    Reply
    1. Asier Azpilikueta

      Gaur 20 minutu zenbatu ditut, Sorgintxulon, marrazki bizidunik gabe [artikuluan zuzendu dut]. Ez dakit denbora gehiago izan ote den, Nafar Telebistara egin baitugu salto berriz.

      Nire ustez, denbora gehiegi ematen dute Sorgintxulon marrazki bizidunik gabe (iaz ez zuten horrela egiten). Eta une horretan ETB3n kamera ezkutu ergel horrekin daudenez, publiko zabal bat euskarazko marrazki bizidunik gabe uzten dute.

      Baina, bueno, pozgarria da ETB kritikatu ahal izatea!!

       
      Reply
  2. Xaun

    ETBko zuzendaritzak ‘Kamera ezkutua’ izeneko saio aspergarri eta errepikakorra bezain luzea ken edo bederen murritz zezan kanpaina abiatu zuen iaz lekeitiar batek, uste dut ‘change.org’ webgunearen bitartez egin zuela. ETBk euskarazko ikusentzuleonganako duen errespetu eskasarekiko eta ajolagabekeriarekiko erreakzioa.

    ‘Kamera ezkutua’ ez denean, Tafallako edo Tuterako ezdakitzenbagarren jota txapelketa, Gipuzkoako Suelto Dantza Txapelketa, edo halako beste saioren bat (ez unean-unekoak, duela urte batzuetakoak baizik) ‘oparitzen’ digu, etengabe eta tarteka-marteka errepikatuta, daukan programazio kamutsaren adierazle.

     
    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude