Hilabetea: azaroa 2015

Probokazioak

mailukadaZenbat erreakzio eragin ez ote dituen euskal abizena erdal grafiaz idazten duen artista performancezalearen probokazioak. Hari esker, gure friki santujale maitagarrien erakustaldi esperpentiko bikainak ikusi ahal izan ditugu.

Gure artean ere eztabaida sutsuak eragin ditu, ostikada ederra eman baitio adierazpen askatasunaren eta bertzeen sinismenekiko errespetuaren arteko muga lausoari.

Bistan denez, Cainen anaia maisua da probokazioaren artean. Eta baditu aprendizak.

Nafarroako Gobernua, urrutira joan gabe.

Antza, Geroa Baik gidaturiko exekutiboa dekretua prestatzen ari da Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofizial berria erabiltzeko irizpideekin. Kontua litzateke ‘Nafarroako Gobernua’ eta ‘Gobierno de Navarra’ esapideak elkarrekin eta maila berean agertzea. Ez da gauza berria, Pegenauteren aurreko garaietan erabiltzen baitzen halakorik.

Ondoren heldu da probokazioa. Izan ere, dirudienez, ikur elebakarrak gastatu eta hondatu ahala paratuko dituzte ikur elebidunak. Hortaz, bistan denez, erreakzio bat eragin nahi du Gobernuak. Mailua hartu eta -kink eta kank-  kartel elebakar guztiak suntsitzeko probokazioa litzateke berea.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko azaroaren 25ekoa]
bannerra-EHI

Diru kontu xelebre bat

Nafarroako Gobernuak heldu den urteko aurrekontuak aurkeztu dituen honetan, diru kontu bitxi bat aipatu nahiko nuke. Ea ongi eta labur esplikatzen dudan.

Hezkuntza Departamentuak institutuei eskatu digu DBHko 3. mailan ematen diren Matematika saio guzti-guztien erregistroa egin dezagun, egunez egunekoa, 2020. urte arte.

LOMCEk behartuta, DBHko 3. mailan bi Matematika mota ezberdin eskaini behar ditugu, akademikoak eta aplikatuak. Espainiako Gobernuak, batek daki nola, lortu zuen Europako Batasunak dirutza ordaintzea lege horrek ezartzen duen hori egitearen truke.

Bada, kontu horrengatik, Nafarroara 4 milioi euro eroriko omen dira eta orain institutuei dagokigu justifikatzea DBHko 3. mailan Matematika saio guztiak ematen ditugula. Horretarako, irakasleek 3. mailan Matematika saio bat ematen duten bakoitzean sinatu behar dute paperezko erregistroan. Bai, paperean. 2015. urtean.

Paper pilo 4 milioi euroren truke. Baina orain dator graziosoena. Lau milioi horiek institutuetara ailegatuko dira? Ez du zertan. Hezkuntza Departamentuak jasoko ditu? Ez du zertan. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren kutxa orokorrean sartuko dituzte milioiak eta gero horrek nahi dituen moduan erabiliko ditu.

Xelebrea bada.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko azaroaren 18koa]
bannerra-EHI

Gobernu teknikoa

aldaketaPentsatzen dut hiru laurdeneko edozein iritzi emaileri gertatzen zaiola niri anitzetan gertatzen zaidana. Azken gertakariaren, hondarreko albistearen, duela gutxiko informazioaren inguruko iritzia eman nahi eta kolpe txundigarriaren bila ibiltzen naiz; entzulea bizpahiru minutuz pentsatzen jarriko duen eztenaren peskizan.

Eta, jakina, normalean, ordenagailuaren aitzinean jartzen naizenerako, dena errana dago. Ai, Twitter…

Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaz ari natzaizue eta horren guztiaren inguruan sorturiko kalapitaz.

Benetan, ez dakit zer gehiago erran Podemosek eta, batez ere, Izquierdak ikus dezaten burutik burura okertu egin direla.

Beraz, fokua bertze aldera botako dut. Geroa Baik “teknikarien” Gobernua osatu omen zuen. Hori egin beharrean, lau alderdien ordezkari politikoekin Gobernua osatu izan balu halako egoeran geundekeen?

Hortxe galdera. Dagoeneko egina zegoen?

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko azaroaren 11koa]
bannerra-EHI

Publikoaren interesa

GH PodemosAraba, Bizkai eta Gipuzkoako Podemos Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusi Roberto Uriartek erran omen du Podemosen barne antolaketa ez dela interes publikoko kontua. Atzokoaren ondotik erran du hori. Eta ez naiz ni izanen haien arteko ika-mikak interes publikokoak direla baieztatuko duena. Baina bistan da publikoaren interesekoak badirela.

Espainiako Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek Antena 3ko El Hormiguero telebista saio sailkaezina bisitatu zuen atzo eta oso audientzia ona erdietsi zuen: ikusleen %21,7, batez bertze; 3,8 milioi pertsona. Ez da halakorik lortzen duen lehenbiziko aldia, bertze telebista saio batzuk bisitatu dituelarik audientzia datu ederrak eskuratu baititu.

Atzo, Roberto Uriartek ere audientzia datu polita lortuko zuen bere bideoarekin. Badakizue, telefono dei bat jaso eta prentsaurrekoa bertan behera nola uzten duten eta zer nolako erridikulua egiten duten erakusten duen bideoa.

Hola, bote lasterrean, bururatzen ari zait Pablo Iglesiasen eskarmentua baliatzen ahal dutela Podemos Euskadikoek Gran Hermanoren gisako saio bat egiteko, haien arteko eztabaida, desadostasun eta gatazka guztiak zuzenean emanen lukeena.

Badute aukera hori. Eta bertze aukera bat dute Nafarroako Podemos Ahal Duguren ispiluan begiratzea.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko azaroaren 4koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer