Hilabetea: abendua 2015

Hauteskunde aurreko sentsazioak

Iruñeko hesi bat, normalean kartelez josita egoten dena.

Iruñeko hesi bat, normalean kartelez josita egoten dena.

Iruñeko paretak ia hutsik daude. Apenas duten hauteskunde kartelik. Eta oraingoan ez da berehala kendu dituztelako, ezpada oso kartel gutxi paratu dituztelako. Irudipena baitut, sentsazioa, gurean bederen, intentsitate baxuko hauteskunde kanpaina izaten ari dela.

Kaleko presentziaren garrantziaren jakitun, normalean hormak afixez betetzen dituen ezker abertzaleak ia ez du kartelik jarri. Publizitateari dagokionez, batez ere Twitterreko jardunean zentratu direla dirudi, jakinen ez balute bezala herritarren gutxiengo bat dagoela txoritxoaren sarean. Irudipena dut, sentsazioa, ontzat joko luketela 7 diputatutik 5era jaistea, eta ez dutela bidean diru eta indar gehiegi galdu nahi.

Eta bertze sentsazio bat. Nafarroan aldaketa ekarri duten lau alderdiek hautagaitza bateratua sustatu dute Senaturako. Ongi. Baina sustatu dute benetan? Cambio – Aldaketa izeneko hautagaitzaren presentzia hutsaren hurrengoa izaten ari baita*. Uste duzue jendearen gehienak hautagaitzaren logotipoa ezagutzeko aukera izan duela? Edota hiru hautagaien izenak badakizkiela? Eta haien proposamenak? Ez dakit, baina iruditzen zait ez dutela serio hartu.

Ene… Barkatu… Barkatu nire gaurko purrustada hau, baina sentsazioa dut eskuineko hankarekin altxatu naizela. Ea igandean.

* Adibidez, azaroaren 6an hautagaitza aurkeztu zutenetik, 26 mezu bertzerik ez dituzte idatzi Twitterren. 26!, hilabete eta erdian!

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko abenduaren 16koa]
bannerra-EHI

Borzgarrenaz hausnarrean

borzgarrenaz hausnarreanAspaldi irakurri nion Michael Moore zinemagileari berak ez zituela etxeko hondakinak bereizten, ikusia baitzuen nola gai ezberdinetako poltsak zabor kamioi berean sartzen zituzten.

Ni ez nauzue halako jokabideen zale. Iruditzen baitzait administrazioari zerbait eskatzeko, zeuk ere zerbait hori egin behar duzula. Erran nahi baita ustelari ezin diozula lapur deitu baldin eta zuk zure xumean iruzur fiskala egiten baduzu.

Baina hori da gauza bat, eta bertze gauza bat da borzgarren edukiontziarekin gelditzen ari zaidan tonto aurpegia.

Gehien kutsatzen duenak gehiago ordaindu behar duela dioen printzipioa hautsita, berdin-berdin ordaintzen dugu organikoa errefusatik bereizten dugunok eta batere begiramendurik gabe biak nahasten dituztenak.

Organikoa biltzeko edukiontzi baten tapa altxatuta, ikusiko duzue oso-oso herritar gutxi garela Iruñerrian borzgarren hori erabiltzen dugunok. Tira, egiaren aitortzeko, oso-oso gutxi dira borzgarrena erabiltzen dutenak. Izan ere, duela hilabete edukiontziaren giltza galdu nuen eta oraindik ez dut bertze bat eskuratu. Eta ez dakit eginen dudan. Ez dakit, ez dakit.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko abenduaren 9koa]
bannerra-EHI

Zenbait zertzelada aztoragarri

Nafarroan maiatzean izan zen aldaketa politikoak ertz asko ditu. Batzuk kamutsak, bertzeak zorrotzak. Hemen lau dituzue, baina anitzez gehiago izan zitezkeen.

CCOO. Erregimen zaharreko sindikatuetako batek salatu du 2016ko Nafarroako aurrekontuen proiektuan “murrizketa gogorrak” daudela. Murrizketa horiek hartzen dituzten alorrak zerrendatu ditu sindikatuak: inbertsiorako sustapena, I+G+B-ren sustapena, plan teknologikoa, energia berriztagarriak, jarduera ekonomikoko alorren sustapena, nazioarteko proiekziorako sustapena, nazioarteko ekintza… Niri ulertzea kostatzen zaidan kontzeptu horien gainean eginiko ustezko murrizketak aletu ditu CCOO-k xehe-xehe 2.000 hitz baino gehiagoko prentsa oharrean. Bertzetik, Hezkuntzan aurreikusten den igoera (%4,87) “urria” iruditzen zaio CCOOri eta Osasuneko (%5,96) zein Gizarte Eskubideetako (%9,23) igoerak ez ditu inon ere aipatzen. Ingeleseko diruak euskarara “desbideratzea” [sic] ere kritikatzen du. Bada, Nafarroako CCOOren ideologia eta jarrera zein den jakin nahi duenak ezin du prentsa ohar hori irakurri gabe utzi.

Izquierda – Ezkerra. Lau alderdik sostengaturiko aldaketaren Gobernua irudikatzeaz batera, gutako asko hipotesi fantastikoak egiten hasi ginen eta akordioa inondik haustekotan Podemos – Ahal Duguren hankatik apur zitekeela pentsatu genuen. Lehenbiziko arrakalak, ordea, Izquierda – Ezkerrak sortu ditu. Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren aferan Geroa Bairen Gobernuak izan dituen komunikazio eta perspektiba politiko falta arazo nabarmenak onartuta ere, harrigarria izan da Ezkerrak erakutsi duen -eta lerrook idazteko tenorean oraindik ere erakusten ari den- jarrera oldarkorra. Dena dela, ulergarriagoa da ika-mika guztia Ezkerrak CCOOrekin duen lotura aztertuz gero. Sintomatikoa izan baita eztabaida honetan bortitzen jokatu duena maistra eta CCOO sindikatuaren afiliatua izatea.

Geroa Bai. Batek daki, baina akaso Hezkuntzako oposizioena bezalako aferak ez lirateke hain latzak izanen baldin eta Nafarroako Gobernuan aldaketaren lau alderdiak ordezkaturik baleude. Baina ez daude, Geroa Baik hala erabakita, eta bertze hiru alderdiak oso aske sentitzen dira Gobernuaren edozein ekimen babesteko edo arbuiatzeko. Geroa Baik gobernu teknikoa eratu omen zuen eta ez dut erranen sinetsi genuenik, baina neuk bederen esaldi bat baino gehiago idatzi nuen Geroa Bai eta EAJ gauza bera ez direla azaltzeko. Inozoegia, agian?

lesacaLesaka. Ez nago ziur, e, baina litekeena da Lesakako egunkaririk salduena ez izatea Nafarroan eskela gehien saltzen duena, Gipuzkoan gehien saltzen duena baizik. Nik beti hartu izan baitiot halako traza Lesakari, bere euskara nafarraren doinu goxoa gorabehera. Beharbada, nire irudikatze hori lagundu zuen 16 urtez Lesakako alkate Jose Luis Etxegarai EAJkoa izateak. Oraingo auzapeza Etxegarai da berriz, baina gaurkoan Geroa Bairen gerizpean. Bada, iragan astean, Lesakako Udala UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik atera zen eta bertan behera utzi zuen euskara plana. EAJren oso estilokoa dena; aztoragarria arras.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2015eko abenduaren 4an]

bannerra-berria

Ez dut kenduko bizarra

Lesaka UEMAtik atera eta bertako euskara plana bertan behera uzteko erabaki zuteneko osoko bilkuraren irudia (erran.eus).

Lesaka UEMAtik atera eta bertako euskara plana bertan behera uzteko erabaki zuteneko osoko bilkuraren irudia (erran.eus).

Itsas aldean, izarra.

Hari begira, lizarra.

Euskara salbu ikusi arte

ez dut kenduko bizarra.

Bizardunek ez dute, ez, bizarra kendu eta, ahoan bilorik gabe, bigarren komunikatu batean berriz ere ekin diote Esne Beltzak ordezkatzen duen musika eszena motaren kontra.

Musikaz deus gutxi erranen dut nik, mundu horretan infiltratu hutsa bainaiz.

Euskararen inguruan, zer edo zer gehiago aipa nezakeen haiek bezala neu ere bainaiz D ereduaren “erabateko arrakasta”, neu ere bainaiz D ereduaren alde eremu mistoan borrokatu ziren erdaldunen semea.

Iruñerriko elebiduna nauzue. Eta gauza batengatik edo bertzearengatik komunikatu, prentsa ohar eta testu anitz idatzitakoa naiz. Eta deituidazue eroa, baina beti-beti euskaraz idatzi izan ditut lehenbizikoz. Nire hautua izan da. Hautu naturala, pertsona natural batek egiten duen heinean.

Euskaraz bizi nahi dut. Iruñean. Eta primeran iruditzen zait euskaldunek euskaraz bizi nahi izatea Faltzesen, Lizarran eta Tafallan. Baina jakin badakit euskarak arnasguneak behar dituela, eta berebiziko garrantzia duela Hernaniko batek, saltoka bada ere, Euskaraz bizi nahi dut kantatzeak edota Lesaka bezalako herri batek euskara plana izateak.

Hori ez baita “konfort eremuetan sorturiko energia politiko hila”. Euskarak (eta euskal hiztunek) behar du(t)ena, baizik.

—–

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako 'Minutu bateko manifestua', 2015eko abenduaren 2koa]
bannerra-EHI

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer